Erabilera turistikorako etxebizitza eta logelei buruzko informazio-kanpaina

viviendas_ok.jpg

2017.eko ekainak 20

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak erabilera turistikorako etxebizitza eta logelen jabeentzako informazio-kanpaina hasi du. Kanpainaren helburua da errentariei azaltzea derrigorrezkoa dela etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren erregistroan inskribatzea, eta jakinaraztea zein den jarduerarako bete behar duten araudia.

Erabilera turistikorako etxebizitza eta logelak, Turismoari buruzko 13/2016 Legearen arabera, “prezioaren arabera turismorako edo oporretarako publizitatzen edo merkaturatzen diren etxebizitzak dira, jabeak aldi baterako laga ohi dizkienak hirugarrenei”.

Orain, Legea onetsi zenetik oraindik urtebete igaro ez denean, Turismo Sailak alokatzaileei gogorarazi nahi dizkie Legeak jasotzen dituen egitekoak eta betebeharrak. Hori horrela, kanpainak gomendatzen du udalean kontsultatzea, jarduera egin ahal izateko hirigintza-araudia betetzen dela egiaztatzeko, bai eta foru-aldundian bete beharreko zerga-betebeharren inguruko kontsulta egitea ere.

Era berean, iragarkiak azpimarratzen du derrigorrezkoa dela Eusko Jaurlaritzaren aurrean adierazpen arduratsua aurkeztea eta, horrela, Enpresa Turistikoen Erregistroan inskribatzea. Azkenik, kanpainak azaltzen du araudia bete ezean, zehapen larriak ezarriko direla.

Kanpainak, hasiera batean, 2 aste iraungo du; irratian eta prentsa idatzian garatzen ari da, Alfredo Retortillo sailburuak grabaturiko iragarki laburren bidez. 

Enpresa Turistikoen Erregistroa

Jardueraren titularra pertsona juridikoa bada, derrigorrean aurkeztu beharko du adierazpen arduratsua, formatu elektronikoan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikotik (www.euskadi.eus) edo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren web-orrialdetik (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismoa/ “Prozedurak”)

 

Jardueraren titularra pertsona fisikoa denean, adierazpen arduratsua honela aurkez dezake: formatu elektronikoan edo, bestela, paperean, dagokion lurralde-bulegoan. Azken kasu horretan, formularioak Sailaren web-orrialde horretako “Prozedura” ataletik deskarga ditzake.