Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2023ko otsailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
773

AGINDUA, 2023ko otsailaren 6koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XL. edizioaren deialdia egiteko dena.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak emandako definizioaren arabera, eskola-kirola da eskola-umeek nahitaezko eskolatze-aldian irakas-orduetatik kanpo egiten duten kirol-jarduera antolatua.

Legearen II. tituluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumena da eskola-kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak finkatzea, bai eta kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea ere. Legearen 45. artikuluak dioenez, bestalde, autonomia mailako eskola-lehiaketak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina da.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da agindu baten bidez Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XL. edizioa arautu eta iragartzea.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XL. edizioan gutxienez hiru lurralde historikoetatik bitan, eskola-kirolaren programen barruan, lurralde-mailako lehiaketa izaten duten kirol-modalitate guztiak deituko dira. Lurralde bakoitzetik gutxieneko partaidetza 6 kirolari edo taldekoa izango da.

Kirol-modalitateren batean Eusko Jaurlaritzak aurrez baimenik eman badu 2022-2023ko ikasturtean zehar eskola-lizentzia duen autonomia mailako lehiaketaren bat egiteko, lehiaketa hori ez da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan sartuko.

2. artikulua.– 2023ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako kirolariek, teknikariek eta talde eta/edo selekzio ordezkariek parte hartuko dute.

3. artikulua.– 1.– Kirolariek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiru foru-aldundietako batek emandako eskola-lizentzia izatea.

b) Ordezkatzen duten ikastetxean edo klubean inskribatuta egotea. Selekzioak onartzen dituzten kirol-modalitateetan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak onartutako araudi teknikoan ezartzen diren irizpide espezifikoak erabiliko dira selekzio horiek osatzeko.

c) Kirolariek ikasturtean zehar foru-aldundien eskola-kiroleko programetan izandako baldintza beretan parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek erabakitako parte hartzeko irizpideak errespetatu beharko dituzte.

d) Kirol-joko hauetan parte hartzen duten kirolariek gutxienez 11 urte izan behar dituzte, eta gehienez 14 urte, Jokoak egiten diren urtean.

Oro har, parte hartzeko kategoria haur-kategoria izango da (2009an eta 2010ean jaiotako eskola-umeak).

2.– Salbuespenez, beste adin batzuetako kirolarien parte-hartzea ere onartuko da, betiere gorabehera hori dagokion modalitatearen araudi teknikoan jasotzen bada (kimu-kategoria, 2011. eta 2012. urteetan jaiotako kirolariak).

3.– Edozein eskola-ume kirolarik aukera izango du kirol-modalitate batean baino gehiagotan batera parte hartzeko. Aldi berean bi lehiaketatan parte hartzea suertatzen bazaio, bataren edo bestearen artean aukeratu beharko du.

4. artikulua.– 1.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XL. edizioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan jokatuko da, ia osorik, Legazpi, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako udal-instalazioetan, argitaratuko den programaren arabera.

2.– Neguko modalitate bakarra, krosa, 2023ko otsailaren 26an izango da. Judo modalitatea apirilaren 1ean izango da. Eskubaloi txapelketa maiatzaren 6 eta 7ko asteburuan izango da, eta saskibaloiko haur mailako errendimendu ibilbideko lehen hiru jardunaldiak maiatzaren 13an, 20an eta 21ean izango dira. Gainerako kirol-modalitateak 2023ko maiatzaren 27 eta 28ko eta ekainaren 3 eta 4ko asteburuetan izango dira.

Edonola ere, data horiek behin-behinekoak dira, behin betiko kirol-egitarauak onartu arte. Kirol-modalitate bakoitzaren behin betiko programa gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak foru-aldundiei eta inplikatutako euskal kirol-federazioei.

5. artikulua.– Foru-aldundiek Jokoak hasi baino 4 egun lehenago aurkeztu behar dituzte beren lurralde historikoetako izen-emateak Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan.

6. artikulua.– Lehiaketak hasi baino lehen, kirol-taldearen ordezkariek edo kirolariek 2022-2023ko ikasturteari dagokion eskolako kirol-lizentzia edo akreditazioa aurkeztu beharko dute.

Kirolariek beren burua identifikatzeko agiria aurkeztu beharko dute, eta foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzari bidalitako parte-hartzaileen zerrendan agertu.

7. artikulua.– Kirol-modalitate bakoitzaren garapena Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hiru foru-aldundiekin batera adostutako araudi teknikoan jasota egongo da, eta dagozkion ondorioetarako halaxe zabalduko da, parte-hartzaileek, behin inskribatuz gero, hari men egin beharko baitiote.

8. artikulua.– Alderdi teknikoari dagokionez, euskal kirol-federazioak izango dira kirol-modalitate bakoitzak egoki funtzionatzeko beharrezkoa den laguntza emango dutenak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ikuskatuta eta ontzat emanda.

Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzendu, koordinatu eta haiei jarraipena egiteko behar diren egiteko guztiak betetzea.

Halaber, lehiaketen aktak egingo dituzte. Akta horiek jardueraren bukaeran sinatu beharko dituzte lehiatu diren taldeetako teknikariek, ordezkariek eta kapitainek.

9. artikulua.– Lehiaketak jokatzen diren instalazioetan beti egongo dira, lehiaketak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren ordezkari bat eta instalazioan jokatutako kirol horren federazioko kide bat.

10. artikulua.– 1.– Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak izendatuko du Eskolarteko Kirol Jokoetarako epaile bakarra, eta beraren funtzioak hauek izango dira:

a) Parte-hartzaileen gaineko diziplina-ahalmena erabiltzea. Lehiaketan epaileek izandako jokamoldeari buruzko erreklamazioak ebatziko ditu.

b) Diziplinakoak ez diren erreklamazio guztiak ebatziko ditu.

2.– Behin kirol-jardunaldia bukatu eta gero, epaile bakarrak bidezko ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari men eginez eta pertsona interesdun guztiei entzuteko aukera bermatuz.

11. artikulua.– Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, paperean edo euskarri digitalean. Horretarako, inprimaki-eredu bat jarriko da pertsona interesdunen esku Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XL. edizioaren Idazkaritza Teknikoan, nahiz eta bestelako idazkirik ere onartuko den, baldin eta ebazteko ezinbestekoak diren elementuak baditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 6a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala