Barakaldoko Udaleko Inguralde garapen-agentziaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da Lehendakaria

2017.eko azaroak 14

Aurrekontuak onesteak “enplegu-aukera gehiago eskainiko ditu” adierazi du eta susperraldia adoretzeko “ahaleginak batzea” eskatu du

Barakaldoko Udaleko Inguralde garapen-agentziaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da gaur Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta bertan ere izan dira Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillo. Lehendakariak ziurtatu duenez, orain da garaia “ahaleginak batzeko" ekonomiaren susperraldia adoretu eta langabezia-tasa %10etik behera jaistea lortzeko. Hala, bide horretatik aurrera jarraitzeko tresna bat dela Aurrekontua azpimarratu du.

2018ko euskal Kontuak negoziatzeak eta onesteak, Lehendakariaren ustez, “enplegu-aukera gehiago eskaintzea” esan nahi du. Izan ere, azaldu duen bezala, proiektuak ahalbidetu egingo du egoera ahulenean dauden guneei arreta emateko Indartu programa sendotzea, jarduera ekintzailea babestea, tokiko eta eskualdeko garapenerako planak zabaltzea eta banda zabal ultra-azkarra hedatzea, beste ekintza batzuen artean, azpiegiturak eta poligono industrialak hobetzeaz gainera. “Gure helburua da Euskadiko 371 poligonoak Europaren aitzindaritzan kokatzea konektibitatean, ezinbesteko pausoa baita etorkizuneko ekonomiarentzat eta industria digitalizatuarentzat", ziurtatu du.

Gainera, Lehendakariak nabarmendu du Aurrekontuen proiektuak 7,4 milioi euroko partida nominatiboa ere biltzen duela Inguraldek estaldura ematen dion Zamudioko Parke Zientifikoa zabaltzeko Ezkerraldearen eta Meatzaldearen inguruan.

Barakaldoko Udaleko garapen-agentziak bere 25. urteurrena ospatu du. Barakaldo Antzokian izan da ekitaldia eta bertan bildu dira bere jardute-eremuarekin zerikusia duten erakundeak eta erabiltzaileak, hiriko enpleguaren eta sustapen sozio-ekonomikoaren alde egin duen ibilbidea gogora ekartzeko. Lehendakariak eta sailburuek ez ezik, bertan parte hartu dute Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Inguraldeko zuzendari Eukene Bengoak ere, eta Korrontzi taldeak eta Barakaldoko Udal Bandak emanaldi bana eskaini dute gainera. 

Udal zerbitzu hurbil bat izateko sortu zen Inguralde, Ezkerraldea eta Meatzaldea erasan zituen krisialdi industrialean zehar langabetuei laguntzeko. Gaur egun, urtero ia 6.500 pertsonak jotzen dute Inguraldek ematen dituen zerbitzuetara, ondokoak barne hartzen dituztenak: langabeentzako arreta, enpresa berrien sorkuntza, merkataritza eta hiri-enpresa, kontsumitzaileak eta berrikuntza babestea.