Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2023ko irailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4402

AGINDUA, 2023ko irailaren 4koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei bake-epaitegien 2023ko funtzionamendu-gastuetarako dirulaguntzak ematekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko eskumenak. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 Errege Dekretuaren eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuaren bidez egindako eskualdaketen ondoren, premia horietarako garapen egokiagoa mamitzen dute. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio arlo horretako eginkizunak kudeatu eta bultzatzea.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera, Bake Epaitegiak udalerriaren eremuan txertatutako organoak dira, eta Mugape eta Planta Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. artikuluan eta hurrengoetan jasotako aurreikuspenen arabera, Bake Epaitegien instalazioak eta baliabide instrumentalak dagokion Udalaren kargura egongo dira, baita horiei dirulaguntzak emateko beharra ere.

Ildo horretan, aipatutako 38/1988 Legearen 52. artikuluak ezartzen du justizia-arloko administrazio eskudunen aurrekontuetan aurrekontu-kreditu bat gorde behar dela udalei dirulaguntzak emateko, funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten. Dirulaguntza hori udalerriko zuzenbidezko biztanleen kopuruaren arabera egokituko da.

Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak ere arautzen du gai hori, udalen gain lagaz berriro erantzukizun nagusia, eta Euskal Autonomia Erkidegoak finantzaketan lagunduz.

Hala, dirulaguntzen programa bat antolatu da bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteko, udalek arlo horretan dituzten beharrizanen euskarri ekonomiko izan dadin.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12.1.f) artikuluaren arabera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio «bake-epaitegientzako laguntza-programak kudeatzea eta bake-justiziaren arloko jarduerak bultzatzea».

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez onartutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da deialdi hau.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluak ezartzen duenez, zuzenean eman daitezke lege-mailako arau batek Administrazioari ezartzen dizkion dirulaguntzak edo haien zenbatekoa, eta dirulaguntza horiek emateko, beren araudi propioaren arabera aplikatu behar zaien prozedurari jarraituko zaio.

Era berean, gai horri eragiten dio Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 48.4 artikuluak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak.

Horregatik, dagokion araudiarekin bat etorriz -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa- eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntzak ematea bake-epaitegien 2023ko funtzionamendu-gastuetarako.

Bigarrena.– Kreditua banatzeko moduluak –464.450,00 eurokoak– onartzea bake-epaitegiak dauzkaten Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean banatzeko, I. eranskinean zerrendatzen diren udalerrietako bakoitzari emandako zenbatekoen arabera, organo judizial horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko. Irizpide hauek hartu dira kontuan:

1.– Udalerrien zuzenbidezko biztanleria, erakunde eskudunak egindako azken argitalpen ofizialaren arabera, eskala honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Espetxe bat duten udalerrietako udalek 1.850 euroko osagarria jasoko dute.

3.– Udalerriko biztanleriagatik legokiekeen zenbatekoaren % 85eko dirulaguntza jasoko dute udalek, baldin eta udalen bake-epaitegietako idazkaritzak langile bakarreko elkarteetan sartuta badaude.

Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-elkarteen egoitza kokatuta bertan duten udalerrietako udalek arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100 jasoko dute, gehi beren elkarteko gainerako udalei beren udalerrietako biztanleriagatik dagokien zenbatekoaren % 15.

Hirugarrena.– Bake-epaitegiak dituzten udalei dagozkien zenbatekoak ordainketa bakarrean ordaintzeko agintzea. Hala ere, ordainketa hori egiteko, udal onuradunek eskaera egin beharko dute lehendabizi, dirulaguntzei buruzko arauditik eratorritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.

Horretarako, udal bakoitzak dagokion prozeduran sartzeko eskaera egingo du, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Laugarrena.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 464.450,00 euroko gastua onartu da, 2023-1001011100-1.14110.42100-2019/002989 aurrekontu-aplikazioaren kontura.

Bosgarrena.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea; besteak beste, esleitutako laguntzen arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapenak egitea.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Udal interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz burutu beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak (eskatu, kontsultatu eta burutu), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2.– Deialdi honetako dokumentazioa eta gainerako ereduak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/hasiera/

Prozeduran sartzea eskatu ondorengo izapideak, zuzenketak, justifikazioak eta errekurtsoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Zazpigarrena.– Laguntza hauen onuradun diren Bake Epaitegiak dauzkaten Euskal Autonomia Erkidegoko udalek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Laguntza hori eskatzea, agindu honen hirugarren ebazpen-zatiaren bigarren paragrafoan eta seigarren ebazpen-zatiaren 1. paragrafoan aurreikusitako moduan.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak aplikatuz, ezingo dira onuradun izan apartatu horietan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du egunean dauzkatela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

Erakunde onuradunak aurka egin diezaioke organo kudeatzaileak dokumentu horiek ofizioz egiaztatzeari; kasu horretan, interesdunak berak aurkeztu beharko ditu.

4.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, berariaz aipatzen direlarik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik gertatutakoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

5.– Udal onuradunek Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duten diruz lagundutako helbururako.

6.– Dirulaguntzak jasotzen dituzten udalak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia ematera.

7.– Udal onuradunek gastu jakinak ordaintzeko erabili beharko dute dirulaguntza; zehazki, energia elektrikoa-gasa, telefonoa, garbiketa, bulegoko materiala, joan-etorriak, Udaleko langileen soldata-kostua egozteari dagokiona, eta, oro har, bake-epaitegiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako gastu arruntak.

8.– Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoa betetzeko, udalek justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dute urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan. Kontu horretan, bake-epaitegian egindako gastuen zerrenda jaso beharko da, eta, gutxienez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren adinakoa izan beharko du, agindu honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Eredu hori telematikoki beteko da, horretarako prestatutako prozeduran.

Justifikatutako gastua onartutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, justifikatu gabeko zenbatekoa itzuli egin beharko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

9.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandakoekin, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen dirulaguntza honen xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, kendu egingo zaio soberakinari dagokion kopurua deialdi honen arabera legokiokeen zenbatekoari.

10.– Dirulaguntza esleitzerakoan kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzerik badago, betiere laguntzaren onuradun izateko betekizunak bete ez badira.

11.– Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo dirulaguntza emateko baldintzak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu baitzuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 4a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala