Euskararen Adierazle Sistemak ingurune digitala ere aintzat hartuko du hemendik aurrera

EAS_2.jpg

2017.eko abenduak 29

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiek sustatutako Euskararen Adierazle Sistemak (EAS)  ingurune digitala ere aintzat hartuko du hemendik aurrera. Aurreko astean aurkeztutako proiektu honek honako lau adierazleak hartuko ditu euskararen bizitasun digitala neurtzeko: euskararen erabilera sare sozialetan, hizkuntzaren eskaintza web-edukietan, erabilera web-edukietan eta euskararen eskaintza ingurune digitaleko azpiegituretan.

Adituen arabera, ingurune digitala hiztun gutxiko hizkuntzetarako babesleku zein arrisku-esparru izan daiteke. Hizkuntza batek ingurune digitalean duen egoerari bizitasun digitala deitzen zaio. Zenbat eta hobeto posizionatuta egon ingurune digitalean, orduan eta bizitasun digital hobea izango du hizkuntza batek. Beharrezkoa da, beraz, hiztun gutxiko hizkuntzen kasuan bereziki, bizitasun digitalaren aldizkako monitorizazio-prozesu bat, non ingurune digitalean hizkuntza batek dituen gabeziak eta indarguneak antzeman ahal izango diren. Diagnostiko-prozesu hori ezinbestekoa da geroko zuzentze-neurriak behar bezala bideratzeko edota ondo egin diren esparruei eusteko edo haiek indartzeko.

Hori aintzat hartuta, azkeneko bi urteetan, erakundeek bultzatutako  Euskararen Adierazle Sisteman ingurune digitaleko adierazleak modu berezian landu dituzte Soziolinguistika klusterrak eta Elhuyarrek elkarlanean. Lantalde horretako partaide izan dira Iñaki Martinez de Luna, Euskararen Adierazle Sistema proiektuaren zuzendaria; Maite Goñi, Euskararen Aholku Batzordeko kidea eta IKT batzorde-ataleko arduraduna; Joseba Laka, Tecnaliako European Software Institute-ko zuzendaria; eta Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendaria.

Proiektuak bi fase izan ditu. Lehenengoan, ingurune digitaleko adierazle hautagaiak proposatu dira, eta adierazle bakoitza neurtzeko metodologiak, bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta bestelako ezaugarriak zehaztu. Bigarren fasean, neurketarako metodologiak inplementatu eta adierazleen neurketari ekin zaio.

Adierazle esanguratsuak aukeratzea

Ingurune digitalean euskarak zenbaterainoko presentzia duen neurtzeko ekimenak, nazioartean bestelako hizkuntzekin egiten ari diren proiektuak eta literatura zientifikoko zenbait lan hartu dira abiapuntutzat ingurune digitaleko adierazleak aukeratzeko. Horrela, aintzat hartu dira IKT batzorde-atalak euskararen bizitasun digitalaren gainean egiten duen hausnarketa eta haren egoera hobetzeko proposatzen dituen ekimenak. Kontuan hartu dira, halaber, PuntuEUS behatokia eta DLDP (Digital Language Diversity Project) Europako proiektua –euskararen osasun digitala neurtzeko proiektuak–.

Lehenengo aukeraketan proposatutako hogei adierazleetatik lau aukeratu ziren, bakoitzaren neurketaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aintzat hartuta, eta kontuan hartu zen neurketa modu sistematikoan eta bestelako hizkuntzekiko modu konparagarrian egiteko aukera ere. Azkenean, honako adierazle hauek aukeratu ziren:

  • Euskararen erabilera sare sozialetan
  • Euskarazko eskaintza web-edukietan
  • Euskararen erabilera web-edukietan
  • Euskarazko eskaintza ingurune digitaleko azpiegituretan           

 

Adierazleak neurtzea

Proiektuaren bigarren fasean, lau adierazleak neurtzeko metodologiak landu eta inplementatu dira. Sare sozialetan euskararen erabilera zenbatekoa den neurtzeko, Twitter hartu da erreferentzia moduan. Neurketarako, Euskal Herriko Twitter-erabiltzaileen errolda bat sortu da, modu automatikoan, ikasketa automatikoko algoritmoen bitartez. Ondoren, errolda horretako erabiltzaile guztien mezuak bildu, eta hizkuntzaren arabera sailkatzen dira automatikoki. Lehenengo emaitzen arabera, erabiltzaile horien mezuen % 18 euskarazkoak dira, % 69 gaztelaniaz idatziak daude, eta % 5 frantsesez.

Web-edukietako euskarazko eskaintza neurtzeko, PuntuEus behatokiko emaitzak hartzen dira. Behatoki horren atzean dagoen monitorizaio-sistemak Euskal Herrian erregistratutako webgune guztietako web-orriak deskargatu, eta hizkuntzaren arabera sailkatzen ditu. Behatoki horren 2016ko emaitzen arabera, Euskal Herriko webguneen % 12 k dituzte euskarazko edukiak, % 82k gaztelaniazkoak, eta % 16k frantsesezkoak.

Web-edukietan euskararen erabilera zenbatekoa den neurtzeko adierazlea bitan banatu da. Alde batetik, euskara hutsezko webguneen erabilera neurtzen da, eta bestetik, euskararen erabilera webgune eleaniztunetan. Oraingoz, lehenengo adierazlea neurtu da. Azaroan, adibidez, euskara hutsezko webguneetan, 7,1 milioi orri bisitatu dira.

 

Ingurune digitaleko azpiegituretako euskarazko eskaintza neurtzeko adierazlea hiru azpiadierazletan banatu da: euskarazko eskaintza aplikazio mugikorretan, euskarazko eskaintza web-zerbitzuetan eta euskarazko eskaintza oinarrizko tresna eta sistema eragileetan. Lehenengoa neurtzeko, Espainian eta Frantzian gehien erabiltzen diren aplikazio mugikorrak identifikatu eta haien hizkuntza-eskaintza aztertzeko sistema automatiko bat inplementatu da. Azpiadierazle horren arabera, euskarazko eskaintza % 25ekoa da, eta gaztelania eta frantsesezkoa, berriz, % 100koa. Web-zerbitzu, oinarrizko tresna eta sistema eragile erabilienak identifikatzeko, erabilera-estatistikak baliatu dira. Azkeneko bi azpiadierazleen arabera, gaztelania eta frantsesezko eskaintza % 100koa da, eta euskarazkoa, berriz, % 40koa web-zerbitzuetan, eta % 62koa oinarrizko tresna eta sistema eragileetan.

Esan beharra dago oso hizkuntza gutxirekin egiten ari dela horrelako neurketa landua, sakona eta sistematikoa. Horrek aukera paregabea emango digu euskarak ingurune digitalean duen presentzia modu zehatzean neurtzeko. Hala, estrategia eraginkorrak definitu ahal izango ditugu hizkuntza gero eta sendoagoa izan dadin ingurune digitalean. Lehenengo neurketaren emaitzen arabera, euskararen osasun digitala nahiko ona da, nahiz eta ingurune digitaleko zenbait eremutan hobetzeko marjina dagoen.

 * Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (EEGF) EAS proiektuaren % 65a ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren xedea da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala sustatzea. Bere laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako mugaz gaindiko jardueren garapenera mugatzen da, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.