Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2023ko martxoaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1145

AGINDUA, 2023ko otsailaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, 2022ko urriaren 25eko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan matrikulatutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko plazetarako deia egiten zaie.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko urriaren 25eko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan matrikulatutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko plazak emateko deialdia egin zen.

Deialdi hau abian jartzeko, aurreko urteetan bezala, eta kontuan hartuta Hezkuntza Sailak ez duela baliabide materialik eta pertsonalik programa hori antolatzeko eta gauzatzeko, zerbitzua ematen duten erakundeaz kanpoko agentziak kontratatzeari ekin zitzaion, lizitazio-prozedura ireki baten bidez. Enpresa kontratisten ardura da helmugako herrialdean egonaldia antolatzea, ikasleak familien etxeetan edo egoitzetan kokatzea, hizkuntza-ikastaroen matrikula eta antolaketa kudeatzea, ikasle onuradunen joan-etorriko bidaia kudeatzea eta antolatzea, bai eta zenbait ekintza osagarri ere, programa behar bezala garatzea eta ikasle onuradunek esperientzia pertsonal eta akademiko ona izatea bermatzeko. Enpresek eskaintzak aurkezteko epea amaituta, eta eskaintzak ez aurkezteagatik kontratua hutsik geratu denez, beste kontratazio-prozedura bat hasi da, eta, horretarako, Hezkuntza Sailaren aurrekontu-esleipena handitu da. Lizitazio-prozeduraren aurrekontu-esleipena 2022ko urriaren 25eko Aginduan jasotzen denez, aldatu egin behar da, kopuru berrietara egokitzeko.

Deialdi-aginduaren gainerako ataletan ez da aldaketarik izan. Era berean, orain arte egindako jarduera guztiak dira baliozkoak, eta programan parte hartu nahi duten pertsonek aurkeztutako eskabideek erabateko indarra izango dute.

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzko xedapenetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aginduaren azalpen-zatian Hezkuntza Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren (BPE) aipamena sartzea, testu honekin:

«Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (BPE) jasota dago, eta haren helburuak lortzen laguntzen du, bigarren hezkuntzako ikasleen hizkuntza-prestakuntza ahalbidetuz atzerriko egonaldien eta ikastaroen bidez».

Bigarrena.– 2022ko urriaren 25eko Aginduaren 3. artikulua aldatzea. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«3. artikulua.– Deialdi honetara bideratutako zenbatekoa, guztira.

Agindu honetan aipatzen diren plazak finantzatzeko Hezkuntza Sailaren ekarpena, 2023ko ekitaldian, 1.303.782,00 eurokoa izango da gehienez, ekitaldi horretarako Euskadiko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kargura».

Hirugarrena.– Bigarren Xedapen Gehigarria kentzea:

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, deialdi hau ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala