Argitalpen-data: 2015/09/03

Ikuskapen-kanpaina: 'Irakaskuntza ez-arautuan jarduten duten ikastetxe pribatuen kontrola' (2014). EMAITZAK

Kanpainaren helburua

Irakaskuntza ez-arautuan jarduten duten zentro pribatuetan araudiak ezarritako eskakizunak betetzen direla ikuskatzea izan zen helburua, bai zentro horiek eskaintzen duten informazio eta publizitateari dagokionez, bai kontratazioari dagokionez.


Noiz egin zen

Kanpaina 2014ko urrian zehar egin zen.


Egindako jarduketak

Guztira, 36 ikuskaritza-protokolo egin ziren (7 Araban, 16 Bizkaian eta 13 Gipuzkoan).

Kontsumobideren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuek egindakoez gain, Santurtziko, Portugaleteko, Erandioko, Gasteizko eta Irungo kontsumitzailearen informazio-bulegoen laguntza ere izan zen.

Emaitzak

Egindako 36 kontroletatik 27tan (% 75) ez zen irregulartasunik nabaritu. Gainerako 9 kontroletan (% 25) araudia bete ez izanaren arrazoiak, neurri handiagoan edo txikiagoan, honako hauek izan ziren:

  • Publikoarentzako informazio-legendak gaztelania hutsean egotea, bi hizkuntza ofizialetan egon beharrean.
  • Irakasleen kualifikazioa zehazten ez zuten liburuxkak edo informazio-dokumentuak.
  • Kontraturik eza edota behar bezala normalizatuta ez edukitzea.
  • Erabiltzaileek egindako ordainketen faktura edota egiaztagiria emateko betebeharrak ez betetzea.

Bestalde, establezimendu gehien-gehienek behar bezala zehaztuta zeukaten bazituztela erreklamazio-orriak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura.

Neurri zuzentzaileak

Egin beharreko izapideak eta ohartarazpenak egin ostean, ikusi da nabaritutako irregulartasun gehien-gehienak zuzenduta daudela. Kontsumobideren lurralde-zerbitzuak, 2015-2016 ikasturte akademikoari begira, egiaztatuko dute kontrolatutako establezimendu guztietan betetzen dituztela antzemandako irregulartasunak konpontzeko konpromisoak.

Ondorioak

Aktetan eta protokoloetan jasotako oharretatik ondorioztatzen da irregulartasun gehienak hiru lurraldeetan ageri direla, eta irakaskuntza ez-arautuan jarduten duten zentro pribatuetako arduradunen aldetik nahikoa ezjakintasun dagoela aplikatu beharreko araudiaren inguruan.

Nabarmendu behar da, bestalde, egindako kanpainak osagai informatibo handia izan zuela, eta hautemandako irregulartasun asko eta asko zuzentzen joan zirela, ikuskatutako zentroetako arduradunek haien berri jakin zuten heinean.

Azkenik, kontuan izanda hautemandako irregulartasunei buruzko kontsultarik edota erreklamaziorik ez dagoela, iruditzen zaigu kontsumitzaileek ere informazio-gabezia handia daukatela kontratua sinatzeko garaian dituzten eskubideen inguruan: kontratuaren kopia entregatzeko betebeharra, irakasleen kualifikazioari buruzko informazioa, zentroak ordaindutako zenbateko bakoitzaren faktura edota agiria eman beharra, edota zentroak kontsumitzaileari egindako ikasketak egiaztatzeko agiria helarazi beharra. Hori guztia dela eta, iruditzen zaigu komenigarria dela alor honetan informazio- eta trebakuntza-lana egitea.