Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2023ko maiatzaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2255

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 9koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2023ko ekitaldirako lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak arautzen eta iragartzen dituena.

Turismoa garrantzi handiko sektore ekonomikoa da EAEn. Nabarmen laguntzen dio gure herriaren aberastasun ekonomiko eta kulturalari; barne produktu gordinaren (BPGd) % 6,4 izan zen 2019 urtean, eta gaitasun handia du enplegua sortu eta hazkundea eta garapen ekonomikoa eragiteko.

Azken hamarkadan, turismoak hazkunde etengabea, egonkorra eta jasangarria izan du EAEn, eta 3,8 milioi bisitari izan zituen 2019. urtean. Alabaina, COVID-19aren pandemiak eta haren ondoriozko krisi sanitarioak bortizki geldiarazi zuen turismoaren hazkundea 2020an. Eta sektore hori izan da, hain justu, kaltetuenetako bat. Hala ere, 2021eko eta 2022ko ekitaldietan, EAEko turismoa suspertu egin zen, 2019ko datuak ere gainditzeraino, 4,2 milioi bisitarirekin.

Hala ere, testuinguru global aldakorrak, zeina 2022ko lehen hilabeteetan asko baldintzatu baitu Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz Europan konfrontazio beliko bat hasi izanak –oraindik ere irauten du–, Europa osoari eragiten dion krisialdi energetikoa eragin du; horren ondorio nagusia izan da Europar Batasun osoan prezioak handitzea. Jada zerbitzu eta produktu guztiei eragiten dien inflazio handiak, zalantzarik gabe, eragina izango du turismoaren sektorean. Hala, prezioen gorakadari eusteko estatuak eta erakunde arautzaileak hartzen ari diren neurriek kontsumoa geldotzea ekar lezakete, eta, ondorioz, ondasun eta zerbitzu turistikoen kontsumoa.

Testuinguru konplexu horrek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren politika publiko eta ildo estrategiko guztien plangintza programatikoa baldintzatzen jarraitzen du. Ziurgabetasun-egoera aldakor honetan, prest egon behar dugu sortzen diren erronken arabera erantzuteko eta jarduteko.

Horrela, Sailaren hamabigarren legegintzaldirako lan-planteamendua bi faseko jardunarekin planteatzen da. Bi fase horiek osasun-krisiaren eta haren ondorio ekonomikoen bilakaeraren araberakoak izango dira, intentsitateari eta epeei dagokienez. Lehenengo fasea, erresistentziakoa, ahalik eta enplegu eta establezimendu gehienei eusteko izango da, eta bigarrena, ordea, ekonomia suspertzekoa eta berreskuratzekoa, zeina, aurretik azaldutako baldintzatzaileak gorabehera, 2023ko ekitaldi honetan finkatu bailiteke.

Testuinguru horretan, lurralde-proiektu turistikoei laguntzeko programaren xede da ekonomia suspertzea eta turismo-jarduera berrabiaraztea, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak legegintzaldi honetarako garatutako bi aldiko estrategiaren parte dago. Programa hori 1. ardatz estrategikoaren barruan sartzen da: Oparotasuna. Enplegua eta susperraldi ekonomikoa, EAEko XII. legegintzaldiko Gobernu Programa, eta, horren barruan, 7. jarduketa-arloa. Turismo jasangarria eta bikaintasunekoa, zehazki, konpromiso hauetan: 41. Euskadi-Basque Country helmuga turistiko segurua, jasangarria eta arduratsua, eta 42. Euskadi-Basque Country, bikaintasunezko helmuga turistikoa.

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezartzea, sektoreko eragile guztien atxikimendua eta sektore turistikoan Garapen Jasangarriko Helburuen aplikazioa bultzatuta, EAEn turismo seguru, jasangarri eta arduratsua erdiesteko konpromisoa lortzeko aurreikusitako ekimenetako bat da, eta, beraz, laguntza-programa honen helburu da erakunde onuradunei, beren helmugak osatzen dituzten enpresa, zerbitzu eta baliabide turistikoetan Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin lotutako jarduketak ezartzeko.

Bestalde, Euskadi-Basque Country bikaintasuneko helmuga turistiko izateko konpromisoa lortzeko aurreikusitako ekimenetako bat, programa honen laguntzaren xede ere badena, turismo-eskaintzaren bikaintasuna sustatzea da, helmugen dibertsifikazioari eta horien berezitasunari lotuta, eta turismo-eskaintza hauei lotuta: gastronomia, enologia, landa, kirola eta kultura-eskaintza, eta familia, erosketak, industria, adinekoak eta LGBTQ+. Hain zuzen ere, helburu hauek lortzen lagunduko duten produktu eta esperientzia turistiko jasangarriak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzen lagunduko da: EAEko esperientzia turistikoa hobetzen; balio erantsi handiagoa emanda turismo-eskaintza sendotzen eta berezi egiten; eta turismoa sasoiz kanpo zabaltzea eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzea ekarrikoa duten turismo-fluxu berriak indartzen eta sortzen. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta bat etorriz Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 4. eta 5. artikuluekin, laguntza-programa honen lehentasunezko xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-politika dibertsifikatua, kalitatezkoa, jasangarria eta erakargarria garatzea turismo-eskariarentzako, eta honako hauek dira haren helburu espezifikoak:

1.– Produktu eta esperientzia turistikoen kopurua handitzea.

2.– Turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko ekintzetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea (Basquetourrek bultzatzen eta kudeatzen ditu ekintzak), Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezarrita.

Laguntza-programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan aurreikusia, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2023ko otsailaren 21eko Aginduan jasota dago, zeinaren bidez onartzen baita Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, sailaren webgunearen «planak eta proiektuak» atalean argitaratua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismo-merkataritza-kontsumo-saila/).

Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (honako arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 15.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– testu bateginaren 51.2 artikulua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten lurralde-proiektu turistikoei laguntzeko programaren oinarriak ezartzea, turismo-fluxu berriak dinamizatuz, banatuz eta sortuz 2023ko ekitaldirako, baldin eta proiektu-mota hauetan sartzen badira, betiere:

– Euskal Autonomia Erkidegoko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten lurralde-proiektu turistikoak.

– Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten proiektuak.

2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

1.– Produktu turistikoa: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi eta/edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berorietan.

2.– Eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako erakundeak): beren eraketan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoak eta pribatuak barne hartzen dituzten erakundeak dira, eta elementu giltzarria dira helmugaren turismo-garapenerako.

Eragile hauen helburua da modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez beren gain hartzea eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka, mahai instituzionalak, turismoko mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak erabiliz horretarako. Ondorioz, turismo-lankidetzako erakunde bakarra egon daiteke eskualde bakoitzeko.

3.– Hiriburuetan turismoa sustatzeko erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten euskal erakunde publikoak.

4.– Produktu turistikoak kudeatzen dituzten eskualdez gaindiko erakundeak (aurrerantzean, produktu turistikoak kudeatzen dituzten erakundeak): eskualdez gaindiko erakundeak dira, bisitariak erakartzeko eta turismo-fluxuak sortzeko ahalmen handia duen baliabide gastronomiko, natural edo kultural jakin bat produktu turistiko gisa abiarazteko, kudeatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko beren-beregi sortuak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.840.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira, honela banatuta urteka:

2023: 1.288.000 euro.

2024: 552.000 euro.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Onuradun izan ahal izango dira erakunde publiko eta pribatu hauek:

1.1.– EAEko hiriburuen turismo-sustapenaren arduradun diren euskal erakunde publikoak (udalak, toki-erakunde autonomoak, tokiko enpresa-entitate publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza sozietateak), baita eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeetako kide ez diren udalerriak ere, baldin eta erakunde horiek ez badira existitzen edo ez badira eratu beren esparru geografikoan, baldin eta toki-erakunde horiek turismo-bulegoen eta/edo informazio-puntu turistikoen titularrak badira, Itourbask-Euskadiko Turismo Bulegoen sarekoak badira eta urte guztian irekita badaude, betiere.

1.2.– EAEko eskualde-eremuan edo eskualdez gaindikoan eskualdeko turismo-lankidetzako erakunde gisa edo produktu turistikoen kudeatzaile gisa jarduten duten erakunde publikoak edo pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak, erakunde publikoek edo pribatuek eratutako merkataritza sozietateak, bestelako erakunde eta elkarteak).

2.– Erakunde hauek ezin izango dira laguntzaren onuradun izan:

– Enpresa-taldeak, enpresa-elkarteak, kirol-erakundeak eta Eusko Jaurlaritzari edo foru-aldundiei lotuta edo horien mende dauden eta nortasun juridikoa duten sozietate publikoak.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ondorio horietarako jasotako inguruabarretakoren batean daudenak, hala nola:

• Ez egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da eskakizun hau betetzen dela.

• Ez ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da baldintza horri eusten zaiola.

• Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak edo emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako araudia ez betetzeagatikoak barne, zehapenak iraun bitartean. Gainera, 50 langiletik gorako enpresei dagokienez, indarrean izan beharko du berdintasun-plan bat, eta ezarrita izan beharko ditu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

– Bete gabeko ezein berreskuratze-aginduren mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

5. artikulua.– Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira proiektu tipologia hauek garatzeko 2023ko ekitaldian hasten eta amaitzen diren jarduketak:

a) EAEko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten lurralde-proiektu turistikoak; I. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.

b) Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten proiektuak; II. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.

6. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak.

1.– Oro har, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak, eta agindu honen 16. artikuluan dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea baino lehen ordaintzen direnak. Gastu horiek I. eta II. eranskinetan zehazten dira.

Zeharkako zergak ere sartu ahal izango dira, baldin eta azken horiek ezin badira berreskuratu edo konpentsatu.

2.– Aurrekoa hala izanik ere, 2023. urtean garatuko diren jarduketetarako 2022ko ekitaldian egindako gastu-aurrerakinak onartuko dira, kontrataziorako baldintzek hala eskatzen dutenean (azoketarako guneak erreserbatzea, Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateko kuotak).

3.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) ezarritako baldintzetan.

Erakunde onuradunek kontratuak egiten badituzte ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak emateko, eta gastu diruz lagungarriaren zenbateko garbia 15.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, enpresa onuradunak, gutxienez, eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzu hori egiteko, eskaintzeko edo hornitzeko behar beste erakunderik, edo salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz hautatu beharko da aurkeztutako eskaintzen artetik (justifikazioan aurkeztu beharko dira), eta, betiere, hautua berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

4.– Erakunde onuradunei emandako funtsen bidez sortutako finantza-etekin eraginkorrek, emandako laguntza onartu ondoren dirulaguntza-zenbatekoaren % 70ari dagozkionak, laguntza horren zenbatekoa handituko dute, eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako dirulaguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Atal hau ez da aplikatuko erakunde onuraduna administrazio publiko bat bada.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Hauek dira agindu honetan diruz lagungarriak diren proiektu turistiko mota bakoitzerako laguntzen zenbatekoak:

1.1.– EAEko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten lurralde-proiektu turistikoak (I. eranskina):

– Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak (I. eranskinaren 4.1 apartatua): onartutako gastuaren % 60, eta, gehienez, 25.000 euro erakunde bakoitzeko.

– Gainerako jarduketa diruz lagungarriak: onartutako gastuaren % 50.

Aurrekoa hala izanik ere, honako hau da I. eranskinean ezarritako kontzeptu guztiengatik erakunde onuradun berak gehienez jaso dezakeen dirulaguntza, bere jardun-eremuaren arabera:

– Udalerri-eremuko toki-erakundeak: 25.000 euro; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, aldiz, 75.000 euro.

– Eskualde-eremuan edo eskualdez gaindikoan jarduten duten erakundeak: 75.000 euro.

1.2.– Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten proiektuak (II. eranskina):

onartutako gastuaren % 60koa izango da laguntza, eta, gehienez, 25.000 eurokoa erakunde bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:

a) Euskal Turismoaren Kode Etikoari atxikitako erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kopurua.

b) Erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoengatik, gehienez 20 ordu ordaindu ahal izango dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko.

c) Gehienez 35 euro emango dira orduaren kostua diruz laguntzeko. Horrenbestez, honako hau da onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula: (atxikitako erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistiko kop.) x (diruz lagundutako ordu kop.) x (kostua orduko).

2.– Hona hemen erakunde batek deialdi honetan jaso ahalko duen gehieneko dirulaguntza, aurreko apartatuan xedatutakoa eta erakundearen jarduketa-eremua kontuan hartuta:

– Udalerri-eremuko toki-erakundeak: 50.000 euro; eta, EAEko hiriburuek, aldiz, 75.000 euro.

– Eskualde-eremuan edo eskualdez gaindikoan jarduten duten erakundeak: 75.000 euro.

3.– Erakunde batek gehienez 35.000 euro jaso ahalko ditu, lurralde-proiektu turistikoak planifikatzeko eta kudeatzeko giza baliabideetan egindako gastua (I.2.1 eranskina) eta helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten programetan parte hartzen duten enpresa eta erakundeei laguntzeko gastuak (II. eranskina) ordaintzeko.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira jarduketa bererako beste erakunde edo organismo batzuek emandakoekin.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, deialdi honen babespean emandako laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko laguntza hau jasotzea xede duen jarduketaren kostua, izan bere horretan edo izan beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera, eta jarduketa beretarako beste diru-sarrera edo baliabide ororekin batera. Kasu horietan, gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakundeek elektronikoki aurkeztu behar dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide hauen bidez:

https://www.euskadi.eus/servicios/1020610/

3.– Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentuak aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

4.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

5.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira agindu honen I. eta II. eranskinetan zerrendatutako jarduketa diruz lagungarri guztiak. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.

