Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko irailaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2017ko ekitaldian zehar diru-laguntzak emateko erregimena arautzen eta iragartzen duena, komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 4395
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/09/07
  • Argitaratze-data: 2017/09/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, zeinaren bidez ezartzen baita Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmen-esparruaren barruan eta kontuan harturik komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia, sormenaren arloan zein industrian, eta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormen maila, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa bultzatzera bideratutako neurriak babestea, komiki, nobela grafiko edo irudidun albumen kasuan. Azken helburua da gaur egun gure herrialdean gorakada handia duen sormen-sektore hori finkatzea bultzatzea eta laguntzea.

Autore bat baino gehiago dituzten obrak badira ere, lan literario eta lan grafiko bat behar ohi baitute, laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikoari zuzentzen zaio, bereziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanen eta industria-produktuen izaera bikoitza duenez, laguntza-lerro hau argitalpena ziurtatua edo, behintzat, bideratua duten obrei zuzentzen zaie. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, aldi berean, Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatu nahi duena.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek ezarritakoaren arabera, agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira, sormen kulturalaren arloan existitzen diren desparekotasunak ezabatzera edo gutxitzera bideratutakoak, eta baita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzera eta kultura-arlo eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzera bideratutakoak ere.

Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2017rako Diru-laguntza Plan Estrategikoaren barruan dago sartuta.

Horiek horrela, honako hau

Agindu honen xedea komiki, nobela grafiko edo irudidun album formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei diru-laguntzak emateko baldintzak iragartzea eta arautzea da.

Proiektuak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak ez dira aintzat hartuko.

  1. Diru-laguntza horietarako, guztira, 105.000 euro erabiliko dira.

  2. Ilustrazioak sortzeko diru-laguntzei dagokien kopurua bi prozedura ezberdinetan banatuko da:

    15.000 euroko 4 laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da.

    15.000 euroko 3 laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da.

  3. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

  4. Agindu honetako diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako lerro bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleitzeko irizpideen arabera. Bakarrik balorazio fasean aipatutako artikuluan ezarritako puntuazio berdina edo altuagoa lortzen dute proiektuek izango dute aukera diru-laguntza lortzeko.

    Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak ordenan jarriko dira lortutako puntuazioaren arabera. Lehen diru-laguntza 30 urtetik beherako pertsonen artean, puntuaziorik altuena lortu duenari egokituko zaio. Ondoren, beste diru-laguntzak emango dira ezarritako ordenaren arabera.

    Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako, lerro bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

  1. Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo agindu hau argitaratu den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin, eta, kasuaren arabera, nortasun agiri nazionalaren edo errolda-ziurtagiriaren bidez frogatzen dutenek.

  2. Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak ordainduta izatea.

    Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek zerga-betebeharrak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.

  3. Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

  4. Gainera, pertsona onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  5. Eskatzaileek gehienez ere bi laguntza-eskaera aurkeztu ahal izango dituzte laguntza deialdi honetan (lehenengo aurkeztutako biak soilik onartuko dira), eta proiektu bera ezin izango da aurkeztu bi modalitateetan. Pertsona onuradun bakoitzeko proiektu batek bakarrik jaso ahal izango du diru-laguntza deialdi honetan. Ondorioz, lehen modalitatean, komiki eta nobela grafikoenean, diru-laguntza ematen bazaio, ezingo du bigarren modalitatean laguntzarik jaso.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

  1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

    Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

    Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4 zenbakian adierazten diren helbideen bidez.

  3. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

  4. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/irudi_sorkuntza/y22-izapide/es/

    Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  5. Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  1. Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

    1. Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.

    2. Errolda-ziurtagiria eskatzailea ez bada Euskal Autonomia Erkidegoan jaio.

    3. Ilustratzailearen jardunbidea, prestakuntza, egindako lanak eta argitaratutako liburuak adierazita.

  2. Proiektuari buruzko dokumentazioa:

    1. Ilustrazio lanaren oinarri izango den gidoi literarioa, pertsonaien deskribapena eta argumentuaren sinopsi osoarekin batera. Komiki eta nobela grafikoen kasuan, gutxienez 8 orriko gidoi zehatza.

    2. Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orri dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

    3. Argitalpen kontratua edo konpromiso eskutitz irmoa argitaletxe batekin obra argitaratzeko, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

    4. Sustapen-plana. Kontuan hartuko dira obraren sustapen-planaren barruan kokatutako itzulpenak, hedapen-estrategiak, nazioartekotze-estrategiak, booktrailer edo bestelako komunikazio-ekintzak.

    5. Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus orrian ezarritako ereduaren araberakoa eta proiektuaren modalitatea adierazten duena.

    6. Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

    7. Kasuaren arabera, gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa badago.

  3. Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

    Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, betiere halakorik bada, eta ahal delarik ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

    Gainontzeko dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

    Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 30 Mb.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

Edozein Administrazio Publikok edo erakunde pribatuk xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.

Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

Proiektu originala da eta orain arte ez da hala garatu.

Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

  1. Bi prozeduretan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

    Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

    Kideak: laguntzei dagokien gaian adituak direnen artean Kulturako sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

    Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatua, izango da batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

  2. Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

  3. Balorazio-batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

  4. Prozedura bakoitzean, balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamen egokia. Horretan jasoko dira proposatutako diru-laguntzak, proposatutako pertsonen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta sortu behar diren proiektuak. Baita ere agertuko dira baztertzeko proposatutako proiektuak, bazterketaren arrazoiak azalduz.

  5. Balorazio-batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

  1. Diru-laguntzen ebazpenaren proposamena prestatzeko, balorazio-batzordeak ondoko irizpideak ezarriko ditu:

    1. Ilustratzailearen jardunbidea (gehienez 10 puntu). Egindako lanak eta argitaratutako obrak hartuko dira kontuan.

    2. Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez 40 puntu). Aintzat hartuko da:

      ilustrazioaren trataera (10 puntu),

      proiektuaren espezifikotasuna (10 puntu),

      berrikuntza eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

    3. Proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu gehienez). Kontuan izango da:

      gidoiaren interesa eta kalitatea (10 puntu),

      argitaratutako obraren sustapen-, hedapen- eta salmenta-plana (10 puntu),

      zein hizkuntzetara itzuliko den, kanpoko merkatuetara irtetea eta banaketa (5 puntu),

      eta argitaletxea Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea (5 puntu).

    4. Generoa. Ilustratzaile emakumeen obrak 10 punturekin balioetsiko dira.

    5. Euskararen erabilera. Gidoi originala euskaraz duten obrak 10 punturekin balioetsiko dira.

  2. Baztertu egingo dira eta ezingo dira aukeraketa prozesuan sartu, balorazio-baremoaren puntuetatik gutxienez % 60 lortzen ez duten proiektuak.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, Balorazio-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du ebazpena, 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

    Ebazpena horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  2. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

  3. Ebazpen-epea igarota, pertsona onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

  4. Diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

Deialdi honetako diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

  3. Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

  4. Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza espresuki adieraztea.

  1. Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta, gehienez ere, hilabete bateko epean.

    Gainera, onuradunek diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Esleitutako diru-laguntzak bi ordainketen bidez ordainduko dira:

  1. Diru-laguntzaren % 50, esleipen-ebazpena eman ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren eta uko ez bada egin.

  2. Gainerako % 50a 2018ko urtean ordainduko da, diruz lagundutako sorkuntza Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren.

Esleitzeko ebazpena jasotzen denetik, onuradunak gehienez 2018ko abenduaren 31ra arteko epea izango du behin betiko sorkuntza argitaratzeko moduan, paperean edo euskarri informatikoan, aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

Liburua 6 hilabeteren buruan argitaratu beharko dute, ilustrazio-lana amaitzen denetik aurrera zenbatuta, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara ale bat bidaliko dute argitaratu eta 2 hilabeteko epearen buruan.

  1. Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

    1. Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat emandako diru-laguntzetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

    3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

  2. Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

Lehenengoa. Interesdunek eskabideetan emandako datuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzekoa (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak)). Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 7a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.