Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2023ko otsailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1057

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 17koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baitira Quebec eskualde estrategikoarekin 2023-2024rako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzak.

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuak, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen du (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).

Dekretu horren 6. artikuluari jarraituz, bidezkoa da laguntzetarako deialdia egitea kanpoko eskualde estrategiko batekin edo gehiagorekin lankidetza-proiektuak egiteko 2023-2024an. Laguntza horiek 2023rako Lehendakaritzaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude –plan hori Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2023ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez onartu zen–. Euskal Autonomia Erkidegoak elkar ulertzeko memorandum bat sinatu du Quebec eskualde estrategikoarekin, Dekretuak jaso bezala. Deialdi honen bidez, aipatutako memorandumean proiektuak eta ekintzak koordinatzeko eta gauzatzeko jasota dagoen mekanismoa zehazten da, bi komunitateen onerako.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

2023-2024rako, Quebec eskualde estrategikoko pertsona juridikoekin egiten diren aldebiko jarduera- eta lankidetza-proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Quebecek 2017ko urriaren 31n sinatutako elkar ulertzeko memorandumean jasotako gaiei dagokienez.

a) Kultura: jakintza eta esperientzia trukatzea kultura arloan; zehazki honetan: ondarea, artisten mugikortasuna, artisten, sortzaileen edo kultura-industrien arteko truke profesionalak, eta lanen, ondare-ondasunen eta kultura-produktuen hedapena.

b) Hizkuntza-politika: adituen eta ikertzaileen arteko trukea, bakoitzari dagokion hizkuntzaren garapen eta sustapenaren eremuan, baita arlo horretako informazioaren eta jardunbide onen trukeak ere.

c) Ekonomia: Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Quebecen arteko informazio-trukeak, negozioa egiteko eta inbertitzeko aukerei buruzkoak. Nork bere itsas ekonomiaren hazkunde jasangarrian izandako esperientziak trukatzea.

d) Ingurumena: informazioaren eta jardunbide onen trukea, klima-aldaketaren kontrako borrokari eta ingurumenaren babesari buruz.

e) Ikerketa, teknologia-garapena eta berrikuntza: informazioaren eta esperientzien trukeak, baita nazioarteko partzuergoetan elkarrekin jardutea sustatzea ere.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Kreditu osoa 50.000 eurokoa da EAEko Aurrekontu Orokorren kargura, Quebec eskualde estrategikoarekin 2023-2024rako lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzeko.

3. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.

1.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko laguntza jaso ahal izango du, baina nahi adina eskabi aurkez ditzake.

2.– Proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin da izan 5.000 eurotik gorakoa.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Hauek jaso dezakete dirulaguntza:

a) Diruz lagun daitezkeen proiektutarako, Quebec eskualde estrategikora joan behar duten EAEko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak:

– Nazioarteko garraio-gastuak: hegazkin-txartelen benetako kostua, gehienez ere 1.000 euro.

– Ostatu- eta mantenu-gastuak: 180 euro egunean, 7 egunetan gehienez.

b) Aldebiko proiektuak egikaritzeko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak, proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa bete arte (5.000 euro), deialdi honen 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/quebec-kooperazio-proiektu-laguntzak/web01-s1leheki/eu/

3.– Helbide honetan egingo dira eskabidearen ondorengo izapideak: https://www.euskadi.eus

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako hutsak zuzentzea.

1.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, laguntza kudeatzeko organak –kasu honetan, Kanpo Harremanen Zuzendaritzak– hamar eguneko epea emango dio eskatzaileari dokumentazioa osatzeko.

2.– Epe hori igarotakoan, jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, agiriak ez badira aurkeztu, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da; hala adierazteko, ebazpena emango du adminsitrazioak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera).

7. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluak aipatutako ebaluazio-batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu dirulaguntza-eskabideak, eta hauek osatuko dute batzorde hori:

– Batzordeburua: Mikel Anton Zarragoitia, Europako Gaietarako zuzendaria.

– Bokala: Loreto Guzmán Fonquernie, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren goi-mailako teknikaria.

– Idazkaria: Estibaliz Urcelay Erguido, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren goi-mailako teknikaria.

8. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira ebaluazio-irizpideak.

9. artikulua.– Proiektuak egikaritzeko epea.

2023an hasi beharko da proiektua egiten, eta laguntza eman zaiola jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan burutu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Arau hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duen martxoaren 26ko 47/2019 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Halaber, denek jakin dezaten, www.euskadi.eus helbidean ere argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 17a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.


Azterketa dokumentala