Argitalpen-data: 2015/07/23

2015eko bigarren hiruhilekoan Euskadiko lan merkatua nabarmen hobetu zen

Lanbide.

Landun kopurua 8.400 pertsonatan hazi zen eta langabeen kopurua 18.000 pertsonatan beheratu

Okupazio-mailak gora egin zuen hiru lurraldeetan, eta bereziki aipagarria da enpleguak Gipuzkoan izandako hazkundea

Gaur argitaratu dira Eustaten, Euskal Estatistika Erakundearen, Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestako datuak; aditzera ematen dutenez, 2015eko bigarren hiruhilekoan, lan-merkatua nabarmen hobetu zen Euskadin. Landunen kopurua 8.400 pertsonatan hazi zen eta langabeen kopurua 18.000 pertsonatan beheratu.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, nabarmendu duenez, datuok adierazten dute «enplegua sortu dela, hiru lurraldetan sortu ere». Sailburuak esan duenez, «badira zenbait sektore –industriagintza, kasu– lan-baldintza hobeagoei lotuta historikoki, eta horiek merkatua astintzen hasi dira ere, 1.200 landun berri hartu baitituzte. Orobat azpimarratu du azken hilotan izandako bilakaera, aurreko ekitaldien aldean. Eustatek metodologia berri batekin egin badu ere inkesta (eta horrek erkaketa zailtzen du), datuoi erreparatuz, zera ikus daiteke: «2014ko bigarren hiruhilekoan, langabezia-tasak puntu-erdi galdu zuen, lehen hiruhilekoaren aldean; aurten, data horiexetan ere, puntu eta erdikoa izan da galera» adieraz du Toñak.

Enpleguaren bilakaera ona dela-eta, 1,5 puntu beheratu da langabezia-tasa: 2015eko lehen hiruhilekoan % 16,6 izatetik, bigarren hiruhilekoan % 15,1 izatera igaro da. Lurraldeka, Arabako langabezia-tasak izan zuen apiriletik ekainera bitarteko bilakaera onena, 2,6 puntutan jaitsi zelako, eta % 16an kokatu. Bizkaian,berriz, 1,9 puntutan jaitsi zen tasa, eta % 16,3an kokatu. Gorabeheratsuagoa da egoera Gipuzkoan: izan ere, nahiz eta Gipuzkoakoa izan hiruhileko horretan gutxien beheratutako tasa, beste bi lurraldeetako tasak baino nabarmenki apalagoa da, % 12,7an kokatzen denez.

Lan-merkatua berroneratzen, eta krisialdian zehar galdutako enplegua berreskuratzen hasi den irudipena berresten dute datuok. Hala ere, jasan berri dugun enplegu-krisiaren laztasuna dela-eta, luzea izango da krisialdi aurreko enplegu-mailetara itzultzeko egin beharreko bidea. Horrez gainera, susperraldiaren hasieran ohartarazi moduan, enplegu-mailak hobetzeko prozesu horretan, arriskubideetako bat da lan-harremanak prekariotzeko joera, gutxienez, alor kuantitatiboari dagokionez.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Angel Toñak, inkestan ezagutarazi den beste alderdi bat nabarmendu du orobat. Kide guztiak langabezian dituen etxeen kopuruak % 16 baino gehiago egin du behera (9 .600 etxe gutxiago). «Baina –azpimarratu du– betiere gogoan izan behar dugu Euskadin oraindik ere 50.000 etxe daudela egoera horretan, eta 157.000tik gora langabetu».

Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestako datuak bat datoz lan-merkatuari buruzko administrazio-iturrietan, Gizarte-Segurantzako afiliazioan eta erregistratutako langabezian ikusitako bilakaerarekin. Hala, afiliatu-erregistroari jarraiki, afiliazio kopurua 9.900 landunetan goratu zen lehen hiruhilekoan, eta, aldi berean, LANBIDEn erregistratuko langabe kopurua 14.500 langabetutan jaitsi zen.

Lurralde Historikoka, bereziki nabarmena da Gipuzkoako enplegu-hazkundea: 2015eko bigarren hiruhilekoan, % 1,5 goratu zen. Bizkaian, % 0,7 goratu zen; Araban, ordea, % 0,6. Langabezia gehiago handitu zen emakumeen artean, (% 1,1) gizonen artean baino % 0,9).

Sektoreka, ikus daiteke zerbitzuak ari direla okupazio-maila handitzen, apiriletik ekainera 7.000 landun berri hartu baitzituen sektore horrek. Toñak azpimarratu moduan, aipatzekoa da, halaber, industriak izandako jokabide ona: lehenengo hiruhilekoan baino 1.200 landun gehiago zituen bigarrenean.

Enpleguaren bilakaerako datu positibo horren kontrapuntu gisa, sortutako enpleguak ez du desiratutako kalitatea. Kontratu mugagabea duten soldatapekoen kopuruak % 1,5 egin zuen gora; hau da, aldi baterako kontratua duten soldatapekoek izandako hazkundearen azpitik (% 3,4 goratu baitzen). Eta hori, aintzat harturik kontratu mugagabea duten soldatapekoen kopuruak 7.600 pertsonatan egin zuela gora, eta kontraturik ez edo aldi baterako kontratua dutenenak, berriz, 6.100 pertsonatan.