Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2023ko otsailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
524

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan, baita merkaturatze-egituretan eta -tresnetan ere, inbertsio material eta inmaterialak egiteko laguntzak emateko deialdia egiten den 2023rako (ISV inbertsioa).

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduak, 43. artikuluan, xedatzen duenez, estatu kide guztiek esku hartu beharko dute mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean, eta, 57.ean eta hurrengoetan, berriz, sektore horretan egin beharreko esku-hartze motak eta horiek egiteko Europar Batasunak emango duen finantza-laguntza jasotzen ditu. Erregelamendu horretan, Europar Batasuneko estatuek nekazaritza-politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezartzen dira, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduen indargabetzea xedatzen da; laguntza hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuko da.

Espainiako Erresumaren (NPE) Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionala 2023-2027 argitaratu da, eta haren helburua da garapen jasangarria lortzea nekazaritzarekin, elikagaiekin eta landa-eremuekin loturikoetan gizartearen elikagai-segurtasuna bermatzeko sektore lehiakor baten eta landa-eremu bizi baten bidez; Europako Batzordeak 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen plana.

Nekazaritza Politika Erkideari buruzko arau berriak indarrean sartzearen ondorioz, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea laguntzeko programak utziko dio politika horren neurrietatik aparte egoteari eta haren plan estrategikoaren parte izatera pasako da, hots, hemendik aurrera Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala (MAES) izena hartuko du.

Bukatzeko, Estatuan urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu da, eta haren bidez arautzen da Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala. Bigarren atalean, mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan, baita merkaturatze-egituretan eta -tresnetan ere, inbertsio material eta inmaterialak egiteko laguntzak ezartzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuak ezartzen ditu Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak (227/2014 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzekoa). Arau horrek abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu du, hain zuzen ere laguntza hauek arautzen dituzten arau substantiboetan egindako aldaketak txertatzea ahalbidetzeko.

Agindu honek urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan xedatutako laguntzen deialdia egiten du; laguntza horien gastua 2024ko NBEF aurrekontuari egotziko zaio.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan; plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bigarrenez aldatzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan, baita merkaturatze-egituretan eta -tresnetan ere, inbertsio material eta inmaterialak egiteko laguntzak emateko 2023ko deialdia egitea, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuak xedatutakoarekin bat.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

1.– Mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan, baita merkaturatze-egituretan eta -tresnetan ere, inbertsio material eta inmaterialak egiteko laguntza deialdiaren barruko eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu behar zaizkio, eta agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahalko dira, baina (betiere) 2023ko apirilaren 1a baino lehen.

Hala ere, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu den egunaren hurrengotik aurkeztutakoak ere onartuko dira, errege-dekretu horrek berak hala xedatzen baitu haren 24. artikuluan.

Agindu honen III. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

2.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1222902

Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egiten dira, bitarteko elektronikoen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak ikusiko balu eskatzaileak aurkeztu dokumentazioak ez dituela betetzen agindu honetan xedatzen diren betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean behar diren zuzenketak egin ditzan edo dagokion dokumentazioa aurkez dezan. Halaber, adieraziko dio hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.

6.– Establezimendu bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahalko du.

Hirugarrena.– Egokitzapena.

1.– Laguntza hauek honakoetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamendua eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua –Estatu osoan betebeharrekoak baitira–, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua, eta horiek aldatzen edo ordezten dituzten araudiak.

2.– 2023ko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoa betez, agindu honen I. eranskinean jasotzen da araudia, ekitaldi honetan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

Laugarrena.– Bateraezintasunak.

Laguntza hauek bateraezinak izango dira bi xedapen hauetan jasota daudenekin: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren babespeko Landa Garapenerako Programetan jasotakoak eta 2002ko ekainaren 14ko Batzordearen 1040/2002 (EE) Erregelamenduan jasota dauden neurriak; batzordearen erregelamendu horren bidez, arazo fitosanitarioei aurre egiteko Batasunaren parte-hartze finantzarioaren esleipenari dagozkion xedapenak betetzeko arau partikularrak ezartzen dira, eta 2051/97 (EE) Erregelamendua indargabetzen da. Halaber, ez dira bateragarriak Europar Batasunaren finantza-tresnen bidez finantzatutako beste neurriekin.

Bosgarrena.– Inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena.

Agindu honetako II. eranskinean jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 25.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, nekazaritza gaietan eskumena duen sailburuari; edo, baita ere, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean; bietan ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 25a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
INBERTSIOETARAKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA

I.– Aplikazio-eremua.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko enpresen errendimendua oro har hobetzeko, merkatuaren eskarira egokitu daitezen laguntzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko, laguntza finantzarioa emango zaie ardogintzaren eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan egindako inbertsio material eta inmaterialei, bai eta merkaturatze-egituretan eta -tresnetan egindakoei ere. Laguntza finantzarioa emango da, halaber, energia-aurrezpena, efizientzia energetiko orokorra eta prozesu jasangarriak hobetzeko.

Inbertsio horiek mahastizaintzako eta ardogintzako zenbait produktu ekoizteko, merkaturatzeko edo bietarako izango dira; zehazki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak, Espainiako lurraldean ekoitzi direnak.

Ekitaldi honetan, inbertsioei dagokien neurriari aplikatuko zaion araudia urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren bigarren atalean jasotakoa izango da; errege-dekretu horrek Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen du.

II.– Onuradunak.

1.– Inbertsioetarako laguntza eskatu ahalko dute:

a) Mahastizaintzako eta ardogintzako enpresek, baldin eta, eskabidea egiten duten unean, erregelamendu honetan jasotako produktuak ekoitzi edo merkaturatzen badituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian. Onuradun izan daitezke, orobat, laguntza-eskaeraren xede den eragiketa gauzatzearen ondorioz halako produktuak ekoizten edo merkaturatzen hasi diren enpresak. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute enpresek.

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 152. artikuluari jarraituz aitortuta badaude, eta haien elkarteak.

c) Ekoizle bi edo gehiago biltzen dituzten elkarteak, baldin eta nortasun juridikoa badute eta lehenago adierazitako erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak ekoizten badituzte. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute erakundeek.

d) Lanbidearteko erakundeak.

e) Erakunde profesionalak.

Dena den, jarduera bakartzat merkaturatzea duten enpresak badira, itxitako azken ekitaldiko fakturazioaren % 80, gutxienez, produktu hauek merkaturatzetik atera beharko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian zehaztutako produktuak.

Betekizun hori ez zaie aplikatuko beraiek edo haien kideek lantzen dituzten ardoak merkaturatzen dituzten kooperatibei.

2.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden pertsonak:

a) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako betekizunetako edozein, besteak beste, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatekoa, betetzen ez dituztenak.

b) Krisialdian daudenak, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Jakinarazpena).

c) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu dutenak.

d) Kaudimengabeak deklaratu direnak edozein prozeduratan.

e) Konkurtsoan deklaratu direnak, salbu eta konkurtsoan ituna lortu bada.

f) Esku-hartze judizialaren pean daudenak edo desgaituta daudenak Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

g) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera errege-lege dekretu honetan ezarritako onargarritasun- eta lehenespen-irizpideak betetzeko baldintzak espreski sortu dituztenak, horrela izan dela egiaztatzen bada; erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa da, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du.

h) Sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso dutenak, dagokien zehapenean ezarritako aldian.

i) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresak, ez eta 50 langiletik gorako enpresak ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

III.– Iraunkortasuna.

Eskuratutako aktibo material eta inmaterialak onuradunen propietate izan eta onuradunek eduki beharko dituzte bost urtez, azken ordainketa egin den egunetik kontatuta.

Mikroempresen eta enpresa txiki eta ertainen kasuan, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak dioenaren arabera, aurreko atalean adierazitako aldia hiru urtekoa izango da, azken ordainketa egin den egunetik kontatuta.

Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren 11.9 artikuluak ezarritako inguruabarretako edozein gertatuz gero, bai laguntza, bai berandutze-interesak, ez-betetzearen iraupenari dagokion proportzioan, itzuli beharko dira. Agintaritza eskudunek finantza-laguntza ez errekuperatzea erabaki ahalko dute onuradunak ekoizpen jarduera utzi badu iruzurra egon ez den porrotagatik.

IV.– Eragiketen xedeak.

Laguntzaren xede diren eragiketek lagundu behar dute urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren IX eranskinean bildutako helburu estrategietako bat lortzen, gutxienez.

Helburu estrategiko horiek lortzeko, eragiketa bakoitzean helburu orokor bat edo batzuk identifikatu beharko dira. Helburu horietako zenbait, baina ez denak, zerrendatuta daude abenduaren urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren X. eranskinean. Eragiketa jakin baten helburu orokorretakoren bat jasota ez badago zerrenda horretan, eskatzaileak zehaztu beharko du zein den helburu hori.

V.– Eragiketen ezaugarriak.

1.– Inbertsioetarako laguntza, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 58.1.b) artikuluaren araberako inbertsioetarako laguntza eragiketa hauetako batean oinarri izan ahalko du:

a) Urtekoak, eta laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondoko ekitaldian eragina izango dutenak. Deialdiaren xede den laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondoko ekitaldira mugatuko dira gastu-kontzeptuak.

b) Biurtekoak, eta laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondoko bi ekitalditan eragina izango dutenak. Deialdiaren xede den laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondoko lehen ekitaldian gastu-kontzeptuen zenbatekoaren % 50 izan beharko dute sartuta.

2.– Eragiketak –zeinentzat laguntza eskatzen baita– gauzatzen hasteko eguna laguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren ondorengoa behar du izan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 8. ataleko XII. eranskinean xedatutako salbuespen-kasuetan izan ezik. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek egiaztatuko dute hori horrela dela hasi ez izanaren akta baten bidez.

3.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuak 20. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eskatutako inbertsio-aurrekontua 100.000 eurokoa, txikiagoa edo handiagoa duten eragiketak hautatu ahalko dira.

VI.– Eskabideak onartzeko irizpideak.

Eskabideak irizpide hauen arabera aztertuko dira:

1.– Inbertsioetan esku hartzeko eskabideetan argiro definituta egon beharko duten inbertsio-eragiketak jasoko dira; hau da, ekintzen eta jarduketen zehaztasunak eta haien iraupena adieraziko dira, eta ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptuak eta horietako bakoitzerako aurreikusitako kostuak xehatuko.

Zehaztuko dira, orobat, eragiketa bakoitzak nolako helburu estrategiko eta orokorrak bete nahi dituen.

2.– Bermatuko da proposatutako eragiketaren kostuek ez dituztela gaindituko merkatuaren prezio normalak, eta kostuen moderazioa betetzen dela.

Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak (urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XI. eranskinean jasota daudenak) ezartzeak ez du esan nahi kostuen moderazioa ebaluatu behar ez denik.

Agintari eskudunek uste badute kostuek merkatuaren prezio normalak gainditzen dituztela edo ez dela betetzen kostuen moderazioa, eskatzaileari eskatuko diote eskabidea zuzentzeko edo behar bezala justifikatzeko.

Kostuen moderazioa ebaluatzeko, sistema hauetako bat edo haien konbinazioa erabiliko da:

a) Zenbait eskaintzaren konparazioa.

Oro har, eskatzaileak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez, zerbitzua eman baino lehen edo produktua entregatu aurretik.

Gutxienez, alderdi hauek ebaluatuko dira: eskaintzen independentzia, eskaintzen elementuak konparagarriak izatea, eta eskaintzen deskribapenaren argitasuna eta zehaztasuna.

Eskaintzen artean hautaketa egiteko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, eskaintza merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatik, bai eta, hala badagokio, zergatik ez dagoen hornitzaile nahikorik. Alderdi hori berdin aplikatuko da, halaber, gauzatutakoa ez badator bat onartutakoarekin.

b) Erreferentzia-kostuak.

Agintari eskudunek erreferentzia-prezioen datu-base bat ezarri edo erabiltzen dute. Datu-base hori osoa eta behar bezain zehatza izan behar da, aldian-aldian eguneratu beharko da, eta bermatu beharko du prezioak merkatuaren prezioen isla direla.

c) Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratzen bada edo merkatu-azterlan bat egiten, kontuan hartu beharko da batzordekideek dagokion arloan esperientzia izan behar dutela. Batzordearen lana behar bezala dokumentatu beharko da.

3.– Eskatzaileak frogatuko du eskura dituela baliabide teknikoak eta finantzarioak, eragiketa zuzen gauzatzeko adinakoak, eta enpresa ez dagoela krisi-egoeran Europako Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 214/C 249/01 Jakinarazpenean ezarritakoari jarraituz.

Eskatzaileak frogatu beharko du enpresa ekonomikoki bideragarria dela, non ez den, estatutuei jarraituz, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat.

Ekoizle bi edo gehiago (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen diren produktuen ekoizleak) biltzen dituen eta nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada eskatzailea, elkarteko ekoizle bakoitzak frogatu beharko du gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko, inbertsioan duen partaidetzaren arabera, edo, bestela, elkarteak gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko.

Egoera hauetan ulertuko da alderdi horiek frogatu gabe geratu direla eta, ondorioz, eskatzailea ezin dela dirulaguntzaren onuradun izan:

a) Krisialdian baldin badago, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Jakinarazpena).

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin badu, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota badago, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badago (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende badago edo uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badago, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatu ez badu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduan ezarritako eran.

4.– Eskatzaileak proposatutako estrategien eta finkatutako helburuen arteko koherentzia, eta eragiketak izan dezakeen eragina eta arrakasta eraldaketaren edo merkaturatzearen errendimendu orokorra hobetzeko, eskatzailearen instalazioak merkatuaren eskarietara egokitzeko eta lehiakortasuna areagotzeko.

Ez da inolako laguntzarik emango, laguntza-eskabideetan inkoherentzia-egoerak atzemanez gero, edo haietan aurreikuspenak behar bezala dokumentatuta ez badaude.

VII.– Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Pertsona fisikoentzat:

• Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

– Pertsona juridikoentzat:

• Legezko ordezkariaren NANa.

• Enpresa eratzeko eskritura.

• Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

• Erakundearen estatutuak.

• Eskabidea aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

– Bien kasuan:

• Hirugarrenaren altaren dokumentua, ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urteetan.

• Enpresa merkaturatzailearen kasuan:

* Idatzizko konpromisoa, fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela ziurtatzen duena.

• Proiektua deskribatzeko memoria, gutxienez hauek jasotzen dituena:

* Eragiketarako proposatzen diren ekintzen eta jarduketen deskribapen zehatza; haiek eta haien iraupena azalduko dira, eta ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptuak eta aurreikusitako kostuak xehatuko.

* Urtez urteko gauzatze-egutegia eta finantza-ekitaldiko justifikazioa.

* Ekintza bakoitzarekin lortu nahi diren xede orokorrak eta estrategikoak.

• Aurrekontu zehatza, euskarri-dokumentazioarekin, besteak beste, proformako fakturak, kontratuen kopia edo eskabide irmoak. Proposatutako eragiketak merkatuko prezio normalak gainditzen ez dituelako eta inbertsio guztien kostuen moderazioa betetzen delako bermea; azken hori betetzeko, hiru hornitzaileren eskaintzak aurkez ditzake, adibidez.

• Obra zibila duten proiektuen kasuan:

* Lurren jabetza-titulua edo lurzoruaren erabileraren lagapena.

* Obra gauzatzeko proiektu ikus-onetsia.

* Obra-lizentziaren eskabidea.

• Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

• Enpresaren bideragarritasun teknikoaren eta ekonomikoaren memoria; hauek jasoko dira gutxienez:

* Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

* Enpresaren egitura.

* Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

* Landutako produktuen merkatuak.

* Proiektuaren kokalekua.

* Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegua sortzea...).

* Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.

• Euskal Autonomia Erkidegorako berariazko lehenespen-irizpideak egiaztatzen dituen justifikazio-memoria (urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuko XIV. eranskina).

• Eskatzen den dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada eta eskatzaileak Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuaren barrukoak badira, lege horretan xedatutako ordainketetarako epeak egiaztatzeko, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu beharko dute, kontabilitate araudiarekin bat kontu laburtu hori aurkez dezaketen sozietateak badira, horrela egin ezin duten sozietateak badira, berriz, Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen auditoreak emandako ziurtagiria, enpresa-bezeroak ordainketak egiten dituen benetako epearekin bat etorriko baita eta enpresa hornitzaileak aurretik kobratzeko izandako edozein finantzaketa alde batera utzita.

VIII.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Ekintza hauen kostuak lagundu ahalko dira diruz:

a) Ondasun higiezinak eraiki, erosi eta hobetzea.

b) Makina eta ekipo berriak erostea, produktuaren merkatu-balioraino. Gastu horien barruan sartzen dira energia sortzen duten sistemetan egindako inbertsioak, baina urtean sortzen den energia-kopurua ez bada urtean zehar inbertsioaren xede diren instalazioetan kontsumitutakoa baino handiagoa.

c) Administrazio-gastuak, a eta b letretan jasotako gastuekin loturikoak, adibidez, arkitektura, ingeniaritza eta aholkularitza jardueren ondoriozko ordainsariak, eta bideragarritasun-azterketen ondoriozkoak, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 76. artikuluak ezarritako mugekin bat.

d) Ordenagailuetarako euskarri logikoak erosi edo garatzea, patenteak, lizentziak eta egile-eskubideak erostea eta marka kolektiboak erregistratzea.

Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XI. eranskinean adierazitako kontzeptuetarako, inbertsio-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoek ezingo dituzte gainditu eranskin horretan adierazitako mugak. Hala, eragiketa batean muga horiek gainditzen badira, gaindikina ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

Ezingo dira diruz lagundu urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekreturen XII. eranskinean ezarritako gastuak.

IX.– Balioespen Batzordea.

Abenduaren 9ko 227/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko xedez, eta aurkeztutako eskabideak balioesteko, balioespen batzorde bat eratuko da eta hauek izango dira batzordekideak: Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria edo hark eskuordetzen duena –batzordeburu arituko baita– eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Politika Erkidegoetako sailburuordetzaren mendeko teknikarien artean aukeratzen diren bi kide, Nekazaritzako, Arrantzako eta Politika Erkidegoetako sailburuordearen ebazpenez izendatuko baitira, idazkari nor arituko den adieraziko da hartan.

X.–Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak funtsak hautatutako eskabideen behin betiko zerrendara esleitu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak dagozkion ebazpenak emango ditu eta onuradunei jakinaraziko dizkie. Ebazpenetan hauek adieraziko dira gutxienez: diruz lagun daitezkeen inbertsioen zenbatekoa, emandako laguntza eta onartutako gauzatze-egutegia.

2.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea si hilabetekoa izango da funtsak esleitzeko Sektoreko Konferentzia egin eta hurrengo egunetik zenbatuta. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ukatzeko edo, errekurtsorik aurkeztuz gero, errekurtsoak ezesteko ebazpen arrazoituak egitea.

3.– Behin sei hilabeteko epea igaro ondoren, ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Ebazpena aldekoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza emateko baldintzak berariaz onartzea.

b) Egikaritze onaren berme bat gordailutu dela egiaztatzen duen agiri bat, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/127 Erregelamendu Delegatuan aurreikusitako baldintzen arabera. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamendua osatzen du, erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari dagokienez. Aipatu bermea Europar Batasuneko finantzaketaren zenbatekoaren ehuneko 15 izango da, eta onuradunak eragiketaren parte diren ekintza guztiak gauzatzen dituela ziurtatuko du.

XI.– Eragiketak aldatzea.

1.– Hasieran onartutako inbertsio-eragiketen aldaketak aurkeztu ahalko ditu onuradunak, bi motatakoak, hain zuzen:

a) aldaketa handiak, 4. atalak jasotzen ditu haiek garatzeko xehetasunak.

b) aldaketa txikiak, 5. atalak jasotzen ditu haiek garatzeko xehetasunak.

2.– Aldaketa guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio. Aurkeztutako aldaketa guztiak ebaluatuko ditu zuzendaritza horrek.

3.– Aldaketek muga hauek bete beharko dituzte:

– Eragiketa onartzeko aurkeztu ziren helburu estrategiko edo orokorrak ez aldatzea.

– Hautagarritasun-baldintzak ez aldatzea.

– Aurreko hautaketa-prozesuan laguntza-eskabideak jaso zuen puntuazioan aldaketa ez eragitea, hain zuzen, eskabideak onartuak izateko gutxieneko puntuazioaren azpitik geratzea ekarriko zuena. Lehentasunezko irizpideekin bat puntuazioa lortzea ekarri duten ekintzak, gero, eragiketatik ezabatu direnak, ondorengo deialdi batean sartu ahal izateko, behar bezala justifikatu beharko da.

– Onuraduna ez aldatzea, kasu hauetan izan ezik: onuradun berria bat-egiteko edo salerosketa egiteko prozesu baten ondoriozkoa bada, edo sozietate motaren edo nortasun juridikoaren eraldaketa baten ondoriozkoa, eta, betiere, laguntza ematerakoan aintzat hartu ziren baldintzak aldatzen ez badira.

– Ez eragitea ordainketak NBEFren ekitaldi batetik geroagoko beste batera aldatzea.

– Laguntzaren xede den inbertsioa hasieran onartutakoaren % 40 baino gehiago ez murriztea.

– Onuraduna ez aldatzea Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren 11. artikuluko 1 b) eta 9 c) ataletan xedatutakoarekin bat.

4.– Dena delako autonomia-erkidegoko organo eskudunak baimenduko ditu aldaketa handiak, haiek egin aurretik.

Aldaketa handiak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaizkio, aldatu nahi diren inbertsioak ordaintzeko eskatu behar den finantza-ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen. Ezin dira aldaketa egiteko bi eskabide baino gehiago aurkeztu urte bakoitzean, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan izan ezik.

Jarduera bat ez gauzatzea aldaketa handitzat hartuko da beti.

5.– Aldaketa txikiak lehendik baimena jaso gabe egin ahalko dira, eta, beranduenez, jarduketen amaiera jakinarazi edo ordainketa-eskaera aurkeztu baino lehen aurkeztu beharko dira.

Hauek baino ez dira aldaketa txikitzat hartuko:

a) Makina edo instalazio baten marka edo hornitzailea aldatzea, betiere ezaugarri teknikoak mantentzen edo hobetzen badira, errendimendua, energia-kontsumoa eta mantentze-lanak, etab., kontuan hartuta.

b) Upelen kopurua aldatzea, betiere guztizko edukiera eta ezaugarriak urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XI. eranskineko V. epigrafean aurreikusitako tipologiaren arabera mantentzen badira.

Aldaketa txiki horietarako diruz lagun daitekeen inbertsioaren zenbatekoa ezingo da izan digulaguntzarako xedatutakoa baino altuagoa.

6.– X. apartatu honetan adierazitakoa gorabehera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak salbuespenez baimena eman dezake aurreko apartatuetan adierazitako baldintzekin bat ez datozen aldaketak egiteko, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan.

7.– Onartutako aurrekontuak murriztea dakarten aldaketek emandako dirulaguntzaren murrizketa proportzionala ekarriko dute.

8.– Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko onartutako dirulaguntza handitzea.

9.– Onuradunak bere horretan mantenduko du egikaritze onaren bermea gordailutzeko betebeharra, hasierako dirulaguntza ematearen gainean kalkulatutako zenbatekoen arabera.

XII.– Finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza mota % 40koa izango da, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 59.2 artikuluak aipatzen dituen inbertsio-kostu onargarriei dagokienez.

2.– Gainera, laguntza mota horri kontsiderazio hauek aplikatuko zaizkio:

A) 1. apartatuan adierazitako laguntza mota mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaizkie, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan halako enpresei buruz ematen den definizioari jarraituz.

B) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresen kasuan –750 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea 1. apartatuan aipatzen den laguntzaren % 50ekoa izango da.

C) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresen kasuan –750 langile edo gehiago dituzten enpresak edo 200 milioi euro edo hortik gorako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea 1 apartatuan aipatzen den laguntzaren % 25ekoa izango da.

3.– Kasu guztietan, baita enpresa handietan ere, eskatzaileen langile kopurua eta negozio-bolumena zehazteko, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan finkatutako kalkulu-irizpideak erabiliko dira.

4.– Eskatzailea bi ekoizle edo gehiago biltzen dituen eta jarduera ekonomikorik ez duen nortasun juridikodun elkarte bat baldin bada, eta ekoizle horien produktuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskineko II. atalean aipatzen direnak badira, laguntzaren kalkulua ekoizle bakoitzak inbertsioan duen partaidetzaren proportzioari jarraituz egingo da, betiere ekoizle bakoitzak bere aldetik izango lukeen laguntza motarekin bat etorriz.

5.– Europar Batasuneko beste herrialdeetan inbertsioak egitean, haien kokapena hartuko da kontuan laguntzaren ehunekoa zehazteko, aurreko apartatuetan ezarritako laguntza motekin bat.

6 – Laguntza motak 10 puntura arte murriztu ahalko dira autonomia-erkidegoaren barruan esku-hartzeko dagoen aurrekontua agortu arte, eta erkidegoko agintaritza eskudunak zehaztuko du ehunekoa deialdian onartzen den eskabide kopuruaren arabera.

XIII.– Ordainketak.

1 – Gehienez ere, bi NBEF ekitalditan justifikatu eta ordaindu beharko da inbertsioa, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan izan ezik.

Eragiketa edo jarduketa bakoitza amaitu ondoren, hura gauzatzeko eta finantzatzeko egutegiarekin bat, onuradunek dena delako inbertsio globala edo jarduketa justifikatu eta hura ordaintzeko eskatu beharko dute autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunaren aurrean, ordaintzeko eskabide hori aurkeztua aurreikusita dagoen ekitaldi finantzario bakoitzaren maiatzaren 1a baino lehen.

Biurteko eragiketen kasuan, onuradun batek hasieran aurreikusitako jarduketa bati edo batzuei gauzatzeko egutegian ezarri duena baino lehenago ekiten badie deialdiaren xede den bigarren finantza-ekitaldian justifikatzeko, jarduera horiek ordaintzeko eskaera aurkeztu ahal izango du, deialdiaren xede den lehen finantza-ekitaldian justifikatzeko aurreikusitako jarduketen epe berean, baina ordainketa bakarrik egin ahalko da nahiko funts badago.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ebazpen bat eman beharko du aurkeztutako ordainketa-eskaera bakoitzeko, inbertsio-eragiketarena edo, hala badagokio, inbertsio-eragiketa osatzen duten jarduketa batena edo batzuena, betiere egiaztatzen bada gauzatu egin dela dena delako eragiketa edo jarduketa eta administrazio kontrolak gauzatu direla, hala dagokionean, tokian bertan. Ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarrak izan diren kasuetan, osorik gauzatu diren edo ez egiaztatu beharko da, onuradunak zer laguntzarako eskubidea duen zehazteko.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira, gutxienez:

a) Gauzatze-memoria balioetsia, gastuen, fakturen eta ordainketa-frogagirien zerrenda jasoko duena, eta, hala badagokio, hasierako eskabidearen aldean izandako aldaketen zerrenda. Aurreikusi diren eta gauzatu diren jarduketen arteko alderik bada, salbuespeneko edo ezinbesteko kausak direla eta, dena delako autonomia-erkidegoaren aurrean justifikatu beharko dira balioetsiak izan daitezen.

b) Onuradunaren deklarazioa, zeinaren bidez jasota geratuko baita ez duela eskatu ez jaso inbertsio bererako beste laguntzarik, eta ez dagoela sartuta dirulaguntzak itzultzeko inongo prozesutan.

c) Dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi den banku-kontuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

e) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, eta ordainketen ziurtagiriak.

f) Onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

g) Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, eta emakida-ebazpenean adierazitakoak, laguntza emateko beharrezko diren baldintza eta inguruabarretako batzuk egiaztatzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, autonomia-erkidegoak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gainean in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.

4.– Kontrolen bidez egiaztatuko dira hauek:

– Laguntzaren xede diren eragiketak egikaritzen hasteko eguna laguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren eta agintaritza eskudunak eskatutako eragiketak hasi ez izanaren egiaztapenaren ondorengoa dela, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 8. apartatuko XII. eranskinean xedatutako salbuespenak izan ezik.

– Onartutako eragiketa barrikak, upelak edo egurrezko dolareak, edozein dela haien edukiera, egiaztatu beharko da:

a) Onartutako eskabidean edo, halakorik bada, aldatutakoan adierazitako kalitate eta kopuruarekin bat datorrela.

b) Inbertsioa ez dela ordezkatze hutserako baliatu.

c) Laguntzaren xede diren mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak biltzeko baliatzen direla.

d) Lanketarako edo ontzerako diren espazioetan baino ez direla biltzen.

e) Elementuetako bakoitzak ezabatu ezin den kode alfanumeriko edo banakako matrikula bat du laguntzaren organo kudeatzaileak esleitutako kodea barne hartzen duena eta kontrolerako eskuragarri dagoena.

– Laguntza-eskabidea aurkezteko unean, antzeko elementuak bazeuden kontrola egiten den instalazioan, behar bezala egon beharko dira sartuta inbentarioan.

– Inbertsioak barne hartzen baditu energia sortzeko sistemak, egiaztatu egin beharko da urtean sortu den energia kopurua ez dela onuradunaren ohiko jarduerek baliatzen dutena baino handiagoa.

5.– Ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak direla eta, amaierako laguntza murriztuko da proportzio berean, hau da, osorik gauzatu diren banakako ekintzei dagokien zenbatekoa baino ez da ordainduko.

6 – Ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak ez diren arrazoiak direla eta, baina eragiketaren/programaren amaierako helburu globala bete bada, amaierako laguntza murriztuko da hasierako edo aldatutako laguntza-eskabidean dauden eta osorik gauzatu ez diren ekintzei dagokien zenbatekoaren % 100eko zigorra aplikatuz. Hau da, emango den laguntza kalkulatzeko, osorik gauzatu diren banakako ekintzen zenbatekoari zigor hori aplikatuko zaio, eta horren emaitza izango da ordainduko dena.

7.– Ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak ez diren arrazoiak direla eta, eta, gainera, eragiketaren/programaren amaierako helburu globala bete ez bada, ez da dirulaguntzarik emango.

8.– Murrizketa horiek aplikatuz gero, aurretik, banakako ekintzak direla-eta laguntza eman bada, ekintza horiekin loturik emandako zenbatekoak gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko da.

XIV.– Bermeak liberatzea eta betearaztea.

1.– Egikaritze onaren bermeak balioa izango du azken ordainketa egin arte.

2.– Bermea liberatuko da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak haren indargabetzea erabakitzen duenean, baina, aurretik administrazio-egiaztapena egin beharko da, bai eta tokian bertan egindakoa ere, ziurtatzeko, eragiketa egin dela eta onuradunak hasierako edo aldatutako laguntza-eskabideak jasotzen duen eragiketa globalaren parte diren ekintza guztiak gauzatu dituela, bai eta onuradunak urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 29. artikuluak xedatzen duen dokumentazioa aurkeztu duela. Errege-dekretu horren bidez, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen da.

3.– Onuradunak onartutako hasierako edo aldatutako laguntza-eskabideak jasotzen duen eragiketa egikaritzen ez badu edo helburu globala betetzen ez badu, egikaritze onaren bermea exekutatuko da, salbu eta ezinbesteko kausa edo salbuespeneko inguruabarrak daudenean.

II. ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatutako haztapena, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XIV. eranskinean bildutako lehentasun-irizpideena.

1.– Eskaerak lehenestea.

1.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.2.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

1.2.2 lehentasun-irizpidea:Haztapena: 1.

1.3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.4.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.4.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

1.5 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 6.

1.6 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

1.7 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 5.

1.8 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

1.9.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 6.

1.9.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

1.9.3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 2.

1.10 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

1.11 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

1.12 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 2.

2.– Eragiketak lehenestea.

2.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.4 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 6.

2.5 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

2.6 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 8.

2.7.1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

2.7.2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 7.

2.7.3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

2.8 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 10.

2.9 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 5.

2.10 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

2.11 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

III. ERANSKINA
MAE INBERTSIOA INPRIMAKIAREN EDUKIA:

Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiriaren mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Ordezkaria.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko posta-helbidea.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko telefono mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

– Aurreikusitako exekuzio- eta justifikazio-egutegia.

– Programen exekuzioaren arduraduna.

– Zerga-egoitza.

– Egoitza soziala.

– Onuradunak.

– Enpresa eskatzailearen kapital sozialaren egungo egitura.

– Nekazaritza-ustiapena (hala badagokio).

– Egun garatutako eta/edo aurreikusitako jarduerak.

– Erabiltzen edo merkaturatzen dituzten mahastizaintzako eta ardogintzako lehengaiak

– Lantzen eta/edo merkaturatzen dituzten produktuak.

– Inbertsioaren kokalekua.

– Inbertsioaren deskribapena.

– Eragiketen xede orokorrak eta estrategikoak.

– Eskatutako inbertsioaren zenbatekoa ekitaldien eta ekintzen arabera.

– Inbertsio-proiektuaren finantzaketa.

Lehenesteko irizpideak:

– Eskatzailea lehenestea.

– Proiektuak lehenestea.

Esparru osagarriak: erantzukizunpeko adierazpenak:

– Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

– Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du; eta ez du adieraziko faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.

– Konpromisoa hartzen du proiektua gauzatu dela egiaztatzeko beharrezko den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.

– Proposatutako programaren iraupen osorako finantzaketa bermatzen du.

– Ez da krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europako zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuak 31 artikuluan inbertsioen iraunkortasunari buruz xedatutakoarekiko konpromisoa hartzen du.

– Ez dago zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.

– Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu itun batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

– Ez du zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Enpresa merkaturatzailearen kasuan: fakturazioaren % 80 (EB) 1308/2013 Erregelamenduaren VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela.

– Sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokien zehapenean ezarritako aldian.

– baita hauek ere (X idatzi dagokion laukian).

• 50 langile edo gehiago ditut eta Emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluko 2. apartatuak xedatutakoa betetzen dut, berdintasun plana lantzeari eta aplikatzeari dagokiona baita.

• 50 langile baino gutxiago ditut, eta Emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluko 5. apartatuak xedatutakoarekin bat, enpresak ez du berdintasun plana landu eta abian jarri behar.

• 50 langile baino gehiago ditut eta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri ditut enpresan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko estatuko legeek xedatutakoarekin bat.

Enpresa mota:

– Enpresa ez da ez enpresa txikia ez ertaina, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

– Enpresa txikia edo ertaina da, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

Enpresaren kategoria:

– ETE-mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo 43 milioi eurotik beherako balantze orokorra).

Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan NANa, IFK eta zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte-segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.


Azterketa dokumentala