Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2023ko martxoaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1471

1/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

Eusko Legebiltzarrak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako zortzigarrenak baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari, lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean, testu bakar batean batzeko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta lege horretan egindako aldaketetan jasotako lege-xedapenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko Legea aldatzen dituen otsailaren 16ko 3/2012 Legearen arabera.

Era berean, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 52. artikuluaren 4. paragrafoarekin bat etorriz, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako zortzigarrenaren baimenak bateratu beharreko lege-testuak erregularizatzeko, argitzeko eta harmonizatzeko ahalmena jasotzen du.

Testu bakar bat onartzearen helburu nagusia da argitasun handiagoa ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudi autonomikoari, gai horri eragiten dioten xedapenak arau multzo bakar batean batuz.

Baimen hori dela bide, testu bategin hau prestatu da ondoren azaltzen diren irizpideen arabera.

Lehendik zeuden artikuluak berriro ordenatu eta zenbakitu dira, eta, beraz, haien arteko igorpenak eta bat-etortzeak ere bai. Kasuren batean, manu batzuk egokitu egin dira, haien edukietara sistematikoki hobeto egokitzen den kokapen batean.

Akats batzuk zuzendu dira eta testuan modu desberdinean jasotzen ziren termino batzuen erabilera bateratu da.

Era berean, lege-testua erregularizatu, argitu eta harmonizatzeko behar diren aldaketak sartu dira, kontuan hartuta testu bategin honen bidez berritzeko gaitasuna egoera horietara bakarrik mugatu daitekeela.

Orain onartzen den testu bategina bat dator arau-testu mota horri dagozkion antolamendu- eta homogeneizazio-irizpideekin eta testua argiago ematearekin, bai eta efizientziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta gainerako ordenamendu juridikoarekiko koherentziaren printzipioekin ere.

Arauaren egiturari dagokionez, honako hauek ditu: testu bategina onartzen duen artikulu bat, xedapen gehigarri bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat, legegintzako dekretua eta testu bategina indarrean sartzeari buruzkoa.

Hona testu bateginaren egitura: atariko titulu bat, non xedapen orokorrak biltzen diren, hala nola xedea, aplikazio-eremua eta printzipio orokorrak; I. titulua, eskumenak, eginkizunak, antolaketa eta finantzaketa arautzen dituena; II. titulua, botere eta administrazio publikoen jardueran genero-ikuspegia txertatzeko neurriei buruzkoa; III. titulua, zenbait esku-hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriei buruzkoa; IV. titulua, arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituena; eta bost xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hamabi azken xedapen.

Era berean, arauaren edukiaren aurkibide bat jasotzen du, arauaren erabilera errazteko eta haren manuak arin identifikatzeko.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak emandako irizpenarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 28an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzea.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako zortzigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen da, eta jarraian eransten da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.

Beste xedapen batzuetan bategin beharreko legeei egiten zaizkien aipamen guztiak onesten den testu bategineko artikuluei egiten zaizkiela ulertuko da.

INDARGABETZEKO XEDAPENA

Indargabetuta geratuko da 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legea.

AZKEN XEDAPENA

Legegintza-dekretu honen bidez onartzen den testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO ETA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA MATXISTARIK GABE BIZITZEKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen xedea da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan botere publikoen jarduera gidatu behar duten printzipio orokorrak ezartzea, eta zenbait neurri arautzea bizitzaren arlo guztietan emakumeek eta gizonek aukera eta tratu berdinak izan ditzaten sustatzeko eta bermatzeko, eta, bereziki, emakumeen autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko eta emakumeek jendartean, ekonomian zein politikan duten estatusa sendotzeko, egiturazko desberdinkeria eta sexuan oinarritutako diskriminazio-modu oro ezabatzeko, emakumeen aurkako indarkeria matxista barne dela. Azken batean, jendarte berdinzalea eta indarkeria matxistarik gabea lortu nahi da, non pertsona oro libre izango den, hala eremu publikoan nola pribatuan, bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, ohiko rolek generoaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaerak, jomugak eta beharrizanak.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Lege hau EAEko administrazio guztiei aplikatuko zaie, testuan zehar ezarriko diren salbuespenak salbuespen.

2.– Lege honen ondorioetarako, hau da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa:

a) Autonomia Erkidegoko Administrazioa, haren organismo autonomoak eta haren mendean edo hari lotuta dauden erakunde publikoak.

b) Foru Administrazioa, haren organismo autonomoak eta haren mendean edo hari lotuta dauden erakunde publikoak.

c) Toki Administrazioa, haren organismo autonomoak eta haren mendean edo hari lotuta dauden erakunde publikoak.

3.– EAEko botere publiko guztiei aplikatuko zaizkie 3. artikuluko printzipio orokorrak eta 17, 18.1, 18.2, 18.3, 18.5, 19.1, 19.4, 22, 23, 24, 25, 47.5, 52.3 y 53.1 artikuluak. Lege honen ondorioetarako, hau da EAEko botere publikoa:

a) EAEko administrazio publiko guztiak, haien administrazio instituzionalak eta haien mendeko edo haiei atxikitako gainerako erakunde instrumentalak.

b) EAEko sektore publikoa osatzen duten nortasun juridiko independentedun erakunde publikoak, adskripzio-araubiderik gabeak, eta sortze-arauan berariaz hala ezarrita duten beste erakunde batzuk.

c) Eusko Legebiltzarra.

d) Lurralde historikoetako batzar nagusiak.

e) Arartekoa.

f) Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

g) Euskal Herriko Unibertsitatea.

4.– Hirugarren artikuluan eta 17 eta 19.4. artikuluetan jasotzen diren printzipio orokorrak betetzeko eskatuko zaie EAEko botere publikoren batekin kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten entitate pribatuei, EAEko botere publikoen partaidetza dutenei edo botere publikoen laguntzen edo dirulaguntzen onuradun direnei, haien arteko erlazioari dagokion denboran eta gaian.

5.– EAEko botere publikoek berdintasun-klausulak txertatuko dituzte kontratuetan, dirulaguntzetan eta aurreko paragrafoan aipatutako entitate pribatuekin funts publikoak transferitzeko egiten diren beste dokumentu mota batzuetan; klausula horietan zehaztuko da artikuluak nola bete kasu bakoitzean. Ezarritakoa bete ezean, aukera egongo da zehapenak ezartzeko, kontratuak edo hitzarmenak suntsitzeko edo jasotako diru-zenbatekoak gutxitzeko edo itzularazteko.

6.– Halaber, lege hau Euskal Unibertsitate Sisteman eta sektore pribatuan ere aplikatu behar da, testu honetan ezarritakoari jarraikiz.

3. artikulua.– Printzipio orokorrak.

Hauek dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan EAEko botere publikoen jarduera gidatu eta bideratu behar duten printzipio orokorrak: tratu-berdintasuna; aukera-berdintasuna; emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea; dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegia txertatzea; ekintza positiboa; generoaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ikuspegi intersekzionala txertatzea; sexu- edo genero-identitatearen garapen askea, sexu-orientazioa, gorputz-autonomia eta autodeterminazioan; ordezkaritza orekatua; lankidetza eta koordinazioa eta nazioartekotzea; emakumeen ahalduntzea; gizonen inplikazioa; parte-hartzea; berrikuntza, gardentasuna eta kontu-ematea; hizkuntza-eskubideen babesa eta euskararen erabileraren sustapena.

1.– Tratu-berdintasuna.

Debekatuta dago pertsonen sexuan oinarritutako diskriminazio oro, hala zuzenekoa nola zeharkakoa, edozein delarik ere diskriminatzeko erabilitako modua.

Lege honen ondorioetarako:

a) Zuzeneko diskriminazioa dago pertsona bati, antzeko egoeran egonda, beste bati baino tratu txarragoa ematen zaionean, eman zaionean, edo eman lekiokeenean, haren sexua dela-eta edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta; esaterako, haurdun egotea edo ama izatea. Ezertan eragotzi gabe delitu gisa tipifikatu ahal izatea, sexuan oinarritutako zuzeneko diskriminaziotzat jotzen dira sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.

b) Zeharkako diskriminazioa dago egintza juridiko, irizpide edo praktika batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo jardunbide hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean.

c) Ez dira sexuan oinarritutako diskriminaziotzat joko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten neurriak, emakumeei eta gizonei tratamendu ezberdina ematea badakarte ere. Neurri horien artean helburu hauek dituztenak sartu behar dira: emakumeentzako ekintza positiboa, sexuei arrazoi biologikoengatik babes berezia eman beharra, eta gizonek etxeko lanetan, pertsonen zaintzan eta tratu- eta aukera-berdintasunaren aldeko lanean parte har dezaten sustatzea.

EAEko botere publikoek diskriminazio anizkoitzari aurre egingo diote, eta emakumeen edo emakume-taldeen oinarrizko eskubideak benetan gauzatzen direla bermatuko dute, emakume horiek bereizkeria-egoerak sor ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direnean, hala nola arraza, kolorea, jatorri etnikoa edo soziala, hizkuntza, erlijioa, kultura, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaiotza, familia-eitea, desgaitasuna, adina, sexu-joera sexu-edo genero-identitatea, genero-adierazpena, landa-eremukoa izatea, migratzailea, errefuxiatua, seropositiboa, guraso bakarra izatea edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal, sozial edo administratibo.

2.– Aukera-berdintasuna.

EAEko botere publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte berma dadin emakumeek eta gizonek benetan era berean baliatzen dituztela eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, laboralak, sozialak, kulturalak, ingurumenekoak eta arauetan aitor lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, barne dela boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu eta kontrolatzea.. Lege honen ondorioetarako, aukera-berdintasuna ezarri behar da, alde batetik, boterea, baliabideak eta onurak eskuratzeko abiapuntu edo hasierako baldintzetan, eta, bestetik, horiek guztiak baliatzeko eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzetan.

EAEko botere publikoek irisgarritasun unibertsala ere bermatuko dute, oztoporik edo eragozpenik egon ez dadin lege honen bidez arauturiko eskubideak baliatzeko eta baliabideak erabiltzeko, betiere oztopo horiek ezabatu beharrekoak baldin badira irisgarritasuna sustatzeari buruzko legediaren arabera. Horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte baliabideetan, zerbitzuetan eta prozeduretan arrazoizko doikuntzak egiteko, bat etorriz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan eta aplikatzekoak diren beste nazioarteko itunetan ezarritakoarekin.

3.– Emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea, artatzea eta desagerraraztea.

EAEko botere publikoek beren politika eta ekintzetan txertatuko dute, zeharka, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren forma guztiak prebenitzeko, artatzeko eta desagerrarazteko helburua, kontuan harturik emakumeen eta gizonen desberdinkeriaren adierazpenik muturrekoena dela.

Halaber, EAEko botere publikoen lehentasuna izango da emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimak artatzea erabat, suspertzea eta onbideratzea.

4.– Dibertsitatea eta diferentzia errespetatzea.

Botere publikoek beharrezkoak diren neurri guztiak abiaraziko dituzte sexuen berdintasunerako prozesuan errespeta daitezen, batetik, gizonen eta emakumeen artean dauden aldeak eta dibertsitatea biologiari, bizi-baldintzei, jomugei eta beharrizanei dagozkienez; eta, bestetik, emakumeen eta gizonen kolektiboen barruan dauden diferentziak eta dibertsitatea.

5.– Genero-ikuspegia txertatzea.

EAEko botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, haietan guztietan ezar dadin desberdinkeriak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra.

Lege honen ondorioetarako, hau da genero-ikuspegia txertatzea: sistematikoki kontuan izatea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan diferenteak, eta, horretarako, desberdinkeriak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera espezifikoak gehitzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horiek planifikatzeko, betearazteko eta ebaluatzeko fase guztietan.

6.– Ekintza positiboa.

Emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzea sustatze aldera, botere publikoek neurriak hartu behar dituzte, espezifikoak eta aldi baterakoak, bizitzaren eremuetan sexuan oinarritutako egitatezko desberdinkeriak desagerrarazteko edo murrizteko.

7.– Generoaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea.

EAEko botere publikoek generoaren araberako rol sozial eta estereotipoak desagerraraztea sustatu behar dute; izan ere, rol eta estereotipo horiek emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren oinarri dira, eta haien arabera esleitzen zaie emakumeei etxeko eremuaren ardura, eta gizonei, berriz, eremu publikoarena, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdinak emanez. Zehazki, etxeko lanen eta zaintza-lanaren aitorpena sustatu behar dute, politika publikoen elementu nagusi gisa. Baita ere, enpleguaren arloan gertatzen den segregazio horizontalari aurre egiteko, lanen balorazio desberdinari helduko diote.

8.– Ikuspegi intersekzionala txertatzea.

EAEko botere publikoek ikuspegi intersekzionala sustatu behar dute beren politika publikoetan, eta horrek esan nahi du, lege honen ondorioetarako, kontuan hartu behar dela nola sexuak edo generoak harremana duen 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako gainerako faktoreekin, maila askotan eta maiz aldi berean, nola sortzen diren identitate gainjarriak eta intersekzionatuak, bai eta egoera eta botere- eta zapalkuntza-ardatz desberdinak eta elkarri lotutakoak ere.

9.– Sexu- edo genero-identitatearen, sexu-orientazioaren, gorputz-autonomiaren eta autodeterminazioaren garapen askea.

Emakumeen eta gizonen berdintasun benetakoa eta eraginkorra sustatzeko, , botere publikoek, alde batetik, sexu- eta/edo genero-identitatearekin eta genero-orientazioarekin erlazionatutako diskriminazioak bizitzaren alor guztietatik desagerrarazteko neurriak hartu behar dituzte, eta, beste batetik; beharrezko politika publikoak garatu behar dituzte pertsona guztien, eta bereziki emakume guztien, gorputz-autonomia eta autodeterminazioa bermatzeko eta, bereziki, sexu- eta ugalketa-eskubideak balia ditzaketela ziurtatzeko, diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik.

10.– Ordezkapen orekatua.

EAEko botere publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte erabakiak hartzeko esparru guztietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lortzeko, guztiek gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia dutela.

Ordezkaritza orekatuaren printzipioa aplikatuko da, alde batetik, epaimahaiak, hautaketa-epaimahaiak eta pertsona anitzeko bestelako administrazio-organoak eratzerakoan, eta, bestetik, kargu publikoak, sozietate publikoen administrazio-kontseiluetako kideak eta EAEko sektore publikoa osatzen duten entitateen gobernu-organoetako kideak izendatzerakoan.

Pertsona anitzeko administrazio-organoei dagokienez, eta lege honen ondorioetarako, ordezkaritza orekatua dagoela ulertuko da lau kidetik gorako organoetan sexu bakoitzeko kideek % 40ko ordezkaritza dutenean gutxienez. Gainerako kasuetan, berriz, bi sexuek ordezkaritza dutenean.

Salbuespen gisa, baldin eta dagokion instituzio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eskumena duen organo edo erakundeak aldeko txostena ematen badu, justifikatuta egongo da ordezkaritza orekatuaren irizpidea ez aplikatzea pertsona anitzeko administrazio-organoetan, betiere kasu hauetan:

a) Objetiboki frogatzen denean organo horri dagokion erreferentziazko sektorean edo eremuan sexu jakin bateko pertsonen presentzia % 40tik beherakoa dela. Halakoetan, bermatu egin beharko da, edonola ere, ordezkaritza txikieneko sexuko pertsonek organo hartan izango duten ordezkaritza erreferentziazko sektore edo eremuan duten presentziaren proportzionala dela gutxienez, salbu eta hurrengo ataletan azaldutako inguruabarretako bat gertatzen bada.

b) Emakumeek organoan duten ordezkaritza % 60tik gorakoa izanik, egokitzat jotzen denean emakumeek ordezkaritza handiagoa izatea, erabakiak hartzeko eremuetan ordezkaritza txikiegia izatearen ondorioz historikoki izan duten desberdinkeria-egoera zuzentze aldera.

c) Objektiboki frogatzen denean sexu jakin batekoen artean ez dagoela behar adina pertsona organo hartan parte hartzeko gaitasun, trebakuntza eta prestakuntza egokia dutenak, edo, behar adina egonda ere, ezin dutenean organo horretan parte hartu, behar bezala justifikatutako arrazoiren bat dutelako.

d) Dagokion organoko kideak karguaren arabera izendatzen direnean edo izendapen hori instituzio edo erakunde batek baino gehiagok egin behar duenean. Halakoetan, ordezkaritza orekatuaren irizpideari eutsi beharko zaio, erakunde berak izendatutako pertsonen taldeari dagokionez, aurreko ataletan bildutako kasuetako bat aplikatzekoa denean izan ezik.

11.– Lankidetza, koordinazioa eta nazioartekotzea.

EAEko aginte publikoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan elkarlanean aritzeko eta beren jarduerak koordinatzeko betebeharra dute, haien esku-hartzeak eraginkorragoak izan daitezen eta baliabideen erabilera arrazionalarekin bat etor daitezen.

Orobat, sustatu egin behar dute garapenerako lankidetzako politiketan genero-ikuspegia txerta dadin eta berdintasun-politikak nazioartekotu daitezen, ezagutza eta baliabideak erakartzeko eta trukatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoa nazioarteko ekintzan nabarmen kokatzeko, garapen jasangarriko nazioarteko agendaren helburu globala betetze aldera sexuen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzeari dagokionez. Hori guztia, mundu globalizatu batean emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren arazo unibertsalari aurre egiteko funtsezko bide gisa.

12.– Emakumeen ahalduntzea.

EAEko botere publikoek baldintzak ezarri behar dituzte eta behar diren egokitzapenak egin behar dituzte emakumeak ahalduntzen laguntzeko, emakumeen dibertsitatea kontuan hartuta.

Lege honen ondorioetarako, emakumeen ahalduntzea da emakumeek emakume izateagatik jasaten duten desberdinkeria- eta diskriminazio-egoera estrukturalaz jabetzeko egiten duten prozesua, banaka zein kolektiboki, bai eta beren bizitzei buruzko erabaki estrategikoak hartzeko eta bizitzaren zenbait alderditan generoan oinarritutako desberdinkeria eta diskriminazioa sendotzen eta iraunarazten duten egiturak eta erakundeak eraldatzeko aukera emango dieten eskumena, boterea eta kontrola eskuratzeko prozesua ere.

13.– Gizonen inplikazioa.

EAEko botere publikoek, zeharka eta ekintza espezifikoen bidez, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako gizonen kontzientziazioa, erantzukizuna, parte-hartzea eta inplikazioa sustatu behar dituzte, bai eta berdinzaleak ez diren maskulinitateak auzitan jartzea eta desagerraraztea ere. Hori guztia, emakumeak ahalduntzeko lehentasunezko lana indartzeko eta osatzeko, eta pertsona guztien giza garapenerako eta justizia soziala eta berdintasuna lortzeko bide gisa.

14.– Parte-hartzea.

EAEko botere publikoek, politika publikoak garatzerakoan, talde feministen eta emakume taldeen, eragile sozialen eta, oro har, herritar guztien partaidetza eta elkarrizketa bultzatu behar dute; hala, beste partaidetza-eredu bat faboratuko da, demokratikoagoa, taldeen ekarpenei legezkotasun handiagoa emango diena eta haien ekarpenek benetako eragina izatea erraztuko duena. Horretarako, parte hartzeko gune eta bitarteko egokiak sortuko edo egokituko dira, irisgarritasun unibertsala bermatuko dutenak.

15.– Berrikuntza, gardentasuna eta kontu-ematea.

EAEko botere publikoek berdintasun-politiken berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatu behar dute, eta gardentasuna eta herritarrei kontu ematea bermatu, baliabide publikoen bidez emakumeen eta gizonen berdintasunari nola laguntzen zaion azaltzeko.

16.– Hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea.

EAEko botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza-eskubideak baliatzen direla eta euskararen erabilera sustatzen dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, berdintasun-politikak garatzeko orduan, ziurtatuko dute, beste neurri batzuen artean, interesdunak aukeratutako hizkuntza koofizialean ematen direla zerbitzuak, herritarrentzako prestakuntza-, partaidetza- eta sentsibilizazio-jardueretan hizkuntza-eskubideak bermatzen direla, eta langile eta profesionalentzako jardueretan euskararen erabilera sustatzen dela».

I. TITULUA
ESKUMENAK, EGINKIZUNAK, ANTOLAKETA ETA FINANTZIAZIOA
I. KAPITULUA
ESKUMENAK ETA EGINKIZUNAK

4. artikulua.– Eskumenen banaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeei dagokie, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bai legegintzako eskumena, bai arauak garatzeko eskumena, bai eta zuzeneko ekintza ere.

2.– Lege honen ondoreetarako, honakoa da zuzeneko ekintza: interes orokorra dela-eta edo baldintza tekniko, ekonomiko edo sozial bereziak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan bete behar diren eginkizunak, programak edo zerbitzuak eskaintzeko eskumena.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeek zuzeneko ekintzak abiarazi baditzakete ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arauak betearaztea lurralde historikoetako foru-organoei eta tokiko administrazioari dagokie, lege honetan eta hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat.

5. artikulua.– Autonomia Erkidegoko Administrazioa.

Osorako erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duten eskumena, Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokionez, ondoko eginkizunetan gauzatuko da:

a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, beren administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko plangintza et koordinazioa gauzatzea eta eremu horretako arau eta jarraibide orokorrak egitea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan egin behar diren ekintza positiboko neurriak, programa eta zerbitzuak taxutzea eta gauzatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren berdintasun-politikak aztertzea eta lege hau zein neurritan betetzen den ebaluatzea.

e) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, EAEko administrazio publiko guztien jardueren arteko lankidetza bultzatzea.

f) Emakumeen eta gizonen berdintasunean eskudunak diren entitate, organo eta unitateetako langileen eginkizunei eta gaikuntzari dagokienez, oinarrizkoak eta komunak diren neurriak ezartzea.

g) Estatistikak berdintasun-printzipioari egokitzeko metodologia diseinatzea eta horri buruzko plangintza egitea, bai eta estatistikak egokitu eta eguneratzea ere, haien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak esku hartzen duen eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren ezberdintasunak ezagutu ahal izateko.

h) Emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea, azterlan eta ikerketok Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.

i) Emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.

j) Autonomia Erkidegoko araudia nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

k) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei, gainerako EAEko aginte publikoei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea.

l) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitateak homologatzerakoan erabili beharko diren oinarrizko betekizun eta baldintza orokorrak ezartzea.

m) Sustapen-neurriak ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako planak, programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

n) Diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek eskubideetarako sarbidea izango dutela bermatzeko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko programak edo zerbitzuak ematea edo baliabideak ezartzea, haien izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eman beharrekoak direnean.

ñ) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatzen laguntzeko baliabideak eta zerbitzuak ezartzea, duten izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eskaini beharrekoak direnean.

o) Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herri enparauko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin, eta orobat beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko eta nazioarteko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin ere, harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea.

p) Sexuaren ziozko bereizkeria-egoerak ikertu eta antzematea, eta egoera horiek errotik desagerrarazteko neurriak hartzea.

q) Zehatzeko ahala baliatzea.

r) Lege honetan jasotako beste edozein eginkizun, edo bere eskumen-arloaren baitan esleitzen zaion beste edozein.

6. artikulua.– Foru-administrazioak.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bakoitzak bere lurralde historikoaren eremuan diharduela, ondokoak dira foru-administrazioei dagozkien eginkizunak:

a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, beren administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.

b) Bakoitzak bere lurralde-eremuan ekintza positiboko neurriak egikaritzea.

c) Bakoitzak bere lurralde-eremuan plangintza egitea, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruan, eta lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedaturikoa zehaztuko eta lurralde-errealitatera egokituko duten arauak, jarraibideak eta gidalerroak sortzea.

d) Estatistikak egokitu eta eguneratzea, haien bitartez foru-eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.

e) Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

f) Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak burutzea.

g) Foru-legeria nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

h) Sustapen-neurriak ezartzea, udalek eta gainerako toki-entitateek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

i) Diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek eskubideetarako sarbidea dutela bermatzeko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko programak edo zerbitzuak ematea edo baliabideak ezartzea, horien izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

j) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatzen laguntzeko baliabideak eta zerbitzuak ezartzea, duten izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

k) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek lurralde-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

l) Bakoitzaren lurralde-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik desagerrarazteko neurriak hartzea.

m) Bakoitzari bere eskumen-eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun.

7. artikulua.– Toki Administrazioa.

1.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, eta lege honen helburuetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eginkizun hauek bete behar dituzte, bai banaka, bai partaide diren mankomunitate, kuadrilla edo elkartzeen bidez edo lege honen xedeetarako eratzen dituztenen bidez:

a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitzea eta sortzea, bere administrazio-jardueran genero-ikuspegia txertatzeko.

b) Ekintza positiboko neurriak betearaztea toki-eremuan.

c) Toki-eremuan plangintza egitea, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruan eta foru-aldundien lurralde-plangintzaren esparruan, eta lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedaturikoa zehaztuko eta lurralde-errealitatera egokituko duten arauak, jarraibideak eta gidalerroak sortzea.

d) Estatistikak egokitzea eta eguneratzea, toki-erakundeek esku hartzen duten eremu guztietan emakumeek eta gizonek zer egoera bereizgarri duten jakiteko.

e) Emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea toki-eremuan.

f) Toki-eremuan sentsibilizazio-jarduerak egitea, emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria-egoeraz eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriez.

g) Jarraipena egitea toki-araudiari eta haren aplikazioari, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren araberakoa den.

h) Herritarrei, eta batez ere emakumeei, informazioa eta orientazioa ematea emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusia duten baliabideei eta programei buruz eta diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeei oinarrizko eskubideetarako sarbidea bermatzeko programa eta zerbitzuei buruz.

i) Diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek eskubideetarako sarbidea dutela bermatzeko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko programak edo zerbitzuak ematea edo baliabideak ezartzea, hala nola ahalduntze-eskolak, emakumeen etxeak, sare komunitarioak eta udalez gaindikoak edo beste batzuk, zerbitzu horien izaera dela-eta udal mailan eman beharrekoak direnean.

j) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatzen laguntzeko baliabideak eta zerbitzuak ezartzea, duten izaera dela-eta udal mailan eskaini beharrekoak direnean.

k) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakunde horien xedeek edo eginkizunek tokian-tokian emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

l) Toki-eremuan gertatzen diren sexuan oinarritutako diskriminazio-egoerak hautematea, eta egoera horiek ezabatzeko neurriak hartzea.

m) Bakoitzari bere eskumen-eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun.

2.– Toki-administrazioei aurreko paragrafoan aipatzen diren eginkizunak benetan betetzen laguntzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-administrazioek laguntza emango diete; bereziki, gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikien dutenei.

3.– EAEko botere publikoek erraztu egingo dute gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikieneko toki-administrazioek mankomunitateak, kuadrillak eta elkartzeak sor ditzaten, artikulu honen lehenengo apartatuan aipaturiko eginkizunak benetan gauzatze aldera.

8. artikulua.– Erakundeak homologatzea.

1.– Beharrezkoa denean EAEko administrazio publikoek ekimen pribatuarekin hitzarmenak egitea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eskaintzeko, kasuan kasuko administrazio publikoak homologatu behar ditu zerbitzu horiek eskainiko dituzten aholkularitza-enpresak eta -erakundeak, hitzarmenak izenpetu aurretik.

2.– Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitate pribatuak homologatzerakoan erabili beharko diren gutxieneko oinarrizko betekizunak eta baldintza orokorrak; dena den, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna kontuan duten irizpideak erabiliko dira.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA, ERAKUNDEEN ARTEKO KOORDINAZIOA ETA PARTE-HARTZEA
1. SEKZIOA
BERDINTASUNERAKO ERAKUNDEAK

9. artikulua.– Autonomia Erkidegoko Administrazioa.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ardura da Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu, ebaluatu eta horiei buruz aholku ematea, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzkoak barne. Emakunde sortzeko legean ezartzen da zer araubide juridiko duen.

10. artikulua.– Foru-administrazioak, toki-administrazioak eta beste erakunde publiko batzuk.

1.– Foru- eta toki-administrazioek, bakoitzak bere burua antolatzeko dituen eskumenen eremuan, beren egiturak egokitu behar dituzte, administrazio bakoitzak gutxienez entitate, organo edo administrazio-unitate bat izan dezan, bakoitzaren jardun-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasun-politikak bultzatu, planifikatu eta ebaluatzeko eta haiei buruz aholku emateko, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzko politikak barne.

2.– Erakunde, organo edo administrazio-unitate horiek, bakoitzak bere lurralde-eremuan, gutxienez ondoko eginkizunak beteko dituzte:

a) Berdintasunaren arloko plangintza eta jarraipen- eta ebaluazio- mekanismoak diseinatzea, eta lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedaturikoa zehaztuko eta dagozkien esku-hartze esparruetara egokituko duten arauak, jarraibideak eta gidalerroak sortzea.

b) Ekintza positiboko neurri espezifikoak diseinatzea eta sustatzea.

c) Bakoitzak bere administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan genero-ikuspegia txertatzeko sustapen-lana bultzatzea, maila guztietan eta fase guztietan.

d) Bakoitzak bere administrazioko sailei eta beren mendean dauden gainerako erakunde eta organoei emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz aholkularitza ematea eta haiekin lankidetzan aritzea.

e) Bakoitzari dagokion lurralde-eremuan bizi diren herritarrentzat sentsibilizazio-jarduerak egitea emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria-egoeraz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriez, diskriminazio anizkoitzeko egoerak eta diskriminazio hori sortzen duten faktoreak nola gurutzatzen diren aintzat hartuta.

f) Bakoitzak bere administrazioan programa edo zerbitzu espezifikoak egokitzeko eta sortzeko proposamenak eta sustapen-lana egitea, diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek eskubideetarako sarbidea dutela bermatzeko.

g) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatzen laguntzeko baliabideak eta zerbitzuak sortu eta egokitu daitezen sustatzea eta horretarako proposamenak egitea.

h) Bakoitzaren lurralde-eremuan gertatzen diren diskriminazio-egoerak hautematea, eta egoera horiek desagerrarazteko neurriak diseinatzea eta sustatzea.

i) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakunde horien xedeek edo eginkizunek emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

j) Bakoitzaren administrazioari atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituzten prestakuntza-beharrizanak diagnostikatzea, eta kasu bakoitzean zer prestakuntza mota behar den eta prestakuntza hori jasotzeko irizpideak eta lehentasunak zein diren proposatzea.

k) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituzten entitate, organo eta unitateekin elkarrizketan aritzea, eta, bereziki, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.

l) Lege honetan jasotzen den edo bakoitzari bere eskumen-eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun.

3.– Aurreko ataletan aipaturiko administrazio-egiturek nahikoa langile eta posizio organiko eta erlazio funtzional egokiak izan behar dituzte; horretaz gainera, behar adinako aurrekontu-zuzkidura izan behar dute, dagozkien xedeak lortzeko eta erabaki politikoen baitan berdintasun-politikak egoki txertatzen direla bermatu ahal izateko.

4.– Foru- eta toki-administrazioei dagokie beren erakundeetan eta departamentuetan berdintasunerako administrazio-unitateak sortzea eta arautzea, bakoitzaren eskumenen esparruan.

5.– Gehienbat EAEko erakunde publikoen partaidetza duten 50 langile baino gehiagoko partzuergo, fundazio eta enpresek egitura bat izango dute, langile espezializatuak dituena, erakunde barruan berdintasun-politikak garatzeko.

6.– Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiek, Arartekoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, beren eskumen-eremuan eta bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta, egitura bat izango dute, langile espezializatuak eta baliabide nahikoak izango dituena, bai eta posizio organiko egoki bat ere, bakoitzari dagokion erakundean berdintasun-politikak garatzeko.

2. SEKZIOA
BERDINTASUNERAKO UNITATEAK

11. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako unitateak.

1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere egiturak egokitu behar ditu, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean gutxienez zuzendaritza bat edo administrazio-unitate bat egon dadin, zeinaren ardura izango baita saileko zuzendaritzekin eta arloekin eta hari atxikitako organismo autonomo, erakunde publiko eta organoekin lankidetzan aritzea, koordinatzea eta sustatzea, lege honetan eta Eusko Jaurlaritzak onartutako berdintasun-planean xedatutakoa betearazteko. Zuzendaritzok edo unitateok nahikoa langile eta posizio organiko eta harreman funtzional egokiak izan behar dituzte, bai eta beren helburuak bete ahal izateko aurrekontu-zuzkidura nahikoa ere. Zuzendaritza edo unitate horiek lege honen 13.1 artikuluan aurreikusitako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordearen esparruaren barruan koordinatuko dira.

2.– Erregelamenduz zehaztuko dira aurreko paragrafoan aipatutako administrazio-unitateen gutxieneko eginkizunak.

3.– Autonomia Erkidegoko Administrazioari atxikitako edo lotutako organismo autonomo eta bestelako erakunde publikoek, 50 langile baino gehiago badituzte, egokitu egin beharko dituzte beren egiturak, administrazio-unitateak izan ditzaten lege honetan eta 16. artikuluaren 1. paragrafoan zehaztutako berdintasun-planean jasotzen diren neurriak betearaztea bultzatzeko eta koordinatzeko. Langile gutxiago dituzten organismoek eta erakunde publikoek sailetako berdintasun-unitateen aholkularitza izango dute.

3. SEKZIOA
KOORDINAZIO-ORGANOAK

12. artikulua.– Erakundearteko koordinazioa.

1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordea sortzen da, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru- eta toki-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko. Emakundeko zuzendaria izango da batzordeburua.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxiki zaio.

3.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen osaera, eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek ordezkari-kopuru bera izango dute batzordean.

13. artikulua.– Sailarteko koordinazioa.

1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten dituen jarduerak koordinatzeko organoa da; batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikiko zaio.

2.– Batzordearen eginkizunak, osaera, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira.

3.– Foru- eta toki-administrazioei dagokie, bakoitzari bere eskumen-eremuan, sailarteko koordinaziorako dagozkien egiturak edo guneak ezartzea eta arautzea.

4. SEKZIOA
PARTE-HARTZEA

14. artikulua.– Parte-hartzea.

EAEko administrazio publikoek organoak edo bideak izango dituzte lege honen 5.o), 6.k), 7.1.k) eta 27.5 artikuluetan aipaturiko parte-hartzea eta kolaborazioa antolatzeko.

III. KAPITULUA
FINANZIAZIOA

15. artikulua.– Aurrekontuak.

1.– EAEko administrazio publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren aurrekontu publikoetan, bereziki haiek taxutzeko fasean, emakumeen eta gizonen premia diferenteak kontuan izateko eta berdintasuna sustatzen eta sexuan oinarritutako desberdinkeriak desagerrarazten laguntzeko. Horretarako, gidalerroak ezarri behar dituzte, eginkizun hori gauzatzeko, horri jarraipena egiteko eta ebaluatzeko, eta trebakuntza-prozesu egokiak abiarazteko.

2.– Administrazio autonomiko, foral eta lokalek, urtero, lege honetan jasotzen diren eginkizunak betetzeko eta neurriak egikaritzeko behar dituzten ekonomia-baliabideak izendatuko eta zehaztuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak aktiboki eta progresiboki sustatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren % 1, gutxienez, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak garatzera bideratzea.

II. TITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOEN ETA AGINTEEN JARDUERAN GENERO IKUSPEGIA TXERTATZEKO NEURRIAK
I. KAPITULUA
PLANIFIKAZIOA

16. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak.

1.– Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onartuko du, eta, plan horretan, esku-hartze ildoak eta gidalerroak jasoko dira, koordinatuta eta oro har, EAEko botere publikoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak gidatzeko. Plan hori egiteko orduan, Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko aukera eman behar die gainerako EAEko administrazio publikoei, talde feministei eta emakume taldeei, beste eragile sozial batzuei eta, oro har, herritar guztiei. Halaber, erraztu behar du 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako emakumeen interesak ordezkatzen dituzten kolektiboak edo antolakundeak egotea.

2.– Lehenengo paragrafoan aurreikusitako plan orokorraren esku-hartze ildo eta gidalerro horiek garatzerakoan, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere jarduera-plan propioa egingo du legegintzaldi bakoitzean; plan horiek behar diren baliabide pertsonal, ekonomiko eta materialez hornituta egongo dira, benetan ezarriko direla bermatzeko. Sail bakoitzak zehaztuko du, nork bere ezaugarrien arabera eta efikazia-irizpideak kontuan hartuta, nola koordinatu bere organismo autonomoekin eta atxikitako edo lotutako erakunde publikoekin, plan horiek egiteko.

3.– Foru-aldundiek eta udalek berdintasun-planak onartuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren esku-hartze ildo eta gidalerroei jarraikiz, eta, beharrezkoak diren baliabide material, ekonomiko eta pertsonalen bitartez, bermatu egin behar dute aipatu planetan eta lege honetan jasotzen diren neurriak benetan eta koordinatuta betearazten direla beren sail, organismo autonomo eta mendeko edo lotutako bestelako erakunde publiko guztietan. Udalek banaka edo kide diren edo ondorio horietarako osa ditzaketen mankomunitate, kuadrilla edo elkartzeen bidez egin ditzakete jarduera horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta kasuan kasuko foru-aldundiek laguntza emango diete; bereziki, gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikiagoa dutenei.

4.– Bigarren eta 3. paragrafoetan aipaturiko planek honako hauek izan behar dituzte, gutxienez:

a) Egoeraren diagnostikoa.

b) Planak egiten feminismoaren eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko adituek, kolektiboek, elkarteek eta eragile sozialek parte hartzeko bideak, batez ere herritarrei zuzendutako planetan.

c) Inplikatutako sailek edo arloek teknikoki nahiz politikoki parte hartzeko bideak.

d) Aurrekontua.

e) Egutegia.

f) Helburuak, ekintzak eta ezarpen-, jarraipen-, ebaluazio- eta kontu emateko sistemak, dagozkien adierazleekin.

5.– Aurreko paragrafoetan aipaturiko planen helburu, ekintza eta adierazle nagusiak eta haiei dagozkien ebaluazio-adierazleak administrazio publiko bakoitzari dagozkion plan estrategikoetan txertatu behar dira.

6.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2. eta 3. paragrafoetan aipatutako planak onartu aurretik, haiei buruzko txostena eman behar du, zehazteko ea plan horien edukiak bat datozen lege honetan ezarritakoarekin eta Eusko Jaurlaritzak, 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, onetsi behar duen plan orokorrean jasotako esku-hartze ildo eta jarraibideekin.

7.– Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiek, Arartekoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, beren eskumen-eremuan eta bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan propioak egin behar dituzte; plan horiek behar beste baliabide pertsonal, ekonomiko eta materialez hornituta egongo dira.

8.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoa garatuko da alde batera utzi gabe administrazio publikoek duten betebeharra Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako berdintasun-planak egin eta aplikatzeko.

II. KAPITULUA
ESTATISTIKAK ETA AZTERLANAK

17. artikulua.– Estatistikak eta azterlanak.

1.– Lege honetan jasotako xedapenak gauzatzeko, eta bermatzeko haien ohiko jardunean genero-ikuspegia eraginkortasunez txertatzen dela, beharrezkoa izango da EAEko botere publikoek, beren azterlan, ikerketa, estatistika edo datu-bilketan ondorengo guztia egitea:

a) Sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan.

b) Eragiketa estatistikoetan adierazle berriak ezartzea eta sartzea, emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanetan dauden diferentziak, haien guztien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea ahalbidetzeko.

c) Beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, lege honen 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten beste aldagai edo faktore batzuen eragina ezagutzeko.

d) Lagin zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaia oinarri hartuta ustia eta azter daitezen ahalbidetzeko.

e) Datuak ustiatzea eta zabaltzea emakumeek eta gizonek esku-hartze eremuetan dituzten egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanak ezagutu ahal izateko moduan.

f) Gaur egun dauden definizio estatistikoak berrikustea, eta, hala badagokio, egokitzea, emakumeen lana aitortu eta baloratzen laguntzeko eta emakumeen zenbait kolektiboren estereotipatze negatiboa saihesteko.

Ohiz kanpoko kasuetan soilik justifika daiteke gorago aipatutako betebeharretako bat ez betetzea. Horretarako, txosten arrazoitu bat aurkeztu beharko da, organo eskudunak onetsia.

2.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen barruan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Behatokia sortu da, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoeraz eta bilakaeraz ikuspegi orokor eta iraunkorra izateko tresna gisa, emakumeen aurkako indarkeria matxistari dagokiona barne, eta EAEko botere publikoek eremu horretan egindako jardueren eragina ebaluatzeko aukera emango du ikuspegi horrek.

3.– Behatokia lankidetzan arituko da Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin eta estatistiken, azterlanen eta ikerketa publikoen arloan eskudunak diren beste organismo eta organo batzuekin, dagozkien eskumenen esparruan.

4.– Erregelamendu bidez zehaztuko dira eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea.

III. KAPITULUA
LANGILEEN GAIKUNTZA

18. artikulua.– EAEko botere publikoetako langileen trebakuntza.

