Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2023ko urtarrilaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
472

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, I+G enpresarialari laguntzeko programa –Hazitek programa– arautu I. faserako deialdia egiten duena, diruz lagundu daitezkeen proiektuak eskatzekoa.

2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Plan berriak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programa berriarekin lerrokatuta baitago, Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

Euskadik bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.

Horizon Europe Esparru Programa berria abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: talentua.

– I. zutabea. Bikaintasun zientifikoa: oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasuneko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea du helburu, baita gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak handitzea ere.

– II. zutabea. Lidergo teknologiko industriala: Euskadiren lidergo teknologiko industriala sendotu nahi du, eta euskal gizartearen erronkei aurre egiten laguntzen duen ikerketa babestu, ikerketan eta garapen teknologikoan egindako inbertsioen emaitzak eta inpaktua hobetuta.

– III. zutabea: Berrikuntza irekia: lankidetzako berrikuntza sustatzea du ardatz, bai teknologikoa, bai ez-teknologikoa, eta arreta berezia jartzen du enpresa txiki eta ertainetan.

– Talentua: pertsonek ikertzen eta berritzen dute, eta, beraz, haien talentua behar dugu aurreko elementuak erabat garatu ahal izateko eta zutabe estrategikoen funtzioa bete ahal izateko, eta, horrela, plan honetarako ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Helburu horiek hurrengo apartatuan daude azalduta.

Hala, ZTBP 2030en hiru zutabeetako bat «Lidergo teknologiko industriala» izenekoa da. Haren helburua da euskal enpresa-taldeen lidergo teknologikoa eta industriala sendotu eta sustatzea, eta etorkizunean hazteko ahalmen handia duten nazioarteko merkatuetan kokatzen laguntzea.

Gainera, aipatutako eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatutako Garapen Jasangarriko Helburuei lotutako erronka globalei ere heltzen die zutabe horrek, hain zuzen RIS3 espezializazio-arloetan, Industria Adimendunean, Energia Garbiagoetan eta Osasun Pertsonalizatuan integratutako lankidetza publiko-pribatuko I+G proiektu estrategikoak garatuz.

Euskadik erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko agertoki batean, industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea.

Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+bren mende dago. Funtsezkoa da industriak gaitasuna izatea teknologiak txertatzeko produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan, hