Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2026ko ekainaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2493

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 19koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2026ko laguntzak arautzen baitira eta deialdia egiten baita EAEn gaixotasunen bat duten pertsona-taldeen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.

Gaixotasunen bat duten pertsonek eratutako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteak dira patologia bera nozitzen duten pertsona fisikoen elkarteak. Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira, bai gaixotasunak erasandako pertsonentzat, bai haien senideentzat.

Osasun Sailak bereziki estimatzen du nolako ekarpena egiten duten elkarte horiek gaixotasunen bat dutenen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde, hainbat alorretan: hor dira, adibidez, gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzuen eta autolaguntza-programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean, aurrekontu-kreditua jasotzen da laguntza horientzat.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluak adierazten duenez, plan estrategiko baten bidez planifikatu beharko dira, aldez aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren dirulaguntzak. Plan horretan zehaztu behar da, betiere aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betez, zer helburu eta ondorio lortu nahi diren, zer epetan lortu behar diren, zenbateko kostuak aurreikusten diren, zer finantzaketa-iturri dituzten, eta planaren helburuarekin erlazionatutako zein ekintza eta adierazle erabiliko diren dirulaguntzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Planak lau urteko indarraldia izango du, salbu eta, bertan jasotako ekintzen ezaugarriengatik, epe luzeagoa behar bada.

Osasun Sailaren 2024-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eranskinaren 3.1.3 epigrafean jasotzen ditu «Gaixotasunen bat duten pertsonen eta haien familien taldeen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako laguntzak», «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan. Laguntzei buruzko agindu hau bat dator plan estrategiko horrekin, bai eta Osasun Sailaren 2026ko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Planarekin ere. Plan hori Osasuneko sailburuaren 2026ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen. Bi plan horiek kontsultatu ahal dira organo sustatzailearen bulegoetan, hau da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzan, edo Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez.

Agindu honetan jasotako laguntzak ez dira estatu-laguntzatzat hartzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, eta, beraz, ez da beharrezkoa Europako Batzordearen aurrean inolako izapiderik egitea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea, eranskinean jasota dagoen moduan, EAEn gaixotasunen bat duten pertsonen eta haien senideen taldeen bizi-kalitatea hobetzea xede duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako laguntzen 2026ko deialdia arautzen duten oinarriak, eta laguntza-deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia eta izapidetzea.

Agindu honen bidez onartzen den deialdia eta hura garatzeko egingo diren jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean bildutako oinarrizko araudiaren mende egongo dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira bi epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 19a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da «gaixotasunen bat duten pertsona-taldeen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako laguntzen» deialdia egitea 2026 ekitaldirako.

2.– Laguntza hauen xedea da gaixotasunen bat duten pertsonen eta haien senideen taldeei laguntzea, eta, horretarako, jarduera batez edo gehiagoz osaturiko proiektuak finantzatzea, besteak beste honako alderdi hauei zuzendutakoak:

a) Gaixotasuna, haren kudeaketa eta tratamendua ezagutzen laguntzea.

b) Taldekideen arteko babesa sustatzea.

c) Bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko jokabide osasungarriak sustatzea.

d) Gaixotasuna ikusaraztea, horren inguruan sentsibilizatzea eta haren alde egitea.

3.– Proiektuaren jarduera hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza:

– Gaixotasunari buruzko aholkua eta informazioa.

– Eragindakoen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko autolaguntza-taldeak edo taldeko jarduerak.

– Gaixotasunak dituzten pertsonen autonomia eta autozaintza ahalbidetuko duten jarduerak.

– Gaixotasunak dituzten pertsonei edo senideei zuzendutako laguntza psikologikoa.

– Gaixotasunari buruzko informazioa zabaltzea edo horren inguruko sentsibilizazioa helburu duten jarduerak, hala nola jardunaldiak, informazio-standak edo publizitate-kanpainak.

4.– Jarduerak 2026ko urtarrila eta abendua bitartean egin beharko dira.

5.– Ez da proiektutzat hartuko entitatearen urteko jarduera guztien osotasuna.

6.– Deialdi honen bidez finantza daitezkeen ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin itunen bat duten zentroek egiten dituzten jardueren pareko jarduerak.

b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.

c) Osasun Sailetik jasotako bestelako laguntzen bidez finantzatutako proiektuak.

d) Sexuagatiko diskriminazioa eragiten duten jarduerak.

2. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak:

a) Irabazi-asmorik gabekoak izatea, eta osasun-premiak dituzten pertsonei parte hartzen laguntzea eta haien eskubideak defendatzea, haien bizitzan eragina duten esparru, politika eta jarduera guztietan, helburu izanik haien erabateko inklusioa lortzea eta haiei bizi-kalitatea hobetzea, elkartzeko, komunikatzeko eta laguntzeko guneak sortuz haientzat guztientzat.

b) Estatutuen helburuen artean espresuki jasotzea bazkideen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egingo dituztela, haiek guztiak osasun-arazoen, gaixotasunen edo egoera medikoaren arabera sailkatuta.

c) Gaixotasunen bat duten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona-taldeez eta haien senideez osatuta egotea.

b) Legez eratuta egotea, eta behar bezala izena emanda egotea elkartearen egoitza sozialari dagokion lurraldeko erregistro administratibo ofizialean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Beteta izatea, bai Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa berau–

f) Ez egotea 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan adierazitako inolako egoeratan.

2.– Pertsona juridikoak ezin izango dira dirulaguntzak jasotzeko aurkeztu, baldin eta administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri bazaie sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia, dagokien zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, enpresak ere laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira baldin eta beren estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar badute baina halakorik ez badute, baita 50 langiletik gorako enpresak ere, baldin eta ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurka egiteko estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan.

3.– Federatuta dauden entitateak ezin izango dira izan dirulaguntza hauen onuradun, baldin eta haien federazioak dirulaguntza hau eskatzen badu.

4.– Entitateek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso, baldin eta aurreko deialdietan onuradun izan badira baina ez badute justifikatu proiektua benetan egin dutela eta azken 5 deialdietatik gutxienez 2tan galdu badute laguntza jasotzeko eskubidea.

5.– Entitateek prozesu osoan bete beharko dituzte betekizun horiek guztiak, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte.

3. oinarria.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura eta organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren zenbatekoa 300.000 eurokoa da (hirurehun mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarduera bat edo gehiago dituzten proiektuak diruz laguntzeko izango dira laguntzak. Gastuak entitate eskatzailearen izenean adierazi behar dira.

2.– Proiektuari zuzenean lotutako gastu hauek lagunduko dira diruz (zuzeneko gastuak):

a) Entitatearen langile propioak (nominak eta Gizarte Segurantzako gastuak).

b) Profesional independenteen zerbitzuak.

c) Ekipamenduak eta materialak.

d) Argitalpenak eta komunikazio-jarduerak.

3.– Diruz lagunduko dira proiektuari zuzenean lotuta ez dauden baina diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren gastu hauek (zeharkako gastuak):

a) Kudeaketa-gastuak.

b) Elkartearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barnean direla.

c) Dieten eta joan-etorrien gastuak.

Apartatu honetan eskatutako zenbateko osoaren % 15 lagunduko da diruz, gehienez ere.

4.– Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu finantzarioak.

b) Inbertsio-gastuak.

c) Administrazio-lizentziak.

d) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.

e) Oro har, elkarteak egindako edo antolatzaileek parte-hartzaileei eskainitako aperitibo, hamaiketako, catering, bazkari edo afariekin lotutako gastuak. Jarduera dela-eta eskainitako opariak ere ez dira finantzatuko.

5.– Egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.

6.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratatu.

7.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko organismoetatik etorrita ere.

2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio dirulaguntzari.

3.– Laguntza hauek bateraezinak dira Osasun Sailaren beste dirulaguntza batzuk eskuratzearekin, deialdi honen bidez finantza daitezkeen proiektuak garatzeko baldin badira.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa hau izango da gehienez:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100.

c) 5.000 euro dirulaguntza bakoitzeko.

7. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bide telematikoz aurkeztuko dira, 20.4 oinarrian adierazitakoaren arabera.

2.– Elkarte bakoitzak (IFZaren bidez identifikatuta) proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

3.– Datuak egoitza elektronikoaren inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira, eta, horra sartzeko, agindu honen 20.4 oinarrian xedatutakoa bete beharko da.

4.– Eskabide-inprimakiari dagokion apartatuan, dirulaguntza eskatzeko aurkeztu den aurrekontuari buruzko informazioa emango da; jardueren eta gastuen zerrenda jaso beharko da, gastu-motaren arabera banakatuta.

5.– Eskabidearekin batera, behar denean, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Entitate interesdunak eskabidean espresuki adierazten badu administrazioaren zuzeneko egiaztapenaren aurka dagoela, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

– Dagokion administrazio-erregistroan eratu eta inskribatu izanaren egiaztagiriaren kopia.

– Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

b) Proiektua beste eremu batzuetako elkarte edo entitate batekin koordinatuta egiten bada, eragileek proiektua egiteko konpromisoa hartzen dutela jasoko duen agiri bat –sinatuta–, dibulgazio-materiala edo akta bat erantsi beharko da.

c) Elkarteak proiektua hobeto azaltzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein dokumentazio.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (20. oinarrian adierazia).

3.– Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, erregistratu duen azken eskabidea hartuko da kontuan.

4.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Entitatearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko du (Agindu honen 20.2 oinarrian adierazita dago), eta prozedura horretarako baimena izan beharko du.

5.– Entitate eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar ditu. Hizkuntza horri eutsiko zaio prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

9. oinarria.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskabidean datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, Administrazioak hamar egun balioduneko epea emango dio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskabidean atzera egin duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan, zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin.

10. oinarria.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.

Entitateak, eskabidearen bitartez, aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak dagokion administrazio publikoan entitatearen nortasun-datuak kontsultatu edo biltzeari, eta, halaber, betekizunak betetzen diren egiaztatzeari. Horrelakoetan, entitateak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu:

1.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.– 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluek adierazitako egoeretako batean ere ez egotea:

– Epai irmo baten bidez zigortuta egotea dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin.

– Borondatezko konkurtsoan deklaratuta egotea, kaudimenik gabekotzat edo konkurtsoan deklaratuta egotea (non eta konkurtso horretan ez duten hitzarmen bat adostu), esku-hartze judizialaren mende egotea, edo konkurtsoa sailkatzeko epai baten bidez desgaitua izatea.

– Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, errudun deklaratua izateagatik.

– Administratzaileak edo elkarteen legezko ordezkaritza dutenak abenduaren 26ko 52/1984 Legean eta ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea, edo ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea.

– Indarreko legediaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana ebazpen irmo baten bidez.

– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, eta hori betetzeko beste neurri batzuk hartu direla egiaztatu ez izana.

– Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausak izatea.

4.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotakoak edo ente publiko edo pribatutakoak, izan estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko organismoetakoak. Erantzuna baiezkoa bada, zenbatekoa zehaztu beharko du, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa adierazi.

5.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea, sexu-jazarpenari eta berdintasun-planei dagokienez, agindu honen 2.2 oinarriaren arabera.

Organo kudeatzaileak egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, entitate eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horien berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak xeda dezake entitate interesdunak itzuli egin behar duela dirulaguntzaren zenbatekoa, hala badagokio, bai eta denbora-tarte jakin batean ezingo duela abian jarri ere helburu berbererako beste prozedura bat; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

11. oinarria.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Jarraian zehazten diren balorazio-irizpideak erabiliko dira proiektuen puntuazioa ezartzeko.

a) Proiektuaren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu, gehienez.

1) Entitateak artatzen duen taldearen egoera orokorraren deskribapena: 4 puntu.

2) Proiektuko jardueren bidez aurre egingo zaien faktoreen deskribapena: 5 puntu.

3) Faktore horiek proiektuaren jardueren bidez lantzeko beharraren justifikazioa: 5 puntu.

b) Proiektuaren bidez zer helburu lortu nahi diren: 10 puntu, gehienez.

1) Proiektuaren helburuen aipamena: 3 puntu.

2) Proiektuaren helburuen azalpena: 7 puntu.

c) Aurreikusi den proiektu-garapenaren deskribapena: 26 puntu, gehienez.

1) Jardueren esparrua. Proiektua honako eremu hauetako pertsonei zuzenduta egotea: 7 puntu, gehienez.

a.– EAE: 7 puntu.

b.– Lurralde historikoa: 5 puntu.

c.– Eskualdea: 4 puntu.

d.– Udalerria/auzoa: 3 puntu.

2) Proiektuaren jardueraren edo jardueren, faseen eta lan-egutegiaren deskribapena: 11 puntu, gehienez.

a.– Proiektuaren jardueraren edo jardueren aipamena eta deskribapena: 6 puntu, gehienez.

b.– Proiektuaren faseen aipamena eta deskribapena: 4 puntu, gehienez.

c.– Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 1 puntu.

3) Proiektua egiten duten pertsonen (boluntarioak edo profesionalak), funtzioen eta egiten dituzten jardueren deskribapena: 6 puntu, gehienez.

a.– Boluntario edo profesional bakoitza identifikatzea: 2 puntu.

b.– Boluntario edo profesional bakoitzaren funtzioak eta jarduerak azaltzea: 4 puntu.

4) Proiektua egiteko beharrezkoak diren baliabide materialen identifikazioa: 2 puntu.

d) Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 10 puntu, gehienez.

1) Adina, generoa, bizilekua, jatorria edo etnia kontuan hartuta zehazten ditu jardueraren onuradunak: 3 puntu, gehienez.

2) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehaztea: 4 puntu, gehienez.

3) Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehaztea: 3 puntu.

e) Ekitate-ikuspegia kontuan hartzea (justifikazio-fasean, hartu diren neurri zehatzak zehazteko eskatuko da): 14 puntu, gehienez.

Entitateak honako egoera hauetarako hartu dituen neurriak zehaztu beharko dira:

1) Gaixotasunaren prozesuan sor daitezkeen genero-desberdinkeriei aurre egiteko: 6 puntu, gehienez.

– Artatzen duen taldean emakumeek eta gizonek duten posizio desberdina identifikatzea (egoera, interes eta premia desberdinak kontuan hartzea).

– Generoagatiko diskriminazioak konpontzeko emakumeei zuzendutako neurri zehatzen deskribapena.

– Artatzen duen taldean familia-kontziliazioa ahalbidetzen duten neurrien deskribapena.

– Irudi eta hizkera ez-sexista erabiltzea.

2) Pertsona edo talde behartsuenen aukerak gehitzeko, proiektuaren onurak jaso ditzaten: 8 puntu, gehienez.

– Egoera sozioekonomikoaren arabera.

– Bizilekua edozein dela ere (joan-etorriak, etxeko laguntza...).

– Beste premia zehatz batzuen arabera (adina, migratzaileak, gizarte-bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak edo beste egoera batzuk).

f) Proiektuaren parte-hartze gradua: 21 puntu, gehienez.

1) Xede-populazioak, haien senideek edo boluntarioek parte har dezaten proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen: 6 puntu, gehienez.

2) Proiektuan beste esparru batzuetako elkarte edo entitateekin lankidetzan aritzea, elkarrekiko laguntza eta boluntariotza sustatzeko (eskabideak aurkezteko fasean, hemen baloratutako irizpideak betetzen direla egiaztatzeko eskatuko da): 15 puntu, gehienez.

Zehaztu zer jarduera zehatz egiten diren honako hauekin koordinatuta:

1) Gaixotasunen bat dutenen elkarteak; garrantzi handiagoa izango dute jarduera-eremu desberdinetakoak badira: 7 puntu, gehienez.

2) Esparru komunitarioko entitateak: 8 puntu, gehienez.

g) Hizkuntza-normalizazioa eta euskararen erabilera bermatzeko estrategiak erabiltzea: 5 puntu, gehienez.

1) Proiektua euskaraz zabaldu eta komunikatzea: 2 puntu.

2) Euskara erabiltzea proiektuarekin lotutako jardueretan: 3 puntu.

2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) apartatuetan adierazitako puntuazioaren gutxienez erdia lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

12. oinarria.– Eskabideen balorazioa eta dirulaguntzak emateko prozedura.

Balorazio-batzordeak baloratuko ditu eskabideak, eta, kide anitzeko organo gisa, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du.

1.– Eskabideak baloratuko dituen balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Guillermo Herrero Alaña); batzordeburua izango da.

– Osasun Saileko Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde-kargua dutenak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck eta Elena Albisua Cortazar) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea (Koldo Cambra Contín), kide gisa.

2.– Kide anitzeko organoaren idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artean.

3.– Garaiz eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskabideak balorazio-batzordeak.

4.– Balorazio-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzak zenbat puntu lortu dituen eta zenbateko dirulaguntza jaso dezakeen.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak –laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik– edo balorazio-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.

6.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: balorazio-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. oinarrian zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa. Horretarako, lortutako puntu bakoitzari balio ekonomiko bat esleituko zaio, eta formula honen bidez kalkulatuko da:

PB = AZ/PT

PB = Puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.

AZ = Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

PT = Dirulaguntza merezi duten proiektu guztiei emandako puntuazioaren batura.

Hasierako banaketa egiteko, balorazio-fasean lortutako puntuak puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoarekin (PB) biderkatuko dira.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. oinarrian ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen den guztietan edo diruz lagundutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekora iristen diren arte.

Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera.

7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egingo du balorazioaren emaitzarekin. Txosten horretan oinarrituta, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, eta, bertan, honako hauek adieraziko ditu: entitate onuradunen zerrenda, finantzatuko den proiektu bakoitzerako proposatutako zenbatekoak eta balorazioaren puntuazioa, baita ukatzea proposatzen dituen proiektuen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere.

13. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak ebatziko du laguntzen deialdia, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak proposatuta, laguntzen organo kudeatzailea den heinean.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Aldeko ebazpenetan, adieraziko da zein elkarteri eman zaien laguntza, zenbateko dirulaguntza eman zaien, eta balorazioan zenbat puntu lortu dituzten. Dirulaguntza ukatu zaien eskaerei dagokienez, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gehieneko epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ulertu beharko dute dirulaguntza-eskabidea ezetsi zaiela, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, entitate interesdun bakoitzak 11. oinarriko balorazio-irizpideen arabera eskuratutako puntuazioa eskatu ahal izango du 20. oinarrian adierazitako izapidetze elektronikoaren bidez.

6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

14. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko justifikazio telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez aurkeztu beharko dira 20. oinarrian aipatzen den «Nire Karpeta» atalean eskuragarri dagoen inprimakian (izapidetze elektronikoa).

2.– Dirulaguntzak justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa beteko da oso-osorik.

3.– Entitate onuradunek proiektua egin izana justifikatu beharko dute, osorik.

4.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Entitatearen izena.

b) Proiektuaren izenburua, espediente-zenbakia eta harremanetarako pertsonaren izena.

c) Proiektuaren garapenari buruzko memoria:

1) Informazio orokorra: Proiektuaren iraupena eta jardueren esparrua.

2) Egindako jarduerak: Proiektuaren garapenaren deskribapen laburra, honako hauek adierazita: egindako jarduerak, kronograma, jarduera bakoitzaren onuradunak eta kontratatutako langileen eta boluntarioen funtzioak.

3) Proiektuaren ebaluazioa: Aurreikusitakoarekiko helburuen lorpena, emaitzak eta aldaketak.

4) Ekitate-ikuspegia: Genero-desparekotasunei aurre egiteko hartu diren neurri zehatzak eta talde zaurgarrienek proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko neurriak azaltzea.

5) Proiektuaren parte-hartze gradua:

a.– Eragindakoak, senideak edo boluntarioak inplikatzeko proiektuaren diseinuan, abiaraztean eta ebaluazioan hartu diren neurriak azaltzea.

b.– Komunitatearen edo boluntarioen eremuko beste entitate publiko, elkarte, federazio edo entitate batzuekiko koordinazioa:

6) Hizkuntza-normalizazioa eta euskararen erabilera bermatzeko estrategiak (azaldu nola egin den):

a.– Proiektua euskaraz zabaldu eta komunikatzea.

b.– Euskara erabiltzea proiektuarekin lotutako jardueretan.

d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

e) Gastua egiaztatzeko agirien zerrenda. Dokumentu horiek bat etorri beharko dute proiektuaren guztizko gastuarekin, eta gastu horrek, era berean, bat etorri beharko du eskabidean aurkeztutako proiektuaren hasierako aurrekontuarekin:

1) Amaierako proiektuaren zenbateko osoa.

2) Hasierako aurrekontuaren kontzeptu berberak.

3) Hasierako aurrekontuaren kontzeptuetan proportzio berbera.

Laguntza honi egotzitako zenbateko osoak emandako dirulaguntzaren parekoa izan behar du.

5.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatutako zenbatekotik eman den dirulaguntzaren zenbateko osoaren gastuaren fakturen, nominen edo bestelako ordainketa-egiaztagirien kopia sinplea. Egiaztagiri horiek entitatearen arduradunaren sinadura izan beharko dute, eta benetakoak direla ziurtatzeko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaie.

b) Proiektuan boluntarioek egiten duten lana justifikatzeko, boluntario bakoitzaren ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu behar da. Entitatearen legezko ordezkariaren sinadura behar du kopiak, eta datu hauek jaso behar ditu: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa eta boluntarioaren sinadura.

Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren zenbatespen ekonomikoa egingo da. Zenbateko hori elkartearen ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da hartuko aintzat, eta orduko 20 euroko gehieneko muga izango du.

c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari zatiak edo proiektuko funtsen kontura egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala. Agiri horiek horretarako esteka elektronikoen bidez ere egiazta daitezke.

d) 11.1. oinarriko g) apartatuan jasotako balorazio-irizpideetan aipatzen diren hizkuntza-normalizazioa eta euskararen erabilera bermatzeko estrategiak jasotzen dituzten agiriak.

e) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (agindu honetako 17.10 oinarriaren arabera).

6.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Honako gastu hauek dirulaguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat joko dira:

a) Entitate onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2026an egin beharko dira, eta gastua justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindu beharko da.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egindakoak izango dira, eta faktura bati dagozkion datuak izango dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Langile lan-kontratudunei dagozkien gastuak izanez gero, soldata-ordainagirien bidez justifikatutakoak. Ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazio ofizialeko buletinen araberakoak izan behar dute.

d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idatzi bat egingo du, eta entitatearen ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak bakarrik. Boluntarioen aseguruak bi kontingentzia estali beharko ditu: istripuak eta erantzukizun zibila. Erantzukizun zibilaren kasuan, gutxienez 300.506,05 euroko kapital aseguratua izan behar du istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, entitate aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertuko dira, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

7.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2026. urtean sortutakoak badira.

8.– Gehienez ere, jasotako laguntzaren zenbateko osoaren % 15 egotzi ahal izango zaie zeharkako gastuei, agindu honetako 4.3 oinarrian zehazten den bezala.

9.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, agindu honetako 20. oinarrian azaltzen den moduan.

10.– Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2027ko martxoaren 2a izango da.

15. oinarria.– Justifikazioaren akatsak zuzentzea.

Justifikazio-agirietan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo dokumentazioa aurkezteko eskatutako zaio entitateari.

Eskatutakoa adierazitako epean zuzentzen ez bada, agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Honela ordainduko dira laguntzak:

a) % 70, behin emakida onartutakoan, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, agindu honetako 17.1 oinarrian ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, proiektua gauzatu izana eta haren gastu osoa justifikatu eta gero, agindu honetako 14. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

2.– Ez da ordainketarik egingo baldin eta entitate onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirua itzuli behar duela adierazten duen ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

17. oinarria.– Elkarte onuradunen betebeharrak.

