Etxebizitza Sailak, datorren astean, Mina del Morroko gazteentzako 86 apartamentu entregatuko ditu Bilbon

2017.eko ekainak 22

  • Arriolaren ustez, zuzkidura-bizitokiak (ZB) formula eraginkorra dira, gazteenak emantzipatzeko; izan ere, horrela, eskura jartzen zaie lehen etxebizitza eskuragarria eta beren beharretara egokitua 
  • Hau da Sailak etxebizitza-tipologia honetan egindako jarduketa garrantzitsuenetako bat; 2015ean onetsitako Etxebizitza Legearekin bat, aldi baterako ostatua ematen die etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboei

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur goizean, Sailak Bilboko Mina del Morro gunean gazteek alokairuan hartzeko eraiki duen zuzkidura-bizitokien (ZB) eraikina bisitatu du. 86 etxebizitza dira; horien bidez, ostatu emango zaie 130 pertsonari, eta aurreikusi da datorren astean sartzea bertara.

Hori da Sailak etxebizitza-tipologia honekin egindako jarduketa garrantzitsuenetako bat, eraikuntza- edo plangintza-prozesuan dauden eta, 2015ean onetsitako Etxebizitza Legearekin bat,  etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboei –gazte etorkinak, etxebizitza partekatua erabiltzeko eskubidea galdu duten pertsona bananduak edo dibortziatuak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak etab.– aldi baterako ostatua ematen dieten beste batzuekin batera.  Kasu honetan, eta Bilboko Udalak egindako eskaerari erantzuteko, lehentasuna eman zaie hiribilduan gutxienez azken hiru urteetan erroldatuta dauden pertsonei eta 30 urtetik beherako gazteei; eskakizun hori 86 pertsona adjudikaziodunek betetzen dute.

Hori horrela, Arriola sailburuak esan du legegintzaldi honetako helburu nagusietako bat dela “sarbidea ematea etxebizitza duin baterako aukerarik ez duten pertsonei, eta ildo horretan ari gara alokairuaren aldeko apustu egiten, modurik egokiena eta bidezkoena baita eskubide hori baliatu ahal izateko”.

Eraikin honek bost solairu eta 86 etxebizitza ditu eta, horietatik, 78 44 metro koadroko zuzkidura-bizitokiak dira, bainugelarekin, sukalde ekipatuarekin eta egongela batekin –egongela eta logela batera–; 4 apartamentu 53 m2-koak, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat erabat egokituta eta irisgarriak; eta beste 4 apartamentu, 60 m2-koak, bi logelarekin. Garajea ere badu eraikinak, 43 plaza, eta bizikletentzako aparkaleku zabala.

Eraikinak bi igogailu eta berokuntza zentrala ditu, gas-galdarekin eta kontsumo indibidualekin. Era berean, energia berriztagarria emango du, 40 m2-ko eguzki-plaken bidez; horiek ur bero sanitarioaren % 38 ematen dute.

Etxebizitza guztiek dituzte sukaldeko altzariak, hozkailua, mikrouhinak, bitrozeramika, garbigailua-lehorgailua eta ke-kanpaia.

Arriola sailburuak gogorarazi du gure gazteak gero eta beranduago emantzipatzeko motibo nagusietako bat dela etxebizitza garestia dela, bai eta lan falta eta ezegonkortasuna ere, eta zera esan du: “gure erantzukizunetik, ahalegin bizia egingo dugu, etxebizitza falta gazte bilbotarrek eta Euskadiko gainerako udalerrietako gazteek beren bizitzari ekiteko oztopo gaindiezina ez izateko”.

Alokairuko zuzkidura-bizitokiak, udalekin lankidetzan, Etxebizitza Sailaren apustua da eta, Arriola sailburuaren hitzetan, “gure seme-alabak emantzipatzeko formula eraginkorrena da, lehen etxebizitza eskuragarriaren eta beren beharretara egokitzen denaren bidez”.

Hori dela eta, ZBak alokatzeko aurreikusten den gehieneko epea bost urte dira; izan ere, horien bidez lortu nahi dena ez da esleipendun diren gazteak epe mugagabez geratzea apartamentu horietan, baizik eta denbora-tarte horretan familian bizitzeko etxebizitza aurkitu ahal izatea, dela jabetzan, dela alokairuan. Eta libre utzi duten apartamentua beste gazte batek okupatu ahal izatea.