Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2023ko apirilaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1984

50/2023 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Aiaraldea eskualderako Berehalako Jarduera Planean jasotako (BJP) «Ingurumena eta Mugikortasun Jasangarria» proiektuaren esparruan jarduketak egitekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Aiaraldea eskualderako Berehalako Jarduera Planean jasotako (BJP) «Ingurumena eta Mugikortasun Jasangarria» proiektuaren esparruan jarduketak egitekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 17a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 17KO 50/2023 EBAZPENARENA
EUSKADIKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, JARDUKETAK EGITEKO AIARALDEA ESKUALDERAKO BEREHALAKO JARDUERA-PLANEAN JASOTAKO (BJP) «INGURUMENA ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIA» PROIEKTUAREN ESPARRUAN

Amurrion, 2022ko abenduaren 19an.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Batetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, bere karguan jardunez, lehendakariaren irailaren 7ko 23/2020 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izendatzeko dena) ezarritako izendapena betez.

Bestetik, Ramiro González Vicente jauna, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia, bere karguan jardunez, Arabako Batzar Nagusien Osoko Bilkuraren 2019ko uztailaren 4ko Erabakiaren bidez (Arabako Batzar Nagusien Aldizkari Ofiziala, 2019ko uztailaren 11koa, 20. zk.) ezarritako izendapena betez.

PARTE-HARTZAILEAK

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, eskumena duelako, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) esleitzen baitio horretarako ahalmena, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa.

Bigarrena, diputatu nagusia, abenduaren 18ko 52/1992 Foru Arauak (Foru Aldundiaren Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzkoa) esleitzen dizkion eskumenak betez, eta Arabako Foru Aldundiaren izenean, abenduaren 18ko 52/1992 Foru Arauaren (Foru Aldundiaren Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzkoa) 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hitzarmeneko aldeek elkarri aitortu diote legezko gaitasun nahikoa dutela lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko eta horretarako honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– 1978ko Espainiako Konstituzioaren I. tituluak ezartzen ditu oinarrizko eskubide eta betebeharrak, eta 45. artikuluan jasotzen du, politika sozial eta ekonomikoaren gida oinarrien artean, guztiek dutela eskubidea pertsonaren hazkunderako egokizko ingurune batez gozatzeko, eta baita hark iraun dezan betebeharra ere. Agindu horretan, espezifikoki jasotzen da botere publikoek zainduko dutela baliabide natural guztien erabilera arrazionala, bizitza-kalitatea babestu eta hobetzeko, eta ingurumena defendatu eta berriztatzeko, behar-beharrezko den elkartasun kolektiboan oinarrituz.

II.– Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio eskumena ingurumen- eta ekologia-gaietan Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta bere lurraldean betearazteko.

III.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 8. artikuluan ezartzen duenaren arabera Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ingurumenaren arloko eskumena dauka.

IV.– 2015ean, klima-aldaketari aurre egiteko asmoz, «2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko estrategia-KLIMA 2050» onartu zen. Eusko Jaurlaritzako sail guztien tresna bateratua da orain arteko neurriak sendotzeko eta etorkizunean giza garapen jasangarri bat diseinatuko duten neurri berriak hartzeko, 2050. urteari begira. Estrategiak helburu hauek definitzen ditu:

– 1. helburua.– Gutxienez % 40 murriztea Euskadiko BEG isuriak 2030erako eta % 80 2050erako, 2005eko datuen aldean; 2050erako energia berriztagarriak izatea azken kontsumoaren % 40ren iturria.

– 2. helburua.– Euskadik klima-aldaketaren aurrean erresilientzia izan dezan bermatzea.

Murrizteari buruzko, egokitzeari buruzko eta berriztagarriei buruzko helburu horiek lortzeko, 9 xede eta 24 jardun-lerro definitu dira, 70 ekintzatan zehaztuak.

Mugikortasun jasangarriaren esparruan, jarduketa horien barruan dago 16. ekintza (Eskualde, hiri eta jarduera-zentro desberdinetan Mugikortasun Jasangarrirako Planen garapena sustatzea), 4. jardun-lerroaren (Intermodalitatea eta BEG emisio txikiagoak dituzten garraiobideak bultzatzea) barruan. Jardun-lerro hori 2. helburuaren (Emisiorik gabeko garraio baterantz aurrera egitea) barruan dago.

Ondoren, 2017ko ekainaren 13an, Euskadiko Gobernu Kontseiluak Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidaria 2030 onartu zuen, eta helburu zuen mugikortasun-sistema garatzea, ekonomiaren, gizartearen, energiaren eta ingurumenaren arloetan eraginkorragoa izango dena, eta kalitatezkoa, herrialdearen motor ekonomikoa izan dadin.

V.– 2020ko azaroaren 3an, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ekonomia Suspertu eta Enplegua Sustatzeko 2020-2024 Berpiztu Programa onartu zuen. Egitasmo hori euskal erakundeek COVID-19aren osasun-pandemiak sortutako ekonomia- eta enplegu-krisia gainditzeko erantzun gisa sortu da, galdutako enplegua berreskuratzeko eta langabezia-tasa % 10etik beherakoa izateko 2024. urterako.

Aurrerago, 2021eko martxoaren 10ean, Kontseilu Errektoreak eskualde behartsuei edo lehentasunezko jarduketa-eremuei (ZAPS) bultzada emateko plan berezia abian jartzea onartu zuen.

VI.– 2021eko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak 180 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura onartu zuen eskualde behartsuak edo lehentasunezko jarduketa-eremuak (ZAPS) berriz sustatzeko, hautatutako eskualde horiek eraldatzeko behin betiko bultzada emateko eta Euskadiren suspertze- eta eraldaketa-prozesuan atzean gera ez daitezen lortzeko.

VII.– 2022ko martxoaren 1ean, lehendakariak Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera-Plana aurkeztu zuen Gobernu Kontseiluan, Euskadiko lehentasunezko jarduketa-eremuak (ZAPS) gisa. Berehalako jarduera-plan horrek bat egiten du Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oarsoaldea eskualdeetan dagoeneko abian jarritakoekin.

VIII.– Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planak edo BJPak 33 jarduketa abian jartzea aurreikusten du, 8 proiektu traktoretan taldekatuta, eskualdeko eragile ekonomikoek, sozialek eta erakundeek modu erabakigarrian parte hartu duten partaidetza- eta lankidetza-prozesu batean definituta.

IX.– Planean zehaztutako proiektu traktoreen barruan, «Ingurumena eta mugikortasun jasangarria» (A8 proiektu traktorea) dago. Proiektu horren jarduketak bat egiten du eskumenen arloan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskumen-arloarekin, proiektuaren xedea baita motorrik gabeko (oinezkoa eta txirrindularia) mugikortasun jasangarria, eta udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko konektibitatea sustatzea.

Aipatutako proiektu traktorearen barruan, 3 ekimen daude; hauek besteak beste: «Nerbioiko Parke Linealaren garapena» eta «Bide berdeen sarea zabaltzea». Era berean, horietako bakoitzak gauzatu beharreko jarduketa zehatz bat edo hainbat aurreikusten ditu. Bide berdeen sarea zabaltzeko ekimenak, Arabako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan, «Maroñoko urtegiaren ibaiertzeko ingurumena egokitzea eta berritzea» jasotzen du. Bestalde, Nerbioiko Parke Linealaren garapenaren ekimenak, azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden 5 tarte jasotzen ditu: «1.– Laudio-Arrankudiaga-Bizkaiarekiko lotura tartea» «2.– El Refor-Saratxoko Industrialdea tartea» «3.– Saratxoko Industrialdeko tartea. Industrialdera sartzeko bidea» «4.– Saratxoko Industrialdea-Mesones auzoa tartea» «5.– Urduña-Delika tartea»

X.– Azaroaren 25eko 27/1983 Legean (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzkoa) ezarritakoaren arabera, Arabako Foru Aldundiaren eskumena da aipatutako jarduketak egitea.

XI.– Azaroaren 25eko 27/1983 Legearen (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzkoa) 5. artikuluak zerbitzuak emateko hitzarmenak egiteko aukera ezartzen du Gobernuaren eta Foru Aldundi bakoitzaren artean.

Horregatik, Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planean aurreikusitako jarduerak gauzatzeko, eta, zehazki, Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoak diren jarduketa horiek gauzatzeko, bi aldeek administrazioen arteko hitzarmen hau egitea adostu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera. Azaldutakoa aintzat hartuta, aldeek hitzarmena sinatzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen xedea da aldeen arteko lankidetza egituratzea, Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planaren A8 Proiektu Traktorearen (Ingurumena eta Mugikortasun Jasangarria) esparruan egingo diren jarduketak gauzatuko direla bermatzeko, akordio hau sinatzen duten bi administrazioak koordinatuta lan egitearen bitartez, udalerrien eta lurralde historikoen arteko mugikortasuna eta eskualde-konektibitatea hobetzeko eta automobilaren mugikortasuna ez den beste mugikortasun bat sustatzeko. Jarduketa zehatzak hauek dira:

– Nerbioiko Parke Linealaren garapenaren ekimenaren barruan, Nerbioiko Parke Linealaren azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden 5 zatiak zabaltzeko, egokitzeko eta hobetzeko jarduketa:

• Laudio-Arrankudiaga-Bizkaiarekiko lotura tartea.

• El Refor-Saratxoko Industrialdea tartea.

• Saratxoko Industrialdeko tartea. Industrialdera sartzeko bidea.

• Saratxoko Industrialdea-Mesones auzoa tartea.

• Urduña-Delika tartea.

– Bide berdeen sarea zabaltzeko ekimenaren barruan, Maroñoko urtegiaren ibaiertzeko ingurumena egokitzeko eta berritzeko jarduketa.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.

1.– Arabako Foru Aldundiari bi milioi berrehun eta laurogeita hiru mila ehun eta hirurogeita bederatzi (2.283.169,00) euroko laguntza ematea, jarraian xehatzen diren obra hauek egiteko:

– Nerbioiko Parke Linealaren azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden tarteak zabaltzeko, egokitzeko eta hobetzeko, bi milioi laurogeita hamar mila bostehun eta laurogeita bederatzi (2.090.589,00) euroko laguntza.

– Maroñoko urtegiaren ibaiertzeko ingurumena egokitzeko eta berritzeko, ehun eta laurogeita hamabi mila bostehun eta laurogei (192.580,00) euroko laguntza.

Programen jarduketen finantzaketa ondoren zehaztutako jarduketen araberako xehakapenari jarraituz egingo da:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Arabako Foru Aldundiaren konpromisoak.

1.– «Nerbioiko Parke Linealaren azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden tarteak zabaltzea, egokitzea eta hobetzea» jarduketa gauzatzea 2024ko abenduaren 31 baino lehen, eta «Maroñoko urtegiaren ibaiertzeko ingurumena egokitzea eta berritzea» jarduketa gauzatzea 2023ko abenduaren 31 baino lehen. Halaber, aurreko puntuan aurreikusitako funtsak aplikatuko dizkie hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko eta garatzeko gastuei.

2.– Zenbatekoa aurreko puntuan ezarritako epean egikaritu beharreko inbertsioaren jarduketa zehatzetara bideratzea.

3.– Jarduketa bakoitzaren amaierako kostu errealaren % 15 bere gain hartzea gutxienez.

Arabako Foru Aldundiak lehendik dauden aurrekontu-kredituen arabera finantzatuko ditu programen jarduerak, jarraian zehaztutako jarduketen araberako xehakapenari jarraituz:

(Ikus .PDF)

4.– Behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak bideratzea egikaritze-epeak betetzeko eta horrekin lortu nahi diren emaitzak maximizatzeko.

5.– Egin izana justifikatzea, hitzarmen honetan jasotako dokumentazioa (laugarren klausula) Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera igorriz.

6.– Administrazioaren jardunean objektibotasun, publizitate eta gardentasunaren printzipioen bidez jokatzea.

7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari beharrezkoa den informazioa ematea jarduketen eta transferitutako funtsen gauzatzearen egoeraren jarraipena egiteko.

8.– Beharrezkoak diren neurriak bultzatzea, bai arauemaileak, bai kudeaketaren arlokoak, jarduerak egiten direla bermatzeko.

9.– Jarduketak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren finantzaketarekin egiten direla adieraztea publikoki.

10.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren gehienez % 100 azpikontratatu ahal izango ditu jarduera, osorik edo partzialki. Halaber, azpikontratazioak dirulaguntzaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik baimendu beharko du kontratazioa, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halako kasuetan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuordeak emango du baimena diruz lagundutako jarduerak egitea xede duten kontratu horiek egiteko.

11.– Emandako laguntza ezingo da izan jarduera horietako bakoitzaren amaierako kostuaren % 85 baino handiagoa. Transferitutako zenbateko horrek % 85 hori gainditzen badu, erakunde onuradunak aldea itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Laugarrena.– Finantzaketa eta justifikazioa.

1.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Arabako Foru Aldundiari egingo dion ekarpena 2022.1000542100.1.44210.72000.2022.001664 aurrekontu-zuzkiduraren kargura egingo da, edo, hala badagokio, horren ordezkoetan, gehienez ere bi milioi berrehun eta laurogeita hiru mila ehun eta hirurogeita bederatzi euroko (2.283.169,00 €) zenbatekoan, bigarren klausulan ezarritako urterokoen araberako banaketari jarraikiz.

2.– Finantzatu beharreko zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak ematen duen dirulaguntza zuzen bidez ematen da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 49.7 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluan ezarritakoaren babesean.

3.– Konprometitutako urterokoak ez aldatzeko, behar bezala justifikatutako salbuespenezko arrazoiengatik jarduketak ezin badira gauzatu aurreikusitako epean, gauzatze- eta justifikazio-epea luzatzeko eskatu ahal izango da. Eskaera hori epea amaitu baino lehen egin beharko da. Luzapen hori hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak baloratu eta onartu beharko du.

4.– Hitzarmen hau sinatu ondoren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Arabako Foru Aldundiari hirurehun eta laurogeita zortzi mila zazpiehun eta hogeita lau (388.724,00) euroko lehen ordainketa bat egingo dio, hitzarmena betez konprometitutako zenbateko osotik. Horretarako, aldez aurretik, Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez emakida onartu eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatu beharko da.

Bigarren ordainketa bat egingo da 2023ko ekainaren 1a baino lehen, milioi bat berrehun eta hirurogeita bederatzi mila laurehun eta berrogeita bost (1.269.445,00) eurokoa, Arabako Foru Aldundiak, 2023ko maiatzaren 1a baino lehen, finantzaketaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu ondoren. Txosten hori Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak egin beharko du, eta egindako jardueren azalpen-memoria eta egindako obren eta ordainketen ziurtagiria edo ziurtagiriak (gutxienez 457.322,35 euro) jaso beharko ditu. Txosten hori honela xehakatuko jarduketa bakoitzaren arabera:

– Nerbioiko Parke Linealaren azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden tarteak zabaltzea, egokitzea eta hobetzea: gutxienez, 295.451,76 euro.

– Maroñoko urtegiaren ibaiertzeko ingurumena egokitzea eta berritzea: gutxienez, 161.870,59 €.

Hirugarren ordainketa bat egingo da 2024ko ekainaren 1a baino lehen, seiehun eta hogeita bost mila (625.000,00) eurokoa, Arabako Foru Aldundiak, 2024ko maiatzaren 1a baino lehen, finantzaketaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu ondoren. Txosten hori Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak egin beharko du, eta egindako jardueren azalpen-memoria eta egindako obren eta ordainketen ziurtagiria edo ziurtagiriak (gutxienez 1.493.464,70 euro) jaso beharko ditu. Txosten hori honela xehakatuko jarduketa bakoitzaren arabera:

– Nerbioiko Parke Linealaren azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden tarteak zabaltzea, egokitzea eta hobetzea: gutxienez, 1.428.770,59 euro.

– Maroñoko urtegiaren ibaiertzeko ingurumena egokitzea eta berritzea: gutxienez, 64.694,18 euro.

5.– Azken justifikazio gisa, Arabako Foru Aldundiak, 2025eko martxoaren 31 baino lehen, finantzaketaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten hori Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak egingo du. Txosten horretan, egindako jardueren memoria eta egindako obren eta ordainketen ziurtagiria edo ziurtagiriak jaso beharko dira, «Nerbioiko Parke Linealaren azpiegitura osoaren 11 tarteetatik gauzatzeke dauden zatiak zabaltzea, egokitzea eta hobetzea» jarduketari dagokion 735.294,12 euroko gutxieneko zenbatekoarekin.

Bosgarrena.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honen esparruan emandako dirulaguntza bateragarria izango da erakunde honek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste dirulaguntza batzuekin, betiere ez bada gainfinantzaketarik gertatzen hitzarmenaren xede diren jardueren kostuaren gainean.

Arabako Foru Aldundiak edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan eta hamar egun balioduneko epean, horren berri eman beharko dio Natura Ondarea eta Klima Aldaketako Zuzendaritzari, eta adierazi, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa zein diren.

Hitzarmen honen babesean emandako ekarpen ekonomikoen zenbatekoak, helburu bera duten beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezin izango du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluak dioenez.

Kasu horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak emandako laguntzari soberakina kenduko zaio.

Seigarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Misto bat sortuko da, alde sinatzaileen ordezkari hauek osatua:

a) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren titularrak izendatutako bi ordezkari; horietako bat batzordeburua izango da.

b) Foru-erakunde betetzaileak izendatutako bi ordezkari.

Jarraipen Batzordea sei hilean behin bilduko da, edo beharrak hala agintzen duen bakoitzean.

Jarraipen Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen adituak eta teknikariak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, aztergaiei buruzko aholkuak emateko Batzordeari.

2.– Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoak honako eskuduntza hauek izango ditu:

a) Proiektuak gauzatzen direla egiaztatzea, bai eta lortu nahi diren helburuetara egokitzen direla eta horien bilakaera-maila egokia dela ere.

b) Hitzarmenaren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko egokitzat jotzen dituen neurriak hartzea.

c) Hitzarmenaren interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.

d) Hitzarmena gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzea, bai eta hitzarmena gainbegiratzea eta horri jarraipena eta kontrola egitea ere.

e) Proiektu eta jarduerak gauzatzeko, jarraitzeko eta ebaluatzeko beharrezkoak diren dokumentu teknikoak eta txostenak zehaztea.

Ordezkatutako alde guztiak ados jarrita hartuko dira erabakiak. Klausula honetan berariaz ezarri ez denarekin lotuta, Batzordearen funtzionamendua eta araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Zazpigarrena.– Publizitatea.

1.– Planari nabaritasuna eta ikusgarritasuna emateko, foru-erakunde betetzaileak jarduketa hauek egingo ditu:

a) Sare sozialetan eta webgune ofizialetan online hedatzeko jarduerak; halaber, egin beharreko jarduketak deskribatuko dira.

b) Komunikabide eta, oro har, herritarrentzako informazio-saio bat, ekitaldi publiko baten bidez, planaren helburuen eta jardueren berri emateko.

Osorik edo partzialki Planaren aurrekontuarekin finantzatuta dauden eta klausula honetan aipatzen diren argitalpen guztietan «Lehentasunezko jarduketa-eremuak, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin» legenda sartuko da, bai eta hitzarmena sinatu duten guztien irudi instituzionala ere. Era berean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen komunikazio-ekitaldi guztietan bi erakunde sinatzaileetako kideek parte hartuko dute.

Publizitatea bi hizkuntza ofizialetan hedatuko da, eta proportzio-berdintasunean egiteko ahaleginak egingo dira. Euskarazko sloganak jatorriz hizkuntza horretan sortuko dira.

Zortzigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat jotzen dira honako hauek: diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta hitzarmen honen 4. klausulan zehaztutako epean egiten badira.

Hitzarmen honen ondorioetarako, egindako gastutzat joko dira justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu diren guztiak.

Bederatzigarrena.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Ezarritako baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli egin beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak.

2.– Proiektuaren zati bat betetzen ez bada, itzuli beharreko zenbatekoa finkatzeko proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta tokiko erakunde betetzaileak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez.

3.– Itzulketa-prozedura Natura Ondarea eta Klima Aldaketako Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez hasiko da. Ebazpen horretan, itzulketa eragin duen arrazoia, bete gabeko betebeharrak eta zenbatekoa adieraziko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 41. eta 42. artikuluen babesean. Ebazpen horren berri emango zaio tokiko erakunde betetzaileari, hamabost eguneko epean alegazioak egin eta bere eskubideen alde egokitzat jotzen dituen frogak aurkez ditzan. Dirua itzultzeko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, prozedura ofizialki hasi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Dirua itzultzeko ebazpenak honako hauek jasoko ditu: tokiko erakunde ez-betetzailearen identifikazioa, itzulketa eragin duen arrazoia, itzulketaren zenbatekoa eta legezko interesak.

4.– Dirulaguntza hori emateko kontuan hartutako baldintzak, edota aldi berean beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edota, hala badagokio, helburu berarekin emandako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk aldatzen badira, dirulaguntza ere aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Lege hori.

Hamargarrena.– Ebazpena eta aldaketa.

1.– Ebazpena iraungitzeko arrazoiak izango dira SPAJLren 51. artikuluan jasotakoak:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.

b) Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Halakoetan, aldeetako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio bereak bete ez dituen aldeari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendua hauei komunikatuko zaie: hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei.

Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen aldeak alde sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsiarazten bada, gerta daiteke sortutako galerak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

e) Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.

2.– Hitzarmen hau aldatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren XIII. kapituluan ezarritakoa beteko da, eta eranskin bidez formalizatuko da, legez aurreikusitako izapideen arabera, beharrezkoa den kasuetan.

Hamaikagarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urte naturaleko balioa izango du, sinatzen denetik zenbatuta.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hura beste lau urtez luzatzea edo azkentzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Datuen babesa.

Alde sinatzaileak behartuta daude, datuen babesari dagokionez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzera; 2016/679 Erregelamendua datu pertsonalen tratamenduan eta datu horien zirkulazio librean pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du; abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, berriz, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa da.

Hitzarmen honetan, Arabako Foru Aldundia izango da tratamenduaren arduraduna, aipatutako araudian ezarritako baldintzetan eta bertan ezarritako betebehar eta baldintzei jarraikiz.

Hamahirugarrena.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna.

Parte hartzen duten aldeek genero-ikuspegia sartuko dute hitzarmen honekin lotuta egin beharreko jarduketa guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Arabako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren maiatzaren 23ko 29/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hamalaugarrena.– Araubide aplikagarria.

1.– Hitzarmen honi aplikatu beharreko araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoa da. Halaber, dagokionean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko dira, eta Administrazio Zuzenbideko gainerako arauak aplikatuko dira, sinatzen den hitzarmenean jaso ez diren gaiak interpretatzeari, aldatzeari eta ebazteari dagokienez.

2.– Hitzarmena interpretatzerakoan eta betetzerakoan sortutako auziak administrazioarekiko auzitegiaren jurisdikzio-ordenaren ezagutzakoak eta eskumenekoak izango dira.

Azaldutako guztiarekin ados daudelako, aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta orri guztietan, goiburuan adierazitako egunean eta lekuan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia,

RAMIRO GONZÁLEZ VICENTE.


Azterketa dokumentala