Elkarte onuradunek oso-osorik beteko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako xedapenak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte, indarrean dagoen araudiak adierazitako betebeharrez gain:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunek dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badiote 10 egun balioduneko epean esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Betetzea Eusko Jaurlaritzak hirugarren interesdunaren datuei alta emateko duen inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidearen inprimakia, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira inprimakiok. Behar den inprimakia eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Jasotako laguntza guztia erabiltzea diruz lagundutako proiektua gauzatzeko.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Diruz lagundutako proiektuari jarritako betekizunak eta baldintzak bete direla eta proiektua gauzatu dela justifikatzea.

7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende jartzea.

8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea laguntzen zertarakoa kontrolatzeko eskatu duten informazio guztia.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.

10.– Publizitatean edo egiten diren dokumentuetan Osasun Sailaren babesari buruzko aipamen bat sartzea. Aipamen hori, Sailak gainbegiratu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera txertatuko da. Eskuliburua hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

11.– Euskadi Aktiboa plataforman elkartea baliabide komunitario gisa ikusaraztea. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/

18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Agindu honetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, agindu honetako oinarri erregulatzaileetan ezarritakoaren arabera.

Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta, 20/2023 Legearen 25.1 artikuluan jasotako betekizunak betetzen badira.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

19. oinarria.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak egoki deritzen gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan ezarritako arauak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz soilik eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Elkarteak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskabide-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0088713/web01-tramite/es/

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Dirulaguntzak emateko ezarritako baldintzen ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak aplikatuko dira honako hauek zehazteko: entitate onuradunak azkenean jasoko duen zenbatekoa edo, hala badagokio, itzuli behar duen zenbatekoa, betiere proportzionaltasun-printzipioa betez.

2.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honen 17. oinarrian, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak, galdu egingo du emandako laguntza jasotzeko eskubidea.

3.– Osasuna eta Eraldaketa Digitalaren sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzultzeko prozedura, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki eta entitate interesdunari entzun ondoren. Espediente horretan, administrazio-ebazpen bidez adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola jasotako zenbatekoak, baita dagozkion berandutze-interesak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean itzulketari, horren kausei eta jarraitu beharreko prozedurari buruz ezarritakoarekin, 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin.

4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako itzulketa-arrazoiez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko kausa izango dira, eta jasotako dirulaguntza osorik itzuli behar izatea ekarriko dute:

a) Entitate interesdunak dirulaguntzari uko egitea, aurretik dirulaguntzaren ordainketa jaso badu.

b) Agindu honetako 4. oinarrian jasotako baldintzak ez betetzea.

c) Justifikazioak ez hartzea eskabidean aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, eta bi aurrekontuen artean % 25etik gorako desbideratzea egotea.

5.– Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta betiere hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa desbideratzearen proportzio berean murriztuko da.

6.– Agindu honetako 5. oinarrian xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli egin beharko da baldin eta laguntzaren zenbatekoak diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu, berak bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu horretan, soberako kostua eta dagokion berandutze-interesa soilik itzuli beharko da.

7.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da, proportzionaltasun-printzipioaren arabera, eta, betiere, baldintzak guztiz bete ez arren nabarmen bete badira eta entitateak egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du inola ere eragin jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. oinarrian aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

8.– Itzultzen diren diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

22. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Deialdi hau kudeatzeko eskuratutako datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen mende egongo da: 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa), eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Datuak babesteko ordezkariak tratamendu-jardueren erregistroan aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako prestatutako klausuletan oinarrituta, ezartzen da datu pertsonalak tratatu egingo direla eta Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

3.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Xedea: osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egin beharreko eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: bankuak, kutxak eta landa-kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.

– Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, baita informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml

4.– Datuen babesari buruzko araudia:

– (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

– 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.


Azterketa dokumentala