Euskal Autonomia Erkidegoak ekarpenak egin ditu Nazioarteko Adopzioari buruzko araudiaren zirriborroan

13_09_17_FAMILIA_MADRID_(2).JPG

2017.eko irailak 13

  • Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Ernesto Sainz Lancharesek Aholkularitza Kontseiluaren Osoko Bilkuran hartu du parte, Madrilen
  •  “Adoptatutako adingabearen balorazio presentzialak, familia adoptatzaileak lagunduta, besterik ez du aukera ematen haren egoera zein den jakiteko eta adoptatzaileek haren oinarrizko beharrei egokiro erantzuten dietela egiaztatzeko”

 

Madril, 17 09 13

Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Ernesto Sainz Lancharesek Nazioarteko Adopziorako Aholkularitza Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartu du gaur goizean. Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioko Familia eta Haurrentzako Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan izan da bilkura, eta Nazioarteko Adopzioari buruzko araudiaren zirriborroa aztertu dute bertan.

 

Sainz Lancharesen ustez: “Euskal Autonomia Erkidegoaren zeregina oso aktiboa izan da lan-batzordeetan, ekarpen garrantzitsuak egin baititu, behin betiko testuari gehitu zaizkionak. Testua berehala onartzeko dago, Ministroen Kontseiluak eztabaidatu eta ondoren argitaratzen denean. Indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.   

 

 “Ekarpenak egin ditugu aurreko zirriborroaren 2., 12., 13., 17., 23. eta 26. artikuluetan, eta ekarpen garrantzitsuena da adopzioaren ondorengo jarraipen-txostenak betiere modu presentzialean egingo direla bermatzeko beharrarekin zerikusia duena. Horren helburua da adingabearen interes gorena ziurtatzea. Izan ere, gure iritzian, adoptatutako adingabearen balorazio presentzialak, familia adoptatzaileak lagunduta, besterik ez du aukera ematen haren egoera zein den jakiteko eta adoptatzaileek haren oinarrizko beharrei egokiro erantzuten dietela egiaztatzeko” adierazi du Sainz Lancharesek topaketa amaitzean.

 

Eusko Jaurlaritzako Familiako zuzendariaren arabera, “Zirriborroan jasota zegoen txostenaren beharra, baina ez, ordea, hura modu presentzialean egin behar zenik. Egin ditugun beste ekarpen batzuen asmoa da eraginpeko pertsonei gardentasun handiagoa ematea erakunde akreditatuen jardunean, eta esku hartzen duten agente guztien segurtasun juridikoa bermatzea”.

 

Gaur aztertu diren gai garrantzitsuenen artean dago Nazioarteko Adopzioari buruzko araudiari dagokion zirriborroaren analisia. Zirriborroa Gobernu Zentralaren eta autonomia-erkidegoen artean landu eta adostu da, Haur eta Familien Erkidegoarteko Batzordeak egindako zenbait bileratan.

 

 “Nazioarteko Adopzioari buruzko araudia bilduko duen Errege Dekretu berriaren helburua da aurreko araudia egokitzea haurrak eta nerabeak babesteko uztailaren 28ko 26/2015 Legera, eta oinarri du adingabearen interes gorena babestea nazioarteko adopzio-prozesuaren fase guztietan, 1993an Hagan onartutako haurraren babesari buruzko Hitzarmenean jasota dauden printzipioen aurkako legez kanpoko edozein jardunbideri aurrea hartzeko bermeak hobetuta, eta, era berean, babesturik adopziorako beren burua eskaintzen dutenen interesa eta Nazioarteko Zuzenbideak aintzatetsitako funtsezko eskubideekiko errespetua” zehaztu du Sainz Lancharesek.

 

Orobat, Sainz Lancharesek hau esan du: “Senatuaren Osoko Bilkurak erabaki positiboa hartu du gaur, bidezko legeria-aldaketak bultzatzeko mozio bat onartu baitu, beren ardurapean bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familiak familia ugaritzat hartu ahal izateko”.

 

Aldeko 247 botorekin, aurkako botorik gabe eta abstentzio batekin, ganberan ordezkatutako indar guztien ordezkariek babesa eman diote euskal taldeak aurkeztutako ekimenari; adostasuna erraztea eta familiari eta adingabeei laguntza eta berdintasun handiagoa ematea helburu duen ekimenari, hain zuzen.