Euskadik eta Bavariak eskualdeen arteko lankidetzarako konpromisoa berretsi dute

2017.eko apirilak 26

Euskadi ohorezko gonbidatu Bavierako standaren inaugurazioan

 Arantxa Tapia sailburua eta Bavariako Ekonomiako ministro Ilse Aigner Hannoverren elkartu dira bi eskualdeen arteko lankidetza-akordioaren jarraipena egiteko

  • Zibersegurtasunaren gaia, lankidetzaren aritzeko lehentasunezko gai izatea adostu dute
  • 2015eko azaroan eratutako mahai tekniko-instituzionalari esker hainbat aldebiko bilera egin dituzte berrikuntzaren eta enpresen arloko eragileek
  • Datorren astean egingo da Euskadin Eskualdeen Komitearen mintegi teknikoa Markku Markkula buru dela

Hannover Messeko agenda instituzionalaren hirugarren eta azken egunean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia Bavariako estatu federatuaren Ekonomiako eta Hedabideetako, Energiako eta Teknologiako ministro Ilse Aignerrekin elkartu da.

Lan-bileran bi gobernuetako industriaren eta nazioartekotzearen arloko ordezkariek ere parte hartu dute. Tapia sailburuarekin izan dira Industriako sailburuorde Javier Zarraonaindia, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal eta Sprik Munichen duen merkataritza-bulegoaren arduradun Maria Sarricolea. 

Bi gobernuek 2014ko uztailean izenpetutako MOUaren ondorioz sustatutako lanak gainbegiratu dituzte bi ordezkaritzek, bai eta, industriaren eta digitalizazioaren esparruan hasitako harreman instituzionalari jarraipena emateko, aurrera begira bultzatuko diren jarduerak ere.

Bilera amaitu denean, Tapia sailburua Ministroarekin batera joan da Babierako Standaren inauguraziora, bertan Euskadi ohorezko gonbidatu bezala aurkeztu dute eta “Bavierako adiskide” dela esan du Aigner berak bere diskurtso publikoan.

Erregio arteko lankidetza zibersegurtasunaren alorrean

Hasieran izan duten lan bileran, bi ordezkariek etorkizunean lankidetzan aritzeko edukiak aztertu dituzte, dagoeneko existitzen den bi gobernuen arteko harremanaren ildo berean.

Azpimarratzekoa da arreta berezi jarri diotela zibersegurtasunaren gaiari, eta zentzu horretan adostu dute Euskadi eta Bavieraren artean ezagutza eta esperientziak partekatzea.

Bide beretik, eta bi gobernuek dagoeneko industria eta teknologiaren alorrean eta segurtasunaren alorrean akordioak dituztenez (joan den astean sinatu zuen Beltran de Heredia sailburuak Bavierako Segurtasun departamentuarekin akordioa), Tapiak eta Aignerrek erabaki dute gai hau lehentasunezko tokian jartzea elkarlanean dauden gaietan.

Ilse Aigner Ministroak gainera agenda bateratua osatzeko nahia adierazi du, bi erregioetako bisitak adostu eta bai ministroak baita sailburuak ere parte-hartze zuzena izan dezaten ekintza horietan.

Munichen 2015eko azaroan eratutako mahai tekniko-instituzionala

Gogoratu behar da 2015eko azaroan Tapia eta Aigner izan zirela Munichen mahai tekniko-instituzionala eratzeko egindako bileraren buruan, eta bertan izan ziren, bi gobernuez gainera, Euskadiko eta Bavariako enpresen eta teknologiaren esparruko hainbat eragile ere, Euskadiko Ganberek, Confebaskek, Tecnalia eta Ik4 aliantza teknologikoek eta ACICAE, GAIA, AFM eta HEGAN klusterrek ordezkatuta. 

Bai MOUari esker bai lan-mahai horri esker, bi eskualdeetako eragileek aldebiko lan-harremanak izan dituzte urte eta erdi honetan, eta ordezkaritza bat 2016an Euskadin izan zen in situ ezagutzeko berrikuntzaren eta industriaren esparruko hainbat kasu eredugarri.

Kontuan hartuta Bavariako enpresa-digitalizazioaren ibilbideak eta ereduak interes handia piztu dutela Euskadiko sisteman, Eusko Jaurlaritza Bavariara joatekotan da Zentrum Digitalisierung.Bayern eta 4.0 Industrian aitzindariak diren Bavariako enpresak ezagutzera. 

Bi eskualdeek abiarazitako lankidetzan bientzat interesa duten gaiak lantzen dira, besteak beste, I+G+b, sektore garrantzitsuetako industria-politika (automozioa, faktura-industria eta makina-erreminta), lanbide-heziketa eta segurtasuna. 

Eskualdeak, garapenaren eta lehiakortasunaren eragileak Europan

Euskadiren eta Bavariaren arteko lankidetza-hitzarmenaren eta sintoniaren oinarrian dagoena da, besteak beste, bi gobernuek egin duten apustua Europako eskualdeak izan daitezen, elkarlanean, industriaren lehiakortasuna hobetzeko prozesua indartu eta gidatuko dutenak.

Eskualdeek duten garrantzi horren baitan antolatu da datorren asterako Euskadin Eskualdeen Komitearen “Science Meets Regions Seminar 2017” mintegia. Eduki teknikoak eta ikuspegi estrategikoa izango dituen mintegi horretan, batetik, RIS3 Espezializazio Adimentsuaren Estrategia aztertuko da eta, bestetik, espezializazioari, berrikuntzari eta klusterrek Euskadin betetzen duten eginkizunari buruzko ikuspegia azalduko dute CdRren eta Europar Batasunaren ordezkariek.

Mintegia maiatzaren 3an egingo da Donostiako Kursaal Jauregian, eta bertan izango da CdRren presidentea, Markku Markkula.