Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2023ko martxoaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1430

ERABAKIA, 2023ko otsailaren 23koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, unibertsitate masterrak gestionatzeko araudia aldatzen duena.

Araudi horrek master ofizialen irakaskuntzetan sartzeko eta onartzeko prozesua arautzen du, besteak beste. Prozesu konplexua da, eta joan den ikasturtean aldaketa sakona izan zuen, besteak beste, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak eraginda. Prozesu horretan, zenbait hobekuntza-alderdi hauteman dira, aipatutako araudia eraginkorra eta zorrotza izan dadin.

Sartzeko eta onartzeko prozesuaz gain, erregulazio argiagoa eta zehatzagoa eskatzen duten beste prozedura batzuk ere aztertu dira, baita masterren berezitasunetara hobeto egokitzen direnak ere. Nabarmentzekoa da ikasleen ebaluazioa, haien kalifikazioen berrikuspena eta erreklamazioa, eta bertan parte hartzen duten organoen zehaztapena. Arlo horretan zenbait inkongruentzia aurkitu ziren, Master Ofizialetako Ikasleen Iraunkortasun-Araudian ere araututa zegoelako. Akats horiek zuzendu egin dira testu honetan eta aipatutako iraunkortasun-arauetan.

Graduondoko Batzordearen eskumena da Gobernu Kontseiluari proposatzea Graduondoko ikasketen akademia antolakuntza eta gestiorako arautegiak (Estatutuen 90.b) artikulua).

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak, 2023ko otsailaren 13an egindako bilkuran, master ofizialak kudeatzeko arautegiaren aldaketa hori onartzea erabaki du.

Aurreko guztiagatik, eta Estatutuen 177.1 d) artikuluan adierazitakoa betetze aldera, Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Arloko Errektoreordetza proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Onestea unibertsitate masterrak kudeatzeko araubidea, eranskinean adierazitako moduan.

Leioa, 2023ko otsailaren 23a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTERREN GESTIORAKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
SARBIDEA, IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA

I. kapitulu honetan arautzen dira UPV/EHUko masterretarako sarbide, onarpen eta matrikulazio prozesuak. Gehiago garatu behar diren gaietarako, Graduondoko Batzordeak arautegi osagarriak egingo ditu. Guztia unibertsitateko webgunean argitaratuko da behar besteko aurrerapenaz.

1. artikulua.– Sarbiderako baldintzak.

Unibertsitateko master ofizialetan sartu ahal izateko, baldintza hauetakoren bat bete beharko da:

a) Espainiako unibertsitate titulu ofizialen bat izatea, edo gradukoa edo masterrekoa.

b) Aurreko sistemako Espainiako unibertsitate titulu ofizialen bat izatea, hau da, gaur egun indarrean dagoen Europako Unibertsitate Eremuko printzipioen araberako antolaketaren aurrekoa: lizentziatu, arkitekto, diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari tekniko titulua.

c) Goi mailako hezkuntzako atzerriko tituluren bat izatea, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak Espainiako unibertsitate titulu ofizial batekin homologatua edo unibertsitateko gradu mailarekin edo master mailarekin baliokidetua.

d) EUEko herrialde bateko unibertsitate bateko edo goi mailako hezkuntza erakunde bateko gradu edo master titulu bat izatea, herrialde horretan bidea ematen duena master ikasketak egiteko.

e) EUEkoa ez den atzerriko hezkuntza sistema batean lortutako goi mailako titulu bat izatea, graduaren baliokidea, nahiz eta homologatuta edo baliokidetuta ez eduki, baldin eta unibertsitateak frogatzen badu titulu horrek egiaztatzen duela Espainiako kideko gradu ofizialean ematen den prestakuntzaren parekoa, eta baldin eta titulua ematen duen herrialdean agiri horrek bidea ematen badu graduondoko ikasketak egiteko. Bide horretatik sartzeak ez dakar titulua homologatzea: interesdunari unibertsitateko masterra egiteko baino ez zaio onartuko, hau da, ez du bestelako ondoriorik izango.

Ikasle horien onarpena Graduondoko Batzordearen esku geratuko da. Eskaria aurkeztu ahal izango da unibertsitate masterrean izena emateko epea baino lehenago, Graduondoko Batzordeak ezarriko duen eta UPV/EHUren webgunean argitara emango den prozedurari jarraiki. Izena emateko unean ikasleak ez badu eskatu edo lortu oraindik aipatutako baimena, modu baldintzatuan segitu ahal izango du onarpen prozesuan; baina ez badu lortzen baimena matrikula egiteko egongo den epearen barruan (Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzerako onartuko duen egutegiaren arabera), onarpen eskaria bertan behera geratuko da.

f) Salbuespenez, GRALa eta gehienez ere 9 ECTS gainditzea falta zaien graduko ikasleek ere egin ahal izango dute sarrera eta onarpen eskaria Graduondoko Batzordeak aukera hori baimendu duen UPV/EHUko masterretan. Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuko 18. artikuluari jarraikiz, unibertsitateko gradu titulu ofiziala daukatenek lehentasuna izango dute matrikulatzeko, beste ikasle horien aurretik. Atal honetan aipatutako bidetik sartzen diren ikasleek ezin izango dute inola ere unibertsitateko master titulua eskuratu aurretik eskuratu ez badute horretarako bidea ematen dien gradu titulua.

2. artikulua.– Onarpenerako baldintzak eta plazen eskaintza.

1.– Aurreko atalean aipatu diren sarbiderako baldintzak betetzeaz gain, UPV/EHUko unibertsitate master batean onartua izateko eta bertan matrikulatzeko, master horretarako baldintza espezifikoak bete beharko dira, zeinak programaren ikasketa planeko memorian jasota egongo diren eta master bakoitzaren web orrian argitaratuko diren.

Eskatzaileak daukan aurretiko prestakuntzaren arabera, eskatu ahal izango zaio arlo batzuetan «prestakuntza osagarri» deritzenak egitea. Osagarri horiek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu. Osagarri horiek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu. Prestakuntza osagarrietan egindako kredituak masterreko gainerako kredituen parekoak izango dira.

2.– Unibertsitateko masterretan eskainiko diren plazen kopurua urtero onartuko du Gobernu Kontseiluak.

Azken bi ikasturteetan hamar ikasle baino gutxiago izan dituzten masterrak UPV/EHUren eskaintzatik kanpo geratu ahal izango dira. Unibertsitate arteko masterretan, sare osoko ikasleak hartuko dira kontuan.

3.– Masterretan ezin izango da eskainitako plazarik hutsik geratu baldin eta baldintzak betetzen dituen eskaririk badago. Plaza horiek betetzeko, beharrezkoa izango da, batetik, eskariak epearen barruan aurkeztuak izatea, eta, bestetik, ikasleen onarpena eta matrikula masterreko lehen eskola astearen barruan egin ahal izatea.

4.– Plazen % 5 gutxienez gordeko dira % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat eta desgaitasun egoera pertsonalengatik hezkuntzarako laguntza premia iraunkorrak dauzkaten eta beren aurreko ikasketetan hezkuntza inklusio osoa izateko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat. Ikasleok egoera hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, administrazio edo erakunde eskudunak emana. Plaza horiek betetzen ez badira, tituluko eskaintza orokorrera pasatuko dira.

3. artikulua.– Izena emateko prozesua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Sarrera eskariak on line egingo dira, horretarako aplikazioaren bidez.

2.– Graduondoko Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu ikasturte bakoitzerako: izena emateko egutegia, prozedura eta eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa. Informazio hori UPV/EHUren webgunean argitaratuko da ikasturtero, bai eta ikastegiek horretarako jarritako idazkaritzetan ere, behar besteko denboraz. Izena emateko fasean aurkeztutako dokumentazioa onarpen prozesuan baloratuko da.

Estatuko zein atzerriko goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuekin batera eskainitako tituluak direnean, egutegi espezifikoa eta onarpen prozedura egokitu beharko dira kasuan kasuko titulu eta hitzarmenean adierazitakora.

3.– Graduondoko Batzordeak onartuko diren egutegian eta prozeduran zehaztutako du zenbat epe egongo diren ikasturte bakoitzean izena emateko. Izena emateko epe bakoitzean master bakar bat eskatu ahal izango da.

4.– Izena emateko epe bat baino gehiago egonez gero, epe berrietan bakarrik eskainiko dira onartuak izan zitezkeen pertsonen zerrenda agortuta eta oraindik plazak bete gabe dituzten masterrak. Era berean, eskaini ahal izango dira itxarote zerrendan pertsonak izan arren plaza guztiak beteko ez dituztela uste duten masterrak, betiere behar bezala justifikatzen badute hori graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzan.

5.– Izena emateko epe berria irekitzen denean itxarote zerrendan pertsonak dituzten masterren kasuan, pertsona horiek onartuak izango dira izena emateko hurrengo epeetan izena ematen dutenak baino lehenago, onarpen nota dena delakoa izanda.

6.– Izena emateko epe berririk irekiz gero, aurreko epeetan izena eman ez duten pertsonek emateko aukera izango dute. Bestalde, izena emateko epe berri bat irekitzen denean, master baten itxarote zerrendan dauden pertsonek beste master bat aukeratu ahal izango dute, bai eta onartuak izan arren plaza epearen barruan erreserbatu ez zuten pertsonek ere. Halakoetan, izena emateko aurreko epean hautatutako aukera bertan behera geratuko da. Onarpenerako baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan ziren pertsonek ere izango dute aukera hori.

7.– Behin izena emateko epea amaituta, ez da onartuko, inolaz ere, eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, izena emateko beste epe bat ireki arte.

4. artikulua.– Hautatutako ikasleak eta baztertutako ikasleak.

Izena emateko epea amaituta, master bakoitzeko batzorde akademikoak aztertuko ditu master horretan jasotako eskariak, jakiteko sarbiderako baldintzak eta masterraren onarpen baldintza espezifikoak betetzen dituzten. Master bakoitza atxikita dagoen ikastegiak egiaztatuko du zeintzuk eskarik betetzen dituzten aipatutako baldintzak eta emaitzak argitaratuko ditu interesatuak jakinaren gainean jartzeko, Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzean zehaztuko duen datan eta moduan.

Masterrean sartzeko baldintzak nahiz onarpen baldintza espezifikoak betetzen dituzten eskariak eta masterra hasi aurreko ikasturtean haiek betetzeko moduan dauden eskariak pasatuko dira onarpen prozesura. Eskariok ebaluatuko dira master bakoitzean merezimenduak baloratzeko ezarritako irizpideen arabera, eta izena emateko epearen barruan eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioaren argitan. Balorazio horren arabera egingo da onarpen prozesua master bakoitzean.

Masterrean sartzeko baldintzak edo onarpen baldintza espezifikoak bete ez, eta masterra hasi aurreko ikasturtean betetzeko moduan ez dauden eskariak baztertuak izango dira. Baztertutako eskatzaileek erreklamazioa jarri ahal izango diote masterra atxikita dagoen ikastegiari hiru laneguneko epearen barruan. Ikastegiaren erabakiaren kontra ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.

5. artikulua.– Onarpen prozesua.

1.– Hautatutako eskariak ordenatuko dira kontuan hartuta masterretako batzorde akademikoek aurrez ezarritako irizpideen arabera egindako balorazioak, betiere kontuan izanda izena aurreko epe batean eman eta itxarote zerrendan geratu ziren pertsonen lehentasuna (3.5 artikulua). Ez da onartuko izena epe berrian eman duen pertsonarik, aurreko epean hautatuak izan ziren pertsonen zerrenda amaitu arte.

2.– Arautegi honetan ezarritako prozeduraren arabera unibertsitateko master batean onartuak diren pertsonek plaza erreserbatu beharko dute horretarako zehazten diren epe eta baldintzetan. Plaza erreserbatzea nahitaezkoa izango da prozeduran aurrera egin ahal izateko.

Plaza erreserbatzeko matrikularen aurrerapen gisa ezarritako zenbatekoa ordaindu beharko dute. Plaza erreserbatzeko ordaindutako zenbatekoa deskontatutako zaie gero matrikulatik, baina, aurrerapen hori ordaindu ezean, galdu egingo dute erreserbatutako plaza. Interesdunak plaza erreserbatu arren azkenean matrikula egiten ez badu, ez zaio diru hori itzuliko, salbu eta matrikula ezin badu egin sarbiderako edo onarpenerako baldintzak ez dituelako betetzen. Graduondoko Batzordeak ezarriko du ordainketa egiteko prozedura, eta zenbatekoa Hezkuntza Sailaren prezio publikoei buruzko aginduan zehaztuko da.

Prezioei buruzko indarreko aginduaren arabera matrikula ordaintzetik salbuetsita dauden pertsonak portzentaje berean egongo dira salbuetsita plazaren erreserba ordaintzetik.

3.– Plaza erreserbatzea nahitaezkoa izango da matrikula egin ahal izateko. Plaza erreserbatu duten eta 1. artikuluan –a) letratik e) letrara– aipatzen diren tituluren bat duten pertsonek matrikula egingo dute UPV/EHUren webgunean ikasturte bakoitzean argitaratuko diren epeetan eta moduan. GRALa eta gehienez ere 9 ECTS gainditzea falta zaien graduko ikasleek ere prozedura berari jarraituko diote, Graduondoko Batzordeak aukera hori baimendu duen UPV/EHUko masterretan. Matrikula ez bada egiten ezarritako epeen barruan, plazaren erreserba baliogabetu egingo da. Masterrak atxikita dauzkaten ikastegiek, matrikula egiteko unean, zainduko dute bete egiten dela 822/2021 EDn ezarritakoa; hau da, graduko titulua daukaten ikasleak gradua amaitu ez duten ikasleen aurretik daudela.

4.– Izena emateko epeei dagozkien onarpen prozesuak amaituta, masterrean plazarik geratuko balitz, interesdunek eskaria aurkeztu ahal izango dute zuzenean masterraren ardura duen ikastegiko idazkaritzan. Eskariok baloratu beharko dira aipatutako ataletan adierazitako irizpide berberekin.

II. ATALA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

Unibertsitateko masterretan onartutako ikasleek matrikula egin beharko dute Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzerako onartutako egutegiari jarraituz, eta ikasturte horretan egin nahi dituzten irakasgai guztietan. Master bakoitzaren memorian egongo da zehaztuta ikasle bakoitza gutxienez zenbat kreditutan matrikulatu behar den.

6. artikulua.– Matrikula egiteko prozedura.

Matrikula egingo da graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak ezarritako prozedurari jarraikiz. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren webgunean argitaratuko da, eta ikastegi arduradunek zehaztutako idazkaritzetan.

Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzean bi zerrenda onartuko ditu: bata izango da baldintzapeko matrikula onartzen duten edo onar dezaketen masterren zerrenda (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, 18. art.); beste zerrenda izango da baldintzapeko matrikularik onartzen ez duten masterrena.

28 urtetik beherako ikasle guztiei eskola asegurua kobratuko zaie zuzenean. 28 urtetik gorako ikasleek, berriz, aseguru bat egin beharko dute nahitaez. Unibertsitateak borondatezko aseguru bat dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo beharko dute kasuan kasuko aseguru etxera.

7. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.

Bi epe egongo dira matrikula egiteko.

Matrikula egiteko lehenengo epea eskolak hasi aurretik irekiko da. Masterretan izena emateko eta matrikula egiteko egutegia Graduondoko Batzordeak onartuko du ikasturte bakoitzerako, graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzaren proposamenez.

Lehenengo lauhilekoko azken eskola asteetan, masterra atxikita dagoen ikastegiak matrikula egiteko bigarren epe bat irekiko du, urtarrilaren 31ra arte, masterrean matrikulatuta ez dauden pertsonentzat. Bigarren epe horretan irakasten hasita ez dauden irakasgaien matrikula baino ezingo da egin. Eskaria, arrazoitua izan beharko dena, bidaliko zaio masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari, eta masterreko batzorde akademikoak baimena eman beharko du.

Aipatutako epeak ez dira aplikatuko MALaren matrikularako, zeina egingo den ikastegiak ezarritako duen matrikula epearen barruan edo kasuan kasuko ikasturtean zehar, master amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegian ezarritakoaren arabera. Ikasturte batean MALa baino egin behar ez dutenek eskolak hasi baino lehenago egingo dute matrikula, edota aurreko paragrafoan aipatzen den matrikula egiteko bigarren epean.

Ikasleek matrikula aldatzea eskatu ahal izango dute. Horretarako, idatzi bat bidali beharko diote masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari, eta masterreko batzorde akademikoak baimena eman beharko du. Aldaketak ikasturte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko dira eta aldatu nahi diren irakasgaietako eskolak ezin izango dira hasita egon. Matrikula aldatzen denean ez dira itzuliko ordaindutako tasak eta prezio publikoak, 11. artikuluan aipatutako kasuetan izan ezik.

8. artikulua.– Matrikularen zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako. Matrikula ez da gauzatuko harik eta ordainketa egin arte, hurrengo puntuetan prezio murriztuei, salbuespenei edo epeka ordaintzeari buruz esaten dena galarazi barik.

2.– Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo prezioak ordaintzetik salbuetsita egoteko, matrikula epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.

3.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.

4.– Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

5.– Beka eskatuta izateagatik matrikula ordaindu ez dutenek men egin beharko diote Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako hezkuntza zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak zehazten dituen Eusko Jaurlaritzaren aginduari.

6.– Eskola asegurua, ikasle txartela eta gainerako administrazio tasak epe bakarrean ordainduko dira (matrikula egitean).

7.– Kredituak aitortzeko, kontuan hartuko da arautegi honetako II. kapitulua. Dena dela, kreditu horiei dagozkien prezioak ordaindu egin beharko dira, unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ikasturte bakoitzerako ezarrikoari jarraituz.

8.– Matrikula ordaindu ez duten ikasleak unibertsitatearen zordun izango dira. Halaxe jasoko da erabaki batean, eta horren berri emango zaie interesdunei jakinarazpen baten bidez. UPV/EHUrekin zorrak dituztenek ezingo dituzte erabili unibertsitatearen zerbitzuak, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ezta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezingo dute egin beste matrikularik. UPV/EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok.

9.– Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egitean bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaria egina eduki beharko du. Matrikulatzean beka eskariaren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Bestela, ordaindu egin beharko ditu matrikulako irakasgaien prezioak, nahiz eta horrek ez dion eragotziko beka eskatzea.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.

9. artikulua.– Matrikula motak eta prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea.

Matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa ikasle bakoitzaren baldintzen araberakoa izango da, unibertsitateen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak prezio publikoak ezartzeko ikasturte bakoitzean ematen duen aginduari jarraituz.

Graduko azken urtean ohorezko matrikularen bat atera duten UPV/EHUko ikasleek, hurrengo urtean UPV/EHUko master ofizial batean matrikulatzen badira, deskontua izango dute matrikulan: hain zuzen ere, ohorezko matrikula atera duten kreditu kopurua ez zaie kobratuko. Prezioaren murrizpen bera aplikatuko zaie maila bat baino gehiago dauzkan unibertsitate master bat egiten duten ikasleei.

10. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Aurkeztutako matrikulak ordaintzen diren unean hartuko dira onartutzat. Hala ere, ikasturtea amaitu aurretik egiaztatzen bada ikasleak matrikula egin duela sarbiderako eta onarpenerako baldintzak bete barik, matrikula indargabetu egingo zaio, graduondoko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordearen erabaki baten bidez, masterra atxikita dagoen ikastegiak hala proposaturik. Ikasleari itzuli egingo zaio matrikulako dirua.

2.– Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoa), nahiz eta ikasleek eskatu matrikula baliogabetzea legeak agindutako epean eta moduan, ez zaizkie inolaz ere itzuliko ordaindutako prezio publikoak, 11. artikuluan aipatzen diren kasuetan izan ezik.

3.– Unibertsitateak matrikula onartzen ez badu, erabaki arrazoitua eman beharko du, eta kasu horretan itzuli egingo zaio interesdunari ordaindutakoa. Ikastegiak matrikula ez onartzeko emandako erabakiaren kontra, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek UPV/EHUko errektoreari edo haren eskumenak eskuordetuta dituen agintariari.

Matrikula baliogabetzeko arrazoiak honako hauek dira:

Matrikula egiteko eskatzen den baldintzaren bat ez betetzea: eskakizuna egingo zaio interesdunari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo gainerako tramiteak bideratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraituz (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 68. art.).

Beste alde batetik, matrikula baliogabetu egingo da interesdunak horrela eskatuz gero abenduaren 31 baino lehen, baina ordaindutako dirua arautegi honetako 11. artikuluan aipatutako kasuetan baino ez zaio itzuliko. Matrikula baliogabetzeko eskaria, abenduaren 31ra arte, masterra atxikita dagoen ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da, ikastegi horretako dekano edo zuzendariari zuzendua. Emandako erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo haren eskumenak eskuordetuta dituen agintariari Bakarrik baliogabetuko dira ebaluatu gabeko irakasgaiak, eragotzi gabe 11.6 artikuluan xedatutakoa.

Abenduaren 31tik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, unibertsitateak beren-beregi baimenik ematen ez baldin badu, ikasleak eskaria egin eta gero, eta 11.6 artikuluak dioenarekin bat etorrita. Eskaria bidali beharko zaio graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari, eta izan beharko du kasuan kasuko masterreko batzorde akademikoaren baimena, bai eta masterraren ardura daukan ikastegiko dekano edo zuzendariaren baimena ere. Matrikula baliogabetzeko eskaria aurkeztu beharko da eskaria aurkeztea eragin duen egoera sortu eta hurrengo bi hilabeteetan, gehienez, eta betiere baliogabetu nahi den matrikularen ikasturtearen barruan.

Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena ikasketa horiek egin nahi izanez gero.

11. artikulua.– Tasa eta prezio publikoak itzultzea.

Salbuespen hauetan itzuliko dira ordaindutako prezio publikoak:

1.– Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren betetzen duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.

2.– Ikasleak ordaindutako zenbatekoa indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkula oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.

3.– Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo dirulaguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egin badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Ikasleari onesten zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.

5.– Ikasleak eskatzen duenean matrikula baliogabetzeko eta dirua itzultzeko ikasturtea ofizialki hasi aurretik; kasu horretan itzuliko zaizkio matrikulatutako, aitortutako edo baliozkotutako kredituen zenbatekoak. Inola ere ez da itzuliko plaza erreserbatzeko ordaindutako zenbatekoa. Eskaria aurkeztu beharko da masterra atxikita dagoen ikastegiko idazkaritzan.

6.– Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, 10.3 artikuluan adierazitako moduan eta epean, graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari zuzendua, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera. Salbuespenezko egoera bat sortu zaion ikasleari ebaluatutako irakasgaiak ere baliogabetu egin ahal izango zaizkio, horien kalifikazioa Aurkezteke denean.

12. artikulua.– Eskola asegurua.

1.– UPV/EHUko graduondoko ikasketa ofizialetan matrikulatzen diren ikasle guztiek ordaindu beharko dute eskola asegurua. Eskola aseguruak 28 urtera arte babesten ditu ikasleak.

2.– Eskola aseguruak atzerriko ikasleak ere babesten ditu, baldin eta kasuan kasuko herrialdearekin elkarrekikotasunezko hitzarmena eginda badago, elkarrekikotasun hori isilbidezkoa nahiz adierazia izan.

13. artikulua.– Istripuetarako eta osasun asistentziarako asegurua.

UPV/EHUk EHU Ikasle Asegurua kontratatua dauka istripuetarako eta osasun asistentziarako. UPV/EHUko masterretan matrikulatutako ikasleak babesten ditu estatu osoan.

II. KAPITULUA
KREDITUEN AITORPENA ETA TRANSFERENTZIA

14. artikulua.– Definizioa.

Kredituak aitortzea da unibertsitateak ontzat hartzea unibertsitate berean edo beste batean egindako ikasketa ofizialen bidez lortutako kredituak, kontuan har daitezen beste ikasketa batzuetako titulu ofiziala lortze aldera. Era berean, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, diplomatura, ingeniaritza tekniko eta arkitektura teknikoetan lortutako kredituak ere aitortu ahal izango dira.

15. artikulua.– Eragina.

Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatzen diren kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

16. artikulua.– Irizpide orokorrak.

Aitortuko den unitatea irakasgaia izango da. Aitorpenena egiterakoan kontuan hartuko da gainditutako kredituei dagozkien gaitasunak eta aitortzak. Horretarako, ezinbestekoa da ikasleak behar besteko informazioa aurkeztea aitortzea gura duen kredituen ikasketa planean zehaztutako gaitasunen inguruan. Halaber, kredituen aitorpen eskaerei buruzko txostenetan, masterretako batzorde akademikoek gaitasunen eta edukien antzekotasuna hartuko dute aintzat, eta ez irakasgaien edukien eta luze-laburren parekotasuna. Ezin izango dira irakasgai zatiak aitortu. Nahitaezko eta hautazko irakasgaien bidez edo kanpoko praktiken bidez lortutako kredituak aitortu ahal izango dira, betiere, izaera, helburu eta gaitasunak antzekoak badira.

Ez dira aitortuko master amaierako lanengatik lortutako kredituak, espezifikoki mugikortasun programa batean egiten direnak izan ezik.

Hitzarmen espezifikoen bitartez araututako unibertsitate arteko ikasketa bateratuei dagokienez (mugikortasuna edo titulazio bateratuak), hitzarmenetan ezarritakoa beteko da, betiere, UPV/EHUko araudiaren kontrakoa ez bada.

Irakasgaien aitorpenerako jarraibide propioak dauzkaten masterretan jarraibide horiek aplikatuko dira.

Irakasgaiak bere osotasunean aitortzeaz gain, egiaztatutako lan esperientzia eta esperientzia profesionala ere aitortu ahal izango dira titulu ofiziala lortzeko, betiere, esperientzia horrek zerikusia badauka lortu nahi den tituluari dagozkion gaitasun eta trebetasunekin.

Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko ikasketa ez-ofizialengatik (berezko ikasketengatik edo etengabeko prestakuntzagatik) gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 15 aitortu ahal izango dira guztira. Kreditu horiek ez dute zenbakizko kalifikaziorik izango, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko ikaslearen espedientea barematzean.

Salbuespenez, egindako unibertsitate ikasketa ez-ofizialengatik aitortu ahal izango da goiko paragrafoan adierazitako kredituen portzentajea baino handiagoa, eta baita ehuneko ehuna ere (hau da, kreditu guztiak), baldin eta titulu ez-ofizial hori irakasteari uzten bazaio, desagertzen bada eta haren ordez ezartzen bada titulu ofizial berria, zeinaren barruan aitortuak izango diren egindako kreditu akademikoak. Kasu horretan kalitatea bermatzeko barne sistemek ziurtatu beharko dute prozedura egokiro betetzen dela ikuspegi akademikotik.

17. artikulua.– Kredituak aitortzeko prozedura.

1.– Kredituak aitortzeko prozesua hasteko, ikaslea matrikulatuta egon behar da kasuan kasuko masterrean, hau da, kredituak aitortzea nahi duen horretan. Matrikulatu ondoren, ikasleak urrats hauek eman beharko ditu erakunde ofizialetan edo izen handikoetan egindako ikastaro edo lanen aitorpena lortzeko:

Tramitazioa:

Ikasleak masterreko batzorde akademikoari zuzenduko dio kredituak aitortzeko eskaria. Horretarako epea hilabetekoa izango da eskolak hasten direnetik, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Eskaera orria, behar bezala beteta.

– Ziurtagiri akademiko pertsonal konpultsaturik, edo kopia eta jatorrizkoa, erkatzeko.

– Egindako ikastaroaren edo irakasgaiaren programa, edo graduondoko jardueraren xehetasunak.

Kredituak aitortzeko eskariak ikusita, masterreko batzorde akademikoak aitorpen proposamena aurkeztuko dio masterraren ardura duen ikastegiko aitorpen batzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko dizkio batzordeari.

Ikastegiko aitorpen batzordeak eskariei buruzko erabakia hartu, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai masterreko batzorde akademikoa eta bai ikaslea. Erabaki horretan ageri beharko da zein kreditu aitortu den eta zein ez, halakorik balego. Aitortu ez diren kredituen kasuan, arrazoiak azaldu beharko dira.

Ikastegi bakoitzeko aitorpen batzordearen erabakien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Kredituak aitortzeko eskariari buruzko erabakian honako hauek jaso behar dira:

– Aitortuko diren kredituen kopurua, eta zein irakasgaitatik datozen.

– Ikasketa planeko zein irakasgai aitortuko zaizkion ikasleari.

– Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko berezko ikasketengatik edo etengabeko prestakuntzagatik aitortu den kreditu kopurua.

– Zenbat kreditu ez diren aitortuko, eta zergatik.

Ikasleak aitorpen bidez gainditzen dituen kredituak aitortu gisa azalduko dira espedientean. Bertan zehaztuko da ikasketa planeko zein irakasgai jotzen diren egindakotzat, eta zein diren aitortutako kredituei dagozkien jatorrizko irakasgaiak, honako xehetasun hauekin: haien tipologia eta kreditu kopurua, ikasleak zein kalifikaziorekin gainditu zituen, eta zein erakundetan egin zituen ikasketok.

Aitortutako kredituen tasak:

1.– Ikasleek tasak ordainduko dizkiote unibertsitateari baliozkotutako kredituengatik. Unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko du tasa horien zenbatekoa ikasturte bakoitzerako.

18. artikulua.– Kredituen transferentzia.

Kredituak transferitzea da UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak ikasleen espedientean sartzea, baldin eta ikasleak titulu ofizialik lortu ez badu.

1.– Eragina.

Ikasleak egindako ikasketen agiri akademiko ofizialetan jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean ikasleak lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, baldin eta ikasleak haien bidez titulu ofizial bat lortu ez badu.

2.– Helburua.

Unibertsitateko titulazio bateko ikasketak bukatu gabe izanik beste titulazio bat hasi nahi duten ikasleei transferituko zaizkie.

3.– Tramitea.

Ikasleak espedientearen lekualdaketaren bidez matrikula egiten duenean transferituko dira, ofizioz, eta espedientean jasoko dira unibertsitate berean edo beste batean ikasketa ofizialen bidez ikasleak lortu dituen kreditu guztiak, betiere, ikasketa horien bidez ikasleak ez badu titulu ofizialik lortu.

Transferituriko kredituak 16. artikuluan zehaztutakoari jarraituz jasoko dira ikaslearen espedientean.

III. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK

19. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazio sistema.

1.– Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko, zenbakiak erabiliko dira (0tik eta 10era artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

a) 0,0 eta 4,9 artean: suspentso (S).

b) 5,0 eta 6,9 artean: nahikoa (N).

c) 7,0 eta 8,9 artean: oso ongi (O).

d) 9,0 eta 10 artean: bikain (B).

Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, irakasgai bateko ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da, kontuan hartu gabe zenbat talde dauden.

Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak masterren justifikazio memorian azaltzen direnak izango dira, hau da, masterra egiaztatzeko onartu zirenak.

2.– Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak irakasle arduradun batek sinatu beharko ditu, nahitaez. Aktek ezin izango dute ez zirriborrorik ez zuzenketarik izan. Halakorik izanez gero, diligentziak egin beharko dira, lehen aipaturiko pertsonek beren beregi sinatuak.

3.– Kalifikazioak argitaratuko dira unibertsitateak horretarako jarriko duen aplikazioaren bidez eta master ofizial bakoitzak adierazitako tokian, eta agerian izan beharko dute zein egunetan argitaratu diren, arautegi honetako 20. artikuluan aipatutako epeak zenbatzeari begira.

20. artikulua.– Kalifikazioen berrikuspena eta erreklamazioa.

Behin behineko kalifikazioa argitaratzean, zehaztu egin beharko da kalifikazioa irakasgaiaren edo jarduera akademikoaren ardura duen irakaslearekin berrikusteko eguna, tokia eta ordua. Kalifikazioa berrikusteko epea gutxienez hiru egun naturalekoa eta gehienez seikoa izango da, kalifikazioa argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Ondoren, kalifikazioa irakasgaiaren aktan jasota dagoenean, ikasleak masterreko batzorde akademikoari aurkeztu ahal izango dio erreklamazioa, aktak argitaratu eta sei egun naturaleko epearen barruan. Masterreko batzorde akademikoak erreklamazioa aztertuko du eta irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen taldeko irakaslearen, edo hala badagokio, epaimahaiaren txostena jaso, egokitzat jotzen dituen ekintzak burutu eta erreklamazio egileari entzun ondoren, erreklamazioari buruzko erabaki arrazoitua emango du, gehienez ere zortzi egun naturaleko epean, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita. Kalifikazioa aldatu behar izanez gero, aldaketa masterreko batzorde akademikoak onartuko du adostasunez, edo, behar izanez gero, bozketa bidez edo batez besteko nota kalkulatuta. Kasu horretan, akta zuzendu egingo da ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

Masterreko batzorde akademikoak erabakiaren berri emango die ikasleari, irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari, irakasgaiaren ardura duen sailari eta ikastegiko idazkari akademikoari, jakinaren gainean egon daitezen.

Masterreko batzorde akademikoaren erabakiaren aurka ikasleak erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari, erabakia jaso eta lau egun naturaleko epearen barruan. Erreklamazioa hamar eguneko epean ebatziko da gehienera. Ikastegiaren erabakiaren kontra ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.

Azken erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.

IV. KAPITULUA
GRADUONDOKO TITULU OFIZIALAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA

21. artikulua.– Arau orokorra.

1.– UPV/EHUko master tituluak errektoreak emango ditu, eredu arautuari jarraikiz, eta unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan jasota geratuko dira.

Masterrak atxikita dauzkaten ikastegiek, matrikula egiteko unean, zainduko dute bete egiten dela 822/2021 EDn ezarritakoa; hau da, ezingo zaiela eman master titulurik graduko ikasketak amaitu gabe dituzten ikasleei.

22. artikulua.– Prozedura.

1.– Tituluak eskatu beharko dira masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Eskaria, eredu arautuan.

– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

– Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Tasen salbuespenerako eskubidea duten ikasleen kasuan arautegi honetako 8. artikulua hartuko da kontuan.

– Ikasleari unibertsitateko masterrerako sarbidea eman dion tituluaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, agiri hori ez bazen unibertsitateko masterrerako matrikula egitean aurkeztu. Titulua UPV/EHUn lortutakoa izanez gero, ez da zertan aurkeztu.

Masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzak titulu ofiziala eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria emango die ikasleei, eta ziurtagiri horrek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte.

Tituluak jasotzea.

1.– Titulua, behin inprimatuta, ikasleak berak jaso beharko du masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, interesdunak eskaria egin diezaioke idatziz masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzari bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzara, Arabako Campuseko Errektoreordetzara, edo bere etxetik gertuen dagoen probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.

2.– Tituluak jasotzeko prozedura bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan.

II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA

23. artikulua.– Ziurtagiriak eskatzea.

Egindako ikastaro eta mintegien ziurtagiriak masterraren ardura duen ikastegiko idazkaritzan eskatu beharko dira. Eskariarekin batera aurkeztu beharko da UPV/EHUko webgunean eta masterraren ardura duen ikastegiak zehaztutako idazkaritzetan adieraziko den dokumentazioa.

III. ATALA
PREZIO PUBLIKOAK

24. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko prezio publikoak.

Graduondoko titulu ofizialak eta ziurtagiriak ematearren ordaindu beharreko tasak unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztutakoak izango dira.

Tasak eskaria aurkeztean ordaindu beharko dira UPV/EHUk adierazitako kontuetako batean.

V. KAPITULUA
GESTIO EKONOMIKOA

25. artikulua.– Organikoa irekitzeko tramiteak.

1.– Master eta Doktoregoko Atalak, jakinda unibertsitateko masterra irakatsi egingo dela, Organikoa irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko masterraren gastuak gestionatzeko.

Organiko hori titulazioa atxikita dagoen ikastegiaren Organikoaren menpe egongo da.

2.– UPV/EHUko ekonomia arautegietan zehaztuko da nortzuk izango diren organiko horien arduradunak.

I. ATALA
DIRU SARREREN GESTIOA

26. artikulua.– Diru sarreren aurrekontua gestionatzea.

Unibertsitateko master bakoitzaren organikoari aurrekontu esleipen bat egingo zaio, parametro jakin batzuen arabera, masterraren gastuei aurre egiteko. Ekitaldi ekonomikoan zehar kanpoko deialdietatik etor daitezkeen dirulaguntzak masterreko diru sarreren aurrekontuan sartuko dira.

27. artikulua.– Dirulaguntzen gestioa.

Masterraren irakasle arduradunak hitzarmena egiten badu erakunde publiko edo pribaturen batekin hark dirulaguntza emateko, diru hori UPV/EHUren aurrekontuen kontuan sartzeko eskatuko dio erakundeari. Ondoren, jakinaren gainean jarriko du masterraren ardura duen ikastegia, eta dirulaguntza esleitu izana egiaztatzen duen dokumentazio ofiziala aurkeztuko dio. Masterraren ardura duen ikastegiak, dokumentuak aztertu ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bidaliko ditu, dirulaguntza kontabiliza dezaten eta aurrekontu esleipena egin dezaten.

II. ATALA
GASTUEN GESTIOA

28. artikulua.– Gastuen aurrekontua gestionatzea.

Unibertsitateko masterraren organikoaren aurrekontua masterraren arduradunek gestionatuko dute.

Unibertsitateko masterren gastuak guztiz ordaindu beharko dira master bakoitzak bere aurrekontuan jasoko dituen esleipenekin. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorrei lotuko zaie, kontuan hartuta honako hauek:

a) Gastu arruntak kasuan kasuko kontzeptuari egotziko zaizkio, unibertsitatearen kontuen planaren arabera.

b) Ordainduko diren gehieneko kopuruak honako hauek izango dira:

1.– UPV/EHUtik kanpoko pertsonei masterrean eskolak emateagatik: gehienez 125 euro orduko.

2.– Bidaia, ostatu eta mantenu gastuen kudeaketari dagokionez, men egingo zaio aurrekontua kudeatzeko UPV/EHUn indarrean dagoen arautegiari.

3.– Erositako material inbentariagarria gastuen kasuan kasuko kontzeptuan kontabilizatu eta unibertsitatearen ondarean sartuko da. Horrexegatik, inbentario ofizialean agertu beharko da, arlo horretako arautegiari jarraikiz.

VI. KAPITULUA
INDARRALDIA ETA ESKUMENAK ESKUORDETZEA
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi hau UPV/EHUk bakarrik antolatutako master guztiei aplikatuko zaie. UPV/EHUk beste unibertsitate batzuekin batera antolatzen dituen programa ofizialen kasuan ere aplikatuko da arautegi hau baina, horrez gain, erakundeen arteko lankidetza hitzarmena hartuko da kontuan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitateko masterrei aplikagarria zaien arautegian berariaz aurreikusita ez dauden gai akademikoen kasuan graduko ikasketei buruzko arautegi akademikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, masterreko ikasketen berezitasunek eskatzen duten egokitzapenarekin eta graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak zehaztuko duen moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Arautegi hau 2023-2024 ikasturtean sartuko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan, eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordearen proposamenari jarraituz.

Graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari ematen zaio arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau hurrengo ikasturteetan egokitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala