Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2023ko martxoaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1589

AGINDUA, 2023ko martxoaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Azkoitin (Gipuzkoa) dagoen «Bizilore» Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren baimena aldatzeko dena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezartzeko baimena eskatuz, Azkoitin (Gipuzkoa) dagoen CPEIP «Bizilore» HLHIP Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea aztertu da.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE), eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza-mailarako baimena ematea ondoren deskribatzen den ikastetxeari; 4 unitate, 2023-2024 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakia: 013635 (EAE) eta 20015411 (unibertsala).

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua.

Izen espezifikoa: «Bizilore».

Titularra: Hazitik kooperatiba integrala, Koop. Elk.

Helbidea: Altamira, 5.

Udalerria: Azkoitia.

Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.

Baimena:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 4 unitate irekitzea 40 ikaspostuko edukiarekin.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa:

• 2-3 urte bitarteko gela: unitate bat, 10 ikaspostuko edukierarekin.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 3 unitate, 35 ikaspostuko edukierarekin.

• 3-4 urte bitarteko gela: unitate bat, 10 ikaspostuko edukierarekin.

• 4-5 urte bitarteko gela: unitate bat, 10 ikaspostuko edukierarekin.

• 5-6 urte bitarteko gela: unitate bat, 10 ikaspostuko edukierarekin.

– Lehen Hezkuntza: 6 unitate, 96 ikaspostuko edukierarekin.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 4 unitate, 40 ikaspostuko edukierarekin.

Bigarrena.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

Hirugarrena.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen bitartez dirulaguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala