
91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (403 KB - 18 orri.)
- EPUB (414 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2068
AGINDUA, 2026ko apirilaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituena eta 2026an haiek emateko deialdia egiten duena.
Maila sozioekonomikoa biztanleriaren osasunean eragina duen faktore bat da; izan ere, haren araberakoa da, neurri handi batean, sendatzeko edo osasuna hobetzeko beharrezkoak diren sendagaiak edo osasun-produktuak eskuratzeko gaitasuna.
Sendagaiak edo osasun-produktuak oinarrizko ondasunak dira, eta beharrezkoak dira agindutako tratamenduak betetzeko eta osasuntsu samar izateko. Hortaz, egoera ekonomiko ahulenean dauden taldeek sendagaiak edo osasun-produktuak eskuratzeko orduan ekitate-printzipioa sustatzeko, komenigarritzat jotzen da deialdia egitea EAEko osasun-sistemako langileek agindu dituzten eta finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzetarako.
Euskadiko Osasun Publikoaren azaroaren 30eko 13/2023 Legeak (aurrerantzean, EOPL) 1. artikuluaren a) apartatuan honako hau ezartzen du legearen helburu gisa: «Herritarren osasuna babestea, sustatzea, mantentzea eta hobetzea, bai esparru indibidualean, bai kolektiboan, oinarri hartuta justizia sozialaren, giza eskubideen, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen printzipioak, eta euskarria ebidentzia zientifikoan duten politika eta jardunbideen bitartez».
Ildo horretatik, EOPLren 4. artikuluak honela definitzen du osasuneko ekitatea: «herritarren eta gizarte-taldeen osasunean berdintasuna bilatzen duen egoera eta helburu soziala; alegia, saihestu edo gutxitu daitezkeen baldintza indibidualek, sozialek edo ekonomikoek sorturiko desberdintasunik gabe».
Halaber, EOPLk, 5.b) artikuluan, hau ezartzen du printzipio gidari gisa: «Ekitatea osasunean eta pertsonen edo kolektiboen arteko osasun-desparekotasunak gutxituko dituzten osasun publikoko politikak eta esku-hartzeak garatzea, osasunaren determinatzaileei modu eraginkorrean helduta eta, bereziki, egoera ahulenean dauden kolektiboei begiratuta». Printzipio horrek sustatu behar ditu osasun publikoko jarduerak, prestazioak eta zerbitzuak. Honako hauetan bezala: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 6. artikulua, zeinak ekitatea EAEko osasun-sistemaren printzipio taxutzaile gisa jasotzen baitu; eta Euskadiko osasun-sisteman pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuaren 6.a) eta 7.a) artikuluak, zeinetan ekitate-printzipioa eskubidetzat hartzen baita, EAEko osasun-sistema antolatzeari eta kudeatzeari dagokionez eta osasun-politika espezifikoei dagokienez.
Ondorioz, EOPLren 7. artikuluak herritarrek osasun publikoaren arloan dituzten eskubideak zerrendatzen ditu, eta lege beraren 8. artikuluak berdintasunerako eta ekitaterako eskubidea ezartzen du: «1. Pertsona guztiek dute benetako berdintasun eta ekitaterako eskubidea osasun-arloko esku-hartze, prestazio eta zerbitzu guztietan, diskriminaziorik pairatu gabe sexuagatik, adinagatik, etniagatik, erlijioagatik, egoera sozioekonomikoagatik, gaitasun funtzionalagatik, iritziengatik, sexu-orientazioagatik edo beste edozein inguruabar edo egoera pertsonal edo sozialengatik. 2. Herritarrek osasun-egoerarik hoberena lortzeko aukera-berdintasunerako eskubidea dute; horretarako, administrazio eskumendunek garatuko dituzte, besteak beste, ahalik eta gizarte-ekitate handiena ekarriko duten politika sektorialak ekonomian, enpleguan, lan-arloan, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan, hartara osasun-arloko ekitateari mesede egiteko, pertsonen bizi-baldintzak kontuan hartuta».
Euskadiko Osasun Plana osasun-sistemaren plangintza eta programazioa egiteko tresna gorena da; han zehazten dira osasun-politikarako osasun-helburuak, eta han definitzen dira erantzuna eman behar zaien lehentasunak. 2030eko Osasun Planaren «2.2. helburu espezifikoan: Arriskuak prebenitzea eta horiekin lotutako osasun-arazoei goiz heltzea», 3. apartatuan honako hau ezartzen da helburu espezifiko gisa: «Kolektibo behartsuenen edo dauden baliabideak eskuratzeko aukera txikiago dituztenen osasun-sustapena, -prebentzioa eta -laguntza bermatzea, desberdintasun-ardatzen bidez».
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluak adierazten duenez, plan estrategiko baten bidez planifikatu beharko dira, aldez aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren dirulaguntzak. Plan horretan zehaztu behar da, betiere aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betez, zer helburu eta ondorio lortu nahi diren, zer epetan lortu behar diren, zenbateko kostuak aurreikusten diren, zer finantzaketa-iturri dituzten, eta planaren helburuarekin erlazionatutako zein ekintza eta adierazle erabiliko diren dirulaguntzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Planak lau urteko indarraldia izango du, salbu eta, bertan jasotako ekintzen ezaugarriengatik, epe luzeagoa behar bada.
Osasun Sailaren 2024-2028ko aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak. eranskinaren 3.1.5 epigrafean. «Agindutako tratamendu medikoak betetzeko laguntzak» jasotzen ditu, «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan. Laguntzei buruzko agindu hau bat dator plan estrategiko horrekin, bai eta Osasun Sailaren 2026ko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Planarekin ere. Plan hori Osasuneko sailburuaren 2026ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen. Bi plan horiek organo sustatzailearen bulegoetan kontsulta daitezke, hau da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzan, edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/
Agindu honetan jasotako laguntzak ez dira estatu-laguntzatzat hartzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, eta, beraz, ez da beharrezkoa Europako Batzordearen aurrean inolako izapiderik egitea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onespena ematea, eranskinean esandako eran, EAEko osasun-sistemako langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzetarako deialdia arautzeko oinarriei; laguntzak 2025eko ekitaldiko abenduaren 1etik 31ra bitarteko aldiari eta 2026ko ekitaldiko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoari dagozkie.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia eta izapidetzea.
Agindu honen bidez iragartzen den deialdia eta hura garatzeko egingo diren jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean bildutako oinarrizko araudiaren mende egongo dira.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean (aurrerantzean, APAPEL) ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren mende egongo da. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 29a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Deialdiaren eremua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da EAEko Osasun Sistemako langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzetarako deialdia egitea 2025eko ekitaldian, 2025eko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta 2026ko ekitaldian, 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean.
2.– Laguntza horien helburua da EAEko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoa betetzeko egin dituzten gastuak finantzatzea onuradunei; betiere, finantzaketa publikoa duten tratamendu farmakologikoei eta efektu eta osagarriei dagokienez.
2. oinarria.– Laguntzen onuradunak. Betekizunak.
1.– Hona hemen nork jaso ditzaketen laguntzak:
a) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrek, baldin eta Gizarte Segurantzako pentsiodunak badira, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta EAEko Osasun Sistemak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.
b) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrek, baldin eta legezko langabezia-egoeran badaude, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta EAEko Osasun Sistemak bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.
c) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrek, baldin eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute beren laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren modalitatean, eta EAEko Osasun Sistemak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.
d) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularren onuradunek –aurreko hiru apartatuetan aipaturiko titularrenek–, baldin eta EAEko Osasun Sistemak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.
e) Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrek, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.
2.– Aurretik adierazitakoaz gain, MUFACEk, MUGEJUk edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titularrek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak badira (klase pasiboak) eta haien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; haien onuradunek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude.
3.– Aurreko apartatuetan deskribatutako onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako ezein inguruabarretan.
b) Egunean izatea bai Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Laguntza eskatzeko inprimakian, baimena eman ahal izango zaio instrukzio-organoari ofizioz egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela. Baimen hori berariaz ukatuz gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak, laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehen.
4.– Onuradunek prozesu osoan bete beharko dituzte betekizun horiek guztiak, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte.
5.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.
3. oinarria.– Diru-sarreren muga urteko errentetan zenbatzea.
1.– Sendagaien eta osasun-produktuen bermeen eta erabilera zentzuzkoaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 102. artikuluaren arabera, deialdi honetan ezartzen den 18.000 eurotik beherako urteko errentetako diru-sarreren muga honako kopuru hauen arabera neurtuko da: 2025eko abenduan egindako gastuei dagokienez, 2024ko ekitaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpeneko likidazio-oinarri orokorraren eta aurrezpenaren likidazio-oinarriaren laukian adierazitako zenbatekoa; 2026ko ekitaldian egindako gastuei dagokienez, 2025eko ekitaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpeneko likidazio-oinarri orokorraren eta aurrezpenaren likidazio-oinarriaren laukian adierazitako zenbatekoa.
2.– Zerga-ordainketaren modalitatea baterakoa bada, likidazio-oinarriaren, likidazio-oinarri orokorraren eta aurrezpenaren likidazio-oinarriaren laukietan adierazitako guztizkoa esleituko zaio zerga-aitorpenaren modalitate horretako zergadun bakoitzari.
3.– Eskatzaileak ez badu aurkeztu errenta-aitorpena, pentsatuko da urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituela, farmaziako ekarpen-kodea TSI 002.01 edo TSI 003 bada.
4. oinarria.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura eta organo kudeatzailea.
1.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa bi milioi eta bostehun mila (2.500.000) eurokoa da. Baliabide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.
2.– Mugen barruan erabil daitekeen gehieneko zenbateko osoaz gain, zenbateko gehigarri jakin bat edo ehuneko bat ezarri ahal izango da, eta, zenbateko hori dirulaguntzak ematean aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Hala ere, betekizun hauek bete beharko dira zenbateko gehigarria zehaztu eta aplikatu ahal izateko:
a) Zenbateko gehigarria aplikatzeko, deialdian aurreikusita egon behar du aukera horrek edo deialdian ezarrita egon behar du gehigarriaren zenbatekoak.
b) Gehieneko zenbatekoak handitzea xedatzen duen ebazpena deialdia argitaratzen den modu berean argitaratu beharko da, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere.
3.– Gehieneko zenbatekoak handitzea xedatzen duen ebazpena Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eman beharko du, eta deialdia argitaratzen den modu berean argitaratu beharko da, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere.
4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluaren azken paragrafoaren arabera, funtsak amaitzen direnean, eskatzen diren dirulaguntza berriak eten edo ukatzeko ematen da horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5.– Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.
5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– EAEko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko 2025eko abenduaren 1etik abenduaren 31rako eta 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetan ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak itzuliko zaizkie onuradunei, betiere finantzaketa publikoa duten tratamendu farmakologikoei eta efektu eta osagarriei dagokienez.
2.– Halaber itzuli ahal izango dira EAEko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko 2026ko epealdi berean ordaindu behar diren eta finantzaketa publikoa duten produktu dietetikoen zenbatekoak.
3.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
6. oinarria.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
1.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntza bateragarria izango da beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuek (estatukoek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoetakoek) emandako dirulaguntzekin, laguntzekin, diru-sarrerekin edo baliabideekin.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da sekula izan, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Kostu hori gainditzen bada, oinarri hauen babespean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
3.– Onuradunek hitzeman behar dute ez dela gainfinantzaketarik egongo. Hori eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egin behar dute.
7. oinarria.– Eskabideak izapidetzeko moduak.
Eskabideak bi modutara izapidetu ahal izango dira: izapidetze erraztuaren bidez eta izapidetze arruntaren bidez.
8. oinarria.– Izapidetze erraztuko eskabideak.
1.– Oro har, izapidetze erraztuaren bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, baldin eta organo kudeatzaileak eskabideak ebazteko behar besteko informazio badu, bai pertsonaren onuradun-izaeraren gainean eta bai laguntzaren xede den gastuaren gainean, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena eman ahal izateko.
2.– Izapidetze erraztua 2.1 oinarrian zehaztutako eskatzaileek erabili ahal izango dute, baldin eta diruz laguntzekoa den gastua EAEko Osasun Sistematik kanpo egiten ez bada. Kanpoan egiten den gastua ordaintzeko, beste eskabide bat izapidetu beharko da, hurrengo oinarrian arautzen den prozedura arruntaren bidez.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako egoeran dauden pertsonek I. eranskineko eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan, Administrazioari baimena emango zaio onuraduna nor den egiaztatzeko eta laguntzaren helbururako gastua egin dela egiaztatzeko eta ondoren ordainketa egiteko eskatzaileak adierazten duen eta bera titularra den kontuan Eskabide hori Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza euskal osasun-zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bulegoetan bertan izapidetu ahal izango da, baina aurretik hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean.
4.– Izapidetze elektronikoa https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336326 helbidean egin daiteke, eta helbide horretan dago izapidetze erraztuko prozeduraren informazio-fitxa ere. Fitxa horretan, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak daude eskuragarri, eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen du
5.– Pertsonako izapidetze erraztuko eskabide bakarra onartuko da. Pertsona batek izapidetze erraztuko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, soilik aintzat hartuko da behar bezala lehenengo aldiz aurkeztutakoa.
6.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Eskabidea, behar bezala beteta.
b) Eskatzailea titular gisa agertzen den orriaren fotokopia eta banku-kontuaren zenbakia. Fotokopia hori ez da aurkeztu beharko, baldin eta interesdunak laguntza hauek jaso baditu aurreko deialdietan, eta ordainketa dagoeneko egiaztatua duen kontuan egiteko eskatzen badu.
c) Interesdunak, eskabidean espresuki adierazten badu Administrazioaren zuzeneko egiaztapenaren aurka dagoela, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
– Zerga-organoek emandako administrazio-ziurtagiri positiboa, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena.
– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboa.
d) Eskatzailea neurri judizialen mende badago, tutoreak, kuradoreak edo defendatzaile judizialak haren ordezkaritza duela egiaztatu beharko du, ebazpen judizial baten bidez.
e) Eskatzailea emantzipatu gabeko adingabea bada, aitak edo amak haren ordezkaritza egiaztatu beharko du, familia-liburuaren kopiaren edo Erregistro Zibilaren ziurtagiriaren edo laburpen digitalaren bidez.
9. oinarria.– Izapidetze arrunteko eskabideak.
1.– Izapidetze erraztua egiterik ez badago, izapidetze arruntaren bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, aurreko oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz. Honako kasu hauetan:
a) Diruz laguntzekoa den gastua EAEko Osasun Sistematik kanpo egiten bada Estatutako Osasun Sistemaren esparruan.
b) Baldin eta agindu honetako 2.2 oinarrian zehaztutako pertsonen arlokoa bada eskabideak izapidetzea.
2.– Eskabide-eredua Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bulegoetan bertan izapidetu ahal izango da, baina aurretik hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean.
3.– Izapidetze elektronikoa https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336325 helbidean egin daiteke, eta helbide horretan dago izapidetze arrunteko prozeduraren informazio-fitxa ere. Fitxa horretan, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak daude eskuragarri, eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen du.
4.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Eskabidea, behar bezala beteta.
b) Estatuko Osasun Sistemako Osasun Zerbitzu Publikoaren errezetak, edo hartzen ari den tratamenduaren orria, diruz laguntzekoak diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.
c) Erositako produktuak ordaindu izanaren egiaztagiriak, adierazten dutenak zer produktu hartu diren eta eskatzaileak zer ekarpen egin dituen dagokion aldian, diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, edo farmazia-bulegoaren jatorrizko faktura.
d) Eskatzailea titular gisa agertzen den orriaren fotokopia eta banku-kontuaren zenbakia. Fotokopia hori ez da aurkeztu beharko, baldin eta interesdunak laguntza hauek jaso baditu aurreko deialdietan, eta ordainketa dagoeneko egiaztatua duen kontuan egiteko eskatzen badu.
e) Interesdunak, eskabidean espresuki adierazten badu Administrazioaren zuzeneko egiaztapenaren aurka dagoela, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
– Zerga-organoek emandako administrazio-ziurtagiri positiboa, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena.
– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboa.
f) Eskatzailea neurri judizialen mende badago, tutoreak, kuradoreak edo defendatzaile judizialak haren ordezkaritza duela egiaztatu beharko du, ebazpen judizial baten bidez.
g) Eskatzailea emantzipatu gabeko adingabea bada, aitak edo amak haren ordezkaritza egiaztatu beharko du, familia-liburuaren kopiaren edo Erregistro Zibilaren ziurtagiriaren edo laburpen digitalaren bidez.
10. oinarria.– Eskabideak izapidetzea
1.– Eskaerak aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dira, 11. oinarriaren arabera.
2.– Aurrez aurre aurkezteari dagokionez, eskabideak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzaren osasun-zentroetan edo Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira. Azken horren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.
3.– Izapidetze elektronikoari dagokionez, eskabideak APAPELen 16.4 artikuluan adierazitakoaren arabera aurkeztu ahal izango dira, helbide hauetan: izapidetze errazturako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336326 eta, izapidetze arrunterako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336325,
4.– Interesdunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete prozedura honetako izapide guztiak egiteko, eskatzeko eta kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
5.– Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako sinadura elektronikoko sistemen bidez identifikatuko dute beren burua. Egoitza elektronikoan daude eskuragarri identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskabide-inprimakia eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336325 eta https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336326
7.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
9.– Ahalordetzeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
11. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Izapidetze arruntari dagokionez, eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko abenduaren 10ean amaituko da.
2.– Eskatzaile bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio. Pertsona batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, soilik aintzat hartuko da behar bezala lehenengo aldiz aurkeztutakoa. Lehendik eskabide bat erregistratua duenak beste eskabide bat aurkezten badu, aurreneko eskabidea automatikoki ezetsi eta haren prozedura amaituko da, legez ezarritakoaren arabera ezeste-ebazpena emanda.
3.– Izapidetze arruntari dagokionez, interesdunek gehienez ere bi eskabide aurkeztu ahalko dituzte deialdi honetan. Bi eskabideetarako, aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta lehenengorako 2026ko ekainaren 10ean amaituko da eta bigarrenerako 2026ko abenduaren 10ean.
4.– Eskabidea elektronikoki aurkezten duen interesdunak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua.
5.– Eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar du. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
12. oinarria.– MUFACEk, MUGEJUk edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titular pentsiodunak (klase pasiboak)
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonek II. eranskineko eredua bete beharko dute eskabidea izapidetzeko, izapidetze arruntari jarraikiz, baldin eta MUFACEk, MUGEJUk edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titularrak badira, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak badira (klase pasiboak), eta haien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; haien onuradunek ere bete beharko dute eredu hori, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude.
2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Eskabidea, behar bezala beteta.
b) Egoera hauek egiaztatzen dituzten dokumentu ofizialen kopia: pentsiodun-izaera edo pentsiodunaren onuradun-izaera (klase pasiboak edo Erregimen Orokorra) eta MUFACEk, MUGEJUk edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezietako afiliazioa.
c) Hartzen ari den tratamenduaren orria edo errezetaren paperezko kopia, diruz laguntzekoak diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.
d) Erositako produktuak ordaindu izanaren egiaztagiriak, adierazten dutenak zer produktu hartu diren eta eskatzaileak zer ekarpen egin dituen dagokion aldian, diruz lagundu daitezkeen, elektronikoki izapidetu ez diren edo diren eta Estatuko Osasun Sistemako langileek agindu dituzten gastuei dagokienez.
e) Eskatzailea titular gisa agertzen den orriaren fotokopia eta banku-kontuaren zenbakia. Fotokopia hori ez da aurkeztu beharko, baldin eta interesdunak laguntza hauek jaso baditu aurreko deialdietan, eta ordainketa dagoeneko egiaztatua duen kontuan egiteko eskatzen badu.
f) Interesdunak, eskabidean espresuki adierazten badu Administrazioaren zuzeneko egiaztapenaren aurka dagoela, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
– Zerga-organoek emandako administrazio-ziurtagiri positiboa, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena.
– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboa.
g) Eskatzailea neurri judizialen mende badago, tutoreak, kuradoreak edo defendatzaile judizialak haren ordezkaritza duela egiaztatu beharko du, ebazpen judizial baten bidez.
3.– Diru-sarrerei buruzko datuak (PFEZren aitorpena edo diru-sarrera nahikorik ez izateagatik aitorpena egitera behartuta ez egotearen ziurtagiria) organo kudeatzaileak kontsultatuko ditu, ofizioz, salbu eta interesdunak aurka egiteko eskubidea baliatzen badu; kasu horretan, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan likidatutako PFEZren aitorpena aurkeztu beharko du.
Diru-sarrerak agindu honetan ezarritako baldintzetan egiaztatzeko asmo hutsez, Osasun Sailak behar-beharrezkoa den informazioa eskatuko die foru-ogasunei, NISAE elkarreragingarritasun-nodoko PFEZ Errenta Maila Zerbitzuaren bidez.
4.– Organo kudeatzaileak ofizioz kontsultatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dagoela, elkarreragingarritasunik ez duten udalerrietan izan ezik; kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
5.– Kasu horietan, 10. eta 11. oinarrietan adierazitako epean eta tokietan aurkeztu beharko dira eskabideak.
13. oinarria.– Eskabideak zuzentzea.
Dirulaguntzetarako eskabideak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean eskaeran atzera egiten duela eta hala hartuko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, APAPELen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Hauek dira onuradunen betebeharrak:
a) Laguntza honen xede den gastua deialdi honetan zehaztutako epean egitea.
b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan agindutakoa betetzea.
2.– 1b) apartatuko betebeharrak bete direla egiaztatzeko, eskabideak berekin dakarren erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango da, edo, hala badagokio, dagokion dokumentazioa aurkeztu.
15. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Laguntzak emateko, ondoz ondo emateko prozedurari jarraituko zaio. Prozedura horren arabera, aldez aurretik ezarritako betekizunak bete besterik ez dute egin beharko eskatzaileek; ez da haien artean konparaziozko ebaluaziorik egingo, eta ez dira batera aztertuko ere.
2.– Garaiz eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta izapidetuko dira eskabide guztiak.
3.– Eskabide bakoitzerako zehaztuko da dirulaguntza emango den ala ez eta diruz zenbateraino lagundu daitekeen.
4.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa zehaztu ondoren, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamen bat egingo du, eta hauek adieraziko ditu ebazpen-proposamen horretan: onuradunen zerrenda, finantzatuko den eskabide bakoitzarentzat proposatutako zenbatekoak, ukatzea proposatzen duen eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak.
5.– Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei.
16. oinarria.– Ebazpena.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak ebatziko du laguntzen deialdia, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariak proposatuta, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik.
2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Emakidetan, honako hauek identifikatuko dira: onuraduna, esleitutako zenbatekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan zehazten diren alderdiak. Dirulaguntza ukatuz gero, ukatzeko arrazoiak azalduko dira.
3.– Planteatzen den izapidetze-era edozein dela ere, laguntzaren xedeari dagokion gastua zehaztu ostean, laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak emango ditu Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, bat 2026ko bigarren hiruhilekoan eta bestea 2026ko laugarren hiruhilekoan, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako eta 2026ko ekainaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako hurrenez hurren. Edozelan ere, izapidetze arruntean formulatutako eskabideen gaineko ebazpenek, gainera, eskabideotan jasotako eskaera zehatzarekiko koherenteak beharko dute izan.
4.– Beraz, prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Gehieneko epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek pentsatu beharko dute eskabidea ezetsi zaiela, APAPELen 25.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Aurrekoa alde batera utzi gabe, izapidetze-era edozein dela ere, eskabidea 2026ko ekainaren 10etik aurrera egiten bada, laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpen bakarra eman eta jakinaraziko da 2026ko laugarren hiruhilekoan, dirulaguntzari dagokion aldi osoan onuradun interesdunek egindako gastuak aintzat hartuta.
6.– Kasu horretan, prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez. Gehieneko epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek pentsatu beharko dute eskabidea ezetsi zaiela, APAPELen 25.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.
7.– Ebazpena, interesdunei jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ bai eta helbide hauetan ere: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336326 eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336325;
8.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, APAPELen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.
17. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Ez da beharrezkoa izango ondoren justifikaziorik betetzea. Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa dirulaguntzaren justifikazioa izango da.
2.– Nolanahi ere, Administrazioak egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmena du, eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du, egokitzat joz gero.
18. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta bi hilabete igaro baino lehen ordainduko zaizkie emandako laguntzak onuradunei.
2.– Ez da ordainketarik egingo baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak ez baditu, edo dirua itzuli behar duela adierazten duen ebazpen bat dela medio zorduna bada.
19. oinarria.– Ez-betetzeak, eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztugabetasun, faltsutze edo ez-egiteren bat hautematen bada, eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.
2.– Egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala badagokio– eta helburu bereko beste prozedura batera ezin aurkeztu izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
RSS