Etxebizitza Sailak eta Zarauzko Udalak lehentasunez gazteei zuzenduko zaizkien alokairuko 60 etxebizitza eraikitzea erabaki dute

2017.eko abenduak 21

  • Arriola sailburuak eta Txurruka alkateak erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute, Zarautzen dagoen babes ofizialeko etxebizitzen eskariari erantzuteko
  • Gazteek etxebizitza eskuratzea da Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren apustuetako bat, eta Sail  horrek arlo horretako berrehundik gora  zuzkidura-bizitoki du abian Gipuzkoan
  • Salberdin auzoko sustapenak 4 milioi eurotik gorako aurreikuspena du

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Gipuzkoako udalerri horretan alokairura zuzenduko diren babeseko 60 etxebizitza eraikitzeko.  

Hitzarmen horren bidez erantzun nahi zaio Zarautzen etxebizitza egokia eskuratzeko dagoen arazoari, bereziki nabarmena gazteen artean. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aukera izango du alokairura zuzenduko diren 60 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko Zarauzko Udalak Salberdin auzoan dohainik laga dion partzela batean. Etxebizitza horien kudeaketa Alokabideren esku geratuko da. Aurreikusi da eraikuntza-proiektua 2018an idaztea eta obrari 2019an hasiera eman ahal izatea. Eraikuntzarako aurrekontua 4 milioi eurotik gorakoa izango da.  

Etxebizitzak Zarautzen erroldatuta dauden gazteei zuzenduko zaizkie lehentasunez. Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako sarrera-baldintzei eta betekizunei jarraituko zaie. Gaur egun, hartzaileek 3.000 € eta 25.000 € arteko errenta izan beharko dute erregimen berezirako, eta 9.000 € eta 39.000 € arteko errenta erregimen orokorrerako, talde berezien kasuan izan ezik.

Gaur egun, Etxebiden izena eman duten 630 pertsonak eskatzen dute alokairuko etxebizitza Zarautzen. Ildo horretan, Arriola sailburuak adierazi duenez, akordio honek “erakundeen arteko elkarlanerako eta ahaleginak uztartzeko garrantzi handiko bidea zabaltzen du, betiere gizarte-eskari premiazkoenetako bati erantzuteko: pertsona guztiek etxebizitza duina eskuratu ahal izatea”.

Aditzera eman duenez, premia hori “bereziki agerikoa da gazteen artean, haien beharretara eta baliabideetara egokitzen den etxebizitza eskuratu ahal izatea eskatzen baitute, emantzipatzeko eta haien bizi-proiektuari ekin ahal izateko”.  

Gazteek etxebizitza eskuratzea da Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren apustu nagusietako bat, eta Sail  horrek, sustapen honekin, arlo horretako berrehundik gora  zuzkidura-bizitoki du abian Gipuzkoan.

Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak nabarmendu du udal-gobernuak egindako lana Aldapetako eta Salberdingo etxebizitza babestuko sustapenak “desblokeatzeko eta abian jartzeko”. Bi sustapen horien bitartez, hurrengo hiru urteetan guztira 635 etxebizitza babestu eraikitzea hartu da aintzat. “Gure Etxebizitza Planean Zarauzko etxebizitzaren arazoari erantzuteko konpromisoa hartu genuen, eta 2018. urtean ikusiko dugu aurreikusitako helburuak gauzatzen hasten direla” adierazi du alkateak.