Euskal autonomia erkidegoko osasun-sistema publikoa Parkinsonen gaixotasunari buruzko 32 ikerketa-proiektu garatzen ari da gaur egun

2017.eko apirilak 11

Ikerketa-ildoak Parkinsonen gaixotasunaren forma hereditarioak identifikatzean, gaixotasunean portaeraren nahasmenduak eta bulkaden kontrola analizatzean eta botika berriak probatzean zentratzen dira.

 

Euskal Biobankuaren bitartez, euskal osasun-sistemak garunak emateko programa aitzindaria eta berritzailea du eta Parkinsonen gaixotasuna duten pazienteen garun-emaitzaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina abian jarri du aurten 

 

Gaur, apirilaren 11, Párkinsonen Gaixotasunaren Mundu Eguna da. Gaixotasun horrek 65 urtetik gorako biztanleen % 2ri eta 40 urtetik gorakoen % 0,5-1i eragiten die

 

 

Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoa Parkinsonen gaixotasunari buruzko 32 ikerketa-proiektu garatzen ari da gaur egun. Proiektu horien ikerketa-ildoak Parkinsonen gaixotasunaren forma hereditarioak identifikatzean, gaixotasunean portaeraren nahasmenduak eta bulkaden kontrola analizatzean eta botika berriak probatzean zentratzen dira. Parkinsonen gaixotasuna ikertzeko 1,1 milioi euroko finantzaketarekin, deialdi publikoen bitartez, hots, euskal sanitate publikoan ikerketarako lortutako finantzaketa osoaren ia % 2rekin, gaixotasun horri buruzko ikerketa-proiektuak nagusiki Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan (Donostialdea ESI) eta Biocruces Osasun Ikerketako Institutuan (Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESI) garatzen dira. 

Halaber, gaixotasun horren ikerketan aurrera egiten jarraitzea helburu duten ikertzaile taldeak daude Osakidetzaren hainbat erakundetan, Osasun Sailarentzat lehentasunezkoa baita neurozientzietan eta, zehazki, gaixotasun neurodegeneratiboen arloan ikertzea. Hala, neurozientzietan ikertzen laguntzeko, Osakidetzak hainbat plataforma ditu. Horien artean dago, besteak beste, Osasun Sailaren mendeko Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak (BIOEF) kudeatzen duen Euskal Biobankua

Euskal Biobankuaren bitartez, euskal osasun-sistemak garunak emateko programa aitzindaria eta berritzailea du. Euskal Biobankuak laguntza-errutinaren soberako lagin biologikoak bildu eta gordetzen ditu eta komunitate zientifikoari ikertzeko banatzen dizkio. Horrez gain, pertsona osasuntsuen eta/edo gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pazienteen garuna emateko programa bat ere badu. Orain arte, Biobankuak era askotako gaixotasunak zituzten pazienteen 634 garun jaso ditu. Horietatik 12 Parkinsonen gaixotasuna zuten pazienteenak ziren. 

Garun-emaitzak areagotzeko premiari buruz sentsibilizatzeko (pazienteenak ez ezik, pertsona osasuntsuenak ere), Parkinsonen gaixotasuna duten garunen emaitza sustatzeko eta gaixotasun horren ikerketan aurrera egiteko kanpaina bat abian jarri du Biobankuak

Hala, Parkinson Bizkaia Elkartearekin (ASPARBI) lankidetzan, garun-emaitzak nola funtzionatzen duen azaltzen duten 500 triptiko baino gehiago banatu zizkieten postaz elkarteko kide guztiei. Lan horren ondorioz, post mortem ehunen emaitzan interesa azaldu duten lehen deiak jasotzen hasi dira bai ASPARBIn bai Euskal Biobankuan.  

Euskal Biobankuaren asmoa da gisa horretako jarduerak sustatzea Euskadiko beste zenbait Parkinson Elkarterekin ere.  Garun-emaitzari buruzko informazio gehiago lor daiteke www.biobancovasco.org webgunean eta 944536890 telefonoan. 

 

PARKINSONEN GAIXOTASUNA

 

Aurten betetzen da Parkinsonen gaixotasunaren lehen deskribapenaren 200. urteurrena.Parkinsonen gaixotasuna jatorri ezezaguna duen nahasmendu progresiboa da, zeinu kliniko nagusi hauek dituena: mugimendu zehatz bat hasteko zailtasuna, atseden-dardara, zurruntasuna eta jarrerazko eta ibilerazko nahasmenduak. 40 urtetik gorako biztanleen % 0,5-1i eta 65 urtetik gorakoen % 2ri eragiten die, eta eragin bera du 2 sexuetan. Gaur egun jakina denez, sintoma motorrak baino zenbait urte lehenago ager daitezkeen beste sintoma batzuk daude: idorreria, REM loaldiaren portaera-nahasmendua (amesgaiztoak oihu eta kolpeekin), usaimen-galera eta depresioa. Kasu batzuetan, gene ezagunen zenbait mutaziorekin lotuta dago gaixotasunaren agerpena. 

  

2017ko apirilaren 11