Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2023ko otsailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
530

4/2023 DEKRETUA, urtarrilaren 17koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea, Zarautzen, nahitaez desjabetzeko: AP-8 autobideko 38,370 KPan azpiko pasabidea birgaitzeko eta zabaltzeko, eta, 38,600 KPtik 38,200 KPra bitartean, Bilbao-Behobia noranzkoan, errei gehigarri bat sortzeko proiektua (2-OF-14/2022) burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak «AP-8 autobideko 38,370 KPan azpiko pasabidea birgaitzeko eta zabaltzeko, eta, 38,600 KPtik 38,200 KPra bitartean, Bilbao-Behobia noranzkoan, errei gehigarri bat sortzeko proiektua (2-OF-14/2022)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2022ko maiatzaren 2an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2022ko maiatzaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (92. zk.) iragarkiak argitaratuz. Geroago, 2022ko irailaren 7an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak ukitutako eskubideak eta ondasunak okupatzea urgentziako deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta hiru alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Itsasmendiko azpiko pasabidearen hegoaldeko alboko habeak egoera txarrean daudela ikusi ondoren, pasabidearen egitura konpontzeko beharra sortu da (AP-8ko 38,370 KPan dago kokatuta pasabidea).

Puntu horretatik gertu (Bilbao-Behobia noranzkoan) AP-8ko galtzada txaranbeldu egiten da, Zarautzeko ordainlekuko kobrantza-bideetara zabaltzeko.

Gaur egun, zirkulazio-intentsitate handiko uneetan, auto-ilarak sortzen dira ordainleku horretako Bilbao-Behobia noranzkoan.

Bestalde, bide eta kabinen egungo konfigurazioa dela-eta, ibilgailu astun batzuek, ohikoa den bezala eskuinean kokatu ondoren, Zarautzen irteteko kabinetarantz bideratuta ikusten dute beraien burua, eta, ondorioz, norabidea zuzentzeko maniobrak egiten dituzte. Horrek zalantzak, balaztadak eta zeharkako higidurak sortzen ditu; azken batean, arrisku-egoerak sortzen dira, bai eta ordainketa-sistemaren kapazitatearen galera ere.

Arazo horiek konpontzeko, azpiko pasabidea konpontzearekin batera, AP-8an beste errei bat sortzea erabaki da, Zarautzerako irteeraren edukiera handitzeko, bai eta ordainleku osoarena ere. Segurtasun-arrazoiak direla-eta egitura horretan jarduteko beharrak puntu kritiko bat hobetzeko aukera eman du; izan ere, egunean 33.195 ibilgailuk zirkulatzen dute hortik (eguneko batez besteko intentsitatearen 2021eko datua).

Proiektuan aurreikusitako zabalkuntza martxan jartzeak istripu-arriskua murriztu eta segurtasuna handituko du bide horretan, zeinak Estatuko eta nazioarteko erabiltzaile askori ematen baitie zerbitzua.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduko sistema orokorrak edo horien elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko jarduketa bakartuak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren arloko eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urtarrilaren 17ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, «AP-8 autobideko 38,370 KPan azpiko pasabidea birgaitzeko eta zabaltzeko, eta, 38,600 KPtik 38,200 KPra bitartean, Bilbao-Behobia noranzkoan, errei gehigarri bat sortzeko proiektua (2-OF-14/2022)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urtarrilaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala