Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko inbertsioa egingo du Araban kultura sustatzeko proiektu batean, Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin izenpetutako akordio baten bidez

IMG_2003.JPG

2017.eko azaroak 10

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Araban kultura sustatzeko akordio baten xehetasunak aurkeztu dituzte gaur Gasteizen, eta ekimen sorta baten bitartez 500.000 euroko inbertsioa egingo da. Proposamenean jaso diren inbertsioak, hamabi inguru, lau lerro estrategikotan daude banatuta: Arabako kulturaren eta sormenaren errealitatea aztertzea, lurraldeko kultura- eta sormen-egitura babestea, kultura ezagutzak gizarteratzen laguntzea eta, azkenik, guneetan eta materialetan berrikuntza garatzeko inbertsioa egitea.   

Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek; Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Arabako diputatu Igone Martínez de Lunak; eta Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan proiektuaren xehetasunak.  “Proiektu honen helburua Araban kulturari bultzada nabarmen bat ematea izan da, eta hiru erakundeen arteko elkarlana sustatu da. Buru-belarri jardun dugu ekimenik eraginkorrenak identifikatzeko. Kultura-arlo estrategikoetan egingo dugu lan eta burutuko den lanak jarraipena izango du. Era berean, egin den apustua koherentea da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aste honetan aurkeztu duen 2018ko aurrekontu proposamenarekin”, adierazi du Muñozek.

"Irudika topaketen lehen edizioa edota Gasteizko topaketen garapena akordio honen baitan dauden ekimenen adibide dira. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Udalak kulturaren eta sormenaren alde egiten dugun apustuari esker dira posible", gehitu du Melgosak.

 500.000 euroko kontu-sail honen jatorria 2017ko aurrekontuen negoziaketan dago; izan ere, une hartan Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdiek eta talde popularrak akordio bat adostu zuten aipaturiko zenbatekoa kultura proiektuetan inbertitzeko, Araban esfortzu berezia eginez. Azkenean, Eusko Jaurlaritzak erabaki du kontu-sail guztia Araban inbertituko duela.

Arabako kulturaren eta sormenaren errealitatea aztertzeari dagokionez, 35.815 euroko aurrekontua izango da, eta bi ekintza gauzatzea proposatzen da:

  • Lehenik eta behin, zinemagintzaren mapa egingo da, Araban diharduten eragileak hobeto ezagutzeko eta horien garapenerako politika efizienteak gauzatzeko. Nazioartekotzea sustatzeko eta BPG sortzeko ahalmen handiko elementutzat hartuko da zinemagintza.
  • Bestalde, arteen eta lurraldearen arteko harremanari buruzko prototipogintza-proiektu bat sustatuko da, eta helburua da “lurraldean bertan arteen bidez elkarrizketa areagotzeko eta integrazio handiagoa lortzeko bidea” sakontzea. Arabako kultura aztertuz egingo den ikerketa-proiektu bat da.

Bigarren lan-lerroak, inbertsiorik handiena eskatuko duenak, kultura- eta sormen-egitura profesionala babestea du helburu, eta 390.000 euroko inbertsioaren bidez egingo du Jaurlaritzak:

  • Lan-lerro horren baitan bideojokoen industria izango da lehenengo proiektuaren ardatza. Ekimen honen bidez, Arabako lurraldea sektore horretan posizio gailenean kokatu nahi da nazioarte-mailan. Ekimenaren helburua izango da talentua, jarduera eta negozioa erakartzen laguntzea.
  • Bestalde, beste bultzada bat emango zaio Gasteizko film office zerbitzuari, bere jarduera lurralde osora heda dadin. Asmoa da industriaren sektorean dagoen premia bati erantzuna ematea, nazioartean ikusaraztea sustatzeko eta Arabako industriarentzat atzerrian aukerak erakartzeko.  
  • Hirugarrenez, eta Araban komikiaren eta irudigintzaren munduan dagoen tradizioa kontuan hartuta, egunotan Arabako hiriburuan egiten ari diren Irudika nazioarteko ilustrazio topaketa babesten da. Helburua da profesional horiei ikusgai egoteko aukera eskaintzea, nazioartean bere lekua izan dezaten. Neurri hori bat dator komikiaren eta eleberri grafikoaren sektoreari laguntzeko Eusko Jaurlaritzak joan den udan aurkeztutako lerroekin.
  • Laugarrenez, kulturari lotutako ekintzailetza sustatuko da. Baratza ekimenaren bitartez beste programa bat sortu nahi da mentoring zerbitzuaren bidez lizentziatu berriak diren artistek abian jarri nahi dituzten jarduera profesionalei laguntzeko. Mentoring programa hori diseinatu da Arabako gazteek lan-merkatuan aukera bat aurkitu ahal izateko asmoz.

Hirugarren lan-lerroa Arabako profesionalei kultura ezagutzak gizarteratzen laguntzeko da, eta 23.700 euroko aurrekontua izango da horretarako. Inbertsioak bere baitan hartu nahi du Azalak, bere artista-laborategiaren bitartez, garatutako jarduera. Lan hori bertako argitalpenen bidez hedatzen da gero, eta hor daude beste hainbat ekimen ere, hala nola, Ortzain proiektua (Global Art) eta Factoría de Fuegos elkartea (kultura espazioen laborategia), arte eszenikoen esparruan begirada pedagogiko baten bidez garatzen direnak.

Azkenik, guneetan eta materialetan berrikuntza garatzeko egingo den 45.000 euroko inbertsioa dago. Lehenbizi, Araban dagoen arte biziaren liburutegi-mediatekaren proiektua bultzatuko da (Azala).  Asmoa da gune hori “artearen inguruan espazio jakin batean garatutako jardueraren memoria izatea, lurraldearen beraren garapenaren eta eraginaren erreferente gisa". Era berean, “lan-munduan sartzea” bultzatuko da egoitza artistikoaren bitartez (Garaion).

 

ARABAKO KULTURAREN ETA SORMENAREN ERREALITATEA AZTERTZEA

35.815

Ikus-entzunezko sektorearen mapa

20.815

Artea lurraldearekin lotzeko prototipogintza-proiektua

15.000

ARABAKO KULTURA- ETA SORMEN-EGITURA PROFESIONALA BABESTEA

390.000

Bidejokoen ekimena (Free-to Pay proposamena)

300.000

Gasteizko film office ekimenaren garapena (lurraldea ikusgai jartzea filmazioetarako eremu gisa)

40.000

Irudigile profesionalen nazioarteko topaketa Gasteizen

15.000

Lizentziatu berriak diren Arabako ikasle/artistentzako laguntzak (lan-merkatuan sartzea)

35.000

ARABAKO PROFESIONALEI KULTURA EZAGUTZAK GIZARTERATZEN LAGUNTZEA

23.700

Artisten laborategia eta argitalpenak

10.000

Kultura guneen laborategia (harremanetarako eta trukerako formula berriak)

3.700

Global Art proiektua

10.000

ARABAN KULTURA BERRIKUNTZA GARATZEKO MATERIALETAN ETA ESPAZIOETAN INBERTSIOA

45.000

Arte biziaren liburutegi-mediateka

10.000

Bio-gune bat eraikitzea bertako gazteen egoitza artistikoen bitartez

35.000

 

GUZTIRA

494.515

.