Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2023ko martxoaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1291

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bermeoko (Bizkaia) 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Bermeoko Udalak, 2022ko irailaren 29an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion hasiera emateko Bermeoko (Bizkaia) 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko urriaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bermeoko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Bermeoko 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32.era bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Planaren dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, honako ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txostenean, Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen baloratzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, alderantzizko kasuan, baldintzak ezarri behar dituen, Plana garatzean ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Bermeoko 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana), jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziak Bermeoko 6.1.2 jarduera-eremuari eragiten dio, zeina hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta baitago. Eremuaren azalera osoa 1.856 m2 da. Orube pribatua da, Kosta Bermeo SL enpresarena. Bertan zen Ormaza kontserba-enpresaren pabiloia, eta duela gutxi eraitsi da eremuan zen eraikina, lurrazaleko aparkaleku gisa erabiltzeko behin-behienean.

Planaren xedea da Bermeoko 6.1.2 eremuaren antolamendu xehatua zehaztea, Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) ezarritako egiturazko antolamenduaren zehaztapenekin bat (2011ko urriaren 20an onartutako testu bategina).

Proposamenaren arabera, «C» formako eraikin bat egin nahi da, Erreñe Zubi kalearen bihurgunearen araberakoa. Mendebaldean, 6.1.1 jarduera-eremuko eraikina izango luke mugakide, eta horren mehelina, eta plaza berrian gailenduko litzateke. Azkenik, hegoaldean, 6.1.1 jarduera-eremuaren eta Askatasun hiribideko eraikinaren arteko eraikin berriak, «C» horrekin, egungo plazatik mendebaldera dagoen espazio bat inguratuko luke, handitzeko. Hala, Ormaza kontserba-enpresaren eraikin katalogatuaren eremuaren hegoaldeko espazio mugakide beharrezkoa errespetatuko litzateke. Ondore horietarako, 3. eta 4. atarien hegoaldeko lerroa atzeraemango da, 8 bat metro 1. eta 7. solairuen artean, eta 5,5 bat metro beheko solairuetan eta sestrapean, Ormaza eraikin katalogatuaren iparraldeko lerroarekiko.

Horrela, goiko solairuetan bete ahal izango da indarrean den HAPOan aurreikusitako bizitegi-eraikigarritasuna. Horrenbestez, lau atari egongo dira, bik Erreñe Zubi kalera emango dute (1. eta 2. atariak), batek ekialdeko albora (3. ataria) eta beste batek Askatasun hiribideko eraikinarekin mugakidea den aldera (4. ataria).

Eraikinak, sestra gainean, indarrean den HAPOan baimendutako gehieneko bizitegi-eraikigarritasuna betetzen du (4.164 m2(t)), eta beheko solairuan 228 m2(t) ditu erabilera osagarrietarako. Bestalde, Plan Bereziak ekipamendu komunitarioaren eraikigarritasuna (BS eta 1. S) handitzea proposatzen du, zehazki, indarrean den HAPOko 189 m2(t)-tik 700 m2(t)-ra; alegia, eraikigarritasun fisikoa 511 m2(t)-tan handitzea, hirigintzako eraikigarritasuna aldatu gabe. Ekipamendu komunitariora bideratuko lirateke 700 m2(t) horiek beheko solairuan, lehen solairuan eta bigarren solairuan, Kontserbaren Museoa handitzeko edo Bermeoko Udalak Ormaza kontserba-enpresaren fabrika ohiaren eraikin katalogatuan egitekoa denaren osagarri eta hedatze gisa ezartzen duen beste zeinahi zuzkidura-erabilerarako.

Sestrapeko eraikinak bi soto-solairu izango ditu gehienez ere, eta, guztira, 1.590 m2-ko eraikigarritasuna. Aparkalekura bideratuko da.

Sortuko den espazio publikoarekin, 6.1.3 jarduera-eremuaren barnean dagoen egungo plaza handiagoa izango da, eta guztiz osotuko du. Halaber, proposamenak konponbidea ematen dio Erreñe Zubi kalearen eta Askatasun hiribidearen arteko oinezkoen zirkulazioari, ataripeko pasabideen bidez eta egungo 6.1.3 jarduera-eremuko plazarekin eratzen den espazio publiko berriaren bidez.

Alternatibei dagokienez, 1. alternatiba aztertu da, indarrean den antolamenduarena, 2. alternatiba, eraikin lineal bat egitearena Erreñe Zubi kaleko mehelinen artean eta beste eraikin bat Askatasun hiribideko mehelinarekiko paraleloa, bi eraikinen arteko espazioa ikusizko oztopoz libratuz –baztertu egin da alternatiba hori, ez duelako erabat osotzen sortuko den espazio publikoa eta Erreñe Zubi kaleko eraikinaren hegoaldeko lerroaren eta Askatasun hiribideko eraikinaren arteko distantzia itotzen duelako– eta 3. alternatiba, Planaren amaierako proposamenarena.

Plana eraikuntza-proiektu baten eta urbanizatzeko obra osagarrien proiektu baten bidez garatuko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agirien arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Plan Bereziak Bermeoko 6.1.2. eremuko antolamendu xehatua zehazten du, Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko egiturazko antolamenduaren zehaztapenei jarraikiz, eta ez dakar aldaketarik lurzoruaren sailkapenean, ezta kalifikazioan ere. Antolamendu xehatuak bolumetriako doikuntzak barne hartzen ditu, hala nola bat-etortze orokorra, eraikigarritasun fisikoa, plazaren zehaztapena, 6.1.2 jarduera-eremurako oinezko komunikazioa eta eraikin mugakideekiko harremana (Ormaza kontserba-enpresaren eraikin katalogatua eta Erreñe Zubi kaleko 15. zenbakiko eraikina). Horietako ezeinek ez du ingurumen-eragin esanguratsurik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta afektazioa jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Bereziaren aplikazio-eremua 1.856 m2-ko orube bat da. Bermeoko hirigunearen hego-mendebaldean dago, eremu lau eta, iparra/hegoa orientazioaren arabera, bertikalki nabarmen laukizuzen batean. Eremu horretan, eraitsi den eraikinaren ordez lurrazaleko aparkaleku bat jarri da behin-behinean. Orubea eraikinez inguratuta dago erabat. Lurzatia hiri-lurzoru finkatu gisa dago sailkatuta, eta zerbitzu guztiak espaloian bertan daude, Erreñe Zubi kalean.

Planeko eremuan ez dago leku babesturik batere, ez hezegunerik, ez natura- edo geologia-intereseko lekurik, ez EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik. Hori bai, eremua, udalerria bera legez, Urdaibai Biosfera Erreserbaren barnean dago (ES213001). Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Hirigintza-eremuaren barnean ez da hauteman ezein inbentariotan jasotako kultura- eta historia-ondareko elementurik; aitzitik, hegoaldean, eremuak muga egiten du Ormaza kontserba-enpresaren eraikinarekin –279/2020 Dekretua, abenduaren 15ekoa, zeinaren bidez Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika babes bereziko kultura-ondasun izendatzen baita, Monumentuaren kategoriarekin (2020ko abenduaren 22ko EHAA, 255. zk.)–.

Eremuan ez dago ur-ibilgurik. Artika erreka da ibai-ibilgu hurbilena; Askatasun hiribidetik doa, lurpean.

Hidrogeologiari dagokionez, eremua iparraldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Halaber, hidrogeologia-intereseko leku batean dago.

Eremua Bermeoko ikuspen-arroan dago, paisaia-balio txikia du, eta bertako paisaia oso arrunta da. Paisaia ez dago katalogatuta.

Egoera akustikoari gagozkiola, aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, eremuari eragiten dion zarata-iturri nagusia da inguruko kaleetako trafikoa, gehienbat Erreñe Zubi kalekoa. Azterlan horren arabera, egungo egoeran, biziguneetarako kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen dira, Erreñe Zubi kaletik hurbil dagoen zerrenda txiki batean izan ezik; bertan, gauez, kale horri begira dauden fatxadetan, 1 dB(A)-tan gainditzen dira aipatu helburuak.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aurkeztu den informazioari jarraikiz, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du eremuak. Hala ere, Plan Bereziari erantsitako azterlan hidraulikoaren arabera, eremua 500 urteko errepikatze-denborako uholdegunetik kanpo dago. Aipatu azterlanaren ondorioek honako hau diote:

– 500 urteko errepikatze-denborako uraldien kasuan, aztertu diren ubideak ez dira nahikoak, eta gainezkatzeak eragingo dituzte hirigunean, non handitu egingo baita 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua.

– Aztergai den lurzatiari ez dio inola ere eragiten uholde-arriskuari buruzko baldintzatzaile hidraulikoetako ezeinek 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboratan; halaber, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua betetzen du, batez beste 5 metroko zerrenda bat libre uzten baita ibilguaren alde banatan.

Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Higadura-arriskurik ere ez da antzeman. Ia eremu osoan oso txikia da akuiferoak kutsatzeko arriskua, ekialdeko zerrenda txiki batean izan ezik, arrisku ertainekoa da eta.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, Plana garatzearen ondoriozko efektu nagusiak urbanizazio-obrak egin eta bizitegi-eraikin berriak eraikitzearekin lotuta daude. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean.

Fase horretan, gainera, kultura-ondarea kaltetzeko arriskua dago, Ormaza eraikina bertatik bertara dagoenez (babes bereziko kultura-ondasun izendatua, Monumentuaren kategoriarekin). Beraz, Plan Bereziaren arabera «Ormaza eraikin katalogatuarekiko balizko lotunea» deritzon eremuan egingo diren jarduketek Ormaza kontserba-enpresaren babes bereziko izaera errespetatu beharko dute (279/2020 Dekretua, abenduaren 15ekoa, zeinaren bidez Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika babes bereziko kultura-ondasun izendatzen baita, Monumentuaren kategoriarekin).

Bestalde, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, eremu horretarako definitutako KAHetan ez-betetzeak gertatuko dira gauez. Azterlanak ondorioztatzen duenagatik, ezinezkoa da kanpoaldeko KAHak betetzea, are neurri teknikoki eta ekonomikoki proportziozkoak aplikatuta ere; eremua babes akustiko bereziko eremu izendatu beharko da, eraikitzeko lizentzia eman baino lehen.

Uholde-arriskuari dagokionez, aurkeztu den azterlan hidraulikoaren arabera, aztergai den lurzatiari ez dio inola ere eragiten uholde-arriskuari buruzko baldintzatzaile hidraulikoetako ezeinek 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboratan; halaber, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua betetzen du, batez beste 5 metroko zerrenda bat libre uzten baita ibilguaren alde banatan. Nolanahi ere, garapenak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura- eta kultura-ondareari, paisaiari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, ondareari, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Bermeoko 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikulua eta Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika Monumentuaren kategoriako babes bereziko kultura-ondasun izendatzen duen abenduaren 15eko 279/2020 Dekretuaren 6. eta 9. artikuluak aplikatuta, Ormaza eraikinean (kultura-ondasuna) egiten den esku-hartze orok Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Sailaren baimena izan beharko du.

– Bestalde, aurreikusita dagoen garapenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2022ko azaroaren 4ko txosteneko zehaztapen lotesleak bete beharko ditu:

Eraikin babestuarekiko lotune bakarra egin ahal izango da, izan proiektuan jasotako ataripea, izan beste bat, monumentuari elementuak eranstea ekidinez betiere; izan ere, 279/2020 Dekretuko babes-araubidearen 10. artikuluak gisa horretako jarduketak debekatzen ditu.

Lotune horretan, material ez-opakuak lehenetsiko dira, monumentua errespetatu eta nabarmentzeko. Halaber, itzulgarritasun-irizpideen arabera egingo da.

Hiri Antolamenduko Plan Bereziak, edo, hala badagokio, xehetasun-azterketak, edo garapen-proiektuak, 279/2020 Dekretuko babes-araubidea dela eta (III. eranskina), jarduketa hauek zehaztu behar ditu:

– Ormaza kontserba-fabrikaren atzealdeko fatxada lehengoratzea eta tratatzea.

– Dokumentuaren arabera Ormaza eraikineko «egungo ataria» den horretan esku hartzea babes-araubideari jarraikiz.

– Eraikin bien tartean geratuko den 5,5 metroko zabalera izango duen espazio librea tratatzea.

– Ormazaz gorago egongo den bizitegi-eraikinaren fatxada zehazteko irizpideak.

– Lotunea egiteko irizpideak, apartatu honen lehen puntuan ezarritakoari jarraikiz.

– Jarduketa horien guztien xedea izan behar da Ormaza kontserba-enpresaren kultur balioak balioetsi eta errespetatzea, eraikin babestuaren jatorrizko zatiak nabarmendu eta azpimarratzeko, material neutroak erabiliz.

Zaratari buruzko neurriak:

– Kontuan hartuta ez direla kanpoaldeko KAHak beteko gauez, Udalari eskatu beharko zaio eremua babes akustiko bereziko eremu izenda dezala eraikitzeko lizentzia eman baino lehenago. Ustiapen-fasean, Planaren ondoriozko eraikinak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

– Obra-fasearen ostean, eta eraikina erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira Erreñe Zubi kalera ematen duen eraikinaren barnealdean, barnealdeko KAHak betetzen diren egiaztatzeko.

Uren kalitateari buruzko neurriak:

– Kontu handiz jardun beharko da proiektua gauzatzeko, orubearen hegoaldean lurpetik doan Artika ibaiaren uren kalitateari ez erasateko. Obretan erabiliko diren makinen erregai-hornidura, olio-aldaketa, etab., plataforma iragazgaiztu batean egin beharko dira, eta plataforma horrek hondakinak biltzeko sistema bat izango du, gehienbat olio erabilirako, jariatze urak ez kutsatzeko. Bestalde, hondakin-biltegia jariatze-eremuetatik bereiz kokatu beharko da, azaleko uren sarea ez kaltetzeko. Gainera, neurri babesleak hartu beharko dira, lur-mugimenduetan jalkinik, lurrik eta lohirik ez iristeko azaleko hidrologia-sarera.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira –112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena–.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Bermeoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Loreztatze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/publicaciones) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak gutxitzea.

Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Bermeoko 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bermeoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Bermeoko 6.1.2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 28a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala