Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2023ko uztailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3614

AGINDUA, 2023ko uztailaren 11koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Bioef Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioak esklerosi anizkoitza gaixotasunaren gainean burutzen diren ikerketa-proiektuetarako emango dituen laguntzen deialdia egiten baita.

Aurreko urteetan bezala, 2022ko EITB maratoia ekimenak, zeinetan hainbat motatako elkarte eta erakundek aktiboki parte hartu duten, bai eta norbanako askok ere, diru-kopuru handia biltzea lortu du ikerketa biomedikoaren alde; oraingoan, esklerosi anizkoitzari buruz. Euskal Irrati Telebistaren eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zeina 2022ko urriaren 13an sinatu baitzen EITB Maratoia egiteko, ekimen solidario horren bidez bildutako funtsak esklerosi anizkoitzaren gaineko ikerketa bultzatzeko laguntzen deialdi honetara bideratuko dira, ikerketa-proiektuak finantzatu, ezagutza areagotu eta gaixotasun horren azterketan aurrera egiteko.

Bioef - Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa Osasun Sailak sortutako tresna da, EAEko sistema sanitarioan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko. Fundazioa, halaber, ikerkuntza eta berrikuntza sanitarioan diharduten sektoreen arteko erkidego-, estatu-, nazioarte-mailako elkarlan, lankidetza eta komunikazio-esparru bat da. Gainera, programa eta politika sanitarioak eta sektoreartekoak funtsatzen laguntzen du Bioefek, sistema sanitarioak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeko. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuari jarraikiz, Bioef sail horri atxikitako sektore publikoko fundazio bat da, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzen dio Zuzendaritza horri dagozkion funtzioetan.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Esparru horretan, Osasun Sailak, 2021-2024 Esparru Estrategikoan eta 2022-2025 Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Estrategia berriari esker, bi esparru estrategikoen bitartez sustatzen du ikerketa eta berrikuntza, eta 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan (ZTBP 2030) berriari lagundu dio, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategian oinarrituta. Osasun-ikerketaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, baita Jaurlaritzaren helburu nagusia lortzeko zutabea ere: euskal osasun-sistema publikoa, unibertsala, jasangarria eta kalitatezkoa zaintzea, eta ikerketaren emaitzak emaitza sozial eta ekonomiko bihurtzea, modu aktiboan lagunduz Euskadin osasunaren arloko ezagutza sortzen. Agindu hau bi esparru estrategiko horietako elementu instrumentalei lotuta dago, bereziki I+G+B sanitarioari buruzkoari.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoarekin, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea aldez aurretik sartzen da Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita Osasun Sailaren 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioari buruzkoetan –Osasun Sailaren egoitza elektronikoan argitaratua–. Agindu honen bidez emandako laguntzek Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dauden helburuak lortzen lagunduko dute, zehazki, ikerketa eta berrikuntza arloa garatzen (3.3 ardatz estrategikoa. Ikerketa eta berrikuntza), osasuneko ikerketa-proiektuak finantzatuz. Proiektu horien emaitzek eragina izango dute biztanleriaren eta hurrengo belaunaldien ongizatean. Halaber, 2022-2025 aldirako Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Estrategiaren –hor oinarritzen da agindu hau– helburu estrategikoetako bat indartzen lagunduko du, hau da, osasun-arloko ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketa hobetzen.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aldatu zuen xedapen hori), sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte, baldin eta atxikita dauden administrazio-organoaren baimena badute.

Deialdiaren zuzkidurari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean jasotakoaren arabera, eta horren barruan, Bioefen ustiapen-aurrekontuan, aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia eta objektibotasuna–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jardueren izaera ekonomikorik ezak erabat baztertzen du estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik, I+G+Bko Europar Batasuneko Esparruaren babespean.

Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan ezarritakoa betez, martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da esklerosi anizkoitzaren arloan osasun-ikerketarako eta -garapenerako laguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin bat etorriz. Deialdi hau esklerosi anizkoitzari buruzko ikerketara bideratuta dago, osasun pertsonalizatura bideratutako ikuspegi orokor batekin, honako arlo eta lerro hauetan:

– Prebentzioa, detekzio goiztiarra eta diagnostikoaren hobekuntza.

– Tratamendu berriak eta osasunari aplikatutako teknologiaren erabilera.

– Gaixotasunaren etiologia.

– Azterlan epidemiologikoak.

– Pazienteei ematen zaien prestazio asistentzial eta psikosoziala hobetzea.

– Ikerketa soziosanitarioa eta antolakuntzakoa, pazienteen, senideen eta bestelako zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko dira; beraz, bete egin beharko dira ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko Esparru Batzordearen komunikazioan Europako Batzordeak ezarri dituen betekizunak (2022-10-28ko EBAO, C 414), 20.a) puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:

1.– I+G zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G.

2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.

3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-28ko EBAO, C 414).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak errespetatuko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

Proiekturen batean beharrezkoa bada pertsonekin esperimentatzea edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzea, ikerketa egingo den erakundearen Ikerketarako Etika Batzordeak (indarrean dagoen araudiaren arabera eratua izan behar da) emandako nahitaezko baimena aurkeztu beharko da. Batzordearen baimen horri baimen informatua eta pazientearentzako informazio-orria erantsiko zaizkio.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) sartuta dauden eta horretarako kreditatuta dauden agenteek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoarekin, eta, orobat, haren xedapen iragankorren edo ordezko xedapenen arabera.

2.– Agindu honen 4. artikuluan zehazten da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zein eragile kategoria zehatz izan ahalko diren dirulaguntzen hartzaile.

3.– Eragileek elkarlaneko proiektuak aurkez ditzakete; hau da, talde-proiektuak, non erakunde kideek ez baitute zertan onuradun izan (2. artikulu honetan azaldu bezala), baina bai proiektua garatzeko ezinbestekoak eta gaitasun nahikoa dutenak, DLOren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Elkarlaneko proiektuetan, lankidetza-akordio bat itundu beharko dute parte hartzen duten erakunde guztiek, haien legezko ordezkariek sinatua, proiektua gauzatuko dela bermatu duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzak jasoko dituena.

4.– Eragileek ZTBESn egiaztatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

5.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoera hauetakoren batean daudenak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragitea, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten dutenak.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.

i) DLOaren 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradunak izan, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.

j) Dirulaguntzak jasotzeko galerazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo zirkunstantzia haiek izan badira.

5.– Halaber, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. apartatuarekin bat, ezin izango dira onuradunak izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat daukatenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, zigorrak ezarritako epean. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

6.– Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso ingurumen-arloko arau-hauste astun eta oso astunengatik zehatutako pertsona juridikoek, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoaren, 109.4 artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, DLOaren 13. artikulua aplikatuko da, oinarrizko legea da eta.

8.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak berekin dakar jarduera behar bezala egiten laguntzeko konpromisoa, baldin eta laguntza ematen bazaio, eta eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta berresteko konpromisoa. Era berean, eskatutako baldintzak betetzen direla adierazten da, eta ikerketa-jardueretan aplikatzekoa den araudia ere betetzen duela.

9.– Jarduketa honen onuradun izateko, erakunde eskatzaileak eta ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektu burutuen amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa Bioefi aurkezteko betebeharra beteta izan beharko dute, baldin eta jarduketa mota horren aurreko deialdietan finantzatu badira. Baldintza hori deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea ixten den unean bete behar da. Baldintza hori betetzen ez bada, eskabidea ezetsi egingo da.

10.– Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, agente eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.

Hala ere, agente eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.

Dirulaguntza ezingo da ordaindu erakunde onuradunak ez baditu bete aurreko betebeharrak.

3. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat hartuko da ZTBESko eragileek osatutako taldea (2. artikuluaren arabera onuradun direnak zehazki), 4. artikuluan ezarritako modalitatean eskatzen duena ikerketarako laguntza. Taldeko kideek kasuan kasuko jarduketa gauzatzen parte hartuko dute, zein bere zereginez arduratuta, proposatutako lan-planari jarraikiz.

2.– Ikertzaile nagusi arduradun batek edo bik gidatuko dute talde eskatzailea. Bi ikertzaile nagusik (IN eta ko-IN) aurkezten dituztenean, biek izan behar dute laguntza eskatzen duen erakundearen plantillakoak, eta horietako batek solaskide gisa jardungo du ondore guztietarako (lehenespenez, IN izango da). Ikertzaile nagusiei aplikatzen zaizkien baldintza eta bateraezintasun-araubide berberak bete beharko ditu ko-INk, eta curriculum-aintzatespen bera izango dute. Bi ikertzaile nagusik zuzendutako proiektuetan, argi eta garbi adierazi beharko da eskabide-memorian bien arteko lidergo-trantsizioko prozesu bat hasi nahi dela, haietako bat laster erretiratuko dela-eta. Proiektu horietan, erretiratzear den ikertzailea ko-IN izango da, eta lidergoa hartuko duena, berriz, IN. Ebaluazioan, garrantzi bera izango dute bi CVek. Trantsizio-aldi hori ez da inoiz izango elkarren segidako bi proiekturako behar dena baino luzeagoa.

3.– Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategoriako akreditazioa duen ZTBESren eragile batek, gutxienez, hartu behar du parte.

4.– Finantzaketa zenbait eragilek eskatzen badute, ikertzaile nagusietako batek, parte hartzen duten eragileen plantillakoa, bere gain hartuko du eskabidearen koordinatzailearen egitekoa eta Bioefekiko solaskide izatekoa, azken hori laguntzaren erakunde kudeatzailea den aldetik.

5.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai ZTBESko eragile onuradunarekin, bai proiektua egiteko zentroarekin, bai beste erakunde batzuekin, baldin eta eragileak indarreko hitzarmen bat badauka beste erakunde horiekin ikertzailearen lotura babesteko. Lotura proiektuaren egikaritze-aldi osorako ez bada, erakunde horren legezko ordezkariak adierazpen bat sinatu beharko du, proiektuan IN edo laguntzaile gisa parte hartzeko baimena ematen zaiona eta atxikimenduari eusteko konpromisoa hartuko duena, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik proiektua gauzatzeko epea amaitu arte.

6.– Ikertzaile nagusiek (baita ko-INek ere) eskabide bakar batean parte hartu ahal izango dute rol horretan. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko.

4. artikulua.– Dirulaguntzak.

Esklerosi anizkoitzari buruzko ikerketa biomedikoko proiektuak: ikerketa sanitarioari laguntzeko ildo honetan, edozein kategoriatan akreditatutako ZTBESko eragileak izango dira onuradun, eta ezinbesteko baldintza izango da, gutxienez, ZTBESko eragile batek parte hartzea ikerketa sanitarioko zentroaren kategorian. Ikerketa-proiektuek 2 edo 3 urteko iraupena izan dezakete, eta 2023an hasi behar dira.

Ikerketa biomedikotzat hartuko da osasun publikoaren eta zerbitzu sanitarioen arloan egiten den oinarrizko ikerketa (gaixotasunera orientatua), ikerketa klinikoa (pazientera orientatua) eta ikerketa epidemiologikoa; halaber osasuna nahiz ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera bideratutako garapen teknologikoa.

Esklerosi anizkoitzaren ikerketa biomedikoko proiektuen bi modalitate ezartzen dira, ikerketa-taldearen arabera:

1.– Ikertzaile emergenteak sustatzea: ikertzaile nagusia (IN) 1978an edo geroago jaioa izaki, lehenago IN gisa lehia-deialdi bidez finantzatutako proiektuetan parte hartutakoa ez den taldeen proiektuak. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:

a) Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean babestutakoekin bat. Seme-alaba bakoitzeko urtebete luzatuko da.

b) Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebete luzatuko da epea.

c) Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, hiru hileko tarte batekoa gutxienez, bat etorriz Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin. Urtebete luzatuko da epea.

2.– Ohiko taldeen ikerketa biomedikoko proiektuak: ikertzaile nagusi batek zuzendutako ikerketa-taldeek garatutako proiektuak, apartatuetan ezarri diren baldintza orokorrak bete behar dituztenak, eta tasun espezifikorik ez dutenak.

5. artikulua.– Finantzatu daitezkeen gastuak.

1.– Egoeran egoerako laguntzaren bidez, ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira, betiere proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude, eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztuta. Laguntza-eskabidea urterokoka banatzeko, 6. artikuluan adierazitako urteko deialdiaren zuzkidura hartuko da kontuan.

2.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak jasotzea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideok bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

3.– Langileen gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Proiektua gauzatzeko behar diren eta dedikazio espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta erakunde onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.

Halaber, ikertaldeko partaide den langile sanitarioa jarduera asistentzialetik liberatzeak dakartzan kostuak apartatu honetan daude sartuta, baldin eta proiektuan jarduteko liberatzen bada (lanaldiaren % 50 gehienez ere). Proiektu batean deialdiak finantzatutakoa baino arduraldi luzeagoa behar badute ikertzaileek, zentro onuradunaren kontura izango da.

Ezingo dira finantzatu ZTBESko agenteei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

4.– Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko behar den material inbentariagarria sartzen da, eta espresuki kanpoan uzten dira altzariak eta instalazioak.

Halaber, material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta zabalkundearekin lotutako gastuak (argitalpenak, etab.) sartzen dira, baita erakunde onuradunaren ikerketan laguntzeko zerbitzu nagusi eta orokor batzuen erabilera-kostuak ere, betiere proiektua garatzeko behar bezala justifikatzen bada eta beharrezkoa bada.

Bulegoko material orokorra ez da diruz lagunduko (fotokopiak, tonerra, telefono-gastuak eta abar).

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskabidearen memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua. Azpikontratatu ahal izango dira proiektuko jarduerak, dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren parte direnak, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna den eragileak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori proiektuaren memorian). Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, eragile onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu, eta espresuki justifikatu beharko du hautaketa hori, memoria batean, ez bada proposamen ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Aipatu memoria justifikazioan aurkeztu beharko da.

5.– Bidaia eta joan-etorri gastuak. Landa-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.

6.– Deialdi honen kontura finantza daitezkeen gastuak izango dira, halaber, proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak (zuzeneko kostuaren % 10), eta halakotzat hartuko dira proiektua gauzatzen den erakundearen egiturazko gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzekoak), baldin eta proiektu jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.

7.– Ikertzaile taldeko kideek –prestakuntza sanitario espezializatuan dauden gradudunek barne– ez dute inolako ordainsaririk jasoko proiektuaren kontura.

8.– Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua gauzatu duen erakundearentzat izango da, eta ikerketa-jardueretarako erabiliko da nagusiki.

9.– Dena dela, ondore horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOren 31. artikulua eta DEOren 83. artikulua, oinarrizkoak baitira.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa bederatziehun eta laurogeita hamalau mila zazpiehun eta hogeita hemeretzi euro eta hogeita hamazazpi zentimokoa (994.739,37) da. Baliabide ekonomiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta honela banatzen dira: 580.978,59 euro 2023an; 282.601,00 euro 2024an; 131.159,78 euro 2025ean. Ikertzaile emergenteak sustatzeko proiektuen modalitaterako aurrekontua (4.1 artikulua) gutxienez aurrekontu osoaren % 15 izango da, betiere modalitate horretako proiektuek eskatzen den gutxieneko ebaluazio zientifiko-teknikoa gainditzen badute (10.4.b artikulua); bestela, gainerako zenbatekoa ohiko taldeen ikerketa biomedikoko proiektuen modalitatean erabiliko da (4.2 artikulua).

7. artikulua.– Emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko orduan, 4. artikuluan ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, euren arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez, eta, hurrenkera horren arabera, laguntzak emango dira harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Koordinazio-proiektuen kasuan, erakunde koordinatzailea izango da eskabidea bidaltzeko arduraduna.

2.– Agindu honetatik eratorritako eskabidea, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9., 10. eta 14. artikuluekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez egin ahal izango dira, eta, horretarako, aipatutako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, helbide hauetara:

Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/1048907

Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048907

4.– Eskabidea betetzeko, erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, 8.6 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.

5.– Erakundeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan eta eskabidetik eratorritako jarduketetan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan (I. eranskina), parte hartzen duen erakunde bakoitzaren informazioarekin batera (I.a eta I.b eranskinak). Proiektuaren memoria ingelesez ere onartuko da.

b) Proposamenaren koordinatzaile gisa diharduten ikertzaile nagusien Curriculum Vitae Normalizatua (CVA), automatikoki sortua CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) edo FECYTen CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetatik, baldin eta CVN zerbitzua eskaintzen badute. Talde gazteak sustatzeko modalitatearen kasuan, taldeko kide guztien CVA ere aurkeztu beharko dute.

c) Proiektua proposatu duen ikerketa-taldearen historia zientifiko-teknikoaren memoria (II. eranskina), eredu normalizatuan, ohiko taldeen modalitatean soilik.

d) Eragile eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

e) Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:

1) Ikertzaile nagusia kide den erakundearen Ikerketako Batzorde Etikoaren txostena, hala behar denean.

2) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Ikerketarako Euskal Biobankuaren ziurtagiria, zeinetan egiaztatzen baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak biltzeko edo/eta lagatzeko eskatu diola deialdi honetan laguntza eskatzen den ikerketa-proiekturako.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak erakunde onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak nahiz kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute.

7.– Apartatu honetan aipatu eredu normalizatu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

8.– Laguntzak eskatzeko epea 2023ko irailaren 11n amaituko da.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denarekin.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, aipatu jarduera proiektuaren koordinatzaile gisa diharduenarekin gauzatuko da.

10. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea eta hautatzea.

Balorazio-batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu epearen barnean aurkeztutako edo zuzendutako eskabideak, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat. Batzorde hori artikulu honen 1. apartatuan zehazten da.

1.– Hauexek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.

b) Batzordekideak:

– Bioefeko I+Gren kudeaketa koordinatzeko arduraduna.

– Bioefeko koordinazio zientifikoaren arduraduna.

– Osakidetzako Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariordea.

– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendaria.

– EITB-Euskal Irrati Telebistako ordezkari bat.

– Esklerosi anizkoitza dutenen EAEko elkarteen ordezkari bat.

c) Idazkaria: Bioefen I+Gko laguntza-deialdiak kudeatzeko arduradun teknikoa.

2.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna jakinaraziko da euskadi.eus egoitza elektronikoan, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Balorazio-batzordeak honako irizpide hauen arabera balioetsiko ditu proiektuak:

a) Ikerketa-proiektuen kalitate zientifiko-teknikoa, deialdi honetako 10. artikuluko 4. puntuan ezarritakoa kontuan hartuta: 60 puntu gehienez (3. puntuan deskribatutako kanpoko ebaluazio zientifikotik jasotako puntuazioa emango zaio).

b) Proposamenak Euskal Osasun Sistemarentzat duen interesa: 40 puntu gehienez. Atal honetan, honako hauek balioetsiko dira:

1) Puntu honetan, baloratuko da ea proiektuak bat datozen oinarri hauen 1. artikuluan jasotako deialdiaren gaiarekin eta xedearekin, honako hauei dagokienez: Osasun Sailaren 2021-2024 ildo estrategikoak eta horietatik eratortzen diren estrategia espezifikoak, 2022-2025 Osasun arloko ikerketa- eta berrikuntza-estrategia eta 2021-2024 Euskadiko arreta soziosanitarioko lehentasun estrategikoak. Dokumentu horiek hemen eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/informazioa/osasun-sailaren-argiltalpenak/web01-s2osa/eu/ 15 puntu gehienez.

2) Proiektuetako ikertzaile nagusiak profesional sanitarioak diren balioetsiko da; interes berezia jarriko da ikertzaile nagusiak asistentzia-jarduerako profesionalak izatean. 7 puntu gehienez.

3) Lehentasunezkoak izango dira zentro anitzeko proiektuak. Zentro anitzeko proiektu deritze deialdi honen 2. artikuluan adierazitako erakunde onuradunetako bik edo gehiagok parte hartzen dutenei, bereziki ikerketa sanitarioko 2 zentrok edo gehiagok, edo sare sanitario osoan ikerketa-eremu berberetan lan egiten duten ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen lankidetza eskatzen dutenei. 10 puntu gehienez.

4) Bereziki baloratuko dira ikertzaile emergenteek gidatutako ikerketa-proiektuak. 5 puntu gehienez.

5) Proposatutako ikerketak arreta sanitariorako irispidean eta gaixotasunaren diagnostikoan edo tratamenduan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak hartzen ditu kontuan: 3 puntu gehienez.

4.– Proiektuak ebaluatu aurretik, balorazio-batzordeak kanpo ebaluatzaileei laguntza eskatuko die; ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak egingo dituzte, eta honako alderdi hauek balioetsi eta haztatuko:

Irizpide hauen arabera egingo dute ebaluazio zientifiko-teknikoa:

a) Ikerketa-taldearen balorazioa:

1) Ikertzaile emergenteak sustatzea: ikertzaile taldearen balorazio orokorra, osaera-orekari, baterako lanei, taldean irekitako ikerketa-ildoei eta taldekideen osagarritasunari erreparatuta. Taldearen ikerketa-ibilbidea eta haren potentziala balioestea, ikerketa-proiektuak balioestea, baita saiakuntza klinikoak, ikerketa-jardueraren ekarpenak Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edo teknologikoari, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuk ere, ikerketa-taldearenak, proiektuaren gaiarekin lotuta. 20 puntu gehienez.

2) Ohiko taldeak: ikerketa-proiektuak balioestea, baita saiakuntza klinikoak, ikerketa-jardueraren ekarpenak Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edo teknologikoari, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuk ere, ikertzaile nagusiarenak eta ikerketa-taldearenak, proiektuaren gaiarekin lotuta. Ikerketa-taldea proiektuarekin bat datorren ere baloratuko da. 20 puntu gehienez.

b) Proiektuaren balorazio zientifiko-teknikoa: kasuan kasuko hipotesia eta ikerketa-taldeak gaiaz dakiena balioestea. Proiektuaren helburuen garrantzi zientifiko-sanitarioa. Aurreikusitako emaitzen inpaktu potentziala pazienteetan eta sistema sanitarioan, oro har. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-plana. 33 puntu gehienez.

Balorazio zientifiko-teknikoan proiektuek 20 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, balorazio-batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat joko.

c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua gauzatzeko eskatutako baliabideen egokitasuna. Eskatutako baliabideen justifikazioa. 7 puntu gehienez.

Balorazio-batzordeak ebaluazio zientifiko-tekniko horren emaitza hartuko du, agindu honen 10. artikuluko 3. a) puntuan adierazitako balorazio-irizpideari dagokionez.

5.– Laguntza-modalitate bakoitzean, laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio-batzordeak honako hauek kontuan hartuko ditu: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua zer neurritan egokitzen den proposatutako helburuetara. Halaber, batzordeak kontuan hartuko ditu kanpo ebaluatzaileek txostenean egindako oharrak.

6.– Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.

11. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak modalitate bakoitzerako bereizitako prozedura baten bidez izapidetuko dira (4. artikuluan jasotakoari jarraikiz), eta horri dagokion ebazpenarekin amaitu. Ebazpen horretan erabakiko dira erakunde eskatzaileek planteatutako gaiak, eta Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balorazio-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean erabakiko da agindu honetako dirulaguntzak eman edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa urteko kuotatan banakatuta. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, euren eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute erakunde eskatzaileek, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean, eragileek espresuki uko egin ahal izango diote. Aipatutako epean uko egiten dela adierazi ezean, deialdiaren ondoreetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

2.– Deialdia kudeatzen duen organoari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzari buruz eskatzen zaion informazioa ematea.

3.– Eskabidean jasotako datuak edo inguruabarrak aldatuz gero, deialdia kudeatzen duen organoari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta gehienez hilabeteko epean.

4.– Laguntza-eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdia kudeatzen duen organoari. Deialdi honen ondoreetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

5.– Halaber, erakunde onuradunek proiektuen finantzaketaren izaera publikoa ezagutarazteko neurriak hartu beharko dituzte, EITB Maratoia ekimenaren edozein dibulgazio-ekitalditan parte hartuz. Horrela, ikerketaren ondorioz sortzen diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztietan EITB Maratoia aipatu beharko da berariaz finantzaketa-iturri gisa.

6.– Erakunde eskatzaileek eskura izan beharko dituzte kasuan-kasuan onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion merkataritza- eta sektore-legerian eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.

7.– Erakunde onuradunek DLOren 14. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte, oinarrizkoak baitira.

8.– Erakunde onuradunak egindako eta memoria ekonomikoan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak eta gainerako frogagiriak gorde beharko ditu 5 urtez.

9.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten funtzioak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio oro eman beharko dute erakunde onuradunek.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.

1.– Bioef laguntza kudeatzen duen organoa da.

2.– Laguntza kudeatzen duen organoak, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, lehenengo urtekoan emandako dirulaguntza transferituko du.

3.– Urteko kuoten gehieneko zenbateko osoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:

(Ikus .PDF)

4.– Ikerketa sanitarioan eskumena duen zuzendaritzak memoria zientifikoa eta proiektuak eragindako gastuen agiri bidezko justifikazioa (IV. eta V. eranskinak) onartu ondoren ordainduko dira hurrengo urteei dagozkien zenbatekoak.

5.– Erakunde onuradunek memoria zientifikoak eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntza kudeatzen duen organoari, eta organo horrek, ikerketaren sanitarioan eskumena duen zuzendaritzak onartu ondoren, gainerako urtekoetarako finantzaketa erabilgarria gaituko du.

6.– Erakunde onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio organo kudeatzaileari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehatz dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.

7.– Laguntza kudeatzen duen organoak, komenigarria dela uste badu, proiektuaren jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eskatuko du.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Laguntzaren erakunde onuradunak urtero justifikatu beharko du egindako lana eta laguntzari emandako erabilera, eta, horretarako, organo kudeatzaileari honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, dirulaguntza emateko ebazpenean eta horretarako emandako jarraibideetan zehaztutako moduan eta epean:

a) Justifikazio-memoria zientifikoa, IV. eranskinean agertzen den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari, egindako jarduketei eta betetako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ekonomia-betearazpenaren laburpen bat aurkeztu. Memoria ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du, koordinazio-proiektuen kasuan.

b) Parte hartzen duen eragile bakoitzaren justifikazio memoria ekonomikoa (Excel), eragile onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (V. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, justifikazio-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten ordaindutako fakturen egiazko kopiak aurkeztuko dira. Erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 100 justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu. Jatorrizko fakturak erakunde onuradunetan artxibatuta egon beharko dira gehienez bost urtez, justifikazio-epetik aurrera, eta eskuragarri egongo dira laguntzak kudeatzen dituen organoak egiten duen egiaztapen orotarako.

Amaierako memoria zientifikoak eta ekonomikoak proiektua burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko dira.

2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera baloratuko da hori.

3.– Amaierako memoriarekin batera, behar bada, ikerketaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.

4.– Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea, aurkezteko eskatu bada.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere laguntzaren xedea betetzen dela ulertzen bada–, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat jasotzen bada aldi berean, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondore horietarako, laguntza kudeatzen duen organoak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, aldiz, horren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, erakunde onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin, eta gainerako erakunde parte-hartzaileen adostasunarekin.

Laguntza kudeatzen duen organoari egingo zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada erakunde onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta–, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du.

Deialdi honen ondoreetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 12. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da–.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (15. artikuluan zerrendatzen dira), laguntzaren parte bat itzuli beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoaz gaindi jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Eskabideak balioesteko deialdiko 10. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautu, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoaren ondorioetarako (2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), deialdi honetan emandako datu pertsonalak Bioef Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioak tratatuko ditu:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako legezko betebeharraren arabera tratatuko dira, dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, baliatzeko betekizunak, baldintzak eta helburua betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Datu pertsonalak tratatzeko arrazoia da proiektuak deialdi honen oinarrien arabera balioetsi, kudeatu, administratu eta kontrolatzea.

3.– Datu pertsonalak deialdiaren indarraldian eta, hala badagokio, proiektua gauzatzen amaitu arte tratatuko dira. Behin amaituta, legez ezarritako epeetan baino ez dira mantenduko.

4.– Datuak babesteko ordezkaria. Bioefek Datuak Babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpd@bioef.eus

5.– Kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa aurkezteko aukera: Erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean (https://www.avpd.euskadi.eus/s04-5213/eu/), tratamendua indarreko legediaren aurkakotzat joz gero.

6.– Deialdian parte hartzen dutenek une oro jakin ahal izango dute Bioefek beraien zer datu pertsonal tratatzen dituen, araudiak ematen dizkion eskubideak erabiliz, helbide honetan: Bioef – Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa BEC dorrea (Bilbao Exhibition Centre) Azkue kalea 1, 48902 Barakaldo edo dpd@bioef.eus helbidean. Bereziki, eskubide hauek erabil ditzakete:

a) Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren beren datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.

b) Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzendu daitezke, edo zehatzak ez direnak aldatu eta gabetasunen bat dutenak osatu, tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzeko.

c) Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eskatu daiteke, baldin eta jada beharrezkoak ez badira kontratua betetzeko.

d) Tratamenduari uko egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak ez tratatzeko, edo tratamendua eteteko, ez bada lege-arrazoiak edo balizko erreklamazioak egin eta horiez defendatzea daudela tartean. Kasu horietan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.

e) Tratamendua mugatzeko eskubidea: Kasu jakin batzuetan, interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Hala eginez gero, erreklamazioak egin edo erreklamazioen aurrean babesteko soilik gordeko dira.

f) Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik ez hartzeko euren gainean, interesdunei nabarmen eragiten badiete.

g) Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan eta teknikoki posible bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntza honako hauetan xedatutakoaren mende egongo da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 11.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala