Argitalpen-data: 2016/05/02

TELEDETEKZIOA ETA GEOEUSKADI

XIX. mendeko erdialdean globo aerostatikoetatik egin ziren lehenengo aire-argazkiak atera zituztenetik, aeronautikaren garapenak, geodesiak, informatikak, argazkigintzak, telekomunikazioek eta espazioaren esplorazioak ahalbidetu digute gaur egun satelite artifizial ugari izatea, eta, gainera, ekipo aurreratuenekin hornituta daude gure planetari buruzko etengabeko informazioa atzitzeko.

Bereizmen espazialean, espektralean, erradiometrikoan eta denborazkoan izandako azken hobekuntzek (atzipen-tamaina minimoa, espektro elektromagnetiko atzigarriaren maila, aldeak erradiantzia espektral identifikagarrietan bitetan neurtuta eta gune baten berratzipen-denbora, hurrenez hurren), sortutako datuen zabalkunde publiko eta doakoan izandako azken politikek, behin betirako iraultza ekarri dute teledetekzioaren alorrean.

SENTINEL ETA LANDSAT

Mundu osoan diharduten espazio-programa ezagunenak Landsat estatubatuarra eta Sentinel europarra dira.

Landsat programak osatzen duen sistema, 1973az geroztik indarrean dagoena, NASAren eta USGSren arteko lankidetzaren fruitua da, eta programaren zortzigarren misioko satelitea dago gaur egun orbitan 2013az geroztik. Satelitearen sentsoreek lurraren 180 km-ko irudiak atzitzen dituzte ikusgaiaren espektro elektromagnetikoetan, infragorria (hurbilekoa, uhin laburra eta termikoa) 15, 30 eta 100 metroko bereizmenekin 16 egunean behin. Irudiak (edo eszenak) libreki zabaltzen dira datuen jatorria aipatzeko gomendioarekin. Lur osoaren irudiak gordetzen dituen biltegi bat dago 1975az geroztik.

Sentinel programak Europar Batasunak finantzatu du eta Europako Espazio Agentziaren bidez gauzatzen dira Copernicus programaren barruan (lurreko monitorizaziorako europar sistema, GMES zaharra). Programa horrek lurreko behaketaren hainbat alderdi aztertzen ditu, hala nola: lurra, itsasoa, atmosfera, klima-aldaketak, larrialdien kudeaketa eta segurtasuna. 5 misiotan zatituta, bakoitzak ere sateliteak ditu honako ezaugarri hauekin:

  • Sentinel -1: 2 satelite bikik osatutakoa, radar-irudiak atzitzen ditu egunez, gauez eta edozein eguraldirekin. 2014ko apirilean jaurti zen lehenengo Sentinel -1.
  • Sentinel -2: Misioaren 2 sateliteetako bakoitzak sentsore multiespektralak ditu, 290 km-ko bereizmen handiko irudiak atzitzen dituztenak. Bi sateliteak operatibo daudenean (haietako bat bakarrik dago operatibo 2015eko ekainaz geroztik, bigarrena 2016an egotea aurreikusten da), gune bakoitzaren birbisita 5 egunean behin izango da, 10, 20 eta 60 metroko bereizmenekin bandaren arabera.
  • Sentinel -3, Sentinel -4, Sentinel -5, Sentinel -6: Radar-sentsoreekin, multiespektralekin eta espektometroekin hornitutako sateliteak dira. Airearen monitorizazioaz arduratuko dira, baita itsasoko eta lehorreko behaketaz ere (itsasoaren azalera, tenperatura). Sentinel-3en arteko lehenengoa bakarrik dago operatibo.

IRUDIEN ERABILERAK ETA ZABALKUNDEA GEOEUSKADIN

Landsat eta Sentinel programen irudiak libreki zabaltzeko politikei esker, geoEuskadik laster argitaratuko ditu zenbait web zerbitzu (WMS eta WCS) informazio baliotsu hori bistaratzea eta ustiatzea ahalbidetzen dutenak, eszenak zertan deskargatu gabe.

Irudiak aztertzeko software espezifiko baten barruan erabili daitezke, baita web bisoreetan ere. Horrela, lehen une batean honako produktu hauek erabili ahalko ditu:

  • RGB: kolorez interpretatzeko
  • IrRG: Kolore azpigorri faltsua. Landaredia duten eremuak identifikatzeko
  • NDVI: Landaredi-indize normalizatua, non landarediaren presentzia handieneko eremuak beren balioaren bidez nabarmentzen diren.
  • Hodeiak: Hodei-estaldura irudiak atzitutako datan erabili ahalko diren azterlan guztietan erabiltzeko.

Irudi horiek erradiometrikoki, topografikoki eta atmosferikoki zuzenduta zabalduko dira, erabiltzaileek zuzenean kontsumitu ahal izateko moduan.

Produktu hauek erabilita, posible izango da baso-estalduren, lurzoruaren erabilera-aldaketen, kostalde-aldaketen, lurraldearen topografia-aldaketen eta aurki daitezkeen gainerako erabileren denborazko jarraipenak egitea.

http://www.copernicus.eu/

https://sentinel.esa.int/

http://landsat.usgs.gov/