Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2023ko otsailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
523

19/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur barik» erakunde arteko kanpaina garatzeko eta finantzatzeko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur barik» erakunde arteko kanpaina garatzeko eta finantzatzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 24KO 19/2023 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO «BELDUR BARIK» ERAKUNDE ARTEKO KANPAINA GARATU ETA BATERA FINANTZATZEKOA, 2022. URTERAKO.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 29a.

BILDU DIRA:

Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, erakunde horren izen eta eskuordetzan jarduten duena (IFK: Q5150004I), Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2 f) artikuluari jarraikiz. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da (IFK: S4833001C).

Teresa Laespada Martínez andrea, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua dena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (IFK: P4800000D) izen eta eskuordetzan jarduten duena.

HONAKO HAU AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.

Aipatu Legeko 3. artikuluko a), h) eta n) apartatuetan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta emakumeen eta gizonen berdintasunean, barne harturik emakumeen aurkako indarkeria matxista ere, eta emakumeen egoeran eragina duten programei dagokienez, Autonomia Erkidegoko botere publikoen artean izan beharreko koordinazio-neurriak bultzatzea. Halaber, hari dagokio herritarrak sentsibilizatzea, kasuan kasu egokitzat jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak eginez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz jabetu daitezen, bai eta hori lortzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan egiteko premiaz ere.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean antzera arautu da gaia. Hala, bertako 5 e) artikuluari jarraikiz, hari dagokio euskal administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egiten dituzten jarduketen arteko lankidetza bultzatzea, eta, artikulu bereko i) apartatuaren arabera, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei buruz sentsibilizatzeko eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko jarduerak ere, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Euskal Herri osorako era bateratuan egin behar direnean.

Horren haritik, Erakundearen helburuetako bat da administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea alor hauetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esku hartzea eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienetakoan, esan nahi baita emakumeen aurkako indarkerian esku hartzea, hain zuzen ere.

Bigarrena.– emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako ekainaren 20ko 4/2005 Foru Arauaren arabera Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio «sustapen neurriak ezartzea udalei eta gainerako toki erakundeei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako programak eta jarduerak garatzeko baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak hornitzeko». (Legearen 6 h) artikulua eta Foru Arauaren 5.h artikulua).

Halaber, aipatu Legeko 6 f) artikuluaren arabera eta aipatu Foru Arauko 5.f artikuluaren arabera, bere lurralde esparruan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko sentsibilizazio jarduerak egitea dagokio.

Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkarteak 2009tik dihardute elkarlanean gazteei zuzendutako genero-indarkeria prebenitzeko erakundeen arteko kanpaina bat garatzen, Beldur Barik leloaren pean.

Laugarrena.– 2014. urteko ekitaldiaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Eudelek eskatuta, bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina kudeatzeko ardura. Kanpainan parte hartzen duten alderdi guztiak ados daude eta aldebiko hitzarmenak sinatuz kudeatzea proposatu da.

Bosgarrena.– Hitzarmen hau maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 20.2a) artikuluaren babesean egin da. Artikulu horretan xedatutakoaren arabera, zuzenean dirulaguntzak eman ahal izango dira, Bizkaiko Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorretan norbaiten izenean aurreikusita daudenean.

Bere aldetik, Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2021eko ekitaldiko Aurrekontuei buruzko otsailaren 24ko 2/2021 Foru Arau Orokorrak, izendun zainpeketen eranskinean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokiona ezarri du: 0905 organikoa, 232114 programa, 42300 ekonomikoa, 2019/0015 proiektua; 35.000 euroko zenbatekoa.

Seigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Bizkaiko Foru Aldundia ados daude 2022an Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina garatzen laguntzeko eta, beraz, hitzarmen hau sinatzea adostu dute. Hitzarmenak klausula hauek izango ditu:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza egituratzea da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina garatzeko.

Agiri honek, batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen alde eman duen dirulaguntza eraenduko duten baldintzak erregulatzen ditu. Dirulaguntza kanpainako laguntza teknikoaren garapenak sortutako gastuetara zuzenduta dago.

Bestetik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak eta diruzko ekarpenak jasotzen ditu, laguntza teknikoa batera finantzatzeko eta kanpainaren garapenak sor ditzakeen gainerako kostuak bere gain hartzeko.

Bigarrena.– Zenbatekoa eta aurrekontu-kreditua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoak.

1.– Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren % 27,58 finantzatzea, 2022. urtean gehienez ere 35.000 euro (hogeita hamabost mila euro) jarriz, Beldur Barik erakundeen arteko kanpainako laguntza teknikoa garatzeko. Adierazi den zenbateko hori honako hitzarmen honen formalizazioaren ondorioz erakunde onuradunak onartu dituen obligazioak betetzeko erabili behar da. Dirulaguntzaren ordainketa aurrekontuko partida honetan aplikatuko da: 232114 programa, 0905 organikoa, 423.00 ekonomikoa, 2019/0015 aurrekontu-proiektua.

2.– Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du ekimena bere web orriaren eta erakundearen bestelako hedabideen bidez zabaltzeko. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.

3.– Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide-orri bat ezarri eta han programaren esparruan garatzen dituen jarduketak jasoko ditu.

Hirugarrena.– Erakunde onuraduna.

1.– Erakunde onuradunak bete egiten ditu Bizkaiko Foru Administrazioak ematen dituen dirulaguntzen araubide orokorra erregulatzeko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauko 12. artikuluan xedatutako betekizun guztiak.

Laugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du gaiari buruz dauzkan ezagutza eta eskarmentua jartzeko, baita honako konpromisoak ere:

a) Bizkaiko Foru Aldundiarekin lan plangintza bat aurkeztu eta adostea.

b) Ekintzen gauzapena garatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

c) Aurreko apartatuan aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren adina baliabide material eta giza baliabide jartzea.

d) Kontratazio-organoaren eginkizunak egikaritzea.

e) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.

f) Txostena egitea, hitzarmen honetan aipatutako konpromisoen arabera egindako lanari buruz.

g) Bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira herritarrei jardueraren berri emateko egiten diren liburuxketan, karteletan edo bestelakoetan (63/2019 Foru Dekretua, maiatzaren 28koa).

2.– Era berean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra, 2022an gehienez 66.000 euro jarriz aurrekontuko 2022/2054701000/1.32230.24499– 2019/001463 aplikazioaren kargura. Zenbateko horrek, hiru foru aldundiek jartzea aurreikusita dagoen zatiarekin batera, mugatzen du «Beldur Barik programa diseinatu eta betearazteko» kontratazio espedientearen aurrekontua, zeina 125.860,61 eurokoa baita (BEZa barne), hitzarmenaren 1. eranskinean agertzen den bezala (dirulaguntzaren jarduera egiteko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen gastu eta sarreren aurrekontua).

Hitzarmen honetan araupetutako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan inolaz ere, bakarrik nahiz beste batzuekin batuta, dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua baino handiagoa.

3.– Azkenik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web orriaren eta erakundearen beste hedabideen bidez zabaltzeko, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera sustatu duela agertuz. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.

Bosgarrena.– Aplikatu beharreko araudi juridikoa.

Honako hauen bidez arautuko da dirulaguntza ematea:

a) 5/2005 Foru Araua, maiatzaren 31koa, Foru Administrazioak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duena.

b) Martxoaren 23ko 34/2010 Foru Dekretua, Dirulaguntzei buruzko 5/2005 Foru Araua garatzen duen Dirulaguntzei buruzko Erregelamendua onesten duena. (DLFA).

c) Hitzarmen hau.

d) Administrazio-zuzenbideko gainerako arauak; haiek ezean, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.

Seigarrena.– Beste laguntza eta dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honen dirulaguntza bateragarria izango da xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo erakundea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa, edo nazioartekoa. Ezingo da inolaz ere gainfinantzaketarik gertatu.

Zazpigarrena.– Ordaintzeko modua.

Dirulaguntza aurreratuta ordainduko da, hitzarmena egin eta gero, eta ez da beharrezkoa izango, erakunde onuradunaren izaera kontuan hartuta, erakunde horrek inolako bermerik jartzea bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari.

Ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu korronte batean egingo da.

Zortzigarrena.– Jarduera egiteko epea.

