Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2023ko otsailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
541

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 17koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publiko bat iragartzen baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Zuzendari lanpostua izendapen askez betetzeko.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan, hutsik dago zuzendari-lanpostua (lanpostua: 200001; dotazioa: 1). Hori dela eta, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia egiten da, bat etorriz Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegia onartzen duen 1451/2005 Errege Dekretuaren 57. artikuluan xedatutakoarekin. Lanpostu horren izena, kokapena eta ordainsariak ebazpen honen eranskinean zehazten dira, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek eskatu ahal izango dute deialdi honetako lanpostua, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, jarduneko zerbitzuan edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozein egoeratan badaude.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko, interesdunek hamar egun balioduneko epea izango dute, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta gaur egun betetzen duten lanpostua adieraziko dituzte. BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzea ezinezkoa balitz, BOEn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Eskabideak Justizia Administrazioko zuzendariari zuzendu behar zaizkio, eta Vitoria-Gasteiz, Donostia edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo indarrean dagoen administrazio-prozeduraren arautegiak ezarritako moduan aurkeztu behar dira.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta azaldutako merezimenduen egiaztagirien fotokopia konpultsatuez gain, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, zeinetan hauek adieraziko baitira:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai Administrazioan, bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, argitaratutako lan zientifikoak, aurkeztutako txostenak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki ikusten dituen gainerako merezimendu oro.

Gainera, memoria bat aurkeztu beharko da, eduki honekin:

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) plangintza estrategikoa, egiturazko diseinuan eta organigrama funtzionalean oinarrituta, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak egin beharreko jardueren eta bete beharreko helburuen orainari eta etorkizunari buruzkoa, AMEI osatzen duten zerbitzu eta atalen funtzionamendua hobetzeko aplikatu beharreko lan-metodologia barne.

Barne harremanetarako eredua, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren organoetan (Zuzendaritza Kontseilua, Prestakuntza eta Ikerketa Batzordea, Irakaskuntza Unitatea) aplikatu beharreko jarraibideei dagokienez, eta kanpo-harremanetarako eredua, erakundeartekoa, bai eta Justizia Saila berarekiko harremanetarakoa ere.

Memoria horrek din-A4 neurriko 10 orrialde izango ditu gehienez (tarte bikoitza, Arial 11 letra).

Hirugarrena.– Ebazpena eta destinoa esleitzea.

1.– Izendapena egin ahal izateko, lanpostu-zerrendetan lanpostuaren arduradun denak txostena egin behar du aurrez, bat etorriz Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegia onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 59. artikuluan ezarritakoarekin.

2.– Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da gehienez bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, zeina, salbuespenez, hilabetez luzatu ahal izango baita gehienez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzea ezinezkoa balitz, BOEn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

3.– Izendatutako funtzionarioa destino berriaz jabetzeko, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegiaren 52. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Lanpostuaz jabetu aurretik, interesdunak fede emanez adierazi beharko du ez dagoela arautegian aurreikusitako bateraezintasun-kasuren batean.

4.– Izendapena egin zuen agintariak berak kendu dezake lanpostutik izendatutakoa, diskrezionalki. Izendatutakoak uko egin diezaioke lanpostuari, eskabide arrazoitu baten bidez egin ere, eta lanpostuan gutxienez urtebetez jardun ostean, betiere. Eskabidean, bestalde, ukoaren arrazoi profesional eta pertsonalak adierazi beharko ditu. Lanpostutik kendu den edo lanpostuari uko egin dion funtzionarioa, behin betiko beste lanpostu bat lortu bitartean, behin-behinean atxikiko zaio bere kidegoko beste lanpostu bati, udalerri berean. Atxikitze horrek kargugabetze-ebazpena edo ukoa onartzekoa eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Lanpostutik kendu den edo lanpostuari uko egin dion funtzionarioak lehentasuna izango du, jardunean aritzen zen herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara deitzen diren lehenengo aldian; gainera, herri horretan deitutako lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartu ezean, edo eskatutakoetarik bat ere ez lortu ezean, esleitu gabeko edozein lanpostu behin betiko esleituko zaio.

Laugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 17a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala