Ariketa fisikoa maiz egiteak depresioa ekidin eta gaixotasun kronikoak pairatzeko arriskuak murrizten ditu

2017.eko apirilak 10

“GETXOTIK OINEZ BIZI – PASEO SALUDABLE POR GETXOekimenaren V. edizioak Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunak ospatu ditu

 

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailburuak Getxotik Oinez Bizi ekimenaren V. edizioan parte du gaur, igandea. Paseo ludiko hori Getxoko leku esanguratsuenetik barna igaro da eta ehunka pertsonak hartu dute parte. Ekimenaren helburua da adin guztietako pertsonak sentsibilizatzea, edozein motatako ariketa fisiko egunero praktikatzeak duen garrantziaz, “egunerokoan aktibo izateak gure osasuna hobetzen eta gu geu hobeto sentitzen laguntzen duelako”, adierazi du Sailburuak ibilbidea amaitutakoan. 

Jon Darpón pozik agertu da deialdiak jaso duen erantzunarekin, bere hitzetan, “erakusten baitu pertsonek beren osasunaren gaineko konpromisoa eta ardura hartzen dutela eta jokaera eta bizimodu osasuntsuak izateko beharraz gero eta kontzientziatuago daudela”. 

“Getxotik Oinez Bizi – Paseo Saludable por Getxo” ekimena urtero ospatzen da, Ariketa Fisikoaren Nazioarteko Egunaren (apirilak 6) eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren (apirilak 7) ospakizunen harira. Aurten, OMEk, Osasunaren Mundu Erakundeak Depresioa hautatu du kanpainaren lelo. Gaixotasun horrek adin eta gizarte-baldintza guztietako pertsonei eragiten die eta euskal herritarren % 10ak pairatzen du. Depresioa buruko nahasmendua da eta pertsonen gaitasunean eragiten du; maiz eguneroko jarduera errazenak ere ez die egiten uzten. Laguntza-alorrari dagokionez, eta kasuen % 40 kroniko bihurtzen den gaixotasuna izanik, Lehen Mailako Arretan diagnostikatu eta tratatzen da. Bertan ematen zaio arreta osasun-sistema osoko depresioen % 65ari. 

Hala ere, depresioa prebenitu eta trata daiteke eta, prebentziorako jardueren artean, ariketa edo jarduera fisikoa maiz egitea dugu. Frogatuta dago egunero ariketa fisikoa egiteak kardiopatiak eta istripu kardiobaskularrak, II motako diabetesa, koloneko minbizia, bularreko minbizia eta depresioa pairatzeko arriskua murrizten duela. Horrez gain, energia kontsumitzeko funtsezko faktorea da eta energia eta pisua orekatzen laguntzen du. 

Abantaila ugari baditu ere, Euskadiko helduen % 30ak baino ez du behar bezalako ariketa fisikoa egiten osasun-egoera onari eusteko. “Egoera hori aldatu egin behar da”, Jon Darpón Sailburuak adierazi moduan, bere hitzetan “ezinbestekoa da, gizarte aurreratu batean bizi garenez, bizi-jokabide osasuntsuak izatea, heriotza ere eragin diezaguketen gaixotasunak prebenitzen laguntzeko”. Horrez gain, adierazi duenez, “ariketa fisikoaz gozatu behar dugu eta zoriontsuago egin behar gaitu, besteekin harremanak egin eta esperientziak partekatu eta ohitura bihurtu behar dugu”. 

Bere hitzartzean, paseoa amaitutakoan, Osasun Sailburuak argi utzi nahi izan du ariketa fisikoak beti egon behar duela norberaren ezaugarrietara egokituta, norberaren mugen arabera praktikatu behar dela, osasunarentzat izan ditzakeen arriskuen arabera. Zalantzarik baldin badugu, garrantzitsua da medikuari edo Osasun Zentroko osasun-langileei aholku eskatzea. Aholkatutako jarduera fisikorik ezin bada egin, garrantzitsua da fisikoki aktibo mantentzea, ahal den heinean. Egunean ordu erdiz paseoan ibiltzeak osasunari eusten laguntzen du.Horrez gain, elikadura osasuntsuari eutsi eta tabakoa eta alkohola ekiditen baditugu, ondorio onuragarriak izango ditu gure bizi-kalitatean eta gure osasunean. 

Ekimen hori 2013-2020ko Osasun Planeko ekintzen baitan kokatzen da eta, bertan, lehenetsitako alorra da “ingurune eta jokabide osasuntsuak”. Horren helburua da osasuna sustatzea hainbat esparru oinarri hartuta, hala nola, ariketa fisikoa, elikadura-osasuna, adimen-osasuna eta ingurumen- eta lan-ingurune osasuntsuak; obesitatea, tabakismoa, alkoholaren kontsumoa eta bestelako mendekotasunak prebenitzeko neurriak ere barne hartzen ditu. Esparru horietan lanean jarraituko da datozen urteetan eta, horretarako, guztien parte-hartzea lortzeko kanpainak egingo dira: pertsonen ahalduntzetik hasi, norberaren osasunari eragiten dioten erabaki eta ekintzen gaineko kontrol handiagoa lor dezaten, eta komunitateak berak duen funtziora arte (Udalak, osasun- eta hezkuntza-erakundeak, elkarteak, etab.).

 

Ariketa fisikoa praktikatzeko hainbat aholku

Astean, gutxienez, bi ordu eta erdiko ariketa fisiko neurrizkoa edo ordu eta erdiko ariketa fisiko bizia egin behar da edo, bestela, bi horien arteko nahasketa. Egokiena da gutxienez 10 minutuko saioetan egitea (paseo bat eman, eskailerak igo, igeri egin, bizikletan ibili, ioga, taitxi, gimnasia, korri egin, kirolen bat praktikatu, etab.). 

Ariketa fisikorik egiten ez bada, aholku horien azpitik dagoen edozein jarduera fisiko egitea ezer ez egitea baino onuragarriagoa izango da. 

 

 

Gasteizen, 2017ko apirilaren 9an