Eusko Jaukaritzak abendurako iragarri du "Basque Security Operation Center", Euskadiko lehen zibersegurtasun zentroa

2017.eko otsailak 23

  • Arantxa Tapiak adierazi du helburutzat duela hiritarrak eta enpresa-sarea babestea, bai eta enpresa espezializatuenei laguntza ematea “segurtasun-teknologiak eta -zerbitzuak garatu ditzaten eta negozio-bide berrietara ireki daitezen”.
  • Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak jakinarazi du Ertzaintzak 2016an ezagutu eta ikertu dituen legez kanpoko ekintza penaletatik %10 ziberdelituak izan direla.
  • SPRI Taldeak Basque Industry 4.0 Jardunaldi Tematikoen barnean antolatutako ekitaldi batek zibersegurtasuna izan du aztergai Hernanin.

Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak, esan du abenduan martxan egon litekeela Euskadiko lehen zibersegurtasun zentroa, “Basque Security Operation Center” izenekoa. “Zibersegurtasun arloko Zentro Operatibo bat eduki nahi dugu, errealitate horren aurkako prebentzio- eta erreakzio-lanak egiteko eta zibermehatxuari erantzuteko, edonondik datorrela ere" adierazi du ostegun honetan sailburuak, Hernaniko Orona eraikinean zibersegurtasunari buruz egin den jardunaldi batean.

Ekitaldi hori aurten egiten ari diren Basque Industry 4.0  Jardunaldi Tematikoen barnean kokatzen da, zeintzuk Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak bultzatzen baititu SPRI Taldearen “Enpresa Digitala” zerbitzuaren bidez. Jardunaldi tematiko horiek jarraipena ematen diote udazkenero egiten den Basque Industry 4.0 jardunaldiari, hots, 4.0 industriari buruzko ekitaldi nagusiari. Ekitaldi horren helburua da foro bat izatea iritziak trukatzeko 4.0 industriak Euskadira dakarren paradigmari buruz eta etorkizuneko perspektibak aztertzeko. Basque Industry 4.0 Jardunaldi Tematikoen lehen ekitaldian Big Data-ren gaia landu zen, orain zibersegurtasunaren txanda izan da, eta topaketek aurrera jarraituko dute maiatzera arte, negozioak, digitalizazioa eta ikusmen artifiziala jorratzeko.

Sailburuak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak lan-talde bat sortu duela zibersegurtasun zentro berria martxan jartzeko. Lehendakaritzak zuzentzen du talde hori, eta lehen fase honetan orobat parte hartuko dute Segurtasun Sailak eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak. Esan duenez, instalazio horrek “prebentzio- eta erreakzio-lanak egingo ditu errealitate horri aurre egiteko, hots, zibermehatxuari erantzuteko, edonondik datorrela ere. Euskal Autonomia Erkidegoa izango da bere ekintza-esparrua, nahiz eta informazioa jasotzeko antenak nazioartean jarrita egongo diren, logikoa den bezala”.

Arantxa Tapiak esan du zentroak bi helburu izango dituela. “Lehena, eta garrantzitsuena, hiritarrak, administrazioa, eta enpresa- eta industria-sarea babestea zibermehatxu eta erasoetatik". Bigarrenik, enpresa espezializatuenei laguntza ematea “segurtasun-teknologiak eta -zerbitzuak garatu ditzaten, horrek negozio-bide berriak irekiko dizkielarik geratzeko etorri den zibersegurtasunaren esparru honetan”. Sailburuak uste du aukera paregabea ere izan daitekeela Euskadiko enpresa eta startupentzat, “gai direnak konponbide teknologikoak emateko gainerako ETE eta enpresa handiei esploratu beharreko negozio-ildo berrien bidez –guk dudarik gabe ikertu behar ditugunak eta Eusko Jaurlaritzak gauzatzen lagunduko dizuenak”.

Sailburuak azpimarratu duenez, 4.0 industriaren zabalkundearekin euskal enpresak eta industria “kainoi-bazka” bihurtu dira espioitza industrialarentzat, datu lapurretentzat edota eraso zibernetikoentzat. “Egia da enpresa handiak lanean ari direla beren burua babesteko, eta erasoak oztopatzen dituzten edo mehatxu potentzialen berri ematen dieten sistema blindatuak kontratatu dituzte horretarako, baina euskal ETEek kontzientziazio, prestakuntza eta babes-sistema gehiago behar dituzte”.

Hiru zeregin delitu informatikoetan espezializatutako Ertzaintzaren Unitatearentzat

Bestalde, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak jakinarazi du Ertzaintzak 2016an ezagutu eta ikertu dituen legez kanpoko ekintza penaletatik %10a ziberdelituak izan direla. Guztira informatikarekin lotutako 7.800 kasu izan ziren, eta gehienak (%87) iruzurragatiko salaketak.

Beltrán de Herediak esan du Ertzaintzak baduela delitu informatikoetan espezializatutako unitate bat 1998tik. Gainera, arlo horretan prebentzioa da lehen zeregina, eta prebentzio horrek enpresa proiektu bakoitzarentzat egokitua izan behar du. Sailburuak nabarmendu du “Ertzaintza prebentzio- eta kontzientziazio-lan handia egiten ari dela zibersegurtasun arazoak dituzten ikastetxe, enpresa, kolektibo eta elkarteetan”.

Bigarren zeregina “errealitate printzipioarena” da, segurtasun-maila konplexuak baitira. “Ertzaintza lanean ari da Euskadiko azpiegitura estrategiko sentsibleen segurtasun- eta babes-premiak definitzeko, balorazio bat egin delarik izan ditzaketen zibersegurtasun-premia kritikoak zehazteko. Azpiegitura Kritikoen Babeserako Zentro Nazionalaren laguntza du langintza horretarako”. Eta hirugarrenik, ikuspegi kolaboratibo bateratu bat lortu behar da sektorean eta herrialdean. “Pozik gaude Jaurlaritzak irmoki bultzatu duelako “Basque Security Operation Center” Zibersegurtasun Zentro Operatiboaren sorrera, zeina CERT (Computer Emergency Repause Team) bihurtu baitaiteke aurrerago, Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak aktiboki parte hartuko luketelarik erakunde berri horretan”.