Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2025eko apirilaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1840

AGINDUA, 2025eko apirilaren 8koa, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2024ko eta 2025eko laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak erregulatzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretu horretan erregulatzen dira gaixotasun- eta beharrizan-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak bete ditzaten, tratamenduok finantzaketa publikoaren xede direnean betiere.

Dekretu hori aldatu egin da; lehenik, azaroaren 14ko 247/2017 Dekretuaren bidez (azaroaren 17ko EHAA, 220. zk.), dekretu horren 3. artikuluan ezartzen diren laguntzen onuradunen kolektiboa handitzeko, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren zenbait apartatu aldatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen arazoaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari egokitu dadin, eta Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak jarrai dezan aipatu laguntzak kudeatzeko eskumenak izaten.

Eta, bigarrenik, 2019ko otsailaren 5eko 16/2019 Dekretuaren bidez aldatu da (otsailaren 11ko EHAA, 29. zk.), Osasun Sistema Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzko uztailaren 27ko 7/2018 Errege Lege Dekretura egokitzeko. Izan ere, 7/2018 Errege Lege Dekretuak Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.1 eta 3 ter artikuluak aldatzen ditu, eta ezartzen du osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titular direla, batetik, espainiar nazionalitatea dutenak eta Espainian bizilekua duten atzerritarrak, eta bestetik, Espainian erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, espainiar nazionalitatea dutenen baldintza berberetan osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea duten heinean.

Aipatutako 447/2013 Dekretuak dioenez, Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntza horien deialdia egitea. Zehatz esanda, 2.2 artikuluaren arabera, «Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea, honako hauek adieraziko dituen agindua emanez: laguntzak zehazteko aldiak, izapideei –zuzenekoei zein elektronikoei– buruzko zehaztapenak, eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua, laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, bai eta horiek emateko baldintzak egiaztatzeko eskatutako agiriak eta eskaera-eredua ere; hori guztia dekretu honetan jasotako arauak garatuz eta aplikatuz».

Artikulu hori aplikatuz, 2013ko abenduaren 23ko Agindua onartu zen (2013ko abenduaren 31ko EHAAn, 248. zenbakian, argitaratua), zeinarekin deialdia egiten baitzen agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013. eta 2014. urteetarako laguntzak emateko. Deialdi horretan, 2013ko uztailaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitartean eta 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntza horiek arautzen dira.

Urtero argitaratu dira laguntzak arautzeko aginduak, eta azkena Osasuneko sailburuaren 2024ko martxoaren 13ko Agindua da (2024ko martxoaren 26ko EHAA, 62. zk.), zeinaren bidez deialdia egiten baita 2023ko eta 2024ko laguntzak emateko errazteko bete daitezen agindutako tratamendu medikoak. Deialdi horretan, 2023ko abenduaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra eta 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntza horiek arautzen dira.

Aurrekoa kontuan hartuta, agindu honen bidez beste deialdi bat egiten da 2024-2025 aldirako.

Deialdi hau Osasun Sailaren 2024-2028 ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoan eta 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen urteko planean sartuta dago. Bi plan horiek Osasuneko sailburuaren 2025eko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu ziren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude argitaratuta, iragarki-oholean: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Zehazki, laguntza horiek bidea ematen dute gaixotasun- eta beharrizan-egoera objektiboan dauden pertsonek errazago bete ditzaten Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako eta finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoak.

Horren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

Agindu honen xedea da Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzetarako deialdia egitea, 2024ko ekitaldian, 2024ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta, 2025eko ekitaldian, 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa bi milioi eta bostehun mila (2.500.000) eurokoa da. Baliabide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.

2.– Deialdi honetan guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du aurrekontu-kontsignazio hori gaindituko, edo, baldin eta, indarrean dauden legeen arabera, aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza gaindituko.

3.– Halaber, deialdi honetarako kontsignatutako kreditua eta hura eguneratzearen ondoriozkoa agortzen bada, inguruabar horri publizitatea ematearren, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat emango du, zeinetan zehaztuko baita zein egunetan agortu zen kreditua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; guztia ere, azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuko 11. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Gaixotasun- eta beharrizan-egoera objektiboan dauden pertsonek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, betetzen badituzte laguntza horien onuradun izateko azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako baldintzak (dekretu horren bidez arautzen baitira agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak), eta deialdi honetan zehaztutako aldian egin badute laguntza horien xede den gastua. Zehatz esanda:

a) Osasun-babeserako eta arreta sanitariorako eskubidearen titularrak, baldin eta Gizarte Segurantzako pentsiodunak badira, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta EAEko sistema sanitarioak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

b) Osasun-babeserako eta arreta sanitariorako eskubidearen titularrak, baldin eta legezko langabezia-egoeran badaude, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta EAEko sistema sanitarioak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

c) Osasun-babeserako eta arreta sanitariorako eskubidearen titularrak, baldin eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute beren laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren modalitatean, eta EAEko sistema sanitarioak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

d) Osasun-babeserako eta arreta sanitariorako eskubidearen titularren onuradunak –aurreko hiru apartatuetan aipaturiko titularrenak– baldin eta EAEko sistema sanitarioak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

e) Espainian erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta arreta sanitariorako eskubidea badute Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.

2.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsonek ezin izango dute lehiaketan parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenek, horretan barne direla Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aplikatzearen ondoriozkoak.

3.– Organo kudeatzaileak erabaki ahal izango du onuradunari ordaintzeko dauden zenbatekoak eteteko, Administrazioak berak kautelazko neurri gisa emandako beste dirulaguntza batzuen ondorioz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Eskatu ahal izango da, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko, egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Automatikoki egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.6 artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.e) artikuluarekin eta haren Erregelamenduaren 22.4 artikuluarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, orduan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu egoera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko, 2024ko abenduaren 1etik abenduaren 31rako eta 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetan ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak itzuliko zaizkie onuradunei, betiere finantzaketa publikoa duten tratamendu farmakologikoei eta efektu eta osagarriei dagokienez.

2.– Halaber, ordaindu ahal izango dira 2025eko epealdi berean ordaindu behar diren zenbatekoak, hain justu ere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzearen ondoriozkoak, finantzaketa publikoa duten produktu dietetikoei dagokienez.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte; hartarako, administrazioan onartutako sinadura elektronikoko sistemen bitartez identifikatuko dira.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» baliatuta: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6. artikulua.– Izapidetze erraztua.

1.– Oro har, izapidetze erraztuaren bitartez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, baldin eta organo kudeatzaileak eskabideak ebazteko behar besteko informazio badu, bai pertsonen onuradun-izaeraren gainean, bai laguntzaren xede den gastuaren gainean, eta eskatzaileek baimena eman badiote berariaz aipatutako datu horiek egiaztatzeko.

2.– Beraz, pertsona hauek erabili ahal izango dute izapidetze erraztua:

a) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun-txartelaren titularrak badira, baita beren onuradunak ere, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, prozedura arrunta erabiliz (hurrengo artikuluan arautua).

b) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, langabeziaren legezko egoeran daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira, baita beren onuradunak ere, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, prozedura arrunta erabiliz (hurrengo artikuluan arautua).

c) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira, baita beren onuradunak ere, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, prozedura arrunta erabiliz (hurrengo artikuluan arautua).

d) Espainian erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute espainiar nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.

3.– Egoera horretan dauden pertsonek I. eranskineko eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan, Administrazioari baimena emango zaio ordainketa egiteko eskatzaileak adierazten duen kontuan. Horretarako, lehenago egiaztatu beharko da, batetik, nor den onuraduna, eta, bestetik, laguntzaren helbururako gastua egin dela. Eskaera hori eskuragarri egongo da, halaber, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.

4.– Izapidetze erraztuko prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dituena eta eskabide-inprimakian sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336324

7. artikulua.– Izapidetze arrunta.

1.– Izapidetze erraztua egiterik ez badago, izapidetze arruntaren bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Hau da:

a) Eskatzaileak Administrazioari berariazko baimenik ematen ez badio gastuari buruzko datuak egiaztatzeko.

b) Dirulaguntzaren xedea den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada.

c) Baldin eta agindu honetako bigarren xedapen gehigarrian zehaztutako pertsonen arlokoa bada eskabideak izapidetzea.

2.– Kasu horretan, interesdunek, banako osasun-txartelaren bidez edo Euskal Osasun Sistemaren osasun-prestazioak jasotzeko bidea ematen duen dokumentu identifikatzailearen bidez nortzuk diren egiaztatu ondoren, eskabidea aurkeztuko dute, agindu honetako II. eranskineko eredua behar bezala betez. Eredu horri honako dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuraduna nor den egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Tratamendu aktiboaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak jasotzen dituena.

c) Eskuratutako produktua pagatu izana justifikatzeko agiriak, non jasotzen baitira hartu dituzten produktuen identifikazio-datuak eta eskatzaileak egindako ekarpenak, tokatzen den epealdian diruz lagundutako gastuei dagokienez.

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (pdf formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

3.– Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.

4.– Izapidetze arrunteko prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak dituena eta eskabide-inprimakian sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336323

8. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Dirulaguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Izapidetze-hizkuntza.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta eskatutako gainontzeko dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozeduran, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, horixe baitago ezarrita Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Deialdi osorako izapidetze erraztuko eskabide bat aurkeztea aski izango dute interesdunek, eta hori egin ahal izango dute edozein unetan, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik 2025eko abenduaren 10era arte.

2.– Izapidetze arruntari dagokionez, deialdi honetan interesdunek bi eskabide aurkeztu ahal izango dituzte gehienez ere; lehena, 2025eko ekainaren 10era arte, eta bigarrena, 2025eko abenduaren 10era arte, lehenengoan justifikatu gabeko gastuei dagokienez.

3.– Eskabideak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dira, Osakidetzaren osasun-zentroetan, Zuzenean – Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.

Era berean, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan eta honako helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336324 (izapidetze errazturako) eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336323 (izapidetze arrunterako).

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko zaizkie laguntzak onuradunei, organo kudeatzaileak proposatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa argitaratuz jakinaraziko da, bai, halaber, Osasun Saileko dagokion lurralde-ordezkaritzan, osasun-zentroetan eta helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336324 eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336323)

2.– Planteatzen den izapidetze-era edozein dela ere laguntzaren helburuari dagokion gastua zehaztu ostean, laguntzak esleitzeko ebazpenak emango dira, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpenaren bidez, bat 2025eko hirugarren hiruhilekoan, eta bestea 2026ko lehen hiruhilekoan, hurrenez hurren, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko maiatzaren 31ra bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako, eta 2025eko ekainaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako. Edozelan ere, izapidetze arruntean formulatutako eskabideen gaineko ebazpenek eskabideotan jasotako eskaera zehatzarekiko koherenteak beharko dute izan.

3.– Aurrekoa alde batera utzi gabe, izapidetze-era edozein dela ere, 2025eko ekainaren 10etik aurrera egiten bada eskabidea, laguntzak emateko ebazpen bakarra emango da 2026ko lehen hiruhilekoan, dirulaguntzari dagokin aldi osoan onuradunek egindako gastuak aintzat hartuta.

4.– Laguntzen onuradun-izaera aitortzeko eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da, berariazko ebazpenik ematen ez bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

12. artikulua.– Ordaintzeko era.

Laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik harako bi hilabeteko epean ordainduko zaizkie emandako laguntzak onuradunei.

13. artikulua.– Errekurtsoak.

Laguntzak baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako era eta epeetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetan ezartzen den 18.000 eurotik beherako urteko errentetako diru-sarreren muga honako kopuru hauen arabera neurtuko da: 2024ko abenduan egindako gastuei dagokienez, 2023ko ekitaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpeneko likidazio-oinarri orokorraren eta aurrezpenaren likidazio-oinarriaren laukian adierazitako zenbatekoa; 2025eko ekitaldian egindako gastuei dagokienez, 2024ko ekitaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpeneko likidazio-oinarri orokorraren eta aurrezpenaren likidazio-oinarriaren laukian adierazitako zenbatekoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonek, eskabidea izapidetzeko, II. eranskineko eredua bete beharko dute, izapidetze arruntari jarraikiz. Horretarako, MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titular eta 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak izan beharko dute (klase pasiboak), betiere bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; beren onuradunek ere eredu horren bidez egin ahal izango dute eskaera, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude eta barne hartuta badaude Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren xedapen gehigarrietako bigarrenaren 1. eta 2. apartatuetan.

2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

a) Egoera hauek egiaztatzen dituzten dokumentu ofizialen kopia: pentsiodun-izaera edo pentsiodunaren onuradun-izaera (Klase Pasiboak edo Erregimen Orokorra) eta MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezietako afiliazioa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.

c) Hartzen ari den tratamenduaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.

d) Erositako produktuak ordaindu izanaren egiaztagiriak, non adierazita dauden eskatzaileak dagokion aldian erositako produktuak eta egindako ekarpenak, elektronikoki izapidetu ez diren gastu lagungarriei edo Estatuko Osasun Sistemako langileek agindutako diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez.

3.– Diru-sarrerei buruzko datuak (PFEZ aitorpena edo diru-sarrera nahikorik ez egoteagatik horiek egitera behartuta ez egotearen ziurtagiria) organo kudeatzaileak kontsultatuko ditu ofizioz, salbu eta interesdunak aurka egiteko eskubide arrazoitua baliatzen badu; kasu horretan, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan likidatutako PFEZaren aitorpena aurkeztu beharko du.

Agindu honetan ezarritako baldintzei dagokienez diru-sarrerak egiaztatzeko xede bakarrez, Osasun Sailak behar-beharrezkoa den informazioa eskatuko die foru-ogasunei, NISAE elkarreragingarritasun-nodoko PFEZ– Errenta-maila Zerbitzuaren bidez.

4.– Kasu horietan, eskabideak 10. artikuluan aipatutako epean eta tokietan aurkeztuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta beronen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuz onartua; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; 447/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala