Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro onartu ditu kultura jaialdien programazioa sustatzeko (Gobernu Bilera 2017-09-12)

fotoconsejo.jpg

2017.eko irailak 12

  • Iaz atera gabe izan ostean, deialdi berregituratua berriro dago martxan 

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 350.000 euroko kontu-saila onartu du kulturaren arlo ezberdinetan jaialdien programazioa diruz laguntzeko. Deialdi honi esker, musikaren, antzerkiaren, dantzaren, literaturaren, ikusizko arteen eta ikus-entzunezkoaren arloan antolatzen diren jaialdiek Eusko Jaularitzaren babesa izango dute. 

Deialdi hau ez zen indarrean egon iaz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berregituratu eta eraberritu nahi izan zuelako. Aurtengo deialdia jaialdi pribatuetara mugatuko da, alegia, erakunde publikoek antolatutakoak ezin izango dira aurkeztu (jaialdi publiko askok Eusko Jaurlaritzak bultzatutako deialdi izendunak jasotzen dituzte). Horrez gain, deialdiaren eredu berriak bi multzotan banatzen ditu jaialdiak. Alde batetik, jaialdi handiak daude, 100.000 euro baino gehiagoko aurrekontua dutenak; bestetik, jaialdi txikiak daude, 100.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua dutenak. Banaketa berri honen helburua da jaialdi nagusien eta txikien arteko lehia desorekaturik ez sortzea. 

Gutxieneko aurrekontua eskatuko zaie jaialdiei diru-laguntza jaso ahal izateko. Deialdiaren azken edizioan 60 jaialdik jaso zuten diru-laguntzaren bat. Deialdi honetaz aparte, Eusko Jaurlaritzak hainbat jaialdi laguntzen ditu diru-laguntza izendunen bidez.