Dirulaguntzaren xede den jarduera 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean egingo da.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntza justifikatzeko epealdia eta modua.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatuko du 2023ko otsailaren 28a baino lehen hitzartutako jarduerak egin direla.

Erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Araudiaren 57. artikuluan araututako modalitatea erabiliko du foru funtsei emandako xedea justifikatzeko: justifikazio kontua eta gastuen frogagiriak. Beraz, justifikaziorako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria, egindako jardueren eta lortutako emaitzen azalpenarekin (DLFAren 57.1 artikulua).

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa. Honako hauek jasoko dira bertan (DLFAren 57.2 artikulua):

– Dirulaguntzaren xede den proiektuari egotzitako gastu eta sarreren egoera-orria (ikus 1. eranskina) (DLFAren 57.2.a artikulua).

– Gastuen zerrenda sailkatua, gastuen egoera-orriko kontzeptuetariko bakoitzerako, hartzekodunaren identifikazioa, data, zenbatekoa eta gainerako datuak dituena (ikus 2. eranskina) (DLFAren 57.2.b artikulua).

– Fakturak, ziurtagiriak edo trafiko juridikoan horien baliokideak diren frogagiriak, bai eta ordainketa egiaztatzeko agiriak ere (DLFAren 57.2.c artikulua).

– Zerrenda sailkatua, memoria ekonomikoko lehenengo puntuko sarreren egoera-orriko partidetariko bakoitzerako (DLFAren 57.2.f artikulua). (Ikus 3.eranskina).

– Dirulaguntzaren itzulketari dagokion ordainketa-gutuna, behar izanez gero.

Halaber, erakunde onuradunaren eginbeharra izango da hitzarmen honen xedea dela-eta eskatzen zaizkion informazio eta agiri osagarriak ematea Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiari.

Hamargarrena.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira indarkeria sexista prebenitzeko erakundeen arteko Beldur Barik kanpaina garatzeko erakunde onuradunak dirulaguntzaren xede den dinamizazio eta aholkularitza lana egiteko kontratatzen duen laguntza teknikoaren gastuen ondoriozkoak. Kanpaina hori gazteei zuzenduta dago.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, honen aurreko apartatuan aipatu den laguntza teknikoa kontratatzeko, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarri dena beteko du, eta kontratazio horren tramitazio erari buruzko informazioa emango dio Bizkaiko Foru Aldundiari.

Jasandako BEZa dirulaguntza jaso dezakeen gastutzat joko da baldin eta erakunde onuradunak ezin badu BEZ hori bere aitorpenean konpentsatu edo berreskuratu.

Hamaikagarrena.– Azpikontratatzea.

Jarduera ezingo da azpikontratatu, Foru Administrazioak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruzko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 27.1 artikuluan adierazten den moduan.

Hamabigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena.

1.– Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu, hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Jarraipen Batzorde hori xede horrekin sortuko da, hain zuzen ere, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuko du. Zentzu horretan, beste eginkizun batzuen artean, burututako ekintzen gastuak behar bezala justifikatu direla egiaztatuko du.

2.– Jarraipen Batzorde horretan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariek parte hartuko dute. Bestalde, batzordera, aholkulari gisa, Berdinsareko –Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako euskal udal sarea– adituak eta ordezkari teknikoak gonbidatu ahalko dira, baita beste aditu batzuk ere.

3.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak programatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bilerak deituko ditu.

Hamahirugarrena.– Ez betetzeak eta itzulketak.

1.– Hitzarmen honetan edo aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzetariko baten bat betetzen ez bada, edo maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 33. artikuluan aurreikusitako kausaren bat gertatzen bada, hitzarmena suntsitu egingo da, laguntza galduko da eta jasotako diru kopuruak (osorik edo zati bat) itzuli egin beharko dira, dagozkien legezko interesekin batera, ezertan eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen legezko akzioak eta zehapenak eta eragindako kalte-galeren ordainketa. Diru kopuru horiek diru sarrera publikoak izango dira lege ondoreetarako.

2.– Kasu hauetan, dirulaguntza gisa jasotako kopuruak eta 5/2005 Foru Arauaren 33. artikuluan ezarritako berandutze-interesak (dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketaren justifikazioa onartzen den egunera arte) itzuli beharko dira, osorik edo zati bat:

a) Xedea, jarduera, proiektua edo dirulaguntza emateko funtsa den jokaera oso-osorik edo zati batean betetzen ez denean, edo epez kanpo betetzen denean.

– Diruz lagundutako ekintzak egin direla frogatzeko ezarritako epeak igaro eta ez bada egiaztatu eta justifikatu ekintza guztiak aurrez ikusi bezala burutu direla, edo egin eta justifikatutako gastua dirulaguntza emateko onartutako kostua baino txikiagoa izan bada, ulertuko da baldintzak ez direla bete.

– Hala ere, kasu bi horietan, dirulaguntzaren xedea eta helburua betetzat jotzen badira, dirulaguntzaren zenbatekoa birdoitu egingo da, benetan justifikatu edo burututako kostuen arabera. Horretarako, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da, dirulaguntza emateko ezarritako irizpide eta mugei dagokienez.

Hamalaugarrena.– Dirulaguntza erakunde onuradunaren ekimenez itzultzea.

1.– Dirulaguntzen Erregelamendua (Foru Administrazioak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duen maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Araua garatzen du) onesten duen Bizkaiko Foru Aldundiaren martxoaren 23ko 34/2010 Foru Dekretuaren 76. artikuluan xedatutakoaren arabera, borondatezko itzulketa da onuradunak Administrazioaren inolako errekerimendurik gabe egiten duena.

2.– Erakunde onuradunak berak eskatuta foru dirulaguntza itzultzeko, Bizkaiko Foru Ogasunaren eredu ofizialaren araberako ordainketa-gutuna erabili behar da; gutun horretan, honako hauek adierazi behar dira:

– Itzuli beharreko zenbatekoa (printzipala eta, hala badagokio, berandutze-interesak).

– Kode-eredua.

– Itzulketaren arrazoia (itzultzen den dirulaguntza adieraziko da).

Hamabosgarrena.– Dirulaguntzaren finantza-kontrola.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak lagundu egin beharko die eta eskatzen dituzten agiri guztiak eman beharko dizkie Foru Administrazioko organoei, bai eta Europar Batasunaren araudian finantza-kontroleko eginkizunak esleituta dauzkaten organoei ere, Foru Administrazioak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruzko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren 41. artikuluan adierazten den moduan.

Hamaseigarrena.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Foru administrazioak emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duen maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauan arau-hauste administratibo tipifikatutako ekintzen eta ez-egiteen arduradunak bertan araututakoaren arabera zehatuko dira.

Hamazazpigarrena.– Indarraldia eta azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmen honen indarraldia sinatzen denean hasiko da eta 2022ko abenduaren 31n amaituko da. Hala ere, honen kontura finantzatu ahal izango dira 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduerak.

Hitzarmen hau suntsiarazi egingo da ondoko inguruabarretarikoren bat gertatzen bada:

a) Sinatu duten bi alderdiak ados jartzea; horrelakoetan aurrez, hilabeteko epearekin, ohartarazi beharko dute.

b) Alderdietako edozeinek hartu dituen konpromisoak ez betetzea.

Hamazortzigarrena.– Aurreikusi gabeko alderdi araugarriak eta auziak.

Hitzarmen honetan xedatutakoaren bidez arautuko da dirulaguntza hori, eta hitzarmenean beren beregi arautzen ez diren gaietan xedapen hauek beteko dira: maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Araua, Foru Administrazioak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen duena, eta martxoaren 23ko 34/2010 Foru Dekretua, Dirulaguntzei buruzko Araudia onesten duena.

Hitzarmen honen izaera administratiboa da eta, hitzarmenean bertan xedatutakoaz gain, zuzenean edo analogiaz ezarri beharreko funtsezko zuzenbideko arauak izango dituzte aginduzko.

Gai hauek direla eta sor daitezkeen auzigai guztiak ebazteko eskumena administrazioarekiko auzibideen jurisdikzioari dagokio.

Hemeretzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak betetzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.

Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, hemen agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean:

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua.

TERESA LAESPADA MARTÍNEZ.


Azterketa dokumentala