Arriola sailburuak bitartekotza-programen alde egin du etxebizitza-eskubidea bermatzeko

2017.eko martxoak 09

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua elkarrizketatu dute Radio Nacional irratian

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak azaldu du bere sailak “ahalegin berezia” egingo duela herritarren etxebizitza-eskubidea bermatzeko, batez ere alokairu sozialaren bitartez. Ahalegin hori islatzen da, halaber, Eusko Jaurlaritzak Lege Biltzarrean aurkeztu duen Aurrekontu Proiektuan. Izan ere, arlo horretan, bitartekotza-programak nabarmentzen ditu, eta, programa horiei esker, alokairu sozialeko etxebizitzen kopuru handiagoa lortuko da eta gaur egun dagoen eskariari erantzun ahal izango zaio.

Gaur goizean Radio Nacional irratian egin dioten elkarrizketan sailburuak jakinarazi du helburua dela Bizigune bitartekotza-programaren barruan gaur egun dauden etxebizitzei beste 700 etxebizitza gehitzea —4.500 etxebizitza izatetik 5.200 izatera pasako litzateke— eta hurrengo urteetan hazkunde horri jarraipena ematea. Sailaren beste ardatzetako bat Ingurumen Legea garatzea izango da. Lege hori 2019ko lehen lauhilekoan onartzea aurreikusi da, eta Arriolak aditzera eman duenez, “ingurumen-politikak sustatzearen eta errespetatzearen arloan erkidego aitzindari bihurtuko du” Euskadi.

Sailburuak, bestalde, gobernuko lehen 100 egunen balantze “positiboa” egin du.