Aste Santuko operazioa hildakorik gabe amaitu da Euskadin, trafikoak gora egin badu ere

Argitalpen-data: 

aste_santua.JPG

Istripuetan ez da hildakorik izan bosgarren urtez jarraian

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abian jarritako Aste Santuko operazioan ez da hildakorik izan trafiko-istripuen ondorioz, nahiz eta iaz baino joan-etorri gehiago izan diren batez beste. Guztira 69 istripu gertatu dira, 30etan izan dira biktimak eta 39tan ez, eta ez da hildakorik izan. Bi pertsonak zauri larriak izan dituzte eta 49k arinak.

Heriotzen eta istripuen kopuruak beherantz jarraitzen du Aste Santuan, aurreko urteetako joeraren bidetik. 2012an, esate baterako, bi pertsona hil ziren istripuz (Araban) eta 123 istripu izan ziren guztira; azken bost urteotan (2013, 2014, 2015, 2016 eta 2017) ez da hildakorik izan eta behera egin dute istripuek (107, 100, 99, 73 eta 69  hurrenez hurren).

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak Aste Santurako operazio bereziaren aurkezpenean adierazi zuen bezala, apirilaren 12tik 17ra bitartean Euskadiko errepideetan ibilbide luzeko iaz baino joan-etorri gehiago izan dira, eta auto-ilarak, berriz, txikiagoak.  

"Nahiz eta gora egin duen opor-garai honetako joan-etorrien kopuruak, ezbehar-tasa jaitsi egin da apur bat (lau istripu gutxiago) –adierazi du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak–, eta ez da hildakorik izan gure errepideetan. Gure balantzea, beraz, positiboa da, eta espero dugu gidariek jarrera zuhurra eta arduratsua izaten jarraitzea. Gure aldetik, berriz, lanean jarraituko dugu bide-segurtasuna hobetzeko”.

Trafiko Zuzendaritzak joan den asteazkenean jarri zuen abian operatibo berezia, eta bertan berrehun ertzainek hartu dute parte. Bestalde, hedabideen eta gizarte-sareen bidez hedatu den kontzientziazio-kanpainaren leloa  “Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen” izan da.

Auto-ilarak Aste Santuaren hasieran, eta itzulera mailakatua

Auto-ilararik luzeenak apirilaren 13an, ostegunean, sortu ziren AP-8an, Frantziako mugan eta Frantziarako noranzkoan, 08:00etatik 16:20ra bitartean, 11 km-ra iritsi ziren 12:05ean eta Irungo ordainlekua gainditu zuten (6.5 k.p.). Asteazken arratsaldean ere sortu ziren ilarak, baina ez iaz adinakoak.  

Apirilaren 12an, asteazkenean, 10 km-ra arteko auto-ilara sortu zen Bilbo eta Kantabriako muga artean. Trafiko trinkoari Muskizeko zubian 15:25ean gertatu zen eta zirkulazioa zaildu zuen istripua gehitu zitzaion.

Armiñongo lotunean osteguna izan zen egunik itoena, eta 6 km-ra arteko auto-ilarak sortu ziren 07:50 eta 12:45 artean.

Eta Aste Santuko itzulerari dagokionez, oso mailakatua izan da eta ez da auto-ilara handirik sortu Euskadiko errepideetan.