Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Herri Urratsen izan dira

Herri_urrats_1.jpg

2017.eko maiatzak 14

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Herri Urratsen izan dira gaur, Iparraldeko ikastolen aldeko ospakizunetan. Eurekin batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea ere Senperen izan dira gaur. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak festaren hasiera ekitaldian izan dira, beste erakundeetako ordezkariekin batera.

Iparraldeko ikastolen jaiaren aurtengo edizioak (H)aizu! leloa darama eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoarentzat izango da jasoko den babesa. Hasiera ekitaldia Senpereko aintziran dagoen Ur Hegia etxean izan da, eta erakunde ezberdinetako ordezkariek hartu dute parte. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen aldeko elkarlanaren beharraz hitz egin du: “Euskararen aintzirak guztion beharra du bizi eta eder mantentzeko. Erakundeak behar ditu, elkargo eta udalak. Ikastola eta eskolak behar ditu, irakasle eta ikasleak, euskaltegiak eta euskara taldeak, herritar eta hiztunak, atxikimendua eta erabilera. Ekimena eta pazientzia. Hori ongi dakigu hegoaldeko isuritik gatozenok”.

Sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza beti izango dela laguntzeko prest euskararen alde egiteko, betiere errespetutik: “Itxaropenez ikusten dugu Iparraldean pausuz pausu gertazen ari dena. Eta gure babesa eta laguntza eskaintzen dizuegu, beti egin dugun bezala, errespetuz zuekin batera euskararen aintzirak ur gehiago izan dezan”.