6.– Laguntza eskatzeko, erakunde interesdunak behar bezala bete eta sinatu behar du inprimaki normalizatua (ikus IV. eranskina), EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos/) onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez, eta artikulu honetan aipatzen diren dokumentu osagarriak aurkeztu behar ditu. Sinadura elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

7.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– «borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala beteta, eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa ahalorde-emailea legitimatzen duen zuzenbidean baliozkoa den agiri bat.

Ordezkariak (fisikoa zein juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.

8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko bestelako dokumentuen edukia.

1.– Eskabidearen inprimaki normalizatuan erakundearen datu orokorrak idatzi beharko dira, eta langileen datuak sexuaren arabera bereizita jaso. Era berean, proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa eman beharko da. Gainera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du. Hau, zehazki:

– Laguntza jaso duen pertsonaren edo erakundearen izaerari dagokionez:

• Pertsona edo enpresa ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3. artikuluan aipatzen diren gainerako inguruabarretan, zeinek eragozten baitute pertsona edo enpresa onuradun izatea.

– Zehapenei dagokienez:

• Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

• Erakundea sartuta dagoen ala ez Administrazio Orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean; prozedura hori edo horiek zein diren adierazi beharko da, hala badagokio.

– Bestelako laguntzei dagokienez:

• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

• Agindu honetan emandako zenbatekoak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emandako beste dirulaguntzei edo laguntzei batuta, laguntza hau jasotzea xede duen jarduketaren azken kostua gainditzen badu, eskatzaileak konpromisoa hartzen duela inguruabar horren berri emateko.

• Ez dago bete gabeko ezein berreskuratze-aginduren mende, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

• Ez dauka zehapenik, dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dionik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatu zuen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen 21.bis.2 artikuluaren arabera.

• 50 langiletik gorako enpresei dagokienez, indarrean izan beharko du berdintasun-plan bat, eta ezarrita izan beharko ditu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

– Eskabideko datuei dagokienez:

• Erakundearen organo eskudunak erabaki du jarduketak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren baldintzetan onestea eta finantzaketa-konpromisoa onartzea diruz lagungarria ez den zatiarentzat.

• Deialdian parte hartzeko eta onuradun izateko deialdiaren oinarrietan ezarritako eskakizunak betetzen ditu, hala egiaztatzen duen agiriak baditu, Administrazioaren eskura jarriko ditu hala eskatzen zaionean, eta konpromisoa hartzen du aurreko betebeharrak deialdi honen indarraldian betetzeko.

• Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako agiriak, eta norbere gain hartzen da dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen den funtsezko datu edo informazioren bat zehaztugabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari eez bazaizkio aurkezten zehaztutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatutako dokumentuak, ezin izango da eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentu digitalizatuak aurkeztu beharko dira:

• Ekintza-plan bat produktu turistiko bakoitzeko, alderdi hauek bilduko dituena: ekintza-planaren testuingurua, helburuak, laguntzaren helburu izango diren jarduketen deskribapena eta aurrekontu banakatua, plana garatzeko behar diren baliabideak, kronograma eta ebaluazio-adierazleak.

• Turismoaren arloan eskumena duen sailburuordetzak, Basquetourren bidez, garatzen dituen proiektuen artean ez dauden tipologiako produktuei buruzko proiektuak egiteko laguntza eskatzen duten erakundeek erakunde eskatzaileak egindako produktuaren plana aurkeztu beharko dute, eta horrek agindu honen I. eranskineko 3. apartatuan jasotako gutxieneko edukiak barne hartu beharko ditu.

• Turismo-lankidetzako erakundeak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.

• Produktu turistikoak kudeatzen dituzten erakundeak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.

3.– Erakunde interesdunek ez dute zertan aurretik administrazioren batean aurkeztutako dokumentuak aurkeztu, betiere adierazten badute noiz eta zer administraziotan aurkeztu zituzten. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada dokumentua zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, dokumentuan aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.

4.– Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, non eta ez den arrazoituta aurka egiten, orduan egiaztagiri horiek aurkeztu beharko baitira.

5.– Euskadiko Turismoaren Kode Etikoko prestakuntza-ibilbidean parte hartzen duten turismo-erakunde, -enpresa, -baliabide eta -zerbitzuen kopuruari buruzko informazioa ematen bada ildo honetako laguntza kalkulatzeko helmugen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko proiektuetarako laguntza-eskabidean, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin, hau da, Kode Etikoa kudeatzen duen erakundearekin kontrastatuko da.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentuekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako Turismoaren arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskabide hori aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari. Ondorio horietarako, eskabidea benetan bide horren bidez gauzatu den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

2.– Jakinarazpenak elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpenari uko egin diola. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

12. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek epean aurkeztutako eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, eta ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuko, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten dokumentuak eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango dizkiote erakunde eskatzaileari.

2.– Azterketa horren emaitza eskabide bakoitzeko txosten batean jasoko da, zeinetan identifikatuko baitira gastu hautagarriak eta hautagarri izan ez direnak, eta, kasu horretan, ez onartzeko arrazoiak emango dira, bai eta eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak ere (dirulaguntza teorikoa), agindu honen 7. artikuluan adierazitako mugen arabera.

3.– Gero, egindako txostenak eta programara bideratutako zuzkidura ekonomikoa ikusita, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako antolaketa-arduradunak edo, halakorik ez badago, sustapen-arduradunak ebazpen-proposamen bat bidaliko dio zuzendaritza horretako titularrari.

4.– Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidura osoa ez bada aski aurkezten diren eskabide guztietarako (hau da, 7. artikuluan aurreikusitako ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak aintzat hartuta), orduan, zuzkidura hori eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, eskabide guztiak osorik ordaintzeko hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren zenbatekoen arabera eta proportzioan, betiere.

13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Prozedura ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren ala ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunen sozietate-izena, finantzatutako jarduketak eta kasu bakoitzean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzaileen sozietate-izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

4.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaz onartua) 51.9 artikuluan xedatutakoarekin, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

6.– Agindu honen xede diren dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta ordainketa egiteko ezarritako borondatezko epean egiten ez bada, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da: dirulaguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren edo, hala dagokionean, agindu honen 15.1 artikuluan zehaztutako epea dirulaguntzari espresuki uko egin gabe igarotzen denean, 2023rako izendatutako kredituaren kargura; eta gainerako % 30a, egindako gastuen justifikazioa 16. artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztu ondoren, 2024rako esleitutako konpromiso-kredituaren kargura.

Aurrerakina ordaintzeko laguntza onartu arren, errekurtsoa aurkeztu ahalko da laguntza onartzen duen ebazpenaren aurka.

2.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

3.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo sozietate-izeneko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, datuak jakinarazi beharko dira, «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» atalaren bidez aurkeztuta, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (http://www.euskadi.eus/hirugarrenak)

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honen xede diren dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.

5.– Jasotako laguntzen inguruan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dagozkien zereginak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen esku jartzea, laguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen esku ere.

7.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentu elektronikoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:

• Hezkuntza, promozio eta marketinerako euskarriek, beren formatua eta hedatzeko modua edozein delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa (https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua/ eta Euskadi-Basque Country turismo-marka erakutsi beharko dituzte, horri buruzko eskuliburuetan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako promozio-ekintzetan erakunde onuradunaren, helmugaren edo produktu-klubaren logotipoa erabiltzen ez bada. Euskadi-Basque Country markaren eskuliburua eta logoa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren web-orrian daude (Turismoa): https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismoa/)

• Gainera, eta hala badagokio, webgunean, turismoaren web-orri ofizialaren banner bat jarri beharko da: www.euskaditurismo.eus

9.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritzen eta egiaztapenen esku jartzea. Diruz lagundutako jarduketen garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritzek eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio oro, baita eskatzen zaien justifikazio-agiri oro ere.

16. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta azken likidazioa.

1.– Justifikaziora sartzea eta hori betetzea EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/) «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik.

2.– Dokumentuak elektronikoki aurkeztuta frogatu beharko du erakunde onuradunak bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela laguntza ematean ezarritako helburua. Justifikazioa egiteko epea 2024ko urtarrilaren 31n amaituko da.

3.– Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek errekerimendua egingo diote erakunde onuradunari, hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesa itzuli beharko dira.

4.– 2. apartatuan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa hartuko da egindako gastutzat.

5.– Dirulaguntzak justifikatzeko, justifikazio-kontua modalitatea erabiliko da, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuta. Horrek dokumentu hauek bildu beharko ditu gutxienez:

• Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.

• Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura noiz eman den (data), kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatutako eta emandako ereduaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

b) Fakturak –elektronikoak izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo Administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat etorri behar dutenak. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), ordainagirien ordez, posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, eta abar), betiere zenbateko hori emandako dirulaguntzaren % 10 baino txikiagoa bada. Gastu diruz lagungarrien kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

c) Ordainketa egiaztatzen duten agiriak.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

e) Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona kualifikaturen bat kontratatzeko dirulaguntza jasotzen den kasuetan.

f) Hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.3 artikuluari jarraikiz eta agindu honen 6.3 artikuluan ezarrita dagoen moduan, erakunde onuradunak eskatu dituen hiru aurrekontuak.

6.– Gainera, kasu guztietan:

– Promoziorako materiala egiteko dirulaguntza eskatu dutenek aurkeztu beharko dute sortutako material bakoitzaren ale bat edo, materiala interneten argitaratu bada, interneteko sarbidea.

– Dagokionean, bankuko agiri bat, dirulaguntzaren % 70eko aurrerakinak ordaindu zenetik dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko egunera arte sortu dituen benetako finantza-etekinak adierazita.

7.– Turismo eta ostalaritzaren arloko teknikariek aurkeztutako dokumentuak aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.

8.– Dokumentuak egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

9.– Dirulaguntza likidatzeko, kontuan hartuko dira erakunde onuradunak benetan egindako eta justifikatutako diruz lagundutako gastua, diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste erakunde batzuek emandako laguntzak, bai eta, hala badagokio, laguntzaren aurrerakinaren finantza-etekinak ere. Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izango da inola ere dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa izan. I. eranskinean jasotako jarduketen justifikazioen zenbatekoak, dirulaguntzaren ehuneko berekoak badira, elkarrekin konpentsatu ahal izango dira, baina ezin izango dute gainditu jarduketa horietarako emandako gehieneko zenbatekoa.

10.– Justifikaturiko eta likidazioan onartutako kostua onetsitako aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, emate-ebazpenean jasotako dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuta.

11.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, izendatutako teknikariek txosten bat emango dute, eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da. Hala ere, emandako dirulaguntza gutxitzea badakar justifikazioaren azterketaren emaitzak, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, egokitzat iritzitako alegazioak egin ditzan, hala badagokio.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako bestelako diru-sarrera zein baliabideak eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, baldin eta estaltzen ez badira ustezko ez-betetzeak, betetzen badira arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie, betiere. Erakundeek gutxieneko eskakizun horiek bete behar dituzte laguntza-programa honen onuradun izateko. Eskakizunak agindu honen 4. artikuluan jasota daude, eta jarduketa diruz lagungarriak, aldiz, 5. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan. Ondore horietarako, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, onuradunari entzun eta gero, aldatzeko ebazpena emango du, eta bertan emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

2.– Aurrekoa hala izanik ere, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio aurkeztutako proiektua funtsean aldatzen ez duten aldaketa zehatzak, hala nola diruz lagundutako produktu turistikoak sortzeko, sustatzeko edo merkaturatzeko aurreikusitako ekintzak antzeko izaera eta helburuko beste batzuekin ordezkatzea laguntza-eskabidean aurkeztutako eta ondoren onartutako baldintzetan egin ezin izateagatik, gerta daitezkeen eta erakundearekin zerikusirik ez duten inguruabarrengatik, eta, betiere, dirulaguntza-deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza ematea eragin zuen helburuari eusten bazaio. Organo emaileari aldaketaren justifikazioa jakinarazi eta 15 egun igarota, ez bada ukapenaren berri ematen, erakundeak onartutzat jo ahal izango du. Nolanahi ere, administrazio-organoak ebazpen espresua eman –eta jakinarazi– beharko du. Onartzeak ez du inola ere ekarriko emandako dirulaguntzaren zenbatekoren bat emendatzea.

18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera-egitea- eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.

2.– Enpresa onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra adieraziko du, sortutako interes eta guzti; halaber, amaitutzat emango du prozedura.

Ez da onartuko erakunde interesdunari deialdiaren esparruan hasitako ez-betetze edo zehapen-prozeduraren hasiera jakinarazi ondoren aurkeztutako ukoa. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, edo laguntza ez badu erabiltzen eman zen helburu horretarako, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren baten pean badago, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko jaso dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den inguruabarren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:

– Justifikazio-agiriak ezarritako epez kanpo aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

– Horretarako eskatutako baldintzak bete gabe eskuratzea laguntza edo dirulaguntza.

3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarena da ez-betetzearen espedienteak hasteko eta ebazteko eskumena. Ez-betetzearen espediente hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

5.– Erakunde onuradunen betetze-maila erabatekoa izatera nabarmen gerturatzen denean (laguntza ematean lortu nahi zen helburua modu egokian bete bada), eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jardun duela, dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteko azken fasean dagoelako, itzuli beharreko kopurua proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuz kalkulatuko da.

20. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira agindu honetako dirulaguntzak: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta horren araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 9a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HELMUGEN ERAKARGARRITASUNA ETA ESPERIENTZIA TURISTIKOA HOBETZEN DUTEN LURRALDE-PROIEKTU TURISTIKOAK.

1.– Atal honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko produktu eta esperientzia turistiko jasangarriak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: EAEn esperientzia turistikoa hobetzea; turismo-eskaintza sendotzea eta berezi egitea, balio erantsi handiagoa emanez; eta kontsumo turistikoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen duten eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen duten turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, eta berariaz merkaturatzeari dagokionean; eta konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko interakzioa ahalbidetzeko.

2.– Proiektu diruz lagungarriak dira Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak sustatutako gida-planen eta produktu turistikoen arabera –Basquetour SA erakundeari eska dakizkioke– egiten diren jarduketak; zehazkiago, honako hauek:

2.1.– Turismo enogastronomikoa: turismo enogastronomikoa sustatzeko planarekin bat datozen proiektuak baino ez dira kontuan hartuko, «Euskadi Gastronomika» produktu-klubaren testuinguruan garatutakoak.

2.2.– Naturarekin lotutako turismoa: honako kategoria hauetan bildutako produktu turistikoei dagozkien proiektuak baino ez dira hartuko kontuan:

2.2.1.– Turismo aktiboa naturan.

– Mendi-ibilaldiak: Euskadiko mendi-ibilaldien plana.

– Zikloturismoa: Euskadiko zikloturismo plana.

2.2.2.– Ekoturismoa: Ekoturismoaren Gida Planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.3.– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuek izango dute lehentasuna.

2.4.– Kultura-turismoa.

– Done Jakue Bidea EAEn.

– Ignaziotar Bidea EAEn.

2.5.– Kostaldeko turismoa: Kostaldeko gida-planeko eragiketa-planari dagozkion eta ezarritako lan-mahai edo foroetan onartzen diren ekintza guztiak jasoko dira; hala ere, produktu hauei lotutakoek izango dute lehentasuna: Surfing Euskadi, turismo nautikoa eta marinel-kultura.

2.6.– Familia-turismoa: familia turismoaren planarekin bat datozen proiektuak.

2.7.– Esperientzien programa eta jarduera-planak: III. eranskinean zerrendatutako esperientzia ofizialei dagozkien ekintza guztiak.

2.8.– Turismo industriala: Turismo industrialaren gida-planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.9.– Erosketa arduratsuko turismoa: Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak abiarazi duen «Erosketa arduratsuko turismoa» estrategiarekin bat datozen ekintzak barne hartuko dira.

2.10.– Adinekoen turismoa: Adinekoen Turismoaren Produktu Planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.11.– LGBTQ+ turismoa: LGBTQ+ Turismoaren Produktu Planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

3.– Halaber, aurreko atalean identifikatutako planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu tipologia batzuk (interes bereziko txangoak eta ibilaldiak, etab.) sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, horretarako egiten den produktuaren planean justifikatuko dira, baita onartutako Turismoko Estatu Idazkaritzako (SETUR) Helmugetako Turismo Iraunkortasuneko Planetan jasotako jarduketak ere. Planek honako atal hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:

– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren azterketa eta AMIA diagnostikoa identifikatuta).

– Planaren helburuen identifikazioa.

– Produktu turistikoaren definizioa eta ezaugarriak.

– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).

– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, etab).

– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.

4.– Diruz lagungarriak izango dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduketak egiteko behar diren gastuak:

1) Plangintza eta kudeaketa:

– Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak. Diruz lagungarria izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakundeetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta laguntzaren xede diren proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea xede badute.

– Erakundea Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateak dakartzan gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak.

– Produktuak kudeatzeko tresna teknologikoak ezartzea eta mantentzea (produktuak garatzeko beharrezkoak diren prozesuak eta baliabideak planifikatzeko eta kontrolatzeko sistemak, bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak).

2) Produktua sortzea:

– Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagungarriak izango dira produktuaren eta haren kudeaketaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, eta abar. Barne hartzen dira, halaber, webinar bidez egindako mintegiei, hitzaldiei eta prestakuntzei lotutako gastuak.

– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagungarriak izango dira ostatuari eta garraiori dagozkien bidaia-gastuak.

– Proiektua abian jartzea. Diruz lagungarriak izango dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eskariaren jokamoldearen azterlanei buruzkoak (IBILTUR estatistika-operazioaren planteamendu metodologikoaren arabera), bai horiek eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei eta jarduketei zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.

– Kanpoko sentsibilizazio-ekintzak, foroak, jardunaldiak eta produktuen aurkezpenak, indarrean dagoen Euskadiko Marketin Planarekin bat datozenak, aurrez aurre nahiz modu birtualean. Diruz lagungarriak izango dira ekintza horiek abian jartzearen ondoriozko gastuak, hauei dagokienez: euskarri fisiko eta teknologikoen garapena, espazioen alokairua, materialaren garapena, zabalkundea, hizlariak eta abar.

– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua eta abar.

3) Sustapena:

– Interes handiko ekitaldiak sortzea edo abian jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere, izan aurrez aurre nahiz birtualki.

– Web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak eta abar).

– Sare-sozialen kudeaketaren eta mantentze-lanen gastuak.

– Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.

– Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara –fisikoa edo digitala– egokitzea. Gainera, zehazki, Euskadi Gastronomika eta Familia Turismoa produktu-klubei lotutako helmugetarako, produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, mendi-ibilaldiei, zikloturismoari eta ekoturismoari buruz egindako euskarriak inprimatzearen ondoriozko gastuak diruz lagungarriak izango dira.

– Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona batentzako ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak, baita jendearentzako arreta-zerbitzua emateko pertsona baten kontratazioarenak ere. Azoka birtualen kasuan, partaidetza-gastuak. Ez dira diruz lagunduko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.

– Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» delakoak eta kaleko ekintzak.

4) Merkaturatzea:

– Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea; besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak eta abar.

– Lineako merkataritza-estrategiak.

5.– Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izango:

– Inbertsio-gastuak.

– Informatikako ekipamendua erostea.

– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); internetera sartzeko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuk. Diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzen duten frogak aurkezten ez badira.

– Erakunde eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak, eranskin honen 4.1) apartatuan zehaztutakoak izan ezik.

– Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik; baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.

– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.

– Web orria erregistratzeko gastuak eta mantendu eta ostatatzeko («hosting»a) kuotak.

6.– Produktu turistikoak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da honako eremu hauetan:

– Euskal Autonomia Erkidegoa.

– Espainian eta nazioartean, batez ere indarreko Euskadiko Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan, hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoa sustatzen duten erakundeek egiten dituzten jarduketetarako. Era berean, gainerako erakunde onuradunek eremu horietan egiten dituzten sustapen- eta merkaturatze-ekintzak ere onartuko dira, baldin eta Espainiako eta/edo nazioarteko sareetako kide izateagatik badira eta hala justifikatzen bada eskabidean.

7.– Honako hau izango da produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika:

– Erakunde onuradunen logotipoa duten markak Euskadi-Basque Country markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.

– Euskadi-Basque Country logotipoa duen markak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logotipoak erakunde onuradunaren logotipoa duen markaren garrantzi hierarkiko bera edo handiagoa izango dute.

– Aurrekoa hala izanik ere, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi-Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.

II. ERANSKINA
HELMUGEN LEHIAKORTASUNA ETA JASANGARRITASUNA HOBETZEN DUTEN PROIEKTUAK

1.– Erakunde onuradunei Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako jarduketak antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan, bai erakundeen bai helmuga bateko enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezinbesteko tresna da Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda garatzeko; izan ere, bere helburu nagusia Garapen Jasangarriaren 17 Helburuak (GJH) betetzea da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Basquetourren bidez, euskal turismo-lehiakortasunaren eraldaketa jasangarri eta arduratsua egiten ari da, Garapen Jasangarriaren 17 Helburuak (GJH) betetzea lortzeko. Eraldaketa hori proiektu integratzaile bat zabaltzean datza, eta proiektu hori Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari (euskal enpresak eta helmugak) atxikitzearekin hasten da, iraunkortasunarekin eta erantzukizunarekin duten konpromisoa erakusteko. Behin erakundeak atxikita, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritako 8 printzipioak betetzeko konpromisoa hartzen dute. Printzipio horiek gobernantzaren, teknologiaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloekin lotuta daude, eta kode horri lotutako jarduketak inplementatuta gauzatzen dira.

2.– Diruz lagungarria izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeak eragindako gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakunde onuradunetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta haien berariazko xedea bada parte hartzen duten erakundeei laguntzea Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren prestakuntza ibilbidea betetzen, memoria prestatzen eta horrekin lotutako ondorengo jarduketetan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala