Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko uztailaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baitira 2018. urtean Euskadin ikuslegoa sortzeko, fidelizatzeko eta ugaritzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 168
  • Hurrenkera-zk.: 4388
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/07/10
  • Argitaratze-data: 2018/08/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Sorkuntza sustatzeko eta hari laguntzeko politikek ahalegin irmoa behar dute Euskal Herrian sortzen ari den horren kemena, indarra eta kalitatea ikusgarri, erakargarri eta irisgarri egiteko. Sorleku duen bilbe soziala aberasten duenean hartzen du kulturak bere zentzu osoa. Azken batean, sormenen eta produktu kulturalen zentzua bizitza sozialari eta herritar bakoitzaren bizi-esperientziari egiten dioten ekarpenean datza.

Kultura eta sorkuntza sustatzen eta laguntzen duten erakunde publikoek, beraz, kultura-sorkuntzaren eta ikusleen artean diren oztopoak gainditzeko lanari ekin behar diote. Bereziki zeregin konplexua da, jardun kulturalak aldakuntza betean direlarik, produktu global handiek gure arreta-ahalmen guztia xurgatu nahi dutelarik, kultura deskubritzeko bizipena gauza berdinen kontsumo errazak, entretenimendu errazak ordezten duelarik, horren guztiaren testuingurua izanik, gainera, gizartearen geruza askotan behintzat, estutasun ekonomiko larrikoa. Konplexua izanagatik ere, beharrezkoa da zeregin hori.

Horri heltzeko, baliabideak ez ezik, ideiak eta proposamen berriak ere behar dira, transformazio betean den testuinguru honetan jardunbide berriak probatzeko aukera ematen dutenak. Praktika kulturalak sendotzen eta bultzatzen dituzten proiektuak, kultura ikusle berriei erakusten dietenak eta dagoeneko ikusle diren horiek sendotu eta fidelizatu egiten dituztenak behar dira. Kulturaren kontsumoari zuzenean laguntzeko neurri ekonomikoetatik harago, deialdi honen xedea da gure kulturaren ikusgarritasunaren alde jokatzeko modu berriak aurkitzea eta probatzea, hartara hura erakargarria egiteko eta sortzaileen eta ikusleen arteko zubiak eraikitzeko. Jakinda, gainera, ikusleek, sorkuntza-lanen hartzaileek hain zuzen, obrak aldatu ere egiten dituztela beren egiten dituztenean, eta, hala, sortzaileak berak aberastu ere bai.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ditu, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien zabalkundearen gaineko eskumenak.

Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren bidez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoa eta ikusizko arteen beharrak aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan haien jarduna sustatzeko, sendotzeko eta hedatzeko hartu beharreko neurri administratiboak hartzeko eginkizuna.

Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta diru-laguntzetarako: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan - EONALTB- (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Europar Batasunaren kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko arauetan aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera jarri baitzen indarrean 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu diru-laguntzen kategoriak zabaltzea. Ondare eta kulturako diru-laguntzak eta, zehatzago, gune edo espazio artistiko eta kulturaletarakoak daude kategoria berrien artean.

Horregatik egokituko zaizkio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean (http://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/web01-s2hhk/eu/ helbidean) argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2018-2020 aldirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da.

Bada nahiko aurrekontu-kreditua agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak dioenez.

Horren ondorioz, honako hau

  1. Agindu honen xedea da 2018. urtean Euskadin kultura-arloko ikuslegoa areago sortzeko, fidelizatzeko eta ugaritzeko proiektu eta jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta haien deialdia egitea.

  2. Diru-laguntzak jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte jarduerek:

    1. Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

    2. Diru-laguntzen deialdi honetara aurkezten diren programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da, eta hartan, agindu honen 9.1 artikuluan xedatutako finantziazio-muga eta errespetatu beharko da.

    3. Diruz lagundu beharreko jarduerek herritarrei oro har irekiak izan beharko dute.

    4. Gastu lagungarriaren % 20ko autofinantziazio-maila izatea gutxienez.

    5. Euskara jardueren komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea % 50ean bederen.

  3. Deialdi honen xedetik kanpo geratuko dira:

    1. Artikulu honen 2. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak.

    2. Kultura-programazioa eta ikuskizunak kontratatzea.

    3. Publikoak garatzen laguntzen duten sari eta lehiaketa sektorialak.

    4. Irakaskuntza arautu zein ez-arautuaren esparruan gauzatzen diren jarduerak.

    5. Jaialdi, erakustaldi nahiz zikloen barruan antolatutako jarduerak, baldin eta jarduera eta jaialdi, erakustaldi edo zikloa antolatzaile berak antolatuak badira.

    6. Haur eta nerabeentzako ikastegi eta aisialdi-zentroetako programazioaren baitan antolatutako jarduerak, hala nola udalekuak eta aste santurako egonaldiak.

    7. Txosten, plan zein azterlanak egitea.

    8. Kulturaren eta artearen sektoreetako profesionalen prestakuntza-jarduerak.

  4. Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak egokiak dira Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiari dagokionez, zeinaren bitartez bateragarri jotzen baitira hainbat laguntza-kategoria barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

  5. Agindu honen babespean ematen diren diru-laguntzak finantzatzeko kredituaren guztizko zenbatekoa seiehun eta berrogei mila (640.000) eurokoa da, horietatik 320.000 euro izanik 2018ko ekitaldiko aurrekontuaren 10 4513 12 45200 013 sailaren kontura eta beste 320.000 euro, berriz, 2019rako onetsitako konpromiso-kredituen kontura.

  1. Hauek jaso ahal izango dute Agindu honen baitan diru-laguntza:

    1. Pertsona fisikoek, betiere beren jarduerak zuzeneko lotura badu kultura-eskaintzarekin.

    2. Erakunde pribatuek, betiere beren jarduerak zuzeneko lotura badu kultura-eskaintzarekin. Baldin eta erakunde batek partaidetza publikorik badu, deialdian parte hartuko badu partaidetza hura minoritarioa izan beharko da eta irabazi asmorik gabea izan beharko du. Ezin izango dute diru-laguntzarik jaso erakunde publikoen partaidetza eta irabazi-asmoa duten erakundeek.

    3. Erakunde publikoek, betiere beren jarduerak zuzeneko lotura badu kultura-eskaintzarekin eta kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin batera aurkezten baldin badira. Hala bada, berariaz agerrarazi beharko dute, eskaria aurkeztearekin batera, partaide bakoitzari aurrekontuaren zer zati egokitzen zaion eta bakoitzak proiektua gauzatzeko zer konpromiso hartzen dituen bere gain.

  2. Deialditik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak helburu bererako emandako diru-laguntza izendun baten onuradunak; halaber ikastetxeak zein arte-, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetako ikastegiak.

  3. Orobat geratuko dira bazterturik:

    1. Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

    2. Diru laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

  1. Behar izanez gero, dagokien Erregistroan izena emana izatea (elkarte zibilen eta pertsona fisikoen kasuan izan ezik).

  2. Ez izatea laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

  3. Ez egotea onuradun bilakatzeko DLOaren 13.2 eta 13.3 artikuluek xedatzen dituzten debekuen ezein kasutan.

  4. Egunean izatea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak nahiz haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere, halakorik izanez gero. Baldintza horiek emandako diru-laguntza kitatu bitartean behintzat atxiki beharko dira beterik, eta, beraz, diru-laguntza esleitzean zein ordainketak egitean egiaztatuko da betetzen diren ala ez.

  1. Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak dituztela. Eskabidea aurkezteak berekin dakar inplizituki egiaztapen hori egiteko baimena ematea; nolanahi ere, eskatzaileek berariaz egin ahal izango diote uko baimen hori emateari, baina kasu horretan berak ekarri beharko ditu behar diren ziurtagiriak. Kasu batean zein bestean, jaulki eta sei hilabeteko indarraldia izango dute kreditazioek.

  2. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, betebehar hauek bete direla egiaztatuko da, eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen bidez:

    Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

    Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

    Eskatzaileak adieraziko du zigor prozeduraren baten pean edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak nahiz haren Erakunde Autonomoek emandako diru-laguntzak itzultzeko prozeduraren baten pean dagoen ala ez, eta, baiezkoan, zer prozeduratan adierazi ere egin beharko du. Diru-laguntzak esleitu eta ordaindu ahal izateko amaituta egon beharko du itzultzeko nahiz zehatzeko prozedura orok.

    Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

  2. Eskabideak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari bidali behar zaizkio, eta identifikazio-kodea aipatu behar dute.

  3. Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

    Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

    Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 6. atalean adierazten diren helbideetan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan.

    Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat presentziala nahiz elektronikoa hautatzeak ez dakar berekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

  4. Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte, lehen adierazitako helbide elektronikoan.

  5. Eskatzaileek eskaera bana besterik ezin izango dute aurkeztu. Baldin eta eskatzaile batek proiektu bat baino gehiago aurkezten badu, balorazioa baino lehenago haietako bat hauta dezala eskatuko zaio. Hala egin ezean, eskatzailearen eskaera guztiak indargabetuko dira.

  6. Eskaera-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoz zein presentzialez izapidetzeko jarraibideak, euskadi.eus egoitza elektronikoaren helbide elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ikuslegoa/y22-izapide/eu/. Halaber administrazio-egoitzetan.

    Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nireizapideak

  7. Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

  8. Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du.

  1. Eskatzaileari berari buruzko agiriak:

    1. Pertsona fisikoen kasuan:

      Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzea.

    2. Pertsona juridikoen kasuan:

      Administrazio honen mendeko erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean bertan adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribaturik, eta ez dute zertan aurkeztu inskripzio horren egiaztagiririk.

      Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako entitateek legez sortuak direla frogatu beharko dute, beren izaera juridikoaren arabera, bai eta pertsona ordezkariaren identitatea erakutsi ere; gainera, ordezkaritza?ahalorde nahikoa dutela justifikatu beharko dute, horretarako, agiri hauek aurkeztuz:

      Sortze?eskritura, estatutuak, eta dagokien erregistro ofizialaren jatorrizko ziurtagiria, inskribatuta daudela egiaztatzen duena.

      Identifikazio fiskaleko zenbakiaren egiaztagiri-txartela.

      Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta hark erakundea ordezkatzeko boterea duela egiaztatzeko agiriak.

    3. Pertsona juridikoek dokumentu batean justifikatu beharko dute beren jarduerak baduela zuzeneko lotura eskaintza kulturalarekin.

  2. Jarduerari buruzko dokumentazioa:

    1. Proposamena aginduaren 11. artikuluaren 1. apartatuan xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehaztu eta garatu egiten dituen proiektu- edo jarduera-memoria azalgarria, bai eta aurreikusitako hasiera- eta amaiera-egunak. Halaber adieraziko da memorian, berariaz:

      Proiektuaren helburuak.

      Non gauzatuko den proiektua.

      Proiektu edo jardueraren xede-populazioak parte hartzeko sistema.

      Zein den xede-populazioa, haren deskribapena eta aurreikuspen kuantitatiboa eta lurraldearen araberakoa.

      Sustatze-, hedatze- eta marketin-kanpainaren estrategia, non azalduko baita zer modu eta bide erabiliko dituen eta zer eragin aurreikusten du izango duela proiektu eta jardueren xede-populazioarengan lurraldearekiko.

      Proiektu edo jarduerak berrikuntzarik baldin badakar, deskribatu nola dakarren.

      Erabiliko diren metodologia eta materialak, halakorik bada.

      Emaitzak ebaluatzeko erabiliko diren sistema zein tresnak.

    2. Jardueran zer komunikazio-hizkuntza erabiliko den azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

    3. Proiektu edo jarduera gauzatuko duten profesional eta langileek lagundu beharrekoaren antzeko jardueretan duten ibilbide profesionala.

    4. Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Baldin eta aurkeztutako eskaerako aurrekontuan 10. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gasturik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak gastu-aurrekontua araztuko du halakoak baztertuz, eta arazketaren ondoren onartzen den aurrekontu totala baizik ez da hartuko lagungarritzat eta diru-laguntza kalkulatzeko oinarritzat. Gutxienez % 20ko autofinantziazio-maila aurreikusi beharko du aurrekontuak.

    5. Erantzukizunpeko adierazpena, erakunde pribatu zein publikoei xede bererako egin zaizkien beste diru-laguntza eskaeren zerrenda eta horietako bakoitza zertan den zehazten duena.

    6. Erakunde publikoek eta pribatuek beren jarduerak batera aurkezten dituztenean, dokumentu batean zehaztu beharko dituzte lankidetzaren nondik norakoak, partaideen eta horien ordezkarien identifikazioa, zein partaidek aurkeztuko duen eskaera guztien izenean, partaide bakoitzak zer jarduerak hartuko dituen bere gain eta partaide bakoitzaren gastu eta sarreren aurrekontua. Dokumentu hau partaide guztiek sinatu beharko dute.

  3. Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskaerarekin batera, dela prozeduraren beste une batean.

  4. Aurkezten diren agiri elektronikoek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

    1. Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, halakorik izanez gero. Bestela, ahal delarik PDF formatuan aurkeztuko dira.

    2. Dokumentazio elektroniko osoaren tamaina 30 Mb-ekoa izango da gehienez ere.

  5. Eusko Jaurlaritzaren esku dauden agiri eta datuak ez ekartzeko eskubidea dute eskatzaileek, baldin eta haiek indarrean jarraitzen badute. Eskubide horretaz baliatu nahi izanez gero, datu horiek zer unetan eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituzten jakinarazi beharko dute eskatzaileek.

Eskabideari antzemanez gero izapidera onartzeko agirietan akats formalak dituela, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

Pertsona juridikoek, beren eskabidea elektronikoki aurkeztu behar dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezatela eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuz. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

Kultura sailburuordeak ofizioz emango ditu egokitzen diren ez onartzeko, atzera egiteko nahiz bertan behera uzteko deklarazioak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

  1. Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa.

  2. Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 80.000 euro jasoko dituzte.

  3. Ez da emango onuradunak eskatutako kopurua gainditzen duen diru-laguntzarik.

  4. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere gain-finantziaziorik ez bada; kasu horretan, bidezkoa izango da diru-laguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.

    Dena dela, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak proiektu bera egiteko nahiz haren zati bat egiteko emandako diru-laguntzekin.

  1. Europar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren 53. artikuluak eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak xedatutakoa aplikatuz, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

    1. Proiektu edo jarduera gauzatzen duten profesional eta langileen ordainak.

    2. Proiektu edo jardueran parte hartuko duten ikusleentzako material didaktiko eta komunikatiboaren ekoizpena.

    3. Proiektu zein jarduerak gauzatzen diren espazioak alokatzea, nork ez baditu ez bereak, ez proiektuko bazkideren batekin koordinatuak.

    4. Nork bererik ez badu, ekipamendua, makinak eta altzariak alokatzea.

    5. Sustapena eta publizitatea.

    6. Proiektu zein jardueretako parte-hartzeari buruzko informazioa biltzeko zerbitzuak.

    7. Baldin eta eskatzailea proiekturako lan egiten duen enpresa edo pertsona fisikoa bada, gehienez ere aurrekontu lagungarriaren % 15 esleitu ahal izango dute gastu propiotzat. Halakoetan, xehe adierazi beharko da aurrekontuan zer lan egingo duen eskatzaileak proiektuan.

    8. Erakunde eskatzailearen langileen eta proiektu zein jardueran zuzenean parte hartzen duten profesional kontratatuen joan-etorriak eta ostatu-gastuak ezin izango dira guztira aurrekontu lagungarriaren % 5 baino gehiago izan.

  2. Diruz lagun litekeen gastu batek Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legeak kontratu txikiei ezartzen dizkien mugak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa lotu baino lehen betiere, salbu eta haien ezaugarriak bereziak izanik, merkatuan hornitzaile nahiko ez bada edo gastua diru-laguntza jaso aurretik eginda badago.

  3. Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

  1. Irizpide hauen arabera baloratuko dira diru-laguntza eskaerak:

    1. Herritarrei eragiteko gaitasuna. 0-8 puntu. Hauek hartuko dira aintzat:

      1. Beste eragile kulturalekiko elkarlana, sare-lana, zehazki. 0-2 puntu.

      2. Jarduera edo proiektuak haur eta gazteengan zer eragin duen eremu ez arautuetan. 0-2 puntu.

      3. Proiektuaren lurralde-eragina edo aplikagarritasuna. Proiektuak zer eragin edo aplikagarritasun duen bestelako lurralde edo sektoretan garatzeko. 0-2 puntu.

      4. Irauteko bokazioa. Proiektuak epe ertain nahiz luzean garatzeko duen bokazioa. 0-2 puntu.

    2. Proposamenaren interes kulturala, kalitatea eta berrikuntza-maila. 0-7 puntu. Hauek hartuko dira aintzat:

      1. Laguntzen den jardueraren alorreko sortzaileek parte hartzea eta haien esperientzia. 0-2 puntu.

      2. Proiektuaren berrikuntza-maila eta garapen-alorrean zer kalitate eta koherentzia duen. Proiektuak lantzen dituen sektoreen testuinguruari zer ekarpen egiten dion. 0-3 puntu.

      3. Herritarren protagonismoa eta parte-hartze aktiboa aurkezten diren proiektu eta jardueretan. 0-2 puntu.

    3. Proiektuaren bideragarritasuna. 0-5 puntu. Hauek hartuko dira aintzat:

      1. Aurrekontua baliabideen arabera egokia izatea. 0-3 puntu.

      2. Laguntzaz besteko finantzaketa-maila, 0-2 puntu.

  2. Diru-laguntza jasoko badu, eskatzaileak 10 puntu jaso beharko ditu gutxienez aurreko irizpide guztiak batuta.

  1. Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak norgehiagoka bidez ebatziko dira, horretarako balorazio-batzorde bat eratuta, zeinak aurkezten diren eskabideak aztertu eta alderatuko baititu eta, 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideetan oinarrituta, haien lehentasun-hurrenkera antolatuko baitu. Artikulu horretan xedatzen den mugatik gorako puntuazioa lortzen duten eskaerei baizik ezin izango zaie diru-laguntza eman.

  2. Ematen den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, portzentaje bat aplikatuko zaio aurkeztutako jardueraren aurrekontu onartu totalari, puntuazio handiena jasotzen duen proiektutik hasita eta lehentasun-hurrenkerari jarraituta gero, portzentajea izanik zuzenki proportzionala eskatzaileak lortutako puntuazioarekiko, halako arrazoiaz non guztira deialdiaren zuzkidura ahitu egiten baita hura gainditu gabe. Diru-laguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoa ez da inola ere 9. artikuluaren 1, 2 eta 3 apartatuetan xedatutako mugak baino handiagoa izango. Baldin eta muga horiek gainditzen badira, horiek guztiak betetzen duen kopurura arte gutxituko da zenbatekoa. Errepikatu egingo da prozedura hori, harik eta hautatutako proiektu guztiak aztertu arte edo 1.5 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa ahitu arte.

  1. Balorazio-batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen arabera ebaluatzea, prozeduraren ebazpen-proposamena onartzea eta Kultura Sailburuordeari igortzea.

  2. Balorazio Batzordearen osaera haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn. Kultura Sustatzeko Zuzendaria nahiz hark izendatzen duen ordezko bat izango da Balorazio Batzordearen presidentea; Idazkari, berriz, hitzarekin baina botorik gabe, Zuzendariak Zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatzen duen lagun batek jardungo du. Kide anitzeko organoaren jardunaren legaltasun formala eta materiala bermatzea izango da Idazkariaren zeregina.

    Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesionalen artetik aukeratuko dira, dela profesional independenteak, dela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sektorialetako kide adierazgarriak. 1. puntuan aipatutako Kultura Sailburuordearen ebazpenaren bitartez izendatuko dira.

  3. Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da Balorazio Batzordea eratzean.

  4. Balorazio Batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektuen arduradunekin elkarrizketak adostu ere. Baldin eta eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan 10. artikuluaren arabera diruz ez laguntzeko moduko gasturik bada, horiek ezabatuta araztuko da aurrekontua eta onartzen den gastu-aurrekontu totala finkatuko da horrela. Azken horretan oinarrituta kalkulatuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

    Esleitzeko irizpideetan oinarritutako ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari Balorazio Batzordeak, non diru-laguntza jasotzeko proposatzen dituen eskatzaileak eta horientzat proposatutako zenbatekoak urteen arabera banakatuta aipatuko diren. Halaber adieraziko da zer eskabide ez diren onartu, zer eskabideri ukatzen zaien diru-laguntza eta erabaki horren zergatia.

    Nolanahi ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.

  5. Ebazpen-proposamenean, diru-laguntza ematearen aldeko proposamena jaso duten eskabideen kasuan, datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

    1. Onuradunaren izena, pertsona, elkarte, enpresa nahiz erakundea dela ere.

    2. Diruz lagunduko den jarduera.

    3. Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

    4. Erakunde pribatuek eta publikoek batera aurkeztuz gero, elkartearen kide bakoitzak bere gain hartzen dituen gauzatze-konpromisoen berariazko adierazpena; halaber haietako bakoitzari diru-laguntzaren zer zati egokituko zaion.

    5. Agindu honetan ezarritako beste betebeharrak, diru-laguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.

  6. Ukatzea proposatzen diren eskabideen kasuan, eskatzaileen izen edo izen soziala eta ukoaren arrazoiak jasoko ditu Ebazpen-proposamenak.

  1. Deialdi honetan aurkezten diren eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta Kultura Sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta eta interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, horiek ebaztea.

  2. Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko du ea eskatutako diru-laguntzak ematen diren ala ez; ematen badira, puntu hauek adierazi beharko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta hori urteka nola banatzen den; erakunde publiko eta pribatuek batera aurkeztuz gero, elkartearen kide bakoitzak bere gain hartzen dituen gauzatze-konpromisoen berariazko adierazpena; halaber haietako bakoitzari diru-laguntzaren zer zati egokituko zaion. Halaber agerraraziko dira diruz laguntzen den proiektua gauzatuko dela bermatzeko Agindu honetan aurreikusitako betebehar guztiak. Ukatzen diren eskabideen kasuan, eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den adierazi beharko da Ebazpenean.

  3. Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuaren aurrean eta hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  4. Diru-laguntzak esleitzeko eta onuradunei ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak zein haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzen edo izaera bereko laguntzen esparruan hasitako eta eskaera egiteko unean izapidetze-aldian dagoen zigortze- nahiz itzultze-prozedura orok; bestela, zigortze- nahiz itzultze-prozedura amaituta ere, izan litekeen zor orok ordainduta egon beharko du. Prozedura amaituta egon ezean, emandako diru-laguntza bertan behera utziko da.

  5. Hartzen den ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei; hala ere, jende orok jakin dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako proiektua jasota.

  6. Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.

  1. Jakinarazpena paperean egin nahiz bitarteko elektronikoz egin, organo kudeatzaileak abisua bidaliko dio interesdunari hark adierazitako duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta, abisu horretan, adieraziko dio jakinarazpen bat jarri diotela eskura dagokion administrazio edo organismoaren egoitza elektronikoan edo eman duen helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori ez gauzatuagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

  2. Izapide presentziala eginez gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta haren ondorengoek xedatutakoari jarraikiz joko da jakinarazpen oro egintzat.

  3. Izapideak telematikoki eginez gero, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak hura jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea honelaxe zenbatuko da: jakinarazpeneko egintza izana elektronikoki sinatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.

  4. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, aldizkari ofizialean argitaratzea barne, lehenik egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.

  1. Ogasunarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izaten jarraitzen dutela kreditatu beharko dute onuradunek, diru-laguntza ordainduko bazaie.

  2. Komunikazio-argitalpen oro, edozein euskarritan egiten delarik ere, gutxienez euskaraz egina izan beharko da beti (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 26. artikuluak aurreikusitakoari jarraikiz).

  3. Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek beteak beharko dituzte beti:

    1. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

    2. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

    3. Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta atal honetako f) hizkian aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.

    4. Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatzen dien dokumentazioa eman beharko diote, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatzearren egokitzat jotzen dituen ikuskatze-lanak egiteko bereziki.

    5. Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.

    6. Deialdira aurkeztu den bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektua. Proiektuari gerora egiten zaizkion aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, lagundutako proiektuaren amaiera-epea ahitu aurretik betiere, eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Aldaketa bidezkoa izango da Agindu honetan onuradun izateko gutxieneko baldintzak salbu geratzen badira. Nolanahi ere, epe horren barruan ez bada berariazko jakinarazpenik egiten, planteatutako aldaketa onartu egin dela ulertu beharko da.

    7. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikulutik eta azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetatik eratorritakoak.

  1. Agindu honen pean ematen diren diru-laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordainketatan, honela:

    1. Emandako diru-laguntzaren % 50 egiten duen zenbatekoa lehen ordainketan, 16.3.b artikuluan aipatzen den epea ukorik egin gabe ahitu ondoren.

    2. % 50 egiten duen bigarren ordainketa, Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuaren kontura: 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere onuradunak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari diruz lagundutako jarduerak benetan gauzatu izanaren eta kostuaren agiri frogagarriak aurkeztu ondoren, 18. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Ez da ordainketarik egingo baldin eta onuraduna ez badago egunean zergei eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan, ez eta jaso duen dirua itzultzea bidezkoa dela dioen ebazpen baten ondorioz zorduna baldin bada.

  1. Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, betiere 2019ko martxoaren 31 baino lehen:

    1. Jarduera egin ondorengo gauzatze-memoria; bertan, gutxienez, agindu honetako 11.1 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu beharko da.

    2. Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak nahiz haien kopia autentifikatuak.

    3. Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek jakin ez baina gerora xede bererako jasotako beste laguntza guztien zerrenda.

    4. Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta bestelako material grafikoen edo entzunezkoen hizkuntza bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion web orriaren helbidea ere.

  2. Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

    Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan daude zerrendatuta) zein Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

    Bide elektronikoz ere aurkeztu ahalko dituzte https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak web helbidean zein Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan.

  3. Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baizik ez dituzte aurkeztuko justifikazioak, lehenago adierazitako helbide elektronikoan.

  4. Justifikazioak, bide presentziala erabiliz nahiz bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honetako 5.6 artikuluan adierazitako helbidean.

  5. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso bada, Kulturako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 16.3 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, diru-laguntzaren helburua bete dela jotzen bada, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diru-laguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

  1. Baldintzak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:

    1. Jasotako diru-laguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

    3. Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

    4. Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako jarduera aldatzea, osorik edo partez, Kultura sailburuordeak horretarako onespenik eman gabe agindu honetako 16.3 artikuluan adierazten den eran.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoan oro har aplikagarriak diren arauetan xedatutakoetan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.

  3. Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako zenbatekoa, osorik nahiz partzialki, gehi diru-laguntzen alorrean egokitzen diren berandutze-interesak, DLOaren 37. artikuluak xedatuak, betiere aldez aurretik Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren mende egongo dira; araudi horrek zenbait laguntza-kategoria jakin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen arabera barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoarekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan bildutako datu pertsonalak, deialdiko parte hartzaileek tratatzeko eta argitaratzeko baimena emana dutenak, fitxategi batean sartuko dira; fitxategi horren helburua izango da diru-laguntzen deialdi hau eta deialdi honekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espedientea kudeatzea eta parte hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. Titulua eta VII. Tituluaren III. kapitulua (1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, onartuak); halaber daude lege eta dekretu hauetan ezarritako oinarrizko arauen mende: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretua.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 10a.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.