Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2023ko martxoaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1313

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Donostiako (Gipuzkoa) ZU.08 Eskuzaitzeta Plan Partzialaren laugarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2022ko azaroaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Donostiako (Gipuzkoa) ZU.08 Eskuzaitzeta Plan Partzialaren laugarren aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko abenduaren 23an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumen-babes maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) ZU.08 Eskuzaitzeta Plan Partzialaren laugarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

«ZU.08 Eskuzaitzeta» HEren Plan Partziala 2010eko abenduaren 27an onartu zen behin betiko. Plan horri ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura aplikatu zitzaion, eta 2010eko abenduaren 15ean eman zen ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena. Ondoren, planak hiru aldaketa izan ditu: Lehenengo Aldaketa, 2015eko martxoaren 22an onartua, A, E, H eta X lurzatiei buruzkoa; Bigarren Aldaketa, 2017ko uztailaren 20an onartua, Y lurzatiari buruzkoa; eta Hirugarren Aldaketa, 2020ko ekainaren 25ean onartua, aurreko biak integratu, eta Plan Partzialaren testu bategina eratzen duena.

«ZU.08 Eskuzaitzeta» hirigintza-eremua Zubieta auzoan dago, lurzoru urbanizagarri sektorizatu batean, eta, bertan, gune hauek daude: «B-10/ZU.08-Erabilera Industriala», jarduera ekonomikoen industrialdea bat dagoen eremua; «G.00/ZU.08-Ekipamendu Komuniatarioa», Gipuzkoako Espetxe berria ezartzeko eremua; «H.00/ZU.08-Interesak Egituratzea (SO)» gunea, hiri-hondakinak tratatzeko Arzabaletan aurreikusitako planta berriari atxikia; eta «E.10/ZU.08 Bide Sistema Orokorra» gunea, aurreko ezarpenetarako irisgarritasuna ahalbidetzeko aurreikusitako bide-elementu berria.

ZU.08 HE Eskuzaitzeta Plan Partzialaren 4. Aldaketa, E1 lurzatiari dagokiona, proposatzen da batez ere haren hirigintza-fitxa aldatzeko, helburu honekin: azpilurzatien gutxieneko azalera eta azpilurzatien aurrealdearen gutxieneko azalera 2. bidera murriztea, eta barneko bidea, indarrean dagoen plangintzan jada aurreikusita dagoena, bide-aurrealdetzat hartzea partzelazioaren ondorioetarako.

Beraz, aldaketa horrek ez ditu aldatuko ez Eskuzaitzeta industrialde osoan aurreikusitako antolamendu orokorra, ez urbanizazioa, ez erabilerak, ez indarrean dagoen Plan Partzialean ezarritako eraikigarritasun- eta okupazio-parametroak. Mantentzen da E1 lurzatirako gehieneko okupazio-azalera, 31.250 m2-koa, eta gehieneko sabai-azalera eraikigarria, 39.500 m2-koa sestra gainean, eta 22.500 m2-koa sestra azpian. Soilik aldatzen dira E1 partzelaren hirigintza-fitxa eta lurzatien ezaugarrien koadro orokorra.

E1 lurzatia plataforma horizontal xamar eta irregular batean dago; 48.326,68 m2-ko azalera du, eta industrialdearen erdialdearen ipar-mendebaldean + 83tik +85era bitarteko sestren artean kokatuta dago, zerbitzuko beheko barne-bidearen gainean (2. bidea). Gaur egun, E-1A eta E-1B lurzatiak identifikatzen dira, eta 10.000 m2 eta 38,326,68 m2-ko azalera dute, hurrenez hurren. Gipuzkoako Foru Aldundia da E1 lurzatiaren titularra, eta lurzatia azpizatitu nahi du, mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren sektoreko hainbat enpresa kokatu ahal izateko.

Aldaketa honekin, E1 lurzatiaren multzoa azpizatitu daiteke, honako baldintza hauetan: azpilurzatiek 1.200 m2-ko azalera izango dute gutxienez (3. aldaketaren aurretik 10.000 m2 eskatzen ziren gutxienez), ibilgailuek sarbide bakarra edukiko dute (2. bidetik edo barneko kaleetatik), 7,5 m-ko gehieneko zabalerarekin (sarbide-kopurua edo bideen zabalera handitu ahal izango da behar bezala justifikatutako kasuetan). 2. biderako zuzeneko sarbidea duten lurzati guztiek 25 metroko aurrealdea izango dute fatxadan, gutxienez.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: ez da aurkitu aintzat hartzeko moduko bateraezintasunik beste plan edo programa batzuekin.

c) Plana egokia den ala ez ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikinak bateragarriak dira baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin. Planak ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, urbanizazio-prozesuan dagoen eremu batean eragiten baitu.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta afektazioa jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Gaur egun, eremua urbanizatzen ari dira, eta dagoeneko egin dira Eskuzaitzeta industrialdearen topografiaren konfiguraziorako eta urbanizazioaren zati baterako behar diren betelanak. Betelanen azpian, Latxaga eta Zorrotzarrita errekak eta haien ibaiadarrak hondoko drainatzeekin ordeztu dira. Betelanen gainean, lan hidrologikoak egiten ari dira gaur egun: jariatze-ibilguen, kanalen, hodien eta zorrotenen sare bat.

Oro har, eremuaren gainazalean edo ez dago landaredirik, edo landaredi erruderala dago. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik. Ingurumen-dokumentuan jasotzen denez, espezie exotiko inbaditzaileak daude, hala nola Cortaderia selloana eta Buddleja davidii. Eremuan dagoen fauna hiri-eremuetakoa da.

Eremua ez dator bat naturagune babestuekin, ezta EAEko Korridore Sareko elementuekin ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere.

Ez dago interes kulturaleko elementurik, ez arkeologikorik, ez arkitektonikorik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna ez da handia, eremua ez dator bat uholde-arriskuko eremuekin, ezta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiekin ere.

Bestalde, «ZU.08 Eskuzaitzeta» Plan Partzialaren 3. aldaketaren harira egindako zarata-neurketaren arabera, eremuan betetzen dira garatu beharreko erabileretarako behar diren kalitate akustikoko helburuak, bai jarduketa-aurreko egoeran, bai etorkizunean, eta aztertutako aldi guztietarako.

Iparraldean, kirol-ekipamenduen instalazioak daude, eta ekialdean, Merka Bugati, garraio-sektoreko hainbat enpresa, gasolindegi bat eta kamioien aparkaleku bat. Eremuaren eta Merka Bugatiren instalazioen artean, Lopetegi baserria dago; 300 metro baino gehiagora, Oria eta Zubieta auzoak, eta urrunago, Lasarte eta Usurbil. Bide-azpiegiturei dagokienez, N-I errepidea eremuaren ekialdetik doa.

Laburbilduz, eremuak ez du balio natural, kultural edo arkeologiko aipagarririk.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Emandako informazioaren arabera, Planak eragindako aldaketa nagusiak honako hauek dira: azpilurzatien gutxieneko azalera eta azpilurzatien gutxieneko aurrealdea 2. bidera murriztea, eta barneko bidea, indarrean dagoen plangintzan jada aurreikusita dagoena, bide-aurrealdetzat hartzea partzelazioaren ondorioetarako. Beraz Planak ez du aldatuko ez ZU.08 Eskuzaitzeta eremu osoan aurreikusitako antolamendu orokorra, ez urbanizazioa, ez erabilerak, ez indarrean dagoen Plan Partzialean ezarritako eraikigarritasun- eta okupazio-parametroak.

Oro har, Planaren ondoriozko jarduketek, bai obra-fasean, bai ustiapen-fasean, eta indarrean dagoen plangintzari dagokionez, ez lukete eragin nabarmenik sortuko ingurumen-aldagaietan eta arriskuetan.

Nolanahi ere, eta kontuan hartuta Plana azalera txikiko eta aldatutako eremu oso lokalizatuetara mugatzen dela, afekzioak txikiak izango dira, baldin eta betetzen bada indarrean dagoen legeria, bereziki lurzoruei, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako ZU.08 Eskuzaitzeta Plan Partzialaren laugarren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira planean.

Plana onartzearen ondoriozko proiektuak garatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, 2010eko abenduaren 15eko Ebazpenean ezarritakoarekin bat etorriz. Ebazpen horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak ZU.08 Eskuzaitzeta hirigintza-eremuko Plan Partzialaren ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena egin zuen, eta txosten horretan proposatutakoa bete beharko da, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, bat etorriz ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotakoarekin.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

Tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko neurriak, gauzatzean jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez; Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egina (https://www.ihobe.eus/publicaciones). Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Loreztatze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira –112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena–.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko araudiaren arabera kudeatuko, zehazki otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek arautzen du hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/publicaciones) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak: lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia: berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura: edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak: gutxiago sortzea.

– Atmosfera: gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barruko kalitatea: airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako ZU.08 Eskuzaitzeta Plan Partzialaren laugarren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Donostiako ZU.08 Eskuzaitzeta Plan Partzialaren laugarren aldaketa onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 27a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala