Argitalpen-data: 2017/07/18

Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik seik uste dute beren gurasoek gaztetan zuten egoeran baino hobean daudela

Iritzi horretakoak gehitu egin dira baina oraindik 2008an baino gutxiago dira

Gazteen Euskal Behatokiak aztertu du nola baloratzen duten gazteek beren egoera, beren ustetan gurasoek adin horretan zuten egoerarekin alderatuta. 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek (% 58,5) uste dute hobe daudela beraiek, beren gurasoak gazte zirenean baino.

Hala ere, pertzepzio hori nabarmen aldatu da azken urteetan. 2008an, lau gaztetatik hiruk uste zuten hobe zeudela beraiek, beren gurasoak beren adinean baino (% 76,7); pertzepzio hori beheratzen joan zen eta 2013an ozta-ozta gazteen erdiak uste zuen gurasoek bere adinean zuten egoeran baino hobean zegoela (% 51,1); ondoren, 2015ean, zertxobait goratu da beren gurasoak beren adinean baino hobe daudela uste duten gazteen kopurua (% 58,5), baina ez da iritsi 2008ko eta 2011ko balioetara.

 Beren guraoek beren adina zutenean baino egoera hobean daudela uste duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera

Ez da ikusi alde nabarmenik gizon eta emakume gazteek beren egoerari buruz egindako balorazioan, baina bai adina kontuan hartzerakoan, adinak pertzepzio desberdina baitakar. 15 eta 19 urte bitarteko gazteen % 74,9k uste dute gurasoek gaztetan zuten egoeran baino hobean daudela; 20 eta 24 urte bitarteko taldean % 62,7k iritzi bera dute; eta portzentajeak behera egiten du, % 44,2raino, 25 eta 29 urte bitartean

 Beren gurasoek beren adina zutenean baino egoera hobean daudela uste duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, adin taldeen arabera (%)

Adin taldeen artean dauden alde horiek azaldu ahal duen arrazoi bat (baina ez bakarra) okupazioarekin lotuta dago. Ikasten dabiltzanen artean (20 urtetik beherakoen artean gehien-gehienak) % 68,5ek uste dute beren gurasoak gazte zirenean baino hobeto daudela beraiek; portzentaje hori % 51,3ra murrizten da lanean dabiltzanen artean eta are gehiago, % 43,9ra, langabezian daudenen artean.

 Beren gurasoek beren adina zutenean baino egoera hobean daudela uste duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, okupazio nagusiaren arabera (%)

Azaldutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketa batzuetatik datoz. Ikerketa horiek 15 eta 29 urte bitarteko gazteei eginiko inkestatan oinarritzen dira. Euskadiko gazteen panoramika / Gazteen adierazleak 2015 argitalpen interaktiboan kontsulta daitezke datuok, “Balioak eta jarrerak” izeneko atalean, hain zuzen ere.

 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!