Eusko Jaurlaritzak federazio kirolean berdintasuna garatzeko gida bat argitaratu du

Argitalpen-data: 

Asko kostata eta berandu heldu dira eta hasi dira parte hartzen emakumeak kirol federazioen esparruan, hala lehiaketetan eta/edo profesional gisa parte hartzen, nola federazio-sarea eratzen duten egituretan. Gizarteko beste esparru batzuetan bezala, emakumeek zuzeneko eta zeharkako bereizkeriari aurre egin behar izaten diete oraindik ere, baita berdintasun ezaren sortzaile diren estereotipo sozialei eta kulturalei ere. 

Ildo horretan, botere publikoen betebeharra denez gizonen eta emakumeen berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izatea eragozten duten oztopoak ezabatzea, 2007an, garai hartako Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak lan bati ekin zion EAEko kirol federazioekin batera, berdintasun-planak egiteko. 

Kontuan hartuta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planean datozen ildo nagusiak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea, egungo Gazteria eta Kirol Zuzendaritza X. Legegintzaldian plan bat garatzen ari da kirolaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko; plan horretan berariaz jasotzen da jarraitu egin behar dela EAEko federazioekin berdintasuna bultzatzeko hasitako lana garatzen. 

Esparru horretan, 2016ko ekainean eta uztailean, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak «Berdintasuna hobetzen kirol erakundeetan» ekimena garatu zuen Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin eta Basque Team Fundazioarekin lankidetzan: federazioen ingurunera bideratutako lantegi batzuk prestatu ziren, horien antolakuntzan emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarritutako ikuspegiak eta jarduerak sustatzeko. 

Hemen aurkezten den materiala ekimen horretatik sortutako emaitza da, eta xede du, alde batetik, berdintasunari buruz gogoeta egitea eta kirol erakundeetan zer helburu edo ekintza sustatu eta gara daitezkeen identifikatzea, eta, bestetik, jarduera zehatzak egitea, EAEko kirol federazioetan genero-ikuspegia txertatzea lortzeko.