Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2023ko otsailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
566

9/2023 DEKRETUA, urtarrilaren 24koa, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzukoa.

Arrantza politika komunitarioaren helburu orokorra uretako baliabide bizien ustiapena bermatzea da, ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-baldintza iraunkorrak errazteko.

Arrantza-politika erkidearen arabera arrantza-baliabideak kontserbatzeari eta modu jasangarrian ustiatzeari buruzko Kontseiluaren 2002ko abenduaren 20ko 2371/2002 (EB) Erregelamenduak kontrol-sistema komunitario bat ezartzeko betebeharra aurreikusi zuen, arrantza-sektore osoari aplikatzeko modukoa, hartan aurreikusitako arrantza- eta akuikultura-araubide komunitarioa lortze aldera. Betebehar hori indarrean dagoen arrantza-politika erkideari buruzko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak mantendu du.

Aurreikuspen hori garatzeko, Arrantza-politika erkidearen arauak betetzen direla bermatzeko kontrol-araubide komunitarioa ezartzen duen Kontseiluaren 2009ko azaroaren 20ko 1224/2009 (EB) Erregelamenduak estatu kideei ezartzen die arrantza-politika erkidearen aplikazio-eremuan sartutako jarduerak kontrolatzeko betebeharra, baldin eta jarduera horiek pertsona fisikoek edo juridikoek egiten badituzte beren lurraldean eta beren subiranotasun edo jurisdikziopeko uretan. Bereziki, hauek kontrolatu behar dituzte: arrantza-jarduerak, ontzi-aldaketak, arrainak kaioletara edo akuikultura-instalazioetara, gizentzekoak barne, egindako transferentziak, lehorreratzea, inportazioak, garraioa, eraldaketa, merkaturatzea eta arrantzako eta akuikulturako produktuak biltegiratzea.

Bestalde, 2017ko apirilaren 7an, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 (EB) Erregelamendua argitaratu zen, elikagai eta pentsuei buruzko legeak eta animalien osasun eta ongizateari, landare-osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatzen direla bermatzeko egindako kontrol eta beste jarduera ofizial batzuei buruzkoa. Erregelamendu horrek estatu kideetako agintari eskudunek kontrol ofizialak eta beste jarduera ofizial batzuk egiteari buruzko arauak ezartzen ditu, elikagaien ekoizpenaren, eraldaketaren eta banaketaren edozein fasetan, arrantzako eta akuikulturako produktuak barne, elikagaien eta elikagai-segurtasunaren, osotasunaren eta osasungarritasunaren arloko arauak betetzen direla egiaztatzeko.

Horrek dakar arrantza-agintariek neurri egokiak hartu behar dituztela, beharrezkoak diren finantza-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak esleitu behar dituztela, eta arrantza-politika erkidearen eta elikagai-segurtasunaren aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerak kontrolatu, ikuskatu eta betetzen direla bermatzeko behar diren egitura administratibo eta teknikoak sortu behar dituztela; era berean, beren agintari eskudunei eta agenteei eginkizunak betetzeko bitarteko egokiak eman behar dizkiete.

Helburu horrekin, Arrantza, Maskulu bilketa eta Arrain-Hazkuntzategien Ikerketa-Zerbitzuaren Antolaketari buruzko martxoaren 29ko 67/1982 Dekretuak ikuskapen-zerbitzu bat sortu eta arautu zuen, gaur arte funtzionatu duena, baina beharrezkotzat jotzen da haren aurreikuspenak egungo lege-aurreikuspenetara egokitzea.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoak barruko uretako arrantzaren, itsaski- bilketaren eta akuikulturaren arloetan duen eskumen esklusiboaren babesean ematen da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-sektorearen antolamenduaren arloan Estatuaren oinarrizko legeak bere lurraldean garatzeko eta betearazteko eskumenaren babesean ere.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urtarrilaren 24ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da itsas arrantzako, itsaski-bilketako eta akuikulturako jarduerak kontrolatu eta ikuskatzeko eginkizunak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenen esparruan.

2.– Helburua itsas arrantzaren, itsaski-bilketaren eta akuikulturaren arloko araudia betetzen dela bermatzea da, bai eta itsas baliabideak babesteko behar diren jarduketa guztiak aurreikustea eta gauzatzea ere, fase guztietan, harrapaketatik edo ekoizpenetik merkaturatzearen azken fasera.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak, zeinak autoritatea Euskal Autonomia Erkidego osoan baitu, eginkizun hauek izango ditu:

1.– Eusko Jaurlaritzan itsas arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren mende, Euskal Autonomia Erkidegoan arrantzarekin, itsaski-bilketarekin eta akuikulturarekin lotutako jarduerak ikuskatzea, helburu hauekin:

a) Barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura jarduerak arautzen dituzten indarreko xedapenak eta arlo horretako emakida eta baimenetarako ezarritako preskripzioak betetzen direla egiaztatzea.

b) Baimena edo emakida behar duten barruko uretako, arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura jardueren ezkutuko jarduera ikertzea.

c) Arrantza-sektorearen antolamenduaren eta arrantza-produktuen merkaturatzearen arloko xedapenak betetzen direla kontrolatzea.

2.– Bere eginkizunak betetzeko interesgarriak diren gertakarien aktak egitea.

3.– Eusko Jaurlaritzan itsas arrantzaren arloko eskumena duen sailak agintzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

3. artikulua.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileak.

1.– Itsas arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura ikuskatzeko eginkizuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden eta eginkizun hori betetzeko berariazko lanpostuak betetzen dituzten langileek beteko dute.

2.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzua itsas arrantza arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoak ikuskapenak egiteko ardura duten langileen zerrenda egin eta eguneratuta mantenduko du.

4.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek Europar Batasuneko, Estatuko eta autonomia-erkidegoko zuzenbidearekin bat beteko dituzte eginkizunak, eta ikuskapenak bazterkeriarik gabe egingo dituzte.

5.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileak, beren eginkizunak betetzean, agintaritzaren agentetzat hartuko dira. Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileen aurkako atentatuak egiten duen orok, egitez edo hitzez, zerbitzu- egintzan edo horren ondorioz, indarreko legeen arabera dagozkien erantzukizunak izango ditu. Horretarako, ikuskaritza zerbitzuko langileek egintza horien berri emango diete organo eskudunei, prozedura egokiak bultzatu eta, hala badagokio, erantzukizun horiek eskatzeko behar diren legezko ekintzak gauza ditzaten.

6.– Kontrol- eta ikuskapen-eginkizun osagarriak laguntzaileek egin ahal izango dituzte, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileen zuzendaritzapean eta ikuskaritzapean.

4. artikulua.– Prestakuntza.

Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek eskubidea dute beren lana egiteko behar duten etengabeko prestakuntza jasotzeko, berdintasuneko prestakuntza barne.

Ikuskatzaileak behartuta daude beren zereginak betetzeko behar diren ikastaroetan eta jardunaldietan parte hartzera.

5. artikulua.– Ikuskaritza-eginkizunaren jarduera-eremua.

1.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileei dagokie arrantzako, itsaski-bilketako eta akuikulturako jarduerak, arrantza-sektorearen antolaketa eta arrantza-produktuen merkaturatzea zaintzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko jarduketak egitea.

2.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuari dagokio, halaber, erauzketa-arrantzaren eta akuikulturaren ekoizpen primarioaren higiene-arloko eta dirulaguntzen arloko kontrol- eta ikuskapen-jarduketak egitea.

3.– Eusko Jaurlaritzan arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak protokoloak egingo ditu Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileen esku hartzeko modua arautzeko.

4.– Zaintza-, kontrol- eta ikuskapen-eginkizunak honako hauetan gauzatuko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko urak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko barruko urak, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko lursailak eta aldamenekoak, lurralde-itsasoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremu ekonomiko esklusiboa, itsaski- bilketa eta itsas akuikultura jardueren gainean.

c) Kaia edo portua, lehorreratzea edo deskargatzea dela-eta egindako harrapaketei eta tresnei dagokienez, bai eta ontzian bertan produktuak eraldatzeko eragiketei dagokienez ere.

d) Biltegiak, lonjak, lehen salmentarako baimendutako establezimenduak eta arrantza-produktuak gordailutzen edo deskargatzen diren beste establezimendu edo leku batzuk, jatorria edozein dela ere, bai eta manipulazio-zentroak, hozkailu-biltegiak, arrantza-produktuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, komunikabide publikoak, handizkako eta txikizkako merkatuak, saltokiak, jatetxeak eta azken kontsumitzailearengana iritsi arteko beste edozein toki ere.

e) Akuikulturara bideratutako ustiategi eta gune zoologikoak.

6. artikulua.– Ikuskapen-eginkizunaren xedea.

Kontrol- eta ikuskapen-jardueraren xedeak honako hauek izango dira:

1.– Ontzian mantendutako, biltegiratutako, garraiatutako, eraldatutako edo merkaturatutako harrapaketen legezkotasuna, horien higienea eta trazabilitatea barne.

2.– Aparailuak, arrantza aparailuak eta tresnak, eta erabilitako arrantza- aparailuen legezkotasuna, arrantzatutako espezieentzat eta ontzian mantendutako harrapaketentzat.

3.– Hala badagokio, estibatze-planoa eta estibatzea, espezie ezberdinetatik bereizita.

4.– Arteak markatzea.

5.– Potentzia eragilearen ziurtapena egiaztatzea.

6.– Arrantzako lizentziak eta baimenak.

7.– Jarduera garatzen den eremu geografikoa.

8.– Ontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak (kutxa urdinak eta AISak).

9.– Dokumentazio edo jakinarazpen elektronikoen zehaztasuna, arrantza- egunkariak, aurreabisuak, lehorreratze-adierazpenak eta ontzi-aldaketako adierazpenak, eta arrantza-jarduera erregistratzen duten liburu eta dokumentu guztiak.

10.– Itsas arrantza jarduera oro har, profesionala zein aisialdikoa, itsaski- bilketa eta akuikultura.

11.– Arrantza-ontzietan, biltegietan, lonjetan, lehen salmentarako establezimendu baimenduetan eta arrantza-produktuak uzten edo deskargatzen diren beste establezimendu edo leku batzuetan, manipulazio- zentroetan, hozkailu-biltegietan eta akuikulturako instalazioetan diruz lagundutako jarduerak gauzatu aurretik eta ondoren egiaztapena egitea.

7. artikulua.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileen ahalmenak.

1.– Beren eginkizunak betetzean, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek ahalmena dute honetarako:

a) Libreki sartzea, behar bezala identifikatu ondoren, ontzietara, ontzi laguntzaileetara eta bestelako asmamen flotatzaileetara, arrantza-sektoreko, itsaski-bilketako eta akuikulturako establezimenduetara, arrantza-lonjetara edo establezimendu horiei atxikitako beste edozein bulegotara, ibilgailu eta, oro har, arrantza-baliabideak atera, ekoitzi, biltegiratu, banatu, merkaturatu eta zerbitzatzen diren edozein lekutara. Ikuskatu beharreko lekua ukitutako pertsona fisikoaren bizilekua bada, kontrol- eta ikuskapen-eginkizunak egiten dituzten langileek lortu beharko dute, titularraren berariazko baimenik izan ezean, dagokion baimen judiziala.

b) Ikuskatu beharreko itsasontzia gelditzeko eskatzea, eta Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileak eta laguntzen dietenak itsasontzira igotzea errazteko behar diren neurri guztiak eskatzea, bai eta ikuskatzen diren arrantza-ontzietako kapitaina edo patroia, edo itsasontzian dagoen beste edozein pertsona bertan egoteko eskatzea ere; horiek ikuskapena erraztera behartuta egongo dira.

c) Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuaren eskumeneko gaietan indarrean dauden legezko xedapenak betetzen direla egiaztatzeko behar diren frogak, ikerketak edo azterketak egitea.

d) Ikuskapenarekin lotutako dokumentuak eskuratu eta atxikitzea, eta haien kopiak egitea.

e) Bertan dauden pertsonei eskatzea beren zaintzapean edo ardurapean dituzten administrazio-, industria-, merkataritza- eta erregistro-dokumentu guztiak eman diezazkietela, bai ikuskapenaren xede diren pertsona fisiko edo juridikoei buruzkoak, bai harrapaketei, lehorreratzeei, ontzi-aldaketei, gordailuei, salmentei edo besterentzeei buruzkoak, bai higieneari, dirulaguntzen arloko egiaztapenei, eskifaiaren rolari eta gaikuntzari buruzkoak.

f) Edozein garraiobide lehorreratzeko edo deskargatzeko lanak geldiaraztea, arauzko baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada.

g) Aireontzietatik kontrolak eta ikuskapenak egitea, barruko sistemak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko uretako arrantza-ontzien edo arrantza-produktuak garraiatzen dituzten ontzien gainean, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza-portua duten arrantza-ontzien gainean ere, ontzi horiek edonon daudela ere, eta bitarteko tekniko egokien bidez komunikatzea dagokion ontziaren kapitainei edo patroiei legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak.

h) Beharrezko behin-behineko neurriak hartzea, 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, prozedura behar bezala amaitzeko, arau-haustearen ondorioak mantentzea ekiditeko, eta interes orokorrak bermatzeko.

i) Laginak hartzea edo lortzea, neurketak egitea, argazkiak edo bideoak lortzea, krokisak edo planoak egitea, arau-haustearen ustezko erantzuleari in situ jakinarazi ondoren.

2.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek, beren eginkizunak betetzean, jarduteko plan edo programa komunak edo apartekoak betez jardun ahal izango dute, edo salaketen edo errekerimenduen ondorioz, norberaren ekimenez edo hierarkian gorago daudenen aginduz. Beste agintari batzuek eskatuta ere jardun ahal izango dute, baldin eta, erregelamendu bidez aurreikusitako prozeduraren bidez eta beren eskumenak baliatuz, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuaren laguntza eskatzen badute, inguruabar larriak, salbuespenezkoak edo ezustekoak gertatzen direnean.

3.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek, beren eginkizunak betetzeko, beharrezko langileen laguntza jaso ahal izango dute, ikuskatutako itsasontziko eskifaiako kideak barne. Era berean, beharrezkoak diren ekipo edo materialak baliatu ahal izango dituzte.

4.– Itsas arrantzako ikuskatzaileek, beren eginkizuna eraginkortasunez betetzeko behar denean, beste agintari edo funtzionario batzuen laguntza eskatu ahal izango dute, bai eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoena eta Ertzaintzarena ere.

5.– Konfidentzialtasuna gordetzeko, Eusko Jaurlaritzan arrantza arloko eskumena duen zuzendaritzako langile gaituek identifikazio-txartelean agertzen den identifikazio-kode profesionala erabili behar dute identifikazio pertsonal gisa, ikuskapen-ekintzak formalizatzeko unean.

8. artikulua.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileen betebeharrak.

1.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek euren burua behar bezala identifikatuta beteko dituzte eginkizunak, eta ikuskapenei ekingo diete, ikuskatu beharreko ontziaren edo establezimenduaren arduradunari nortasun-txartela aurkeztuz; eginbehar hori salbuetsi ahal izango da, emaitza hobea eta eraginkorragoa izateko, jarduketaren sekretua bermatu behar den jarduketetan.

2.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek ikuskapenak egitean, ahalik eta eragozpen gutxien sortuko dizkiete ontziari edo garraio-ibilgailuari eta haien jarduerei, bai eta harrapaketak biltegiratzeari, eraldatzeari eta merkaturatzeari ere. Ahal den neurrian, ikuskapena egitean harrapaketak hondatzea saihestuko dute.

3.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek eta ikuskatze-eginkizuna betetzeko ahalmena duten langileek sekretu profesionala gorde behar dute beren eginkizunak betetzean ezagutzen dituzten datu, egitate eta inguruabarrei dagokienez. Ikuskapen-eginkizunik ez duten eta ikuskapen-zerbitzuko organo edo bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten langileek eta Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuari laguntzeko langileek beren lanpostua dela-eta dakitenari buruzko isiltasun-betebehar berberak izango dituzte; horretarako, informazioa emango zaie aurretik, eta egiaztatuta geratuko da informazioa jaso dutela isiltasun- betebeharrari buruz.

4.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek lanaldi eta ordutegi bereziak bete beharko dituzte. Lanaldi eta ordutegi horiek arrantza- eta akuikultura-gaietan eskumena duen sailak ezarriko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen lanaldiei eta ordutegiei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera, eta ordutegi-erabilgarritasunaren mende egon daitezke aplikatu beharreko lan-akordio kolektiboaren arabera zehazten den kasuetan.

9. artikulua.– Ikuskapen-aktak.

1.– Ikuskapen bakoitzaren ondoren, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek ikuskapen-akta bat egingo dute, eta Eusko Jaurlaritzan arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzara bidaliko dute. Akta bitarteko elektronikoen bidez erregistratu eta igorriko da.

2.– Ikuskapen-prozedurak arrantza politika erkideko arauak betetzen direla bermatzeko Europar Batasunaren kontrol-araubidea ezartzen duen Kontseiluaren 2009ko azaroaren 20ko 1224/2009 (EB) Erregelamenduaren 76. artikuluan eta hurrengoetan, edo hura ordezten duen arauan, eta hura garatzeko araudian xedatutakora egokituko dira.

3.– Ikuskapen-aktak bat etorriko dira 1224/2009 (EB) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituen Batzordearen 2011ko apirilaren 8ko 404/2011 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren XXVII. eranskinean edo hura ordezten den arauan xedatutakoarekin.

10. artikulua.– Arau-hausteetarako prozedura.

1.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek indarreko arrantza-araudia haustea ekar dezakeen jokabideren bat atzematen dutenean, programatutako ikuskatze baten ondorioz izan edo ez, aktan jasoko dituzte ustezko arau- hauslearen identifikazio-datuak eta ikuskatzailearen nortasuna, eta gertakariak eta horrek egin duen jarduna deskribatuko dituzte, ustezko arau-haustearekin lotuta, eta bereziki hartutako behin-behineko neurriak ere.

2.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek aktaren kopia emango diote ustezko arau-hausleari, eta, materialki ezinezkoa bada edo horrek jaso nahi ez badu, aktan jasoko da inguruabar hori.

3.– Ustezko jokabide arau-hauslea satelite bidezko lokalizazio-sistemaren bidez atzematen denean, aktan jasoko da jardueraren deskribapen eta interpretazio teknikoa.

4.– Aurreko apartatuetan aipatutako ikuskapen-aktak bertan jasotako egitateen froga-balioa izango du, baztertu gabe hala ere, gerora, hala badagokio, egiten diren jarduketen emaitzak, eta norbanakoek beren eskubide eta interesen defentsan aurkez ditzaketen frogak.

5.– Itsas arrantzako ikuskatzaileek, beren jardueran ari direla, itsas segurtasunaren arloko araudiaren edo beste edozein gairen balizko arau-hausteren bat hautematen dutenean, jokabide hori salatuko dute organo eskudunaren aurrean.

11. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

1.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek, ustezko arau-hauste baten berri duten unetik, beharrezko kautela-neurriak hartu ahal izango dituzte; besteak beste, arau-hauste larrien edo oso larrien kasuan, ontzia apresatzea eta portura desbideratzea.

2.– Presazko edo premiazko kasuetan, neurri horiek ahoz hartuko dira, erabakia eta horren arrazoiak idatziz berehala eta gehienez ere bost eguneko epean jasotzeari kalterik egin gabe, eta interesdunei erabakiaren berri emango zaie.

3.– Kautela-neurri gisa, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek harrapatutako edo ontziz aldatutako edo inportatutako espezieak, eraldatutakoak edo ez, konfiskatu ahal izango dituzte, arrantza-araudia urratuz harrapatu badira.

4.– Konfiskatutako arrantzak bizirik iraun dezakeenean, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek itsas ingurunera itzultzeko agindu ahal izango dute, ahal dela lekukoen aurrean, eta itzulketaren inguruabarrak aktetan jasoz. Bestela, harrapaketa horien bolumenaren eta haien higiene- eta osasun-baldintzen arabera, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek honako neurri hauetako bat hartu ahal izango dute:

a) Arauen aurkako espezie edo tamainen kasuan, irabazi asmorik gabeko erakunde bati emango zaizkio, salaketari batuko zaion frogagiriaren bidez, edo lekukoen aurrean suntsituko dira, eta interesdunei jakinaraziko zaie noiz eta non egingo den.

b) Baimendutako espezieak edo tamainak badira, irabazi asmorik gabeko erakunde bati emango zaizkio, espedienteari erantsiko zaion frogagiriaren bidez, edo enkante publikoan salduko dira, lonjan edo baimendutako lekuan, eta salmenta horren zenbatekoa Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da, zehapen-espedientearen ebazpenean zehazten denaren zain. Ezin bada ez eman ez enkantea egin, suntsitu egingo dira; aktak suntsipenaren arrazoia azalduko du.

5.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko langileek arauz kontrako arrantza- aparailuak, -aparailuak, -tresnak eta arrantza-tresnak konfiskatu ahal izango dituzte, eta suntsitu egingo dira, bai eta arau-hauste gisa tipifikatutako egitateren bat egiteko erabilitako erregelamendukoak ere, halakoak ontzian, kaian, portuan edo biltegian daudenean. Konfiskatzeak eta, hala badagokio, suntsitzeak eragindako gastuak arau-hauslearen konturakoak izango dira. Arauzko tresnak agintaritza eskudunak xedatzen duen tokian eta pertsonaren zaintzapean jarriko dira, zehapen-espedientea ebatzi arte. Tresna horiek itzuli egingo dira baldin eta ebazpenean arau-hausterik ez dagoela ikusten bada edo, hala badagokio, ezarritako fidantzaren zenbatekoa ordaindu ondoren.

12. artikulua.– Arrantza ikuskatzeko planak.

1.– Eusko Jaurlaritzan arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak arrantza-ikuskaritzaren jarduketa-plan orokorra ezarriko du urtero, eta lehentasunezko jarduketak behar dituzten kontrol-eragiketen gidalerroak zehaztuko ditu.

2.– Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak Trazabilitatea Kontrolatzeko Programan definitutako kontrolak egingo ditu. Programa hori arrantzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak egin eta onartuko du.

3.– Arrantza Ikuskatzeko Zerbitzuak egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialeko Planaren esparruan ezarritako arrantzaren eta akuikulturaren arloko kontrolak. Plan hori Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren arloko eskumena duen sailak onartutakoa izango da.

4.– Kontrol- eta ikuskapen-programetan, helburuak, lehentasunak eta prozedura aplikagarriak zehaztuko dira, bai eta ikuskapen-jardueren erreferentzia- parametroak ere. Parametro horiek arriskuak kudeatzeko irizpideen arabera ezarriko dira, eta aldian-aldian berrikusiko dira, lortutako emaitzak aztertu ondoren.

5.– Urte anitzeko plan bat indarrean jarri ondoren, eta berariazko kontrol- eta ikuskapen-programa bat aplikatu aurretik, Eusko Jaurlaritzan arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzak, arriskuak kudeatzeko irizpideak kontuan hartuta, ikuskapen-jardueretarako bere helburua osatzen duten erreferentziazko parametroak ezarriko ditu.

6.– Eusko Jaurlaritzan arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak beharrezko neurriak hartuko ditu kontrol- eta ikuskapen-programak gauzatzen direla bermatzeko, bereziki beharrezko giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, eta baliabide horiek erabili beharreko aldi eta guneei dagokienez.

13. artikulua.– Laguntzeko betebeharra.

1.– Edozein arrantza-jarduera, profesionala edo aisialdikoa, egiten ari diren pertsonak, bai eta ikuskapenaren xede diren arrantza-ontzi, produktu, instalazio edo garraiobideen arduradunak ere, behartuta daude Arrantza Ikuskatzeko Zerbitzuko langileei beren eginkizunak betetzen laguntzera eta eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztera, ikuskatze-lanak errazte aldera.

Aurreko puntuan ezarritakotik eratorritako betebeharrak ez betetzea ikuskapenaren jarduerari uko egitea edo oztopatzea izango da.

2.– Sektorea ordezkatzen duten erakundeek ikuskapenarekin lankidetzan jardungo dute, honela:

a) Arau-hauste izan daitezkeen gertakarien berri emanez Arrantza Ikuskatzeko Zerbitzuko langileei, eta, hala badagokio, gertakariak egiaztatzeko frogak aurkeztuz.

b) Ikuskapen-planak eta -programak egiten parte hartuz, horretarako beharrezkotzat jotzen diren eta eskatzen zaizkien datuak emanez.

c) Ikuskapen-zerbitzuaren jarduera eskatuz, itsas arrantzaren arloan indarrean dagoen araudia behin eta berriz eta modu larrian urratzen den kasuetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da martxoaren 29ko 67/1982 Dekretua, Arrantza, Maskulu bilketa eta Arrain-Hazkuntzategien Ikerketa-Zerbitzuaren Antolaketari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gauzatzeko eta garatzeko ahalmenak.

Eusko Jaurlaritzan arrantzaren arloko eskumena duen sailari ahalmena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa gauzatzeko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urtarrilaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala