Bingen Zupiria: "Hizkuntza Politikan ez genuke galdu beharko bidelagun bakar bat ere"

Bingen Zupiria, Euskadi Irratian izan da goizean.

2017.eko urtarrilak 19

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da goizean, eta legealdia hastearekin batera sortutako Sailaren helburuez mintzatu da. “Lehendakariak nortasun berezia eman nahi izan dio Kultura eta Hizkuntza Politika bildu duen Sailari”, azpimarratu du. Kulturari dagokienez, nabarmendu du “arreta berezia ipini behar diogula sortzaileen sorkuntza prozesuari babesa emateari” eta, Hizkuntza Politikari erreparatuz, “adostasunaren bidea” jarraitzearen aldeko apustua egin du.

Zupiria sailburuak nabarmendu du “Sailak bere baitan dituen eginkizun nagusien ildoak finkatuta daudela, batez ere EAJk eta PSEk sinatu zuten gobernu hitzarmenean eta Lehendakariak berak bere inbestidura saioan egin zuen hitzaldian”.

Kultura Sailburuordetzaz, azpimarratu du sortzaileek erakundeen eta gizartearen babesa behar dutela. “Gure zorionerako, gizarte honetan punta-puntako sortzaileak ditugu, eta ez dago gaizki sortzaile horiei merezi duten errekonozimendua aitortzea. Hortik aurrera, beraiek adierazten dituztenean beren zailtasunak eta mugak, uste dut mezu bat bidaltzen digutela. Kezka bat dute beren sorkuntzak gizartean duen harreraren inguruan. Sorkuntza handia dago, produkzio handia dago, baina irismena ez dakit zenbaterainokoa den”, azpimarratu du.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzan izan diren aldaketez galdetuta, Zupiriak goraipatu du sailburuorde kargua utzi duen Patxi Baztarrikaren lana eta Miren Dobaran zergatik aukeratu duen azaldu du. “Iruditu zitzaidan garrantzitsua zela Bizkaiaren ahotsa ekartzea Hizkuntza Politikara. Sailburuordea izan den zortzi urteotan Patxi Baztarrikak egin duen lana bikaina izan da, uste dut oso modu argian finkatu duela Hizkuntza Politikaren diagnostikoa, diseinua eta modu argian finkatu ditu, baita ere, datozen urteotarako lan-ildoak”, adierazi du.

“Abiapuntu hori oso egokia da, baina talde bakoitzak bere ñabardurak jarri behar ditu. Hizkuntza Politika batez ere gipuzkoarrok egin dugu. Euskarak baditu beste lurralde batzuk zailagoak direnak euskararen presentzia urriagoa delako edo euskaraz hitz egitea zailagoa delako, eta horren bila ere ibili naiz”, gehitu du.

Hortik aurrera, Zupiriak Hizkuntza Politika kudeatzeko orduan adostasunaren bidea jarraitzeak duen garrantzia adierazi du. “Jaurlaritzak kontuan izan behar ditu, nahi eta nahi ez,  Foru Aldundiak, udalak eta, baita ere, Nafarroako Gobernutik har daitezkeen erabakiak edo Iparraldeko erakundeek bide horretan hartzen dituzten erabakiak. Erakundeen arteko elkarlana oso garrantzitsua da. 1982an gauza handi bat egin zuten kontu hauek martxan jarri zituztenek, Pedro Miguel Etxenikek eta Ramón Labayenek, eta zera izan zen: adostasun politiko handi bat lortu zuten Legebiltzarrean Euskararen Legearen inguruan. Adotasunari esker askozaz ere zaratatsuagoa eta iskanbilatsuagoa izan zitekeen bide bat ez da horrelakoa izan”.

“Pauso berriak ematerakoan ez genuke galdu beharko bidelagun horietatik bakar bat ere. Bidelagun berriak ekartzeko gauza izango bagina, hobeto. Bestalde, euskararen inguruan gizarte ekimen handia dago, eta emango ditugun pausoak batera eman behar ditugu”, gehitu du Zupiria sailburuak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradun nagusiak adierazi du “euskaldun kopuruak gora egin behar duela, gero eta euskaldun gehiago behar baitira”. Horrez gain, aisialdiarekin loturiko eremuak euskalduntzearen garrantzia nabarmendu du:  “Pisua handia izan du euskalduntze horretan hezkuntza sistemak, baina uste dut diagnostiko orokor bat dagoela: gela barruan gertatzen denari erantsi behar zaio mundu bat gelatik kanpo gertatzen dena. Non gertatzen da hori? Kirol entrenamenduetan, aisialdian… Horiek arreta bat merezi du eta horiei erantzuteko behar-beharrezkoa da bultzada politiko bat egotea eta udalekin zein Foru Aldundiekin adostasun batera iristea”.

Gazteak eta euskararen inguruan galdetuta, sailburuak mezu baikorra bidali nahi izan du. “Lortu beharko genuke gazteek gehiago hitz egitea, baina honetan ere aintzat hartu beharko genuke gaur egun daukaguna: gazte askok hitz egiten dute euskara asko. Jakina, nahiko genuke gehiago izatea hitz egiten dutenak. Unibertsitatean euskara asko entzuten da eta gauza asko egiten dira euskaraz. Interneten gazteek gauza asko egiten dituzte euskaraz, eta hori ez genuke alde batera utzi beharko. Iruditzen zait batzuetan mezu negatibo asko bidaltzen ditugula hizkuntzaren inguruan, eta mezu positiboak ere behar ditu”, adierazi du.

EiTBko erreformaren inguruan, sailburuak esan du Legebiltzarrean jorratu beharreko kontua dela: “Ez dagokit EiTBko erreformaren inguruan nire iritzia ematea. Legebiltzarrean planteatu behar da gai honen inguruko eztabaida”. Aldi berean, balioan jarri du ETB1en euskarari bultzada emateko egiten diren “gauza asko” eta nabarmendu du “osasuntsu” ikusten duela Euskadi Irratia edo Gaztea.

Guggenheimen inguruan, Zupiriak azpimarratu du proiektuak ekarri dituen ondorio positiboak. “Nire ustez badaude bi alde ez ditugunak azpimarratu. Batetik, Guggenheimek lagundu digu munduan irudi bat edukitzen, eta irudi hori normaltasunari, elkarbizitzari eta kulturan interesa duen herri bati lotuta daude. Bestetik, produktu kultural bezala, Guggenheimek aukerak eman dizkigu gauza zoragarriak ikusteko bestela  inoiz honera etorriko ez ziratekeenak”. Euskadik New Yorkeko fundazioan duen ordezkaritza ondo bailatzeko garrantzia ere aipatu du.

Azkenik, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaz, adierazi du honen legatuak bakeari, elkarbizitzari eta partaidetzari lotuta izan behar duela. “2016 landu eta eraiki den urte hauetan, herri honek bakea lortu du, herri honen elkarbizitzan pauso handiak eman ditugu eta uste dut 2016 oso prozesu partehartzailea izan dela. Legatuak hiru balio horiekin izan behar du zerikusia”, esan du.