Europako 2018ko errugbiko finalen logoa aurkeztu da San Mamesen

errugbiab.JPG

2017.eko apirilak 25

Europako 2018ko errugbiko finalen logotipoa jendaurrean aurkeztu da gaur goizean, Bilbon egindako aurkezpen batean. San Mames futbol-zelaia aukeratu da aurkezpen hau egiteko, eszenatoki honetan ospatuko baita urtebete barru kirol hitzordu handi hau. Bide batez, errugbi zaleei erakutsi zaizkie Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik antolatzaile gisa eskaintzen dituzten aukerak.

Eusko Jaurlaritzatik, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria izan da gaurko aurkezpenean, Jaurlaritza izan baita Bilboko hautagaitza bultzatu duen erakundeetako bat. Berarekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Alea Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo-Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusia, Vicent Gaillard European Professional Club Rugby-ko zuzendari nagusia, Dimitri Yachvili European Professional Club Rugby-ko Enbaxadorea, Alfonso Feijoo Espainiako Errugbi Federazioko presidentea eta Mick Hogan Newcastle Rugby Limited-eko zuzendaria.

Redondo zuzendariak kirolaren ikuspegitik final hauek ekarriko dutena nabarmendu du: “Horrelako ekimenak gurean ospatzen direnean, ikusmira kirolean jartzen da eta kirolarekiko interesa kutsatu egiten da. Errugbiaren inguruan, gainera, oso giro berezia sortzen da, lagunkoia, eta seguru nago ospakizun honek lagunduko duela hainbat gazte euskaldun erakartzen errugbiaren mundura, balioz beteriko kirol bat. Izan ere, ikusiko dugunez, lau taldetako zaleak fan-zone beran elkartuko dira, eta hori ez da oso ohikoa gaur egungo kirolean”.

Gaillardek nabarmendu du lehenengoz horrelako ekitaldi bat ez dela ospatuko errugbi tradizio handia duen hiri batean, eta balioa eman dio horri. "Oso pozik gaude bertako agintariek eskaini diguten laguntzarekin eta finalen nortasun bisualarekin, eta horrenbestez oinarri sendoa dugu, datorren hilean abiaraziko den sarreren salmentari ekin ahal izateko", adierazi du.

European Champions Cup-eko eta Challenge Cup-eko trofeoek ere ibilbide laburra egin dute gaur goizean hiriko zenbait gune ezagunetan zehar. 2018ko maiatzaren 11an eta 12an ospatuko dira txapelketen finalak Bilbon.