Doako Justiziaren Eguna

Doako Justiziaren Eguna

2017.eko uztailak 14

María Jesús San José Laneko eta Justiziako sailburuak gaur bat egin du Doako Justiziaren eta Ofiziozko Txandaren Eguneko ospakizunekin. Arabako Abokatuen Elkargoak Vitoria-Gasteizen antolatu duen ekitaldiko buru izan da.

María Jesús San José sailburuak Doako Justiziaren eta Ofiziozko Txandaren Laguntza Zerbitzuak ematen dituzten profesionalen lana goraipatu du. “Zerbitzu ordainezina ematen duzue; horrela, justiziarako eskubidea berdintasun-baldintzetan hurbiltzen diezue euskal herritar guztiei. Laguntza juridikoa ematen diezue baliabide ekonomikorik ez duten edo babes bereziko kolektiboetakoak diren pertsona inputatuei, atxilotuei edo presoei, genero-indarkeriaren kasuei, sexu-erasoen edo etxeko indarkeriaren kasuei, terrorismoaren biktimei, adingabeei, atzerritarrei, abusuaren edo tratu txarraren biktima diren desgaitasun psikikoren bat duten pertsonei etab.”.

Bestalde, María Jesús San José sailburuak gogorarazi du Lan eta Justizia Sailak 14 milioi euro baino gehiago bideratzen dituela, ahultasun-egoera berezian dauden pertsonek Justizia Administraziora doan jo ahal izateko.

Ekitaldian, Doako Justiziaren eta Ofiziozko Txandaren Egunaren adierazpena irakurri da; Abokatutzak, horren bidez, berretsi egiten du zuzenbidezko estatuarekin eta herritar kideekin duen konpromisoa, eta bermatu egiten ditu abokaturik onenak, libreak eta independenteak, bai eta zerbitzu horren antolamendu eraginkorra ere abokatuen elkargoaren aldetik. Doako Justizia –dio dokumentuak– babes gutxien dutenen eskubideak defendatzeko funtsezko zerbitzu publiko gisa eratu da; horrela, askatasunaren, berdintasunaren eta justiziarako sarbidearen Konstituzioko printzipioen eraginkortasuna bermatzen da.