1.– EAEko botere publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte beren langile guztiei emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta genero-ikuspegiaren arloan derrigorrezko oinarrizko prestakuntza mailakatu eta iraunkorra eskaintzeko, lege honetan biltzen diren xedapenak bete daitezen eta, horretaz gain, administrazio-jardueran genero-ikuspegia benetan txertatzea ahalbidetuko duen jakintza praktikoa bermatzeko.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko, EAEko botere publikoek ondorengo hau egingo dute:

a) Prestakuntza-planak egin eta gauzatuko dituzte, dauden lanpostuen tipologia bakoitzerako emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan beharrezkoak diren gaitasunak kontuan hartuta.

b) Prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak egingo dituzte beren kargu publikoentzat.

3.– EAEko botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dute berariaz emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa ez den prestakuntzan, eta, horretarako, prestakuntza-eskaintzak aztertuko dituzte, eta dagozkion egokitzapenak egingo.

4.– Halaber, EAEko botere publikoek bermatu egin behar dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko programak sustatu eta diseinatzeko eta aholkularitza teknikoa eskaintzeko lanpostuetan dauden langile teknikoek esperientzia eta/edo gaitasun zehatza dutela. Xede horrekin, ezagutzei buruzko berariazko betekizunak ezarriko dituzte lanpostu horietara sartu ahal izateko.

5.– Enplegu publikoko lanpostuak lortzeko eta lanpostuz igotzeko hautaketa-prozesuen gai-zerrendetan, EAEko administrazio publikoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioari eta horrek administrazio-jardueran duen aplikazioari dagozkion edukiak sartu behar dituzte.

6.– EAEko administrazio publikoek, dagozkien eskumenen esparruan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordean hartutako erabakiak aplikatzea sustatuko dute; hain justu ere, berdintasun-politika publikoetan kalitate-estandarrak aplikatzera bideratutako erabakiak, bereziki berdintasun-teknikarien plazei buruzkoak, haiek lanpostuen zerrendetan sartzeari, sailkapen-talde profesionalari, dedikazio eta lanaldi motari eta eskatutako prestakuntzari dagokienez.

IV. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOAREN ARAUDIAN ETA JARDUERAN BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK

19. artikulua.– Administrazioaren araudia eta jarduera.

1.– EAEko botere publikoek aktiboki izan behar dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko helburua arauak garatu eta aplikatzerakoan, eta planak, programak eta politika publikoak formulatzeko beste tresna batzuk, eta kontratuak, dirulaguntza-programak eta administrazio-egintzak garatu eta aplikatzerakoan.

2.– Autonomia Erkidegoko erakunde komunek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duten legegintza-eskumena alde batera utzi gabe, lurralde historikoen foru-organoek eta toki-administrazioek gai horren gaineko arau propioak landuko dituzte, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan bilduriko agindu orokorrak lurralde historiko eta udalerri bakoitzaren errealitatera egokituta eta zehaztuta. Hori guztia, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko betearazpen-eskumenak, erregelamendu-ahalak eta auto-antolatzeko ahalak baliatuz, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunak eragiten dien beste gai sektorial batzuetan dituzten eskumenak ere, gaia zeharkakoa izaki.

3.– Generoaren araberako inpaktua aurretiaz ebaluatzerakoan, desberdinkeriak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzerakoan eta kapitulu honetan aurreikusitako bestelako jarduerak egiterakoan, kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko diferentzietan zer-nolako eragina daukaten diskriminazio anizkoitza eragiten duten faktoreek, zeinak 3.1 artikuluaren azken atalean aipatzen baitira.

4.– EAEko botere publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dute irudi eta hizkera mota guztietan, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.

20. artikulua.– Generoaren araberako inpaktua aurretiaz ebaluatzea, desberdinkeriak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko.

1.– Arau bat egiteko unean, EAEko administrazio publikoek, hori sustatzen duen administrazio-organoaren bitartez, ebaluatu egin behar dute proposamen horrek nolako inpaktua izan dezakeen emakumeen eta gizonen egoeran. Horretarako, aztertu behar du ea arauan proiektatu den jarduerak ondorio positiboak edo kontrakoak izan litzakeen emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak desagerrarazteko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko helburu orokorrean.

2.– Egindako genero-inpaktuaren ebaluazioaren arabera, administrazio-arauaren proiektuan honelako neurriak sartu behar dira: batetik, arau edo proiektu horiek emakumeen eta gizonen egoeran sor dezaketen eragin negatiboa indargabetzeko neurriak, eta, bestetik, hautemandako desberdinkeriak desagerrarazteko edo gutxitzeko eta sexuen berdintasuna sustatzeko neurriak.

3.– EAEko administrazio publikoek, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den organo edo erakundeak proposatuta, arauak edo gidalerroak onartu behar dituzte, adierazteko, batetik, zer urrats egin behar diren generoaren araberako inpaktuaren aurretiazko ebaluazioa egiteko eta berdintasuna bultzatzeko neurriak ezartzeko, eta, bestetik, zer administrazio-arau dauden salbuetsita aurretiazko ebaluazio hori eta artikulu honetan jasotzen diren gainerako tramiteak egin behar izatetik.

4.– Arau-proiektuari buruzko memorian xehetasunez azaldu behar da zer tramite egin diren artikulu honi dagokionez, eta hark zer emaitza izan dituen.

5.– Araua sustatzen duen administrazio-organoak aztertu egin beharko du ea arauan jasotako neurriak, aurreko paragrafoetan aipatutakoak, eraginkorrak diren emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzearen eta desberdinkeriak ezabatzearen helburua lortzeko; gero, horren berri emango dio dagokion administrazioan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eskuduna den organo edo erakundeari.

6.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan prestatzen diren arau-proiektuei buruzko txostena eman behar du, artikulu honetan xedatzen dena egoki aplikatzen dela egiaztatzeko eta, hala badagokio, horren inguruko hobekuntzak proposatzeko. Beste administrazio publiko batzuen arauen kasuan, organo eskudunek ezarri beharko dute nola bermatu artikulu honetan finkatutakoa behar bezala aplikatzen dela.

7.– Xedapen orokorren izaera juridikoa duten planei, batik bat lurralde- eta hirigintza-planei, genero-inpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa egin behar zaie, eta berdintasuna sustatzeko neurriak sartu behar dira. Nolanahi ere, duen espezifikotasuna dela-eta, erregelamendu bidez zehaztuko da izapide hori nola gauzatu behar den.

8.– Administrazio-egintzak ez dira artikulu honetan aurreikusitako izapideen mende egongo, enplegu-eskaintza publikoen deialdiak eta lekualdatze-lehiaketak izan ezik.

9.– Eusko Legebiltzarrak eta batzar nagusiek dagozkien neurriak hartu behar dituzte, hurrenez hurren lege-proposamenetan eta foru-arauetarako proposamenetan ebalua dadin generoaren araberako zer inpaktu aurreikus daitekeen, eta halako proposamenetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak txerta daitezen.

21. artikulua.– Hautapen-prozesuak eta epaimahaiak.

1.– Egokitzat jotzen diren beste neurri batzuk ere har badaitezke ere, enplegu publikoko lanpostuak lortzeko, betetzeko eta mailaz igotzeko hautaketa-prozesuak erregulatzen dituzten administrazio-arauetan edo -egintzetan, praktikaldiei buruzkoak barne hartuta, honako hauek jaso behar dira:

a) Klausula bat, zeinaren bidez, gaikuntza-berdintasuna egonez gero, emakumeei lehentasuna emango zaien emakumeak % 40 baino gutxiago diren Administrazioaren kidego, maila, eskala eta kategorietan. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak izatea, sexuan oinarritutako diskriminaziorik eragiten ez dutenak, hala nola lanpostuak lortzeko eta mailaz igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Administrazio publikoetan funtzio publikoaren arloko eskumenak dituzten organoek estatistika egokiak eta eguneratuak izan behar dituzte, a) atalean xedaturikoa aplikatzea ahalbidetzeko, eta irizpideak ezarri behar dituzte, aurreko paragrafoan aipaturiko ehunekoa kalkulatzeko erreferentzia-esparrua finkatzeko.

b) Klausula bat, hautaketa-epaimahaietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatzeko, guztiek ere trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia dutela.

c) Aurreikuspenak, hautagaiaren lanbide-esperientzia baloratzeko merezimendu-baremoetan honako hauek ere kontuan har daitezen: lehenik, zenbat denbora egon den hautagaia eszedentzia-egoeran, senideak zaintzeagatik edo genero-indarkeriagatik; bigarrenik, zenbat denbora eman duen hautagaiak amatasuna eta aitatasuna babesteko edo bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatzeko lanaldi-murrizketetan edo baimenetan; eta, hirugarrenik, emakumezko enplegatu publikoek zenbat denbora eman duten genero-indarkeriagatik baimenak baliatzen.

d) Neurri batzuk, hautaketa-prozesuak, lanpostuak betetzeko prozesuak eta mailaz igotzeko prozesuak garatzerakoan amatasunari behar bezalako babesa emateko bai jaio aurreko aldietan bai jaiotza ondoko aldietan, aintzat hartuta guraso bakarreko familiek kontziliaziorako duten zailtasun erantsia, sexuan oinarritutako diskriminazio-egoerarik ez gertatzeko. Hori horrela izanik, deialdi bakarreko sistemaren araberako ariketak edo probak edo hautagaiak bertaratzea eskatzen duten bestelako jarduerak barne hartzen dituzten prozesuetan, haurduntza-, erditze- edo edoskitze-egoerek, baldin eta behar bezala egiaztatuta badaude, ekitaldiaren denbora- edo leku-inguruabarrak aldatzea eragin dezakete, eta aldaketa hori justifikatuta egongo da. Aldaketa-eskabideak kontuan hartzerakoan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu-neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko.

2.– Administrazioak sustatutako edo diruz lagundutako edozein sari mota emateko sortzen diren epaimahaiak erregulatuko dituzten arauek, eta kultura- edo arte-funtsak eskuratzeko gaitutako antzeko organoak erregulatuko dituztenek, klausula bat izango dute, hautaketa-epaimahaietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatzeko, guztiek ere trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia dutela. Horrez gain, dena dela, egokitzat jotzen diren beste neurri batzuk ere har daitezke.

3.– Artikulu honetan adierazitakoaren ondorioetarako, ordezkaritza orekatua dagoela ulertuko da lau kide baino gehiago dituzten epaimahaietan edo antzeko organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu. Gainerako kasuetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean izango da orekatua.

22. artikulua.– Kontratazio publikoa.

1.– EAEko botere publikoek irizpide sozialak txertatzeko nahitaezko eta zeharkako betebeharrari buruzko printzipio orokorra aplikatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremu espezifikoan. Horretarako, genero-ikuspegia txertatu beharko dute kontratazio publikoan, eta, beste neurri batzuen artean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak txertatuko dituzte adjudikazio-irizpideetan eta betearazpen-baldintza berezietan, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako inguruabarrak dituzten emakumeen egoera. Hori guztia, salbu eta objektiboki justifikatzen bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin, kontratu-prestazioak ez duelako eraginik emakumeen eta gizonen egoeran, eta ezin delako horrelako klausularik sartu eta kontratazio publikoaren arloko oinarrizko araudiarekin bat eginez.

2.– Genero-ikuspegia aintzat hartzea kontratuaren xedearen ezaugarri tekniko bat denean, xede horren definizioan berariaz txertatu ahal izango da emakumeen eta gizonen berdintasunaren aipamen espezifiko bat.

3.– EAEko botere publikoek kontratazio-prozeduratik kanpo utziko dituzte Estatuko oinarrizko legerian kontratatzeko debekua ezarrita duten pertsona fisikoak eta juridikoak, besteak beste, berdintasun-plan bat izateko betebeharra ez betetzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-hauste oso larria dela-eta egindako delituengatik edo zehapen irmoak izateagatik.

4.– Kontratuaren xederako emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko gaitasun espezifikoak eskatzen badira, gaitasun tekniko edo profesional gisa eskatuko da esperientzia zehatza, ezagutzak edo prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, kontratazio publikoari buruzko araudian ezarritakoarekin bat eginez.

5.– Baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin artikulu honen lehen paragrafoan aurreikusitako baldintzetan, kontratazio publikoaren arloko oinarrizko araudiaren arabera, kontratazio-organoek honako hauek sartuko dituzte kontratazio-agirietan:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako adjudikazio-irizpideak, baremoaren guztizkoaren % 5eko haztapenarekin, gutxienez.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako gauzatze-baldintza berezi bat, gutxienez, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago.

6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez dituzten gaitasunak errazago egiaztatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan aukera emango da informazioa sexuaren arabera bereizita jasotzeko, gutxienez honako hauen kopuruari buruzkoa:

a) Pertsona juridikoen eta haien administrazio- edo zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsona titularrak.

b) Langileak eta haien batez besteko ordainsaria, lanbide-taldeen, lanbide-kategorien edo lanpostu berdinen edo balio berekoen arabera banatuta.

7.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatu beharko da, eta, horretarako:

a) Kontratistak nahitaez bete beharko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausula guztiak, eta horiek behar bezala gauzatu direla egiaztatu beharko du, dagokion dokumentazioa aurkeztuta, aurretiazko errekerimendurik igorri behar izan gabe.

b) Agirietan zehaztuko da zer ondorio dituen aipatutako klausulak urratzeak, bat eginez sektore publikoko kontratuen legerian ezarritakoarekin.

c) Kontratuaren jarraipenaz eta gauzatzeaz arduratzen den unitateak emakumeen eta gizonen berdintasuna egiaztatzeko dokumentazioa egiaztatu beharko du. Ondorio horietarako, aholku emateko eska diezaioke dagokion erakundean emakume eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituen organoari edo organismoari.

23. artikulua.– Dirulaguntzak.

1.– EAEko botere publikoek, oro har, dirulaguntza publikoetan genero-ikuspegia txertatu behar dute, eta, arau eta oinarrien artean, berdintasuna sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak ezabatzeko neurriak sartu behar dituzte balorazio-irizpideetan eta pertsona fisiko edo juridiko onuradunen betebeharretan, salbu eta txosten arrazoitu baten bidez justifikatzen bada dirulaguntzak generoan oinarritutako desberdinkeriarik ez dagoen esparru batean eragiten duela edo, desberdinkeriak egonda ere, dirulaguntzak ez duela eraginik emakumeen eta gizonen egoeran. Txostena helaraziko zaio dagokion erakundean emakume eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituen organo edo organismoari, haren iritzia eskatzeko.

2.– EAEko botere publikoek ezingo diete laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta edo 3.1 artikuluan adierazitako diskriminazio anizkoitzeko inguruabarretan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ez eta sexuan oinarrituta diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

3.– EAEko botere publikoek, beste gai batzuen artean, dirulaguntza publikoak erregulatzen dituzten oinarri edo arauetan ondoren azaltzen dena egingo dute:

a) Pertsona fisiko edo juridiko parte-hartzaileek bete beharreko baldintzen artean sartuko dute, betiere emakumeen eta gizonen berdintasuna alderdi garrantzitsua bada dirulaguntzaren xedeari begira, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako ibilbide bat egiaztatzea; edo beren estatutuetako helburuen, xede sozialen edo sorrerako helburuen artean berdintasunaren sustapena izatea; edo diruz lagundutako proiektua edo jarduera gauzatuko duten pertsonek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza espezifikoa izatea.

b) Balorazio-irizpideen baremoaren guztizko % 5ekin baloratuko dituzte, gutxienez, pertsona fisiko edo juridiko parte-hartzaileen emakumeen eta gizonen berdintasunerako ekintzak eta politikak eta/edo dirulaguntzara aurkeztutako proiektuan genero-ikuspegia txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuk. Hori guztia, baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada ehuneko hori neurriz kanpokoa dela dirulaguntzak emakume eta gizonen egoeran duen inpaktuari dagokionez.

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako betebeharrak ezarriko dituzte, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak ez betetzeak dakartzan ondorioak ere.

d) Emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, entitate onuradunei eskatuko diete dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan sexuaren arabera banakatuta aurkez dezatela honako hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, pertsona titularrak eta langileak, eta dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko entitateak kontratatu dituen langileak.

4.– Dirulaguntza publikoen onuradun diren pertsona juridiko guztiek emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatu beharko dute, bai eta hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazio guztia aurkeztu eta justifikatu ere, eta irizpide sozial horiek egiaztatzeko jarduerak egiten utzi beharko dute.

5.– Estatuko araudia betetze aldera, EAEko administrazio publikoek, dirulaguntzen plan estrategikoak prestatzeko orduan, aztertu beharko dute, eta objektiboki eta arrazoi bidez justifikatu, ea dirulaguntzekin loturiko esparruetan badagoen desberdinkeriarik emakumeen eta gizonen artean. Horretarako, iritzia eskatu ahalko diote dagokion administrazioan emakume eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituen organoari edo organismoari.

24. artikulua.– Kontratazio publikoaren eta dirulaguntzen xedapen erkideak.

1.– Dirulaguntzak eta kontratuak sustatzen dituzten organoek adierazle batzuk ezarri beharko dituzte, aurreko bi artikuluetan aipatutako neurriak zenbateraino betetzen diren eta zenbateraino diren eraginkorrak ebaluatu ahal izateko.

2.– EAEko botere publikoek, bakoitzak bere jardun-eremuan, arauak edo jarraibideak onar ditzakete, aurreko bi artikuluetan xedatutakoa benetan betetzeko pauta eta adibideak emateko.

25. artikulua.– Plan sektorialak eta estrategikoak.

1.– EAEko botere publikoek genero-ikuspegia sartu behar dute beren plan sektorialetan eta estrategikoetan, eta neurriak sartu behar dituzte berdintasuna sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak desagerrarazteko, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako inguruabarrak dituzten emakumeen egoera. Salbuespena egingo da txosten arrazoitu baten bidez justifikatzen bada planari ez dagokiola genero-ikuspegia txertatzea. Txosten hori emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den organo edo organismoari helaraziko zaio, zer irizten dion jakiteko.

2.– Emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, EAEko botere publikoek bermatu egin behar dute, plan sektorialen eta estrategikoen memorietan edo ebaluazioetan, aurreikusitako ebaluazio-adierazleen eta planean garaturiko neurrien onuradunen informazioa sexuen arabera banakatuta aurkezten dela.

3.– EAEko administrazio publikoek, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den organo edo organismoak proposatuta, arauak edo gidalerroak onar ditzakete, zeinetan adieraziko den zer egin behar den aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa benetan aplikatzeko eta horren jarraipena egiteko.

III. TITULUA
ZENBAIT ESKU HARTZE ARLOTAN BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK
I. KAPITULUA
PARTAIDETZA SOZIOPOLITIKOA

26. artikulua.– Politika.

1.– EAEko aginte publiko guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Horretarako, beharrezkoak diren neurri arauemaileak eta bestelakoak gauzatuko dituzte.

2.– EAEko botere publikoen ardura izango da komunikabideek kargu politikodunez egiten duten estaldura mediatikoa sexismorik eta generoaren araberako estereotiporik gabea, ekitatiboa eta orekatua izan dadin zaintzea, estaldura horrek eragin negatiborik izan ez dezan haien ordezkagarritasunean eta lan instituzionalean, ez eta hautesleek sexu bateko edo besteko hautagaiak hautatzeko duten konfiantzan ere.

27. artikulua.– Elkarteak eta erakundeak.

1.– EAEko administrazio publikoek sustatu behar dute emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea lanbide-, enpresa-, ekonomia sozialeko, sindikatu-, politika-, kultura- eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritza-organoetan, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako faktoreak dituzten emakumeen egoera. Horretarako, beste jarduera batzuen artean, dagozkien dirulaguntzak egokitu ditzakete, emakumeen ordezkaritza txikiegia duten organoetan emakumeen presentzia handitzeko neurriak hartzearen arabera.

2.– EAEko administrazio publikoek ezin izango diete inolako laguntzarik, babesik edo aitorpenik eman kideak aukeratzeko prozesuan edo lan- jardueran sexuan oinarrituta diskriminatzen duten elkarte edo erakundeei.

3.– EAEko administrazio publikoek lege honetan aurreikusitako xedeak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteei eta antolakundeei laguntza emango diete, eta entitate horiekin lankidetzan aritzeko bide publiko-pribatuak bultzatuko dituzte, adibidez emakumeen etxeekin, emakumeak ahalduntzen laguntzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kasuak hautemateko eta biktimei lagun egiteko guneak errazteko.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea helburu duten zerbitzuak eskaintzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeak onura publikokotzat jo ahal izango dira, erakunde bakoitzaren forma juridikoari dagokion legedia berezian ezarritakoari jarraikiz.

5.– EAEko administrazio publikoek mekanismo, denbora, espazio, ekipamendu eta trebakuntza-prozesu irisgarriak eta egokiak jarriko dituzte, emakumeek, edozein administrazio-egoeratan daudela ere, gizarte-, lan-, ekonomia-, kultura- eta ingurumen-politiken garapenean parte hartzen dutela bermatzeko, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako faktoreak dituzten emakumeen premiak. Halaber, erraztuko dute politika horietan mugimendu feministak parte hartzea, bai eta erakunde sindikalek eta bestelakoek eta xedeen artean emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea duten elkarteek ere. Halaber, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan emakumeak EAEko administrazio publikoekin elkarrizketan aritzeko bideak antolatuko dituzte, besteak beste, entitateak sortuz eta gobernantza partekatuko ereduak bultzatuz.

II. KAPITULUA
KULTURA ETA KOMUNIKABIDEAK

28. artikulua.– Kultura-jarduerak.

1.– EAEko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan. Lege honen ondorioetarako, kultura-jardueratzat hartzen dira, besteak beste, jarduera artistikoak, jai-giroan egiten direnak, oroitzapenezkoak, kirol-jarduerak eta euskararen hizkuntza-normalizazioaren arloan egindakoak.

Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egitea.

2.– EAEko administrazio publikoek ezingo dute inolako laguntzarik eman eta haien ordezkariek ezingo dute ordezkari gisa parte hartu sexuan oinarrituta diskriminatzen duen zein emakumeenganako gorrotoa sustatzen duen ezein kultura-jardueratan. Era berean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta estereotipoak gainditzea bilatzen duten jardueretan parte hartzea sustatuko da.

3.– EAEko administrazio publikoek bultzatu behar dute genero-ikuspegitik egitea memoria soziala eta hura berreraikitzea, bai eta memorializazio-prozesuak ere. Horretaz gain, berdintasunaren aldeko kultura-politikak sustatuko dituzte, ondareari eta kulturari emakumeek egin dizkieten ekarpenak ikusgai egiteko, eta genero- estereotipo eta aurreiritzi sexistak gainditzen laguntzeko; eta emakumeen presentzia sustatu behar dute, emakumeek ordezkaritza txikiegia duten eremuetako erakusketa eta ekoizpen artistiko eta kulturaletan. Horretarako, beste neurri batzuen artean, partaidetzako eremu zabalak eta laguntza publikoak ezarriko dituzte, edo daudenak egokituko.

4.– Bereziki, EAEko administrazio publikoek jarduera hauek bultzatu behar dituzte funts publikoekin finantzatutako museo eta arte-zentroetan:

a) Genero-ikuspegia txerta dadila haietako hezkuntza-programetan, bisita-programetan eta bestelakoetan, eta, bereziki, haur eta gazteentzako programetan.

b) Genero-ikuspegia txerta dadila erosketa-irizpide eta -protokoloetan eta obrak eskuratzeko lehentasun-ildoetan, bai eta erakusketa-politiketan ere, horrela lortuko baita emakumezko artisten erakusketak ugaritzea eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzea.

c) Ordezkaritza orekatua susta dadila erabakiak hartzeko egitura guztietan, besteak beste, patronatuetan, batzorde artistikoetan eta epaimahaietan.

5.– EAEko administrazio publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte kirol-modalitate guztietan, bai aisialdian, bai lehiaketetan, emakumeek eta gizonek tratu- eta aukera-berdintasuna izango dutela bermatzeko EAEn egiten diren praktiketan eta jardueretan.

6.– EAEko administrazio publikoek kirol-jarduerak estereotipoetan oinarritu gabe hautatzea sustatuko dute, bai eta emakumeen zein gizonen kirol-jarduerak babestea ere, bietako edozein gutxiengoa den modalitateetan. Era berean, bermatuko dute badaudela laguntzak gehienbat emakumeek praktikatzen dituzten kirol-modalitateetarako, eta emakumeen eta gizonen artean berdintasuna dagoela sariak eta aitorpenak ematerakoan.

29. artikulua.– Komunikabideak, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuaren barruan jarduten duten komunikabideetan, Internet eta sare sozialen bidez ezin da azaldu pertsonek giza duintasun gutxiago edo gehiago dutenik sexuaren arabera, ezta pertsonak objektu sexual edo aberasteko produktu huts gisa aurkeztu ere. Halaber, ezin da zabaldu emakumeen aurkako indarkeria matxista justifikatzen, hutsaltzen edo bultzatzen duen edukirik.

2.– Debekatu egiten da honelako publizitatea egitea, ematea eta erakustea: pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun txikiagoa edo handiagoa dutela edo sexu-objektu edo aberastasun-iturri soilak direla adierazten duenak eta emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, hutsaldu edo horretara bultzatzen duenak.

3.– Komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, bermatuko dute edukietan genero-ikuspegia sartzen dela; horrez gain, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen partaidetza aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen funtzioei buruzko estereotipo sexistetatik aparte; bereziki zaindu behar dituzte haur zein gazteentzako edukiak, eta 3.1 artikuluaren azken atalean aipatzen diren diskriminazio anizkoitzeko inguruabarrak dituzten emakumeekin lotutako aurreiritziak eta estereotipoak desagerrarazi behar dituzte.

4.– Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko komunikabideek babestu egingo dituzte desberdinkeriak desagerrarazi eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria mota oro prebenitzeko kanpaina instituzionalak, eta kanpaina horiei lehentasunezko tratua emango diete beren publizitate-espazioetan. Horretarako, dagokionean, erakundeen arteko lankidetzarako beharrezko diren mekanismoak edo itunak ezarriko dira.

5.– EAEko administrazio publikoek, organismo autonomoek eta haien mende edo haiei lotuta dauden gainerako entitate publikoek, beren eskumen-eremuan, aurreko apartatuan aipatutako kanpaina instituzionalak hedatzen lagunduko dute. Horretarako, barruan nahiz kanpoan publizitaterako dituzten gune edo lekuak lagako dituzte kanpaina instituzional horietarako.

6.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, oztopoak desagerrarazi eta beharrezko diren neurriak hartu behar dituzte, berma dadin emakumeek eta gizonek informazio- eta komunikazio-teknologiak berdintasunez eskuratzeko eta erabiltzeko aukera dutela, eta zuzen daitezen sexu-diskriminazioak eta 3.1 artikuluan aipatutako diskriminazio anizkoitza eragiten duten beste faktore batzuk.

7.– Administrazio horiek orobat sustatu behar dute, autorregulazio-arauen edo bestelako formulen bidez, eduki sexistarik edo emakumeen duintasunaren kontrakorik ez agertzea Interneten, sare sozialetan, bideo-jokoetan eta informatika-sistemetan.

30. artikulua.– Publizitatearen eta komunikabideen aholkularitza- eta kontrol-organoa

Eusko Jaurlaritzan organo bat egongo da, komunikabideen eta publizitate-euskarrien bitartez hedatzen diren publizitatearen eta edukien inguruan aholku emateaz eta horiek aztertzeaz arduratuko dena, pertsonen sexuan oinarritutako diskriminazio eta estereotipo oro desagerrarazteko. Era berean, alor horretako prestakuntza sustatuko du, eta komunikabideek emandako edukiei buruzko kode etikoak badaudela ere zainduko du; kode horiek emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kasuen tratamendu egokia landuko dute, besteak beste.

III. KAPITULUA
HEZKUNTZA
1. SEKZIOA
UNIBERTSITATEZ KANPOKO IRAKASKUNTZA

31. artikulua.– Hezkidetza.

Hezkuntza-politika publikoek hezkidetza bultzatuko dute. Lege honen ondorioetarako, hezkidetza da generoaren araberako estereotipoak eta rolak baztertzen dituen garapen integralean, diskriminazio mota ororen bazterketan eta generoak baldintzatu gabeko orientazio akademiko eta profesionalaren bermean oinarritutako hezkuntza-eredua. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da hezkuntza-maila eta -etapa guztietan, barne hartuta haur-hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide-heziketa eta helduentzako irakaskuntza; eta dimentsio guztietan: curriculumean, antolamenduan eta beste batzuetan.

32. artikulua.– Curriculuma.

1.– Hezkuntza Administrazioak hezkidetza-proiektuak egingo ditu, behar diren neurrien eta baliabideen bitartez, eta jarraian aipatzen diren hezkidetza-helburuak txertatuko ditu hezkuntzako maila guztietako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculuma taxutzean eta garatzean:

a) Emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren generoaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren burua erabat garatzeko aukerak emateko.

b) Emakumeen jakintza eta emakumeek eta feminismoak gizon-emakumeen garapenari egin dioten ekarpen sozial eta historikoa integratzea; horretarako, irakasten diren edukiak berrikusiko dira, eta, hala dagokionean, zuzendu.

c) Beharrezko diren ezagutzak sartzea, ikasleek etxeko lanen eta pertsonak zaintzearen arloan gaur egun dituzten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten. Zeharka landuko da zaintzaren garrantzia.

d) Ikasleak gaitzea eta egun dauden oztopoak kentzea, besteak beste ikasleei ikasketak hautatzeko ematen zaizkien orientazio-programak hobetuz, aukera akademikoak generoan oinarritutako baldintzapenik gabe hauta ditzaten, lanbide-heziketaren sektore estrategiko jakin batzuetan eta beste eremu batzuetan emakumeek duten presentzia txikiegia zuzentzeko moduan, hala nola industrian, zientzian eta teknologian, bai eta gizonek beste eremu batzuetan dutena ere, hala nola humanitateetan, hezkuntzan eta osasunean.

e) Emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzea, genero-sozializazio bitarra zalantzan jarriz eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta aniztasunean eta harreman-desberdinen errespetuan eta emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasunean oinarritutako bizikidetza-ereduak ikasiz.

f) Sexu-aniztasuna eta edozein harreman mota errespetatzea, sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin lotutako aurreiritziei aurre eginez, eta sexualitate libre, positibo eta osasungarria sustatuz, bai eta sexu-hezkuntza integrala eta sistematikoa ere, adin bakoitzerako egokia den metodologia baliatuta.

2.– Era berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, adingabeekiko sexu-abusuak barne, eta eguneroko bizitzarako irakasgai edo eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila guztietan. Eduki eta aldi horietan gai hauekin lotutako alderdi eta edukiak sartuko dira: etxeko eremua eta pertsonen zaintza, harreman pertsonalen funtzionamenduaren ezagutza eta harreman afektibo-sexual osasungarriak eta positiboak sustatzea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, emakumeen gorputza erakartzeko elementu edo aberastasun-iturri gisa erabiltzea zalantzan jartzea, jarrera matxisten identifikazioa eta prebentzioa, agerikoenak ez direnak barne, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta sexuen berdintasunaren eta dibertsitatearen errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak ikastea.

3.– Hezkuntza Administrazioak hezkidetza-plan orokor bat onartuko du, eta hor jasoko dira, oro har eta koordinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek hezkidetzari dagokionez garatu behar dituzten jarduerak gidatuko dituzten jarraibideak eta esku-hartze ildoak.

4.– Hezkuntza Administrazioak zainduko du ordutegiek eta egutegiak ahalik eta gehien errazten dutela ikasleen gurasoen lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea. Gainera, gurasoek seme-alaben zaintzan duten erantzunkidetasuna sustatuko du, bai eta ikastetxeetako hezkuntza- eta elkarte-bizitzan duten parte-hartzea ere.

33. artikulua.– Material didaktikoak.

1.– Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatzen, gai horri garrantzia kentzen edo horretara bultzatzen duen oro ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzen diren testuliburuek eta gainerako material didaktikoek aurreko 32.1 artikuluan adierazitako hezkidetza-helburuak bildu behar dituzte. Era berean, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea bermatu behar dute.

34. artikulua.– Pertsonak eta egiturak.

1.– Hezkuntzaren arloa ebaluatu, ikertu, berritu eta ikuskatzeaz arduratzen diren organoetan eta irakasleen laguntzarako zerbitzu guztietan, hezkidetzari buruzko trebakuntza espezializatua jaso duten langileak arituko dira, beren zereginetan genero-ikuspegia txertatzeko.

2.– Hezkuntza Administrazioak ikastetxe guztietan bermatuko du ikastetxeetan hezkidetzako irakasle arduradunak izendatuko direla, eta irakasle horiei asteko ordutegian dagozkien orduak esleituko zaizkiela hezkidetzaren arloko lanerako eta prestakuntzarako. Halaber, bermatuko du emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaiaz arduratzen diren batzordeak egongo direla; batzorde horietan hezkuntza-komunitateak parte hartuko duela, eta, hala badagokio, dagokion toki-administrazioko berdintasun-organo edo -unitateekin koordinatuko direla. Era berean, bermatuko du ikastetxe horietako ordezkaritza-organo gorenetan dauden berdintasun-ordezkariek prestakuntza egokia izatea, eta hori sustatuko du eskola-kontseiluetan, hala udalerrien nola autonomia-erkidegoaren mailan, hezkuntza-eremuan berdintasuna sustatzeko neurriak bultza ditzaten.

3.– Hezkuntza Administrazioak bultzatuko du emakume zein gizon irakasleek presentzia orekatua izan dezatela jakintza-arlo eta hezkuntzako etapa ezberdinetan, eta halaber ikastetxeen zuzendaritza-organoetan.

4.– Irakasleek ikastetxeen zuzendaritza-organoei jakitera eman beharko diete emakumeen eta haurren aurka nabaritzen duten indarkeria matxistaren zantzu oro.

35. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Hezkuntza Administrazioak hezkidetzari buruzko prestakuntza-planak jarriko ditu abian, hezkuntzako profesionalentzat. Plan horiek unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztiak hartuko dituzte, eta emakumeen, neska txikien eta neska nerabeen aurkako indarkeria matxista mota guztiak identifikatzen eta haiei modu egokian aurre egiten laguntzen duten edukiak jasoko dituzte.

2.– Ikastetxe bakoitzak prestakuntza-plan horiek abian jartzeko neurri egokiak ezar ditzan, Hezkuntza Administrazioak behar diren egokitzapenak egingo ditu ordutegian eta antolamenduan. Gainera, mekanismoak ezarriko dira plan horietan aurreikusi diren egutegiek eta ordutegiek eragin diezaieketen ikasleei erantzuteko.

3.– Irakaskuntzako profesionalei banaka zein ikastetxeen bidez zuzentzen zaien etengabeko prestakuntzarako eskaintzan, edukietan hezkidetzaren filosofia zeharka barneratzeaz gainera, hezkidetzari buruzko ikastaro espezifikoak ere jaso behar dira.

4.– Eskola-komunitatea osatzen duten langile guztiek ere hezkidetzari buruzko prestakuntza jasotzea sustatuko du Hezkuntza Administrazioak.

5.– Orobat, Hezkuntza Administrazioak sustatuko du, gurasoen elkarteen eta federazioen bitartez, familiak hezkidetzaren gaietan sentsibilizatzea eta prestatzea.

2. SEKZIOA
UNIBERTSITATEKO IRAKASKUNTZA

36. artikulua.– Euskal Unibertsitate Sistema.

1.– EAEko unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateek, betiere, emakumeek eta gizonek aukera berdinak izatea bultzatuko dute, bai irakasle-karreran, bai erabakiak hartzen diren eremuetara sartzeko; eta, horrekin batera, ikasleek, sexuaren arabera, diziplina eta jakintza-arlo guztietan partaidetza orekatua izan dezatela sustatuko dute.

2.– Orobat, jakintza-arlo guztietako irakas-lanean eta ikerketa-lanetan genero-ikuspegia txerta dadin, hizkera ez-sexista erabil dadin, eta emakumeen jakintza eta emakumeek gizon-emakumeen garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoa jaso dadin bermatuko dute.

3.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatuko du Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eman dezatela iraunkortasunez emakumeen eta gizonen berdintasunerako agente izateko prestakuntza espezializatua, eta genero-ikuspegia txerta dezatela diziplina eta jakintza-arlo guztietan, eta, bereziki, txerta ditzatela hezkidetzari buruzko eduki espezifikoak unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntzan, eta berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzkoa biktimak artatzen dizuten profesionalei lotutako karreretan eta komunikazio-arloko profesionalei lotutakoetan.

4.– Prestakuntza eta ikerketaren aldeko deialdietan, Hezkuntza Administrazioak batik bat honako ezaugarriak betetzen dituzten proiektuak baloratuko ditu:

a) Proiektuen buru emakumeak izatea, emakumeen ordezkaritza txikia den ikerketa-eremuetakoak badira.

b) Emakumeen ordezkaritza, gutxienez, % 40 izatea ikerketa-taldeetan.

c) Emakumeen eta gizonen ezberdintasunarekin eta sexuen arteko hierarkia-harremanarekin zerikusia duten arazoak ulertzen laguntzea.

d) Ezberdintasunak desagerrarazteko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak proposatzea.

e) Emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzearekin eta biktimak artatzearekin lotuta dauden gaiei heltzea, arreta hori hobetzen eta eremu horretako profesionalak formatzen laguntzeko.

5.– Hezkuntza Administrazioak dirulaguntzak ezarriko ditu, EAEko unibertsitate-sistemaren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko proiektuak egitea bultzatzeko.

IV. KAPITULUA
LANA
1. SEKZIOA
ETXEKO LAN ETA ZAINTZA-LAN EZ ORDAINDUAK

37. artikulua.– Etxeko lanak, zainduak eta zaintzaileak.

1.– EAEko administrazio publikoek, aldika, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako etxeko lan eta zaintza-lan ez-ordainduen balio ekonomikoa zenbatetsiko dute, hartan sartuta pertsonak zaintzeak dakarren lana, eta zenbatespen hori EAEko jendarteari jakinaraziko diote, etxeko lanen garrantzi ekonomiko eta soziala ezagutzera emateko.

2.– EAEko botere publikoek kontuan hartuko dute etxeko lan eta zaintza-lan ez-ordainduen balioa aurrekontuak eta politika ekonomikoak eta sozialak prestatzerakoan, beste eredu ekonomiko eta sozial bat izaten laguntzeko, hain zuzen ere, zaintza eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean izango dituen eredu ekonomiko eta soziala.

3.– Pertsona guztiek zaintzak jasotzeko duten eskubidea bultzatuko da, zaindutako pertsonen autonomia sustatzen dela bermatuta eta emakumeek sostengatzen dituzten familia-oinarriko zaintza-ereduak ez erreproduzitzea lehenesten duten neurriak abian jarrita.

4.– Zaintzaile ez-profesionalek aisialdirako, astialdirako eta atsedenerako eskubidea dute. Eskubide hori gauzatzeko, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan, EAEko administrazio publiko eskudunek neurri hauek hartu behar dituzte, besteak beste:

a) Prestakuntza ematea familiako senide diren zaintzaileei, haiengan hautemandako beharren arabera.

b) Atseden- eta aisialdi-programak garatzea, aldi baterako ostatuak barne hartzen dituztenak, zaintzaileei atseden hartzeko aukera emateko, bereziki kontuan hartuta guraso bakarreko familiak edo familia-kargak bakarka hartzen dituztenak.

c) Partikularren artean elkarri laguntzeko ekimenak eta formulak sustatzea, pertsonak zaintzeko.

d) Zaintzaileen beharrei erantzuteko beharrezkoak diren laguntza ekonomiko, tekniko eta psikosozialeko bestelako neurri guztiak.

38. artikulua.– Erantzunkidetasuna.

EAEko botere publikoek etxeko lan eta zaintza-lan ez ordainduen erantzunkidetasun soziala sustatu behar dute, beste neurri batzuen artean, honako hauek eginez:

a) Enplegu-egiturak egokitzea eta kultura eta praktika enpresariala eraldatzea, besteak beste, lege honen 52. artikuluan jasotako neurriak barne hartuko dituena.

b) Zaintzen hornidura unibertsala eta publikoa, besteak beste, lege honen 53. artikuluan jasotako neurriak barne hartuko dituena.

c) Gizonek etxeko lanetan eta zaintza-lanetan duten erantzunkidetasuna sustatzea, eta zaintzaren etika eta praktika orokortzea, norberaren eta besteen garapenerako eta ongizaterako bide gisa, bai eta desberdintasunei eta emakumeen aurkako indarkeria matxistari eta pertsonentzat eta ingurunearentzat kaltegarriak diren arrisku-jokabideei aurrea hartzeko bide gisa ere. Halaber, EAEko botere publikoek neurri egokiak hartuko dituzte gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak sar daitezen bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa sustatzeko neurrietan eta jardueretan.

2. SEKZIOA
ENPLEGUA

39. artikulua.– Baldintzak sustatzea.

EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna erreala eta benetakoa izateko behar diren baldintzak sustatu behar dituzte, hala norbere konturako zein inoren konturako lana lortzean, nola lan-, prestakuntza-, sustapen-, ordainketa- eta kontratuen amaiera-baldintzetan.

40. artikulua.– Enplegu-zerbitzuak.

1.– Laneratzeari laguntzeko prozesuan parte hartzen duten enplegu-zerbitzuek ezin dute sexuan oinarritutako bereizkeriarik sortzen duen inolako lan-eskaintzarik izapidetu.

2.– Enplegu-zerbitzuak emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipiora egokitu daitezen, EAEko administrazio publikoek honakoak egin behar dituzte:

a) Beren enplegu-zerbitzuetako langileei prestakuntza emango diete, eta bermatu egingo dute entitate laguntzaileetako langileei prestakuntza ematea; batetik, jakin dezaten genero-ikuspegia nola txertatu laneratzeari laguntzeko prozesu integraleko fase bakoitzean, hau da, informazio eta orientazioan, prestakuntzan, bitartekotzan, laneratzeko laguntzan eta laneratzearen jarraipenean eta enpresen eta autoenpleguaren sustapenean; eta, bestetik, jakin dezaten emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak nola artatu.

b) Sustatuko dute enplegu-zerbitzuek neurriak har ditzatela kontratatutako emakume gehiago egon daitezen presentzia txikiegia duten lanbideetan, eta emakumeek kalitateko enpleguak izan ditzaten, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako inguruabarrak dituzten emakumeen egoera. Beste neurri batzuen artean, bermatu egingo dute emakumeen presentzia orekatua izatea emakume gutxiegi dauden sektoreetarako kontratuak edo laguntza ekonomikoak aurreikusten dituzten enplegu-programetan.

c) Genero-ikuspegia sartuko dute zuzenean edo zeharka kudeatzen duten lanbide-heziketan.

41. artikulua.– Enplegua lortzea eta lan-baldintzak.

Emakumeek enplegua errazago lortzeko eta haien lan-baldintzak hobetzeko, bereziki 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako inguruabarrak dituzten emakumeena, arlo horretan eskumena duten EAEko administrazio publikoek ondoren azaltzen dena egingo dute:

a) Genero-ikuspegia txertatuko dute enplegu-politika aktiboetan, bai eta genero-modulu espezifikoak ere beren prestakuntza-programetan ere.

b) Kontratazioa sustatzeko neurriak aurreikusten dituzten enpresentzako laguntzetan, ekintza positiboak ezarriko dituzte emakumeak kontratatzeko emakume gutxiegi dauden lanbideetan eta sektoreetan, eta, bereziki, ekonomian estrategikoenak direla jotzen direnetan.

c) Emakumeentzako kalitateko enplegu egonkorra sustatzeko programak eta emakumeen kontratazioa bultzatzekoak garatuko dituzte, aukera ematen dutenak, alde batetik, kontratazio-modalitate desberdinetan emakumeek duten partaidetza-kuota handitzeko, eta, bestetik, enplegu prekarioa eta aldi baterako enplegua desagerrarazteko, horrelako enpleguak gehienbat emakumeek dituztela kontuan hartuta.

d) Eraketa-gastuak, aktiboen inbertsioak eta funtzionamendu-gastu orokorrak finantzatzeko laguntzak ematerakoan, sustatzaileen artean emakumeak gehiengoa diren enpresa-ekimenak lehenetsiko dituzte, bereziki emakumeen presentzia txikiegia duten lanbideetan eta sektoreetan eta ekonomiarako estrategikotzat jotzen direnetan.

e) Laguntza publikoak hartzen dituzten elkar bermatzeko sozietateek sustatzaileen artean emakumeak gehiengoa diren enpresa-ekimenak eratzen edo finkatzen laguntzeko funts bereziak izatea sustatuko dute.

f) Beren eskumenen esparruan, zaintza-zerbitzuak ematearekin lotutako sektore profesionaletako lan-baldintzak hobetzea sustatuko dute, bereziki etxeko zerbitzuarenak, sektore horretan Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenetan enpleguari buruz jasotako aurreikuspenak betetzeko. Era berean, Autonomia Erkidegoko Administrazioak, etxeko zerbitzurako langileei dagokienez, doako aholkularitza juridikoa eskainiko du eta lan-bitartekaritza publikoa sustatuko du, prekaritate-egoerak eta eskubide-urraketak saihesteko.

g) Erakunde publikoetako sektore feminizatuetan diharduten langileen lan-baldintzak hobetzea sustatuko dute, azpikontratazioa mugatuz, edo, halakorik ezean, klausula sozialak ezarriz kontratazio publikoan, administrazio publikoan baliokide diren jarduera edo kategoria profesionalekiko homologagarriak diren lan- eta soldata-baldintzak bermatzeko moduan.

42. artikulua.– Prestakuntza eta kudeaketa aurreratuko planak.

1.– Enpresen prestakuntza-planei laguntzak emateko deialdi publikoetan, erakundearen barruan emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu duten prestakuntza-ekintzak lehenetsiko dira, bai eta emakumeen sustapen profesionala errazten dutenak ere.

2.– Halaber, behar diren laguntza-zerbitzu eta -mekanismoak ezarri behar dira emakumeek, batez ere 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako faktoreak dituzten emakumeek, prestakuntza-ekintzetan parte har dezaten bermatzeko, bai autoenpleguaren eta enpresak sortzearen eremuan, bai inoren konturako lanaren eremuan. Batez ere, emakume gutxiegi dagoen lanpostu eta mailetara iristeko gaikuntza ematen dien prestakuntza-ekintzetan, eta, bereziki, zuzendaritza-postuetara eta kalitateko enpleguak dauden sektoreetara iristeko gaikuntza ematekoetan.

3.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak kalitatearen eta kudeaketa aurreratuaren eremuan genero-ikuspegia txertatzea sustatuko du.

43. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak eta politikak.

1.– Gehienbat EAEko erakunde publikoen partaidetza duten partzuergoek, fundazioek eta enpresek, kasu guztietan, eta 50 langiletik gorako enpresa pribatuek, Estatuaren araudiak ezarritakoari jarraikiz, planak landuko dituzte, eta horietan neurri zehatz eta eraginkorrak jasoko dituzte, beren barne-funtzionamenduan eta kanpora begirako jardueran emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, bai eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko behar diren mekanismoak ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, erregelamenduz zehaztuko den moduan, laguntzak sustatuko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta planak egiteko, eragile sozialak eta plan horiek egiten eta ezartzen parte hartzen duten beste pertsona batzuk prestatzeko, eta adituak kontratatzeko, planak egiterakoan aholku eman dezaten. Laguntza horien erregulazioak aintzat hartu beharko ditu enpresa ertain eta txikien inguruabar eta behar espezifikoak. Enpresen artean lankidetza-sareak sortzea ere sustatuko du, berdintasun-politikak garatzeko.

3.– Sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren arloko politiken esparruan, EAEko administrazio publikoek laguntzak sustatuko dituzte, erregelamenduz ezarritako moduan, zeinahi sektore produktibotako enpresentzat, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planetan jasotako neurriak gauzatu ditzaten, eta, bereziki, 45. artikuluaren arabera lankidetza-erakunde gisa aitortu diren enpresentzat.

4.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere eskumenen esparruan eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin eta inplikatutako beste erakunde batzuekin lankidetzan, ikuskapen-lana bultzatu behar du, sexuan oinarritutako diskriminazioak (sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena barne) kontrolatzeari eta desagerrarazteari dagokionez. Halaber, lan-eremuan, bereziki, sektore bereziki zaurgarrietan, planak, kanpainak eta beste neurri batzuk garatzea sustatu behar du, holako diskriminazioaren aurka borroka egiteko, hura desagerrarazte aldera.

44. artikulua.– Ordainsari-diskriminazioa.

Bereziki, ordainsari-diskriminazioari dagokionez, neurri hauek garatuko dira:

a) Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Laneko Ikuskaritzaren bidez, plan eta kanpaina espezifikoak egingo ditu ordainsari-diskriminazioaren kontra, eta, horretarako, behar diren beste giza baliabide eta baliabide ekonomiko eta material gaituko ditu.

b) Autonomia Erkidegoko Administrazioak erakunde publikoei, enpresei, enpresa- eta sindikatu-erakundeei eta oro har herritarrei baliabideak jarriko dizkie ordainsari-diskriminazioaren kontra egiteko eta balio bereko lanari ordainsari bera ematearen printzipioa bermatzeko; bereziki gidalerroak, irizpideak eta metodologiak jarriko ditu, lanpostuak baloratu, sailkatu eta ebaluatzeko eta laneko sustapen ez-sexista egiteko, eta zerbitzu bat, informazioa eta aholkularitza emateko eta kexak edo salaketak bideratzeko.

c) Erregelamenduz xedatzen denaren arabera, EAEko sektore publikoa osatzen duten erakundeek gardentasuna bermatu beharko dute ordainsariei dagokienez, ordainsarien erregistro-liburuen edo egokitzat jotako beste formula batzuen bidez; halaber, b) atalean aipatutako gidalerroak, irizpideak eta metodologiak aplikatu beharko dituzte, eta, behar denean, soldata edo ordainsarietan auditoretzak egin beharko dituzte.

d) Sektore pribatuari dagokionez, eta lege honen 2.4 eta 2.5 artikuluetan esaten dena alde batera utzi gabe, EAEko sektore publikoaren kontratuak edo dirulaguntzak eskuratzeko baldintza da emakumeen eta gizonen ordainsarien arloko gardentasun- eta berdintasun-printzipioa betetzea. Horretarako, EAEko botere publikoek dagozkien berdintasun-klausulak sartuko dituzte, eta soldatak edo ordainsariak kontrolatzeko sistema egokiak ezarriko dituzte. Ordainsari-diskriminazioaren zantzuak hautematen badira, erakundeei epe bat emango zaie haiek justifikatu edo zuzentzeko, eta, hori egiten ez badute, zehapena edo kontratu- edo dirulaguntza-prozesuaren esparruan ebatzitako ondorioa ezarriko zaie. Ondorio hori izan liteke dirulaguntza galtzea edo kontratua suntsiaraztea eta jasotako dirua itzuli behar izatea.

e) Sektore pribatuko gainerako enpresei dagokienez, EAEko administrazio publikoek gardentasuna sustatuko dute ordainsariei dagokienez, eta b) atalean aipatutako gidalerroen, irizpideen eta metodologien aplikazioa erraztuko dute, bai eta soldaten edo ordainsarien arloko autoebaluazioak eta auditoretzak egitea ere, ezertan eragotzi gabe Estatuaren legeriak gai horretan xedatzen duena.

45. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

Lan-munduan eta jendartean aukera-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatze aldera, Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko erakunde laguntzailetzat har ditzake beren erakundean berdintasun-politika garatzen duten erakundeak, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan. Baldintza horien artean, gutxienez, berdintasunari buruz diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea egongo da, bai eta plan hori egikaritzeko konpromisoa hartzea ere. Planak, beste neurri batzuen artean, lan-baldintzetan eta enpleguaren kalitatean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasuna bermatzeko neurriak jaso beharko ditu.

46. artikulua.– Negoziazio kolektiboa.

1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere langileekin egindako negoziazio kolektiboan, enplegu publikoaren arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak planteatu behar ditu. Eragile sozialen arteko elkarrizketa ere sustatu behar du, sektore pribatuko negoziazio kolektiboan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin eta neurri mota horiek ere txerta daitezen, eta, bereziki, ordainsari-diskriminazioa ezabatzekoak. Batez ere feminizatutako eta hitzarmen kolektiborik gabeko sektoreetan sustatuko du elkarrizketa.

2.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak, hitzarmen kolektiboen erregistroaren bitartez, zaindu beharko du hitzarmen horietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aurkako klausularik ez egotea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurri espezifikoak jasotzea.

47. artikulua.– Laneko segurtasuna eta osasuna.

1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan genero-ikuspegia txertatzea sustatuko du. Horretarako:

a) Sexuaren aldagaia eta beste aldagai batzuk hartuko ditu kontuan generoaren analisia egin ahal izateko, bai datuak bildu eta tratatzeko sistemetan, bai laneko arriskuak prebenitzearen arloko azterlan eta ikerketetan.

b) Lan-arriskuen prebentzioan diharduten eragile sozialentzat eta gaian zerikusirik duten kolektiboentzat, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak bultzatuko ditu, laneko segurtasun eta osasunaren arloan genero-ikuspegia sartzeari buruz.

c) Segurtasun- eta osasun-politikak, -estrategiak eta -programak diseinatzean, kontuan hartuko ditu emakumeen behar espezifikoak, ezaugarri anatomiko, fisiologiko eta psikosozialekin zerikusia dutenak, eta behar bezala lantzeko beharrezko neurriak ezarriko ditu.

2.– EAEko administrazio publikoek, laneko osasuna babestu, sustatu eta hobetzerakoan, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena hartuko dute kontuan.

3.– Ezertan eragotzi gabe delitu gisa tipifikatzea, lege honen ondorioetarako, sexuan oinarritutako laneko jazarpentzat hartuko da pertsona bati, lan-harremanen eremuan edo lan-harremanak direla eta, berak nahi gabe eta daukan sexua dela-eta, hitzez, hitzik gabe edo fisikoki edozein jokabide zuzentzea, horren helburua edo ondorioa bada pertsona horren duintasunaren kontra egitea edo beldurtzeko, apaltzeko, umiliatzeko edo eraso edo irain egiteko giro bat sortzea. Jokabide hori, sexuarekin zerikusia duenean, sexu-jazarpentzat hartuko da.

4.– Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena diziplinako falta oso larria izango da EAEko administrazio publikoetako funtzionarioentzat, lege honen 2.1 artikuluak Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 178.c) artikuluarekin lotuta ezartzen duenarekin bat.

5.– EAEko botere publikoek ofizioz jardungo dute sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko salaketen aurrean. Orobat, politika espezifikoak ere abiarazi behar dituzte beren langileentzat, laneko jazarpena prebenitzeko eta desagerrarazteko. Politika horietan, beste neurri batzuen artean, aurreikusi behar da arrisku psikosozialak ebaluatzea, prebentzio-neurriak hartzea eta jarduera-protokoloak egin eta aplikatzea eta kontratazio publikoan klausulak txertatzea, lege honen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, doako eta kalitateko arreta integral eskuragarria bermatu behar diete sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren biktimei, indarkeria-egoera horien ondorioz dituzten beharrei erantzungo diena, titulu honen VII. kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz.

V. KAPITULUA
BESTELAKO OINARRIZKO ESKUBIDE SOZIALAK

48. artikulua.– Osasuna.

1.– EAEko administrazio publikoek, beren osasun-politikak, -estrategiak eta -programak formulatu, garatu eta ebaluatzerakoan, kontuan hartuko dituzte emakumeek eta gizonek zer behar ezberdin dituzten eta zer neurri behar diren haiei ondo heltzeko, emakumeei eta gizonei osasunerako eskubide berbera bermatzeko. Horretarako, tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa aktiboki barneratuko dute osasun-politikaren jardueretan eta helburuetan, eta emakumeen diferentzia biologikoengatik edo halakoekin zerikusia duten estereotipo sozialak direla-eta haien artean diskriminazioak gertatzea saihestuko dute. Halaber, osasunaren arloan emakumeek eta gizonek dituzten aldeen analisia, eztabaida eta kontzientziazioa sustatu behar ditu osasun-sisteman parte hartzen duten profesionalen, erabiltzaileen eta eragile sozialen artean, eta prestakuntza sustatu haien profesionalentzat.

2.– EAEko administrazio publikoek, osasun-zerbitzuen eta kasuan kasuko organo eskudunen bidez, jarduera hauek egingo dituzte:

a) Osasun-hezkuntzako ekintzetan, emakumeen osasuna bereziki sustatzeko eta emakumeen kontrako diskriminazioa prebenitzeko helburua duten ekimenei sistematikoki ekitea.

b) Osasunaren babesari dagokionez emakumeen eta gizonen arteko aldeak aintzat hartzen dituen ikerketa zientifikoa sustatzea, batez ere osasunbideetara jotzeari eta diagnostiko aldetik nahiz alde terapeutikotik egin beharreko esfortzuari dagokienez, saiakuntza klinikoen alderdietan zein asistentzialetan.

3.– EAEko administrazio publikoek sexu- eta ugalketa-eskubideak baliatzearen ondoriozko beharrei erantzun behar diete, prebentzio- eta asistentzia-neurrien bidez. Neurri horiek honako hauek lortzera bideratuko dira, besteak beste:

a) Sexu- eta ugalketa-osasuna erabat ziurtatzea, eta sarbidea erraztea sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetara.

b) Sexu-planifikazioa erraztea eta planifikatu gabeko haurdunaldiak saihestea.

c) Laguntza bidezko pertsonen ugalketarako prestazio onartuak bermatzea, diskriminaziorik egin gabe egoera zibilean, desgaitasunean, sexu-orientazioan edo jatorrian oinarrituta.

d) Haurdunaldia eteteko prestazioa bermatzea, erantzukizun publikoko osasun-sareko zentroen bidez, indarrean den araudiaren arabera.

e) Emakumeen autonomia sustatzea haurdunaldian, erditzean eta edoskitzaroan, bai eta haien ahalduntzea ere, erabakiak har ditzaten kontrazepzioaz, sexu-transmisioko gaixotasunak prebenitzeko neurriez eta sexu- eta ugalketa-osasunarekin lotutako beste alderdi batzuez.

f) Sexu-transmisioko gaixotasunak prebenitzea eta detektatzea.

g) Emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzea eta detektatzea, eta hura jasan duten emakumeei jakinaraztea, baita emakume adingabeei ere, badutela aukera, hala badagokio, egin zaien mutilazioaren eraginak leheneratzeko edo leuntzeko ebakuntza kirurgikoko osasun-mekanismoen bidez.

h) Orobat hartuko da aintzat gizonen egitekoa aurreko apartatuetan aurreikusitako neurrien diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, eta abian jarriko dira berariaz haiei zuzendutako jarduerak, emakumeen eta gizonen berdintasunari laguntzekoak.

4.– Osasun Administrazioak, asistentzia-prozesuak taxutzerakoan, neurriak hartu behar ditu osasun-arazoak dituzten pertsonak etxean zaintzeko lanak, ordaindu gabekoak eta gehienbat emakumeek egindakoak, sortzen duen karga arintzeko.

49. artikulua.– Gizarteratzea.

1.– EAEko administrazio publikoek, modu integralean, prebentziozkoan, integratuan, diziplinartekoan, koordinatuan eta pertsonak erdigunean jarrita, behar diren neurriak hartuko dituzte pobreziak eta bazterketa sozialak emakumeengan eragin handiagoa izatearen ondorioei aurre egiteko. Horretarako, alde batetik, genero-ikuspegia txertatuko dute pertsona guztiek oinarrizko eskubide sozialak baliatu ahal izango dituztela bermatzea helburu duten sektore-programetan, eta, bestetik, programa espezifikoak diseinatuko dituzte 3.1 artikuluko azken atalean aipatutako faktoreen eraginpean dauden emakumeen kolektiboentzat.

2.– EAEko administrazio publikoek, beren politikak eta programak taxutu eta ezartzerakoan, kontuan hartuko dituzte guraso bakarreko familiek dituzten behar espezifikoak, eta behar diren neurri juridiko eta ekonomikoak sustatuko dituzte inguruabar horiengatik prekaritate ekonomiko edo sozialean dauden pertsonen baldintzak hobetzeko. Horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte konpentsazio- eta mantenu-pentsioak ordaintzen direla bermatzeko; osagarriak ezarriko dituzte alarguntza-pentsio txikienetarako; desgaitasuna duten amei asistentzia pertsonala emateko, behar badute; baliabide publikoak baliatzeko baremoak edo baldintzak egokituko dituzte, eta bestelako ekintza batzuk egingo dituzte; hartara, prebenitu eta zuzendu egingo dituzte familia mota horietako kideen artean intzidentzia handiagoa duten pobrezia eta bazterketa, bai eta bizitza pertsonala, familiarra eta laborala uztartzeko zailtasun handiagoa ere.

3.– EAEko administrazio publikoek adineko emakumeen ongizatea eta babes soziala zainduko dute, eta adineko emakumeek bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte har dezaten sustatuko.

4.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak plan bat prestatuko du prostituzioaren eta sexu-esplotazioa xede duen pertsonen salerosketaren arloan jarduteko, gainerako administrazioekin eta eremu horretan lanean ari diren talde sozialekin elkarlanean.

5.– EAEko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan eta eskubide sozialetan oinarritutako kulturarteko ikuspegi batetik, sustatu egingo dute atzerritar-jatorriko emakumeen, emakume migratuen edo beste nazionalitate batekoen berdintasun benetakoa eta eraginkorra, bai eta emakume ijitoena ere, eta kendu egingo dituzte emakumeok izaten dituzten oztopo gehigarriak, hala nola parte-hartzearekin, baliabideetarako irispidearekin eta estereotipo eta esleitutako rolekin zerikusia dutenak.

6.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, neurriak ezarriko dituzte desgaitasuna duten emakumeen egoerei, baldintzei eta beharrei erantzuna emateko, oinarri hartuta irisgarritasun unibertsaleko eta jendartean partaidetza aktiboa eta osoa sustatuko duen ikuspegia.

7.– EAEko administrazio publikoek beren eskumenen esparruan dauden neurriak hartuko dituzte preso dauden emakumeen egoerei, baldintzei eta beharrizan espezifikoei erantzuteko.

8.– EAEko administrazio publikoak, beren eskumenen esparruan, neurriak ezarriko dituzte etxerik gabe eta bazterketa sozialeko egoera larrian dauden emakumeen egoerei, baldintzei eta beharrizanei erantzuteko, pertsona oinarri hartzen duten eta etxebizitzara bideratzen diren ikuspegietatik.

9.– EAEko administrazio publikoek bermatu egingo dute aurreko paragrafoetan aipatutako kolektiboen interesak ordezkatzen dituzten emakume elkarteek badituztela bide egokiak eta kalitatekoak artikulu honetan aurreikusten diren neurrien lanketan, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzeko. Halaber, herritarrak sentsibilizatzeko estrategiak diseinatu beharko dituzte, aurre egiteko kolektibo horiek jasan behar izaten dituzten bazterketa sozialaren eta indarkeriaren oinarrian dauden aurreiritziei eta estereotipoei.

50. artikulua.– Ingurumena, lurralde-antolamendua, hirigintza, etxebizitza, garraioa eta landa-eremua.

1.– EAEko botere publikoek behar diren baliabideak jarriko dituzte berma dadin genero-ikuspegia txertatzen dela lurralde-antolamenduaren, hirigintzaren, garraioaren eta etxebizitzaren arloko politikak, arauak, planak eta programak taxutzean, betearaztean eta ebaluatzean; besteak beste, gai hauek hartuko dira kontuan:

a) Emakumeen eta gizonen beharrizan desberdinen ezagutza sustatzea mugikortasunari eta etxebizitza-, garraio- eta hirigintza-politikekin lotutako espazioak, azpiegiturak eta zerbitzuak erabiltzeari dagokionez, horretarako diagnostikoak, azterlanak eta sexuaren arabera bereizitako estatistika-datuen eta sektore horietako emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko adierazle espezifikoen eskuragarritasuna areagotuz eta hobetuz.

b) Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzeko gune seguruak sustatzea.

c) Jendartearen aldetik kohesionatuta dauden eremuak eta lurraldeak sustatzea, emakumeen eta gizonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko eta zerbitzuak eta azpiegiturak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluko azken atalean aipatutako faktoreak biltzen dituzten emakumeen egoera.

d) Erraztea etxeko lanak eta pertsonak zaintzeko lanak egitea eta erantzunkidetasunez bateratzea bizitza pertsonala, familia eta lana, eta, oro har, kontuan hartzea ekoizpen- eta ugalketa-arloan sortutako beharrak, bizitzaren iraunkortasuna errazteko helburuz.

e) Sektoreko profesionalen berdintasun-arloko prestakuntza sustatzea.

f) Aipatutako politika eta programak diseinatzerakoan eta gauzatzerakoan gardentasuna eta emakumeen ikusgaitasun eta parte-hartze handiagoa sustatzea, bereziki 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako faktoreak biltzen dituztenen emakumeena.

2.– Era berean, EAEko botere publikoek, ingurumenaren arloan dituzten eskumenen esparruan, neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste:

a) Ikerketa eta jakintza sustatuko dute, emakumeen eta gizonen errealitatea ezagutzeko baliabide naturalen kudeaketan, kontserbazioan zein erabileran eta paisaiaren antolamenduan zein babesean, eta, ingurumena kudeatzeko politikei dagokienez, sexuaren arabera bereizitako informazio estatistikoa eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako adierazleak areagotu eta hobetuko dituzte.

b) Genero-ikuspegia txertatuko dute ingurumen-hezkuntzan.

c) Ingurumenarekin lotuta sortzen ari diren sektoreetan emakumeen enplegua eta kalitateko autoenplegua sustatuko dituzte.

d) Genero-ikuspegia txertatuko dute klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko estrategiak ikertzean, aztertzean, taxutzean eta abian jartzean, bai eta erabaki politikoak eta teknikoak hartzean ere, eta fenomeno horren inpaktuak ikusaraziko dituzte.

e) Sektoreko profesionalen artean berdintasunaren arloko prestakuntza sustatuko dute.

f) Aipatutako politikak eta programak diseinatzean eta gauzatzean gardentasuna eta emakumeen ikusgaitasun eta partaidetza handiagoa sustatuko dute, bereziki 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako faktoreak biltzen dituzten emakumeena.

3.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, behar diren baldintzak sustatuko dituzte landa-ingurunean emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko, eta emakume horiek dituzten oztopo gehigarriak kenduko dituzte, besteak beste, partaidetzarekin, baliabideak eskuratzearekin eta esleitutako estereotipo eta rolekin lotutako oztopoak.

4.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, sustatu egingo dute arrantza- eta nekazaritza-arloan diharduten emakumeek elikagai-burujabetzan eta biziari eta planetari eusten egiten duten ekarpenaren aitortza. Halaber, neurriak hartuko dituzte emakume horiek duten benetako berdintasun eraginkorrerako eskubidea bermatzeko eta izaten dituzten oztopo gehigarriak kentzeko, zeinak lotuta baitaude, besteak beste, partaidetzarekin, baliabideak eskuratzearekin eta esleitutako estereotipo eta rolekin.

VI. KAPITULUA
BIZITZA PERTSONALAREN, FAMILIAREN ETA LANAREN KONTZILIAZIO ERANTZUNKIDEA

51. artikulua.– Kontziliazio erantzunkidea.

Lege honen ondorioetarako, kontziliazio erantzunkidea neurrien multzoari dagokio. Neurriok bidezko oreka bilatzera bideratuta daude, norberaren, familiaren eta lanbidearen betebeharrei eta beharrei erantzuteko orduan. Neurri horien bidez, inplikatutako eragile guztiek eta, bereziki, gizonek, erakunde publikoek eta enpresek etxeko eta zaintzako lanaren zati bat beren gain hartzea sustatuko da, lan horren erantzukizuna funtsean emakumeen gain ez uzteko, eta gaur egun duten banaketa desberdina zuzentzeko, hori baita emakumeek bizitzaren eremu guztietan pairatzen duten desberdintasun- eta diskriminazio-egoera estrukturalaren oinarria. Alde horretatik, EAEko administrazio publikoek bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarriak egitea erraztu behar dute. Horretarako, alderdi hauek sustatuko dituzte: ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza-lanetan gizonak erantzunkide izatea; enplegu-egiturak bizitza pertsonalaren eta familiaren betebehar eta beharrizanetara egokitzea; zaintzen hornidura unibertsala eta publikoa izatea; prestazio ekonomikoak eta neurri fiskalak prestatzea, eta delako helbururako egoki iritzitako beste edozein neurri.

52. artikulua.– Enpleguaren egiturak egokitzea eta kultura eta praktika enpresariala eraldatzea.

1.– Administrazio publikoetako langileen lan-baldintzak erregulatzen dituzten arauetan, lan-denbora eta lan-eremuak malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak jaso behar dira, ezertan eragotzi gabe enpleguaren kalitatea, langileen eskubideak eta zerbitzu publikoa ematea; halaber, beste neurri mota batzuk ere jaso behar dira, bide emango dutenak antolaketa aldatzeko eta kultura eta praktika enpresariala eraldatzeko. Hori guztia sustatu ahal izateko emakumeen eta gizonen berdintasuna, bizitza pertsonalaren, lanaren eta familiaren kontziliazioa, eta gizonen erantzunkidetasuna etxeko lan eta zaintza-lanetarako.

2.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, enpresak bultzatuko dituzte lan-denbora eta lan-eremuak malgutu eta berrantolatu ditzaten eta beste neurri batzuk har ditzaten, bide emango dutenak antolaketa aldatzeko eta kultura eta praktika enpresariala eraldatzeko. Hori guztia sustatu ahal izateko emakumeen eta gizonen berdintasuna, bizitza pertsonalaren, lanaren eta familiaren kontziliazioa, eta gizonen erantzunkidetasuna etxeko lan eta zaintza-lanetarako.

3.– EAEko botere publikoek guraso bientzat baimen berdin eta besterenezinak bermatuko dizkiete beren langileei, seme-alaben jaiotza-, adopzio- edo harrera-kasuetan, eta, beren eskumen-eremuan, sektore pribatuan baimen horiek aplikatzea sustatuko dute.

4.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak laguntzak emango dizkie etxeko beharrei erantzuteko eta seme-alabak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eszedentziak, baimenak eta lanaldi-murrizketak hartzen dituzten langileei. Laguntza horiek erregulatzen dituzten arauetan, neurriak aurreikusi behar dira laguntza horiek baliatzen dituzten pertsonei lanera itzultzen laguntzeko eta kalterik ez izateko ez beren garapen profesionalean, ez lanaren ondorioz etorkizunean izango dituzten pentsioetan.

5.– Aurreko puntu guztiei dagokienez, haiek martxan jartzeko neurriak langileen ordezkariekin batera landuko dira.

53. artikulua.– Zaintzen hornidura unibertsala eta publikoa.

1.– EAEko botere publikoek zaintzen hornidura unibertsala eta publikoa sustatu behar dute, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren bidez eta zerbitzu eskuragarri, malgu, kalitateko eta irisgarrien bidez, autonomia funtzional nahikoa ez izateagatik eguneroko jardunetarako beren kabuz baliatu ezin diren pertsonen zaintza-beharrizanei erantzuteko. Hori guztia zaintza profesionalen sektorean lan-baldintza duinak bermatuz egingo da.

2.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gainerako administrazio eskudunekin lankidetzan, behar diren bitartekoak jarri behar ditu haurrentzako hezkuntza- eta asistentzia-arretarako zerbitzuak daudela bermatzeko. Zerbitzu horien bidez, eremu edo eskualde bakoitzean eskolatze-adina baino lehenagoko haurrek dituzten beharrizanei erantzun behar zaie, eta ordutegi eta egutegi zabal eta malguak eskaini behar dira.

3.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, behar diren baliabideak ezarri behar dituzte Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunaren Arretarako Sistemak ahalik eta ondoen funtzionatzen duela bermatzeko, eta, horrela, dauden arreta-premiei eta zaintza-eskariari behar bezala erantzuteko.

4.– Hezkuntza Administrazioak, eskudunak diren gainerako administrazioekin lankidetzan, jantoki-zerbitzu osoa egongo dela bermatu behar du hezkuntzaren maila guztietan eta eskariaren arabera.

5.– EAEko administrazio publikoek beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzan, haurrei arreta osagarria eskain dakien, curriculumetik kanpokoa, ezarrita dagoen eskola-ordutegia eta -egutegia zabalduta, emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatzen laguntzeko.

6.– EAEko administrazio publikoek, haurrentzako hezkuntza- eta asistentzia-arretarako zerbitzuei, eguneko zentroei, egoitzei eta mendeko pertsonei arreta emateko gainerako zentroei eta programei laguntzak emateko deialdietan, lehentasuna emango diete gainerako kalitate-irizpideak betetzeaz gainera ordutegi eta egutegi zabalak eta malguak dituztenei.

7.– EAEko administrazio publikoek zaintza profesionaleko poltsak edo zerbitzuak sortzea sustatu behar dute, kalitatekoak eta profesionalen lan-eskubideak bermatzen direla, 14 urtetik beherakoak edo zaintza-beharrean dauden beste pertsona batzuk zaintzeko, bai eta emakumeek eta gizonek bizitza pertsonala, familia eta lana erantzunkidetasunez kontziliatu ahal izateko zerbitzuak eskaintzea helburu duten enpresak sortzeko eta mantentzeko ere.

VII. KAPITULUA
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA MATXISTA
1. SEKZIOA
ESKU-HARTZEAREN ESPARRU OROKORRA

54. artikulua.– Definizioa, tipologia eta printzipioak.

1.– EAEko botere publikoek emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatu behar dute.

2.– Emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat da, arazo soziala eta osasun publikoko arazo handia, botere-harreman ez-parekoen eta emakumeen kontrako diskriminazioaren erakusgarri argia, eta, horretaz gainera, generoaren arabera dauden desberdinkeria-egoera estrukturalak betikotzeko funtzio soziala du. Emakume izateagatik emakumeen kontra baliatzen den indarkeria oro hartzen du, neska txikien, neska nerabeen eta emakume transexualen kontra egiten dena barne, edo neurriz kanpo eragiten dien indarkeria, bai eremu publikoan, bai pribatuan. Indarkeria egitezkoa zein ez-egitezkoa izan daiteke, eta bitartekoak izan daitezke fisikoak, psikologikoak edo ekonomikoak, mehatxuak, larderia eta hertsapena barne, baldin eta haien ondorioa min, sufrimendu edo kalte fisikoa, sexuala, psikologikoa, soziala, sozioekonomikoa edo ondarearekin lotutakoa bada.

3.– Emakumeen kontrako indarkeria matxista dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren kontrako indarkeria, familia-indarkeria, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta neska txikien salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak eta beste jardun tradizional kaltegarri batzuk, hertsapena edo askatasun-gabetze arbitrarioa, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero-indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta sare sozialetakoa, obstetrikoa, sexu- eta ugalketa-eskubideak urratzea, eta emakumeen edo neska txikien duintasuna, segurtasuna edo askatasuna urratzen duen edo urra dezakeen beste edozein indarkeria mota, baldin eta nazioarteko tratatuetan, Espainiako Zigor Kodean edo Estatuko edo Autonomia Erkidegoko araudietan jasota badago. Hori guztia, kontuan izan gabe alor publikoan edo pribatuan gertatzen den; horren barnean sartzen dira, besteak beste, eremu hauek: familia, lana, hezkuntza, osasuna, kirola, komunitatea, komunikabideak, aisialdi- eta jai-espazioak eta eremu birtuala.

4.– Halaber, emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat jotzen da biktimak babesten dituzten pertsonen aurka egiten den indarkeria, bai eta haien hurbileko ingurunearen edo ingurune afektiboaren aurka egiten dena ere, bereziki seme-alaben edo beste senide batzuen aurkakoa, emakumea atsekabetzeko borondatez.

5.– Erregelamenduz ezarriko da zer baldintza bete behar diren eskubideak eta zerbitzuak eskuratzeko. Zerbitzu horiez baliatzeko, ezingo da baldintza gisa jarri biktimek delitugilearen aurka lekukotza emateko edo lege-ekintzak baliatzeko borondatea izatea, ekintza judizialak gauzatzera bideratutako zerbitzuetan izan ezik.

6.– Emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitu, hari kontra egin, erreparatu eta ezabatzeko xedea duten politikak berdintasun-politiken esparruan kokatu behar dira, eta EAEko administrazio publikoetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eskumena duten organoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, lidergoaz eta koordinazio orokorraz arduratu behar dute, ezertan eragotzi gabe zerikusia duten sistema eta politika sektorialetako organo arduradunei dagozkien lidergo eta koordinazio espezifikoagoak.

7.– Lege honen 3. artikuluan jasotako printzipio orokorrekin batera, hauek dira emakumeen kontrako indarkeria matxistari erakundeek nola erantzun behar dioten arautzen duten printzipio gidariak:

a) Giza eskubideen errespetua, babesa eta sustapena, genero-ikuspegian eta ikuspegi feministan oinarrituta. Lege honen ondorioetarako, horrek esan nahi du genero-harremanen ulermenean eta emakumeen ahalduntzean oinarrituta esku hartu behar dela, biktimen eskubideak neurri guztien muinean jarrita, bigarren mailako biktimizaziorik ez eragiteko, haien intimitatea, irudia eta bizitza pribatua babestuz, inplikatuta dauden erakunde publikoekiko harremanetan baimen aktiboa ematen dutela bermatuz, eta datu pertsonalak tratatzeko prozedura egokiak ezarriz.

b) Ikuspegi sistemikoa, integrala eta integratua: emakumeen kontrako indarkeria matxista egiturazko arazo multidimentsionala delako oinarritik abiatu behar da, biktimen beharrizanak ugariak direla ulertuta eta horiek guztiak sektore ugariko esku-hartze publiko eta koordinatu baten esparruan kontuan hartuta.

c) Arreta egokia eta kontu-ematea: nazioarteko obligazioak bete behar dira emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloko prebentzioari, babesari, laguntzari, biktimagilearekiko jazarpenari eta biktimaren erreparazioari dagokienez, eta kontuak emateko mekanismoak ezarri, arreta egokirik ematen ez denerako.

d) Haurren eta nerabeen interes gorena: haiei eragiten dieten indarkeria-modu espezifikoak ikertu eta artatu behar dira, eta prebentzio-, detekzio-, babes- eta arreta-sistemak haien behar espezifikoetara egokitu. EAEko botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte ez dadin kontuan har helduen interferentzia edo manipulazioa susmatzen duen eta berme zientifikorik ez duen planteamendu teorikorik edo irizpiderik, hala nola gurasoen alienazio-sindromea delakoa.

2. SEKZIOA
IKERTZEA, SENTSIBILIZATZEA, PREBENITZEA ETA PRESTATZEA

55. artikulua.– Datuak ikertu, bildu, komunikatu eta hedatzea.

1.– EAEko administrazio publikoek ikerketa sustatu behar dute, honako hauen gainean: indarkeriaren kausak, ezaugarriak, arazoa identifikatzeko zailtasunak eta ondorioak, eta osasunean eta bizitzaren eremu guztietan eskubideak baliatzerakoan duen inpaktua, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren motak, eta batez ere neska txikien kontra baliatzen den indarkeriarenak, eta indarkeria horiek ezabatzeko eta horien ondorioak erreparatzeko aplikatzen diren neurrien eraginkortasuna eta egokitasuna.

2.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak biztanleria osoaren prospekzio-inkestak egin edo babestu behar ditu, bai eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpenei buruzko azterlanak ere, haren garrantzia eta prebalentzia ezagutzeko, 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako diskriminazio anizkoitza eragiten duten faktoreak kontuan hartuta eta ikuspegi intersekzionala txertatuta.

3.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak bermatu behar du emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzko adierazleak sartzen direla osasun-inkestetan eta zerbitzu sozialen inkestetan.

4.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak, lege honen 66.1 artikuluan aipatzen diren lankidetza-hitzarmenen barruan, sustatuko du emakumeen kontrako indarkeria matxistaren adierazpenen kasuei buruz informazioa partekatzeko sistema elektroniko bat ezartzea, koordinaturik zenbait arlotan dauden sistemekin, hain zuzen ere, osasun-, hezkuntza- eta polizia-arlokoekin eta arlo judizial, laboral eta sozialekoekin. Guztiek bete behar dituzte datuen babesari buruzko legeriak xedatutakoa eta gai horri buruz Europako eta nazioarteko erakundeek ezarritako irizpideak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bidez, eta inplikatutako erakundeekin lankidetzan, aldian behingo ebaluazioak egingo ditu emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoan dauden baliabideen eta programen eskuragarritasunari, irisgarritasunari eta kalitateari buruz. Ebaluazio horren bidez, arreta-baliabideen mapa eguneratu bat izango da, beharrezkoak diren asistentzia-estaldurak ezartzeko; baliabide horietara iristen ez diren edo iristeko zailtasunak dituzten emakume taldeak identifikatu ahal izateko, erabiltzaileen gogobetetasun-maila jakiteko eta estali gabeko beharrak identifikatzeko, bai eta hobetzeko helburuak ezartzeko ere.

6.– Aurreko bi puntuetan adierazitakoa betetze aldera, gainerako EAEko administrazio publikoek beren mendeko baliabide eta zerbitzuei buruz eskuragarri duten informazioa jakinaraziko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari, eta azken hori arduratuko da aldian behin Eusko Legebiltzarrari datu estatistiko eta ebaluazio horien berri emateaz eta datu horiek ezagutzera emateaz.

7.– Horretaz gainera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eskatutako informazioa helarazi behar dio organo eskudunari, Europako Kontseiluan emakumearen kontrako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren kontrako borrokarako dagoen aditu taldeari igor diezaion (GREVIO).

56. artikulua.– Sentsibilizatzea eta prebenitzea.

1.– Kontuan izanik emakumeen kontrako indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren adierazpen kaltegarri eta nabarmenetako bat dela, hura prebenitzeko, EAEko administrazio publikoek lege honetan eta indarreko gainerako arauetan aurreikusitako berdintasunerako eta emakumeen ahalduntzerako neurri guztiak sustatuko dituzte, eta eraginkortasunez aplikatuko, batez ere, hezkuntzaren eta hezkidetzaren sustapenaren eremukoak eta komunikabideen eremukoak.

2.– Ezertan eragotzi gabe lege honetan aurreikusitako gainerako prebentzio-neurriak, EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, koordinaturik eta berdintasuna bultzatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzeko eta ezabatzeko helburuarekin, sentsibilizazio-kanpainak egin behar dituzte emakumeen eta gizonen jokamolde soziokulturaletan aldaketak sustatzeko, eta, hartara, emakumeen gutxiagotasunaren eta mendekotasunaren ideian edo emakumeen eta gizonen rol estereotipatu batean oinarritutako aurreiritziak, ohiturak, tradizioak eta jardunak desagerrarazteko.

Era berean, genero-desberdinkeriari aurre egiteko programak eta jarduerak egin behar dituzte, sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak barne, bereziki emakumeei zuzenduta, haien autonomia, kontzientziazio feminista eta ahalduntzea indartzeko, eta gizonei, berriz, maskulinitate matxista eta bortitzak suntsitzeko, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako eragile aktibo bihur daitezen.

Bereziki sustatuko dira haurtzaroaren eta gaztaroaren sustapen-programak eta -jarduerak, neska txikiei eta neskei ahotsa eman eta haien ahalduntzea bultzatzen dutenak, eta mutikoak eta mutilak berdintasunean inplika daitezen bultzatzen dutenak. Era berean, adineko emakumeei eta lege honen 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako diskriminazio anizkoitza eragiten duten faktoreak dituzten emakumeei zuzendutako programak sustatuko dira.

3.– EAEko administrazio publikoek prebentzio-neurriak hartu behar dituzte, alde batetik, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimak eta biktima izan litezkeenak dauden arrisku-egoerak hautemateko, eta, bestetik, herritarren eta bereziki emakumeen esku uzteko, arin eta erraz lortzeko moduan, beren eskubideei buruzko eta Euskal Autonomia Erkidegoan biktimei arreta integrala emateko eskuragarri dauden baliabideei buruzko oinarrizko informazioa.

4.– Era berean, EAEko administrazio publikoek bermatu behar dute badaudela programak, bai adingabeentzat, bai helduentzat, emakumeen kontrako indarkeria baliatzen dutenei pertsonen arteko harremanetan indarkeriarik gabe nola jokatu erakutsiko dietenak, berriz ere indarkeriara ez jotzeko eta indarkeriazko jokabide-eskemak aldatzeko; eta bermatu behar dute badaudela berreziketa-programak delitu horien egileek ez dezaten berriz halakorik egin.

57. artikulua.– Prestakuntza.

1.– EAEko administrazio publiko bakoitzak nahitaezko prestakuntza bermatu behar die, hasierakoa eta jarraitua, politikak eta programak taxutzen dituzten langile guztiei, bai eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren eremuko biktimak identifikatu eta haiei arreta eta babesa ematen dieten guztiei ere. Horretarako, EAEko administrazio publikoetako langileen prestakuntzaren arloko eskumenak dituzten organoek diagnostikoak egin behar dituzte, emakumeen eta gizonen berdintasuneko organismo eta organo eskudunekin elkarlanean. Diagnostiko horiek langileen prestakuntza-beharrei buruzkoak izango dira, prestakuntza profesionalen beharren araberakoa izan dadin, eta aldian behin egingo dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bidez, sektoreetako profesionalentzako prestakuntza-tresnak eta trukerako espazioak sustatu behar ditu, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako esku-hartzeetan baterako ikaskuntza eta ikuspegi partekatua sustatzeko, non biktimen ahalduntzea izango baita helburu eta esku-hartzerako ardatz nagusia.

3.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak lagundu egingo du, bere eskumen-eremuan, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloko prestakuntza ematen epaileei, fiskalei, Justizia Administrazioko langileei, espetxe eta adingabeen zentroetakoei barne, eta gainerako eragile juridikoei.

4.– EAEko administrazio publikoek bermatu behar dute haurren eta gazteen esparruan lan egiten duten pertsonek prestakuntza egokia dutela adin horietako pertsonei eragiten dieten emakumeen aurkako indarkeria matxistaren forma espezifikoak detektatzeko eta artatzeko, bereziki, familia-eremuko edo gertuko inguruneko sexu-indarkeria, bai eta kirolean, aisialdian, ikastetxeetan eta zentro instituzionaletan eta arlo digitalean gertatzen diren indarkeriak ere.

5.– EAEko administrazio publikoek erraztu behar dute, halaber, entitate pribatuetako langileek prestakuntza izan dezaten, entitate horien lan-eremua baldin bada emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea, biktimei laguntza eta babesa ematea, eta prebentzioa egitea, delituon egileek berriz ez dezaten delitu bera egin.

6.– EAEko administrazio publikoek baldintzatzat eskatuko dute berdintasunaren eta indarkeria matxista desagerraraztearen arloko prestakuntza izatea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako zerbitzu espezifikoak emateko eta horri lotutako lanpostuak betetzeko.

7.– Aurreko paragrafoetan aipatutako prestakuntzak eskubide sozialen, generoaren eta feminismoaren ikuspegian eta ikuspegi intersekzionalean oinarrituta garatu behar dira.

3. SEKZIOA
ANTZEMATEA, ARTATZEA, KOORDINATZEA ETA ONBIDERATZEA

58. artikulua.– Antzemateko, artatzeko, koordinatzeko eta onbideratzeko neurri orokorrak.

1.– EAEko administrazio publikoek bermatu behar dute emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko detekzio-, arreta- eta erreparazio-jarduketak egiterakoan ez dela berriz inor biktimizatuko eta neurri guztien ardatzean biktimen eskubideak eta ahalduntzea jarriko direla, arreta berezia jarriz biktimatik biziraule izatera igarotzeko trantsizio-prozesuan, eta, bereziki, lege honen 3.1 artikuluaren azken atalean aipatutako diskriminazio anizkoitzaren faktore eragileak izateagatik zaurgarriago dauden pertsonenak.

2.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, bermatu behar dute emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktima orok lehentasunezko arreta, integrala, doakoa eta kalitatekoa jasotzeko duen eskubidea, gaikuntza espezifikoa duten profesionalek emana eta indarkeria-egoeraren ondoriozko edo harekin lotutako beharrei moldatua, diskriminaziorik gabe, edozein delarik ere haien egoera pertsonala, soziala edo administratiboa eta prozedura judizialean duten parte-hartze edo elkarlan-maila. Horretarako, espedienteen kudeaketa integrala eta koordinatua izan dadin zainduko da, erregelamenduz ezarritakoari jarraikiz; biktimen baimen informatu aktiboa bermatuko da, eta, aldi berean, behar adinako prozedura-arintasuna, datu pertsonalak tratatzerakoan.

3.– Eskubide horretan sartzen da biktima guztiek informazio eta orientazio egokia eta eskuratzeko erraza izan dezatela, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, dituzten eskubideei eta dauden baliabideei buruz; eta artatuak izan daitezela osasun fisiko eta mentalaren arloan eta beste zenbait arlotan duten beharrei dagokienez; hala nola segurtasuna, arlo ekonomikoa, aldi baterako bizileku segurua, etxebizitza, hezkuntza eta arlo soziala, lege honetan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera.

4.– EAEko administrazio publikoek, arreta-prozesuan egokitzat jotzen diren plaza eta zerbitzu publiko eta itunduak emateko orduan, lehentasunez artatzeko kolektibotzat hartu behar dituzte emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak.

5.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, hezkuntza-, osasun-, polizia-, lan- eta gizarte-sistemetako eta sistema judizialeko plan estrategiko guztietan sartu behar dute, lehentasunezko helburu gisa, emakumeen kontrako indarkeria matxista ezabatzea eta biktimei arreta egokia ematea, haren dimentsio estrukturala kontuan hartuta.

6.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, bermatu behar dute zenbait arlotako profesionalek, hain zuzen ere hezkuntza-, osasun-, polizia-, lan- eta gizarte-arloetakoak eta arlo judizialekoak, proaktiboki eta koordinaturik jarduten dutela emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kasu ez-esplizitatuak hautemateko eta behar bezala bideratzeko. Horretarako, protokoloak egotea eta aplikatzea bermatu behar dute; hain zuzen ere, inplikatutako erakundeek koordinatuta egindako protokoloak, adierazleak eta jardute-irizpideak dituztenak.

7.– EAEko administrazio publikoek bermatu behar dute emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten profesionalek badituztela nahikoa denbora, behar diren prestakuntza- eta babes-baliabideak eta espazio fisiko egokiak, bai eta biktimen arrisku-egoera baloratzeko irizpideak ere, inplikatutako erakundeek modu koordinatuan eginak, ezertan eragotzi gabe eremu polizialean arriskua baloratzeko dauden sistemak.

8.– EAEko administrazio publikoek talde-prozesuak sustatuko dituzte emakumeak oneratzeko, ahalduntzeko eta sendotzeko, eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan komunikazioa eta elkarlana sustatuko dituzte berdintasunaren aldeko emakume elkarte, talde feminista, ahalduntze-eskola eta emakumeen etxeekin batera.

59. artikulua.– Osasun-arreta.

1.– Euskadiko Osasun Sistemak emakumeen aurkako edozein indarkeria motaren biktima guztiei bermatu behar die osasuna babesteko eta osasun-arreta izateko duten eskubidea, arauz aitortua; barnean sartzen da indarkeria-egoerak detektatzea eta biktimen egoerari jarraipena egitea, guztiz oneratzen den arte, jasandako indarkeriatik datozen ondorioei edo sintomatologiari dagokienez, edozein dela ere biktimaren administrazio-egoera.

2.– Osasun Sistema Publikoak arreta espezifikoa eta espezializatua bermatuko die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, eta, batez ere, gaixotasun mentalak, nortasun-nahasmenduak eta adikzioak dituztenei.

3.– Euskadiko Osasun Sistemak arreta psikologiko espezializatua bermatuko die emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktima izan diren guztiei, arlo soziosanitarioan eta genero-ikuspegian oinarrituta.

4.– Euskadiko Osasun Sistemak bitartekoak jarriko ditu ospitaleko larrialdi-zerbitzu guztietan langile espezializatuak egon daitezen, bortxaketen edo beste sexu-indarkeria batzuen biktimei azterketa mediko eta mediko-forentse egokia egiteko, traumatismoarekin lotutako laguntza emateko, orientatzeko eta dagozkien baliabideetara bideratzeko. Forentseek ospitale-zerbitzu horietara joan beharko dute, kontuan izan gabe biktimak delituaren egilearen aurkako legezko ekintzak abiarazteko hasierako borondatea izan duen. Horretarako, beharrezkoa bada, dauden protokoloak egokituko dira 66. artikuluan aipatutako erakundearteko hitzarmenen esparruan. Espazio, egitura eta baliabide horietarako guztietarako sarbidea unibertsala izango dela ziurtatu beharko da.

60. artikulua.– Arreta soziala.

1.– Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten administrazio publikoek, bat eginez zerbitzu sozialei buruzko legerian ezartzen den eskumen-araubidearekin, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktima guztiei bermatu behar diete sistema horretako katalogoan eta prestazio- eta zerbitzu-zorroan sartzen diren zerbitzuak emango zaizkiela, dituzten beharren arabera eta berehala, edozein dela ere haien egoera administratiboa. Horretarako, beharrezkoak diren neurri arauemaileak eta bestelakoak gauzatuko dituzte.

2.– Bereziki, honako zerbitzu hauek bermatuko dituzte: urruneko informazio- eta arreta-zerbitzuak, bai telefonozkoak bai telematikoak, urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan; urgentziazko arreta; epe laburreko, ertaineko eta luzeko harrera; aholkularitza soziojuridikoa; arreta psikosoziala eta psikologikoa; esku-hartze sozioedukatiboa, eta akonpainamendu soziala. Era berean, beharrezko neurriak hartuko dituzte emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimei lehentasunezko arreta eman dakien Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio- eta zerbitzu-zorroko gainerako zerbitzuetan.

3.– Foru-administrazioek eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak, zorroko prestazio eta zerbitzuen bitartez, eta, hala badagokio, beste prestazio eta zerbitzu esperimental batzuen bidez, honako hauek daudela bermatuko dute:

a) Arreta espezializatuko zerbitzuak, bai emakumeen kontrako indarkeria matxista zuzenean pairatzen duten neska txiki eta neska nerabeentzat, bai indarkeria hori gauzatzen den ingurune batean bizi diren haur eta nerabeentzat eta emakumeen kargura dagoen beste edonorentzat. Hildako biktimen seme-alabentzako babesa eta laguntza indartuko dira, haien zaurgarritasun-egoera berezia dela-eta, eta protokoloak ezarriko dira kasu horietan.

b) Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen ingurune intimoko senide eta lagunei segurtasuna eta babes sozial eta psikologikoa emateko neurriak, hala eskatzen badute.

4.– EAEko administrazio publiko eskudunek bermatuko dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak herritar guztien eskura jartzen dituen prestazio eta zerbitzuak nahiz prestazio eta zerbitzu espezifikoak, indarkeria matxistaren biktimei zuzenduak izan daitezkeenak, bat datozela zerbitzu sozialei buruzko legerian zehaztutako ikuspegi unibertsal eta komunitarioarekin. Horretarako, neurriak hartuko dituzte arreta horien izaera prebentiboa, integrala, pertsonalizatua, hurbila, parte-hartzailea eta deszentralizatua indartze aldera.

5.– EAEko administrazio publikoek, nork bere eskumen-eremuan, koordinazio-guneak sustatuko dituzte zerbitzu sozialen eremuan eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan eskumenak dituzten organoen artean, errazago izan dadin arreta-ereduak elkarrekin definitzea, esku-hartzean genero-ikuspegia sartzea eta lankidetza-mekanismo egonkorrak sortzea, arreta hobetze aldera.

61. artikulua.– Prestazio ekonomikoak.

1.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko legez aurreikusitako gutxieneko adin-muga ez zaie aplikatuko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei, salbuetsita daude eta. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren egoera baten ondorioz ohiko bizilekua utzi behar duten eta beste pertsona batzuenean sartzen direnek diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea dute, harrera egiten dietenak senitartekoak izan ala ez, betiere errenta hori jasotzeko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Halaber, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimak ekonomikoki autonomoak izatea eta bizitza normalizatura itzultzea bultzatzearren, aldi baterako harrera-pisuetan edo -zentroetan babestuta daudenean diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta errenta hori jasotzeko eskatzen diren beste betekizunak betetzen badituzte, eta nahiz eta haien oinarrizko mantenua pisu edo zentro horiek bete.

3.– Zerbitzu sozialek aurrekontu-partida bat izango dute urgentziako prestazio ekonomikoetarako, hain zuzen ere, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimek bizirik irauteko dituzten oinarrizko beharrizanei berehala erantzuteko helburua duten prestazio ekonomikoetarako, biktima horiek eskubidez jaso ditzaketen gainerako prestazio ekonomikoak ematea tramitatzen den bitartean.

4.– Eskuragarri dituzten prestazio ekonomiko orokorrez gainera, zeinetarako lehentasunezko kolektibotzat hartuko baitira, EAEko administrazio publikoek emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimei ondoren zehazten diren laguntza ekonomiko espezifikoetarako sarbidea bermatu behar diete; horretarako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko EAEko Sistemari buruzko arauak eta prestazioak egokitu beharko dituzte, behar izanez gero.

a) Ordainketa bakarreko laguntzak, baliabide ekonomiko nahikorik ez dutela eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten biktimentzat, aplikatzekoa den Estatuko oinarrizko legeriaren esparruan.

b) Laguntza ekonomikoa, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimen seme-alaba umezurtzentzat.

c) Aparteko laguntzak, ebaluagarriak eta egiaztagarriak diren premia pertsonaleko egoerak arintzeko, betiere organo eskudunek ikusten badute laguntza arruntik ez dagoela edo laguntza arrunten zenbatekoa ez dela nahikoa.

62. artikulua.– Etxebizitza, gizarteratzea eta laneratzea eta hezkuntza-arloa.

1.– EAEko administrazio publikoek, funts publikoekin finantzatutako etxebizitzetarako sarbidean, bermatu behar dute lehentasuna emango zaiela emakumeen kontrako edonolako indarkeria matxista pairatzen duten biktimei, baldin eta indarkeriaren ondorioz prekaritate ekonomikoan badaude edo etxebizitza bat izatea beharrezkoa badute indarberritzeko. Horretarako, elkarren artean koordinatuko dira, eta baldintzen salbuespenak, erreserbak, zuzeneko esleipenak edo bestelako neurri batzuk ezarriko dituzte, zeinak dagokion erregelamendu-garapenaren bidez zehaztuko baitira; erregelamenduetan, kontuan hartuko dira desgaitasuna duten biktimen irisgarritasun-beharrizanak eta 65 urtetik gorako emakumeek etxebizitzak egokitzeko dituzten beharrizanak.

2.– Erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimek lehentasuna izango dute orientazio soziolaboralerako baliabide publikoetan. Lehentasunezko eskubidea izango dute, halaber, haien profiletara egokitzen diren eta erabat edo partzialki EAEko administrazio publikoetako funtsekin finantzatuta dauden enplegurako prestakuntza-ikastaroak egiteko; horretarako, kupoak edo beste neurri batzuk ezarriko dira.

3.– EAEko administrazio publikoek emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimak lanerako kontratatzea eta langile autonomo edo kooperatibako bazkide izatea sustatu behar dute, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.

4.– Erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, EAEko administrazio publikoek emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimak lehentasunezko kolektibotzat hartuko dituzte egoitza publikoetako plazetara sartzeko, baldin eta desgaitasunen bat badute edo 65 urtetik gorakoak badira eta prekaritate ekonomikoan badaude eta horrela egiteko eskatzen badute.

5.– Hezkuntza Administrazioak bermatu behar du emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimek lehentasunezko tratua izango dutela, aldi baterako bada ere, erabat edo partzialki EAEko administrazio publikoetako funtsekin finantzatuta dauden haur-eskoletan sartzeko eta hezkuntzaren eremuan dauden beka eta bestelako laguntza eta zerbitzu batzuk lortzeko.

6.– Hezkuntza Administrazioak halaber bermatu behar du trantsizioa behar bezala egiten dela eta umeak behar bezala eskolatzen direla, biktimen seme-alabak indarkeria-ingurunea utzita beste norabait eraman behar direnean eta beste ikastetxe batean eskolatu behar direnean.

7.– Aurreko lau apartatuetan aipatutakoaren ondorioetarako, kontuan izan beharko dira behar espezifiko posibleak, hala nola bizitza pertsonala, familia eta lana kontziliatzearekin lotutakoak.

63. artikulua.– Polizia-arreta.

Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskadiko udalerrietako toki-administrazioek bermatu behar dute, Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoaren bidez, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan ematen duten arreta lehentasunezkoa, eraginkorra eta kalitatekoa dela. Horretarako, beste neurri batzuen artean, hau egin behar dute:

a) Larrialdietako zerbitzua bermatu, telefonoz eta bide telematikoz, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, biktimei babes poliziala eta berehalako laguntza emateko. Zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzan herritarrak babesteko eskumenak dituen sailak kudeatuko du autonomia-lurralde osorako.

b) Biktimei informazioa eman, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, jakin dezaten zer eskubide dituzten, zer baliabide erabil ditzaketen eta zer ondorio dakarren salaketa aurkezteak.

c) Polizia-kidegoen arteko koordinazioa eta lankidetza bermatu, bai eta horien eta gainerako arreta-zerbitzuen artekoa ere, oinarrizko zerbitzu sozialak barne, biktimei arreta egokia ematen zaiela bermatzen duen informazioa trukatzeko eta biktimizazioa areagotzen duten jarduerak saihesteko, bereziki, esku-hartzeak bikoiztea edo errepikatzea.

d) Arriskua baloratzeko sistemak izan, kasu jakin bakoitzean aukera emango dietenak parte hartzen duten gainerako zerbitzuei arrisku-maila eta ezarritako babes-neurriak ezagutzeko, eta, hala badagokio, xede horretarako erabilgarri izan daitekeen informazioa emateko.

e) Gune fisiko egokiak prestatu polizia-bulegoetan, konfidentzialtasuna eta biktimaren eta biktimagilearen arteko bereizketa osoa bermatzeko, eta biktima edo laguntzaile adingabeen premien arabera bereziki diseinatuta egon daitezen.

f) Biktima guztientzat erabateko irisgarritasuna bermatu, egoera bakoitzeko behar espezifikoetara egokituta eta desgaitasunen bat duten biktimei eta iristeko zailak diren landa-eremuetan bizi direnei salaketa jartzea errazteko behar diren baliabideak abian jarrita, behar izanez gero polizia-bulegoetara joan beharrik gabe dauden tokian bertan salaketa jartzeko aukera ere emanez.

g) Aldika eguneratu emakumeen kontrako indarkeria matxistaren mota guztietako kasuak ikertzeko, haietan jarduteko eta baloratzeko protokolo polizialak, kontuan hartuta genero-ikuspegia eta intersekzionalitatea, eta adituei, biktimei eta haiekin lan egiten duten emakume erakundeei kontsulta eginez.

h) Arriskuaren balorazioaren emaitzaren arabera beharrezkotzat jotzen diren babes-neurriak xedatzea, baita biktimak salaketarik ez jartzea erabakitzen duenean eta, ebazpen judizial baten ondorioz, kasua artxibatzen denean ere, betiere indarkeria-arriskua badagoela hautematen jarraitzen bada.

64. artikulua.– Justiziara iristea.

1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak bermatu behar du lehentasunezko eta kalitateko arreta eraginkorra ematen zaiela biktimei, neurri hauen bidez:

a) Biktimaren arretarako zerbitzuak, epaitegietako lantalde psikosozialak eta Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Koordinazio Zentroa behar bezala hornituta eta gaituta egotea.

b) Akonpainamendu-zerbitzu espezializatua biktimentzat eremu judizialean.

c) Itxarote-denborak murriztea eta biktimen segurtasunerako eta intimitatea zaintzeko neurriak hartzea epaitegian, eta akusatutako ikertuarekin konfrontaziorik ez izateko, bai eta laguntzaile adingabeei arreta egokia emateko neurriak ere, hala nola eremuak gaitzea edo egokitzea eta ekipamendu fisiko eta teknologiko egokiak ezartzea emakumeen kontrako indarkeriaren epaitegietan eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kasuak argitzen diren beste organo jurisdikzionaletan.

d) Baliabide pertsonal eta materialak xedatzea Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegietako balorazio forentse integraleko unitateei, lana eraginkortasunez egin ahal izan dezaten, peritu-proba psikologikoak barne, erabilitako indarkeriaren existentzia eta larritasuna egiaztatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen direnean.

e) Beharrezko diren bitartekoak egituratzea, bermatzeko biktimei jakinarazi egiten zaiela delitugilea espetxetik irten dela, hala aldi baterako nola behin betiko.

2.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak honako hauek bermatu behar ditu:

a) Biktimentzako lege-laguntza emateko guardia-txandak, bermatzeko eguneko 24 orduetan badagoela, gutxienez, guardiako letradu bat barruti judizial bakoitzean, emakumeen kontrako indarkeria matxistan espezializatua.

b) Berehalako lege-laguntza espezializatua, bakarra, doakoa eta integrala izateko eskubidea emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimentzat, hasierako eta etengabeko prestakuntza nahitaezkoa eta espezializatua jaso duten letraduen eskutik. Horren barne sartuko da salaketa-ekintza gauzatzea zigor-arloko prozesuetan, eta behin-behineko neurriak eskatzea banaketa-, deuseztasun- edo dibortzio-demanda zibilen aurretik, edo kautela-neurriak, izatezko bikoteen kasuan.

c) Jarraipena egiteko eta kontu emateko bitarteko egokiak egotea.

d) Komunikazio-sistemak eta informazio juridikoa lotzeko sistemak egokitzea edo malgutzea, desgaitasuna duten pertsonak ez daitezen zaurgarritasun-egoeran egon testuinguru horietan.

65. artikulua.– Erreparazio-eskubidea.

1.– EAEko botere publikoek, Istanbulgo Hitzarmenean emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimei onartzen zaien erreparazio-eskubidea gauzatze aldera, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen barruan, eta kontuan hartuta kasuotan ematen den asistentzia oro ikuspegi erreparatzailetik eman behar dela, honako hauek egingo dituzte:

a) Autonomia Erkidegoko Administrazioak neurriak hartuko ditu delituaren ondorioz sortutako eta ebazpen judizial bidez ezarritako kalte-ordainak ordaintzen ez diren kasuetan biktimei laguntzeko edo laguntza ekonomikoa emateko.

b) Egia aitortzeko eta zabaltzeko neurriak hartuko ditu, indarkeria errefusatzeko ekintza publikoen bidez eta aitortza, protagonismoa eta ahotsa emanez biktimei eta haien eskubideen eta interesen defentsarako erakundeei, aintzat izanda biktima izatetik biziraule izatera pasatzeko trantsizio-prozesuaren ikuspegia.

c) Delitua berriz egitea saihesteko neurriak hartuko ditu, arreta kaltegilearengan eta inplikazio sozialean eta komunitarioan jarrita.

d) Erabateko oneratzea lortzeko neurriak hartuko ditu, dagozkion arreta-baliabide publikoen bidez.

2.– Arau eta jarduketa egokien bitartez garatuko dira artikulu honetan aipatutako ekintzak, eta, horretarako, biktimei entzungo zaie, eta protagonismoa emango, batez ere egokien irizten dieten erreparazio-bideak zehazteko.

66. artikulua.– Erakundearteko koordinazioa.

1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bitartez, gai honetan eskumenak dituzten gainerako EAEko administrazio publikoekin erakundearteko lankidetza-akordioak eguneratzea sustatuko du; izan ere, horrela ahalbidetuko da emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kasuak goiz detektatzea, horrelako kasuetan koordinatua eta eraginkor jardutea, eta biktimei laguntza integrala eta kalitatekoa bermatzea. Gai honetan eskumenak dituzten gainerako erakundeekin ere lankidetza-bideak sustatu behar dira.

2.– Lankidetza-akordio horietan, jarduera-irizpideak edo -protokoloak finkatuko dira, Erkidego osorako homogeneoak, horrelako kasuetan diharduten profesionalentzat. Akordioetan, mekanismo batzuk ere ezarriko dira, aldeek hartutako konpromisoak nola betetzen ari diren aztertzeko eta ebaluatzeko, barne direla erakundeek horrelako kasuetan ematen duten erantzuna hobetzeko planteatzen diren kexa eta iradokizunak bideratu eta horiei erantzun egokia emateko bideak.

3.– Foru- eta toki-administrazioek beren lurralde-eremuan lankidetza-akordioak eta jarduera-protokoloak ezartzea sustatuko dute, aurreko bi paragrafoetan aipatutako akordioak eta protokoloak garatzeko, zehazteko eta beren errealitateetara egokitzeko; haietan, proaktiboki parte hartu behar dute inplikatuta dauden arreta-sistema guztiek.

VIII. KAPITULUA
BERDINTASUNAREN ETA SEXUA DELA ETA BEREIZKERIA EZ NOZITZEKO PRINTZIPIOA DEFENDATZEA SEKTORE PRIBATUAN
1. SEKZIOA
ATXIKIPENA, EGINKIZUNAK, MUGAK ETA LAGUNTZEKO BETEBEHARRA

67. artikulua.– Atxikipena.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio sexuan oinarritutako bereizkeria egoeretan dauden herritarrak defendatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa bete dadin sustatzea.

68. artikulua.– Eginkizunak.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio ondoko eginkizun hauek betetzea:

a) Ikerketak egitea, ofizioz edo alderen batek eskatuta, sektore pribatuan sexua dela-eta zuzeneko edo zeharkako bereizkeria gertatu dela uste bada, halako bereizkeria-egoerak argitzeko.

b) Negoziazio-bideak eta gomendioak ematea pertsona fisikoei nahiz juridikoei, sexua dela-eta sektore pribatuan gertatzen diren bereizkeria-egoerak edo -ekintzak zuzentzeko, eta emandako gomendioen jarraipena egitea, gomendiook betetzen diren ikusteko.

c) Herritarrei aholku ematea, sektore pribatuan sexua dela-eta bereizkeria-egoerak gerta daitezkeenean.

d) Sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuen konponbidea errazteko tresna izatea.

e) Egiten dituen jarduera eta ikerketen berri ematea, eta lege honetan xedatutakoari jarraikiz txostenak eta irizpenak egitea.

f) Lan Administrazioko agintaritzarekin lankidetzan jardutea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan bereizkeriaren aurkako lan-arauak betetzen diren begiratzeko.

69. artikulua.– Mugak.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ez du bana-banako azterketarik egingo pertsonen intimitateari dagozkion kexetan, ez eta jada epai irmo bidez erabaki direnetan edo epaileak oraindik ebazteke dituenetan ere. Era berean, jarduera bertan behera utzi beharko du, baldin eta, jarduera hasi ondoren, interesdunak auzitegi arruntetan edo Konstituzio Auzitegian salaketa edo errekurtsoa aurkezten badu.

2.– Ikerketako egintzek ustez bereizkeria eragin duten jokaerei edo gertakariei zuzenean lotuta egon behar dute, eta gertatutakoa argitzeko behar direnak baino ez dira egingo.

3.– Nolanahi ere, egiten dituen ikerketak zuhurtzia zorrotzenaz egin beharko dira, egokitzat jotzen dituen oharrak bere txostenetan jaso ahal izango dituen arren.

70. artikulua.– Laguntzeko betebeharra.

Ikertzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztien betebeharra da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lana erraztea. Horretarako, gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren datu, agiri, txosten eta azalpenak eman beharko dituzte, zentzuzko epe baten barruan, eta, aldez aurreko abisua izanda, pertsona horiek beren egoitzetan sartzen ere utziko dute, bizilekua denean salbu, esanbidezko baimena lortu beharko baita haien bizilekuan sartu ahal izateko.

2. SEKZIOA
FUNTZIONAMENDUA. IKERTZEKO PROZEDURA

71. artikulua.– Hasiera.

1.– Sexua dela-eta bereizkeria jasaten duela uste duen edozein pertsonak edo pertsona-taldek, edo haiek legitimoki ordezkatzen dituztenek, kexa aurkez dezakete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean.

2.– Beren helburuen artean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zaintzea helburu duten elkarteak, erakundeak eta beste pertsona juridiko batzuk legitimatuta daude prozedura hasteko eta prozeduran parte hartzeko, bere burua diskriminatutzat duen pertsonaren izenean edo hari lagunduz, baldin eta pertsona horren baimena badute.

3.– Eraginpeko pertsonaren nazionalitatea, bizilekua, adina eta legezko ezintasuna ez dira oztopo izango Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundera jotzeko.

4.– Kexa idatziz edo ahoz aurkez daiteke, eta beti arrazoitu beharko da.

5.– Prozedura hasi aurretik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak informazio edo aurretiazko jardueren aldi bat has dezake kasu zehatzaren inguruabarrak ezagutzeko eta horren onargarritasunari buruz erabakitzeko.

6.– Ez da kexarik onartuko inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Legitimazio aktiborik ez izatea, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

b) Urtebeteko epea igaro izatea kexa eragin zuten jokabidea edo gertakariak amaitu zirenetik.

c) Kexa nork egiten duen ez adieraztea.

d) Fede txarrez jokatzea edo prozedura abusuz erabiltzea. Horrelakoetan, kriminalitate-zantzurik egonez gero, agintaritza judizial eskudunari jakinarazi beharko zaio.

e) Kexa nabarmenki funsgabea izatea, edo eskatzen diren datuak ez ematea.

f) Kexa jada Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aztertu duen gairen bati buruzkoa izatea.

g) Kexak zerikusirik ez izatea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eskumen-eremuarekin. Ararteko Erakundeari edo Herriaren Defentsariaren Erakundeari igorri behar zaizkio haien eskumen-eremuekin zerikusia duten kexak.

7.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak uste badu kexa ez dela izapidetu behar, interesdunari jakinarazi behar dio idazki arrazoitu batez, eta, hala badagokio, kasuan eskudun diren erakundeei buruzko informazioa emango dio.

72. artikulua.– Instrukzioa.

1.– Kexa izapidetzeko onartu ondoren, gertakariak argitzeko behar diren ikerketa-eginbideei ekin beharko zaie.

2.– Prozeduraren fase horretan, kexa jarri zaion pertsonari entzungo zaio.

73. artikulua.– Amaiera.

1.– Prozedura honelako moduren batean amaituko da:

a) Prozedurari amaiera ematen dion ebazpen batez.

b) Kexa aurkeztu duen pertsonak atzera egiten duelako edo uko egiten duelako, betiere horrek ez badakarkie kalterik hirugarrenei.

c) Iraungitzen delako, interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, prozedura eten bada, pertsona horri egotz dakizkiokeen kausengatik. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ohartaraziko dio hiru hilabete igarota prozedura iraungi egingo dela. Epe hori igarota interesdunak tramitazioa berrabiarazteko beharrezko diren jarduerak egin ez baditu, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak jarduerak artxibatzea ebatziko du, eta interesdunari jakinaraziko dio.

2.– Prozedura amaitzen duen ebazpenak ikerketen emaitzen berri eman behar du. Ebazpenean, egoki ikusten diren adiskidetze-neurriak proposa dakizkieke bi aldeei, bereizkeria-egoerak edo -ekintzak edo emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna oztopa dezaketenak erauzteko. Horretarako, gomendioak ere eman dakizkioke beraren kontra kexa jarrita duen pertsonari. Inoiz ere ezingo du bereizkeria-egintzarik ezeztatu, deuseztatu edo zehatu.

3.– Beraren kontra kexa jarrita duen pertsonak ez baditu betetzen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emandako gomendioak, erakunde horrek informazioa emango dio eraginpeko pertsonari, bereizkeria dela-eta erreklamazioak beste instantzia administratibo edo judizial batzuetan izapidetu ahal izateko.

4.– Ikerketaren aldian arrazoizko kriminalitate-zantzurik antzematen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Fiskaltzari jakinarazi beharko dio.

3. SEKZIOA
TXOSTENAK ETA IRIZPIDEAK

74. artikulua.– Urteko txostena.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak urteko txosten bat idatziko du, eta hor jasoko da egindako ikerketen zerrenda eta interesekotzat jotzen den beste gai oro.

2.– Txostena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu behar da.

75. artikulua.– Irizpenak.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea organo eskuduna da Lan Prozedurari buruzko Legearen 95.3 artikuluan ezarritako irizpenak egiteko.

IV. TITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

76. artikulua.– Erantzukizuna.

Emakumeen eta gizonen arloan egin diren arau-hausteengatiko erantzukizun administratiboa, hain zuzen, kapitulu honetan tipifikatutako ekintzen eta ez-egiteen errudun den pertsona fisikoari edo juridikoari dagokio. Horrez gain, erantzukizun zibil, penal eta bestelakoak ere izan daitezke halako kasuetan.

77. artikulua.– Arau-hausteak.

1.– Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2.– Arau-hauste arina da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ikerketa-lana partzialki oztopatzea edo ukatzea.

3.– Arau-hauste larriak dira:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bereizkeria arloko ikerketa-lana guztiz oztopatzea edo ukatzea.

b) Lege honen 29.1, 29.2 eta 33.1 artikuluetan ezarritako eginbeharrak eta debekuak ez betetzea.

c) Gutxienez bi arau-hauste arin errepikatzea.

4.– Oso arau-hauste larria izango da gutxienez bi arau-hauste larri berriro egitea.

78. artikulua.– Berrerortzea.

Lege honen ondoreetarako, arau-haustea berriro egin dela ulertuko da arau-hausteen erantzuleak diren pertsonek bi urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin badute, eta horrela adierazi bada ebazpen irmo bidez.

79. artikulua.– Zehapenak.

1.– Zehapena arau-hauste arinengatik ohartarazpena eta/edo 3.000 eurora arteko isuna.

2.– Zehazpena arau-hauste larriagatik: 18.000 eurora arteko isuna, eta/edo EAEko administrazio publikoen edozein laguntza publiko eskuratzeko debekua, urtebete eta hiru urte bitarteko aldian.

3.– Zehapena arau-hauste oso larriagatik: 90.000 eurora arteko isuna, eta/edo EAEko administrazio publikoen kontratuak eta edozein laguntza publiko eskuratzeko debekua, hiru eta bost urte bitarteko aldian.

80. artikulua.– Zehapenen mailaketa.

Isunen zenbatekoa zehazteko eta gainerako zehapenak aplikatzeko, organo eskudunak honako mailakatze-irizpideak hartu behar ditu kontuan:

a) Eragindako kalteen izaera.

b) Nahita edo behin eta berriro egin izana.

c) Prozedura hastea ekarri zuten akatsak instantziaren ebazpena eman baino lehen zuzendu ote dituen arau-hausleak.

81. artikulua.– Preskripzio-araubidea.

1.– Lege honetan ezartzen diren gaietako arau-hauste administratiboak honako epeen barruan preskribatuko dira: arau-hauste oso larriak, bi urtean; larriak, hamabi hilabetean; eta arinak, berriz, sei hilabetean. Epe horiek guztiak arau-haustea gertatzen den egunetik aurrera zenbatuko dira.

2.– Lege honen babesean ezarritako zehapenen preskripzio-epea honakoa izango da: oso larrien kasuan, urtebetekoa; larrien kasuan, sei hilabetekoa; eta arinen kasuan, hiru hilabete. Epe horiek guztiak zehapena jartzen duen ebazpena irmo egiten den egunaren biharamunetik hasiko dira zenbatzen.

82. artikulua.– Eskumena.

Lege honetan zehazten diren arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eskumena duten agintariak honakoak izango dira:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, arau-hauste arinengatiko zehapenak ezartzeko.

b) Jaurlaritzaren Kontseilua, arau-hauste larri eta oso larriengatiko zehapenak ezartzeko.

83. artikulua.– Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedurak bat etorri behar du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritako printzipioekin, edo hori ordezten duen legerian ezarritakoekin.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legearen ebaluazioa eta berrikuspena.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordeak, lege honen 12. artikuluan esleitzen zaizkion eginkizunen arabera, bost urterik behin lege honen betetze, garapen eta aplikazioaren eta, hala badagokio, berrikusteko egokitasunaren jarraipena eta ebaluazioa egingo du. Txostena Eusko Legebiltzarrera bidaliko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Langileen beharrak egokitzea.

Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, martxoaren 3ko 1/2022 Legea indarrean jartzen denetik, behar diren prozedura administratiboak hasiko dituzte Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lanpostu-zerrenda aldatzeko, erakundeak lege honen bidez esleitzen zaizkion eginkizunak bete ahal izan ditzan eta lege honen aplikazioaren ondoriozko beharrizanetara egokitu dadin.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sustapen eta koordinaziorako administrazio-unitateak.

Hamaikagarren artikuluan aipaturiko organismo autonomo eta erakunde publikoetako organo eskudunek, urtebeteko epean, martxoaren 3ko 1/2022 Legea indarrean jartzen denetik, behar diren prozedura administratiboak hasiko dituzte lanpostu-zerrendak aldatzeko edo, hala badagokio, haien baliokide diren antolakuntza-bitartekoak aldatzeko, hala lege honetan nola 16. artikuluko 1. paragrafoan adierazten den planean jasotzen diren neurriak sustatzeko eta koordinatzeko administrazio-unitateak izan ditzaten.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lanpostu-zerrendak aldatzea.

Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, martxoaren 3ko 1/2022 Legea indarrean jartzen denetik, behar diren prozedura administratiboak hasiko dituzte hezkuntza ebaluatu, ikertu, berritu eta ikuskatzeko ardura duten organoen eta irakasleei laguntzeko zerbitzuen lanpostu-zerrenda aldatzeko, hezkidetzaren arloko trebakuntza behar duten lanpostuetan baldintza espezifikoak txertatze aldera.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berdintasunari buruzko prestakuntza lanpostuen baldintza gisa.

Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, martxoaren 3ko 1/2022 Legea indarrean jartzen denetik, behar diren prozedura administratiboak hasiko dituzte emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimentzako zerbitzu espezifikoak ematen dituzten lanpostuen zerrendak aldatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta indarkeria matxista desagerraraztearen arloko prestakuntzan baldintza espezifikoak txertatze aldera.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Autonomia Erkidegoaren baliabideak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politiketarako

Euskal Autonomia Erkidegoak arian-arian handituko du emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiketara bideratutako aurrekontuaren portzentajea, 2030erako aurrekontu orokorretan esleitutako guztizko gastuaren % 1,5 izan dadin gutxienez, hargatik eragotzi gabe aurrekontu-helburu hori lehenago gauzatzea, lege honen 15.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Kontratazioan eta dirulaguntzetan genero-ikuspegia txertatzeko arauak edo jarraibideak.

Urtebeteko epean, martxoaren 3ko 1/2022 Legea indarrean jartzen denetik, Eusko Jaurlaritzak lege honen 22, 23 eta 24 artikuluetan xedatutakoa benetan betetzeko jarraibideak adierazten dituzten arauak edo gidalerroak onartuko ditu, kontuan hartuta aplikatu beharreko araudia, kontratuen eta dirulaguntzen xedeak, eta beste neurri publiko edo irizpide sozial batzuen aplikazioarekin uztartzea edo bateragarri egitea eta koordinatzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Araugintza-garapena.

Ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 20a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala