Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2026ko irailaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
4045

AGINDUA, 2026ko irailaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, agindu hau aldatzen duena: Agindua, 2002ko martxoaren 15ekoa, Osasuneko sailburuarena, jantoki kolektiboak eta azken kontsumitzailearentzako janari prestatuak egiten dituzten establezimendu ez industrialak sailkatzeko eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bete behar dituzten neurri sanitarioak finkatzeko dena.

Osasuneko sailburuaren 2002ko martxoaren 15eko Aginduaren bidez finkatu zen jantoki kolektiboek eta azken kontsumitzailearentzako janari prestatuak egiten dituzten establezimendu ez industrialek Euskal Autonomia Erkidegoan zer neurri sanitario bete behar dituzten eta nola sailkaturik egongo diren.

Agindua onetsi zenetik, janariaren higiene eta segurtasunaren esparruan aplikatu beharreko araudiaren bilakaera nabarmena izan da, bereziki Elikagaigintzako produktuen higieneari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EE) 852/2004 Erregelamendua indarrean sartu zenetik. Arau horrek ezartzen duen ereduak oinarri hartzen ditu elikadura-eragilearen erantzukizuna, arriskuaren analisia eta, arriskuen analisiaren eta kontrol-puntu kritikoen printzipioak (AKKP) oinarri dituzten prebentzio-prozeduren aplikazioa.

Era berean, 1/2025 Legeak, apirilaren 1ekoak, elikagaiak alferrik galtzea eta xahutzea prebenitzekoak, elikagai-xahuketa murriztera bideratutako politika publikoak bultzatzen ditu, haien aprobetxamendua erabilera-hierarkia baten arabera sustatuz, betiere elikagaien segurtasun-baldintzak betetzeari kalterik egin gabe.

Testuinguru horretan, 2002ko martxoaren 15eko Aginduaren IV. eranskineko 2.5 puntuak, soberan geratu diren edo lehendik berotu diren menu jakin batzuk kontserbatzeari buruzko berariazko debeku orokorra ezartzen duenak, gaur egun indarrean dagoen esparrua baino lehenagoko erregulazio-logikari erantzuten dio, eta, ondorioz, egokitzat jotzen da hori kentzea, ordenamendu juridikoaren koherentzia zaintzeko eta interpretazio-disfuntzioak saihesteko.

Agindu honek, beraz, irismen arazlea du, eta manu hori indargabetzera mugatzen da, erregulazio berririk sartu gabe eta elikagaien segurtasunaren arloan aplikatu beharreko araubide orokorra aldatu gabe.

Horrenbestez, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 4.1 artikuluak Osasuneko sailburuari emandako eskumena baliatuz, eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Osasuneko sailburuaren 2002ko martxoaren 15eko Aginduaren IV. eranskineko 2.5 azpi-apartatua aldatzea. Haren bidez finkatu zen jantoki kolektiboek eta azken kontsumitzailearentzako janari prestatuak egiten dituzten establezimendu ez industrialek Euskal Autonomia Erkidegoan zer neurri sanitario bete behar dituzten eta nola sailkaturik egongo diren.

2.5 azpi-apartatua indarrik gabe uztea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 14a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala