Euskadiko Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea eratu da

2017.eko apirilak 05

  • Arlo horretako organo gorena izango da, Sailarteko Batzordea ordezkatuta. Eusko Jaurlaritzaz gain, aldundiak eta udalak ere hartzen ditu barnean
  • Jon Darpón Osasuneko sailburuak jakinarazi du hasi direla Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea garatzeko araudiak tramitatzen. Euskal lege horrek urtebete bete du indarrean jarri zenetik 

 

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua buru zela egin da gaur goizean, Vitoria-Gasteizen, Euskadiko Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea eratzeko bilera. Batzorde horretan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, eta hemendik aurrera euskal administrazio publikoak koordinatzeko, elkarlanean jarduteko eta parte hartzeko organo gorena izango da, betiere Euskadiko Adikzioen eta Droga Mendetasunen Arreta Integralari buruzko Legea aplikatzearen ondoriozko jardunetan —duela urtebete aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak lege hori—.

Lege horren VI. Tituluan aurreikusten den Erakundearteko Batzorde horren sorrerak eraginda, desagertu da aurreko Sailarteko Batzordea —Eusko Jaurlaritzako sailez soilik osatuta zegoena—, eta foro horretan, Eusko Jaurlaritzarekin batera, foru aldundiek eta udalek ere parte hartuko dute. Gaurko bilerara bertaratu dira, eraginpean dauden Eusko Jaurlaritzako Sailez gain (Lehendakaritza; Enplegua eta Gizarte Politikak; Hezkuntza; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa; Kultura eta Hizkuntza Politika;  Segurtasuna; eta Lana eta Justizia), Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatu Maite Peña; Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Miren Saratxaga; Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Inklusioko zuzendari Óscar Seco; Leioako alkate Mª Carmen Urbieta, EUDEL Euskadiko udalen elkarteko ordezkaritzan; eta Euskadiko udaletako ordezkariak, barnean zirela hiru hiriburuetako ordezkariak.

Gaur sortu den Batzordea Euskadiko Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Arreta Integralari buruzko Legea onartu eta lehen urtebetetzearen bezperan eratu da. Ildo horretan, Jon Darpónek nabarmendu nahi izan du gaur egun indarrean jarraitzen dutela arau hori eragin zuten arrazoiek eta legearen helburuak: “banako bizi-ohituretan aldaketak sustatzea, euskal gizartean pertsonen osasuna hobetzeko”. Tabakoari dagokionez, alegia, gertakari gehien eragiten duen arloari erreparatuta, lehenbiziko urtebete honetan, 300 salaketa baino gehiago egon dira; Tabakoaren aurkako Legea indarrean sartu zenetik (2011 urtetik) hona, berriz, milatik gora.

Jon Darpónek adierazi duenez, Euskadik eta bertako administrazioek osasunaren eta ongizatearen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Euskadiko 2013-2020 Osasun Planean —Osasuna, Pertsonen Eskubidea, Guztion Ardura— gauzatu da apustu hori. “Duela urtebete —nabarmendu du— beste aurrerapauso bat eman genuen, batez ere adingabeen babesari dagokionez. Bagenekien oso errotuta dauden erabileren eta ohituren alorrean sartzen ginela eta ez zitzaigula bide erraza izango; baina, pertsonen osasuna jokoan dagoenean, ezin dira ohitura horiek lehenetsi —oso errotuta badaude ere— ezta merkataritza-interesak ere. Arauak eta, zehazki, lege hori lagungarriak izan daitezke, eta izan behar dute, euskal herritarren osasuna hobetzeko eta Euskadi osasuntsuagoa eraikitzeko; eta ziur nago hala izango direla” eman du aditzera.

Erakundearteko Batzorde horren zeregina izango da giltzarria. Izan ere, adikzioen inguruko jarduna gai guztiz zeharkakoa da, osasunean ez ezik, beste arlo batzuetan ere eragina baitu, hala nola hezkuntzan, kulturan, gazterian, kirolean, gizarteratzean, politika komunitarioan, lan-osasunean, etxebizitzan, ingurumenean, segurtasunean, justizia-administrazioan, espetxeetan, publizitatean eta hedabideetan. Hori dela eta, koordinazioa eta parte hartzea bideratuko duten tresnak funtsezkoak izango dira aurrera egin dezaten adikzioen arloan inplikatuta dauden agenteen funtzionamendu koordinatuak, bateratuak, eraginkorrak eta efizienteak.

Euskadik ibilbide luzea du adikzioen eta droga-mendekotasunen aurkako borrokan. Lehen ekimenak 80ko hamarkadan jarri ziren abian, orduan sortzen ari zen drogen kontsumoaren problematikari erantzuteko. Orduz geroztik, eta hiru hamarkada hauetan, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, beste erakunde eta elkarte batzuekin koordinatuta, arlo horretako plangintza eta araudia garatu dute, eta errealitate berriei erantzun diete. Gainera, erakundeek, sailek, agenteek eta eraginpean dauden administrazioaren zenbait arlok gai konplexu horren arloko koordinazioa sendotzeko egitura eta foro formalak ezarri dituzte.

1982. urtean droga-mendekotasunen arloko lehen jardun-plana aurkeztu zenetik, eta, bereziki, 1987. urtetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoan guztira droga-mendekotasunen edo adikzioen arloko sei plan garatu dira, baita udal- edo foru-plan ugari ere. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 45 tokiko erakundek ditu adikzioen prebentzio komunitarioko teknikariak eta/edo adikzioen arloko tokiko planen bat. Hortaz, 1.700.000 euskal herritarrek baino gehiagok dituzte prebentzio-zerbitzu horiek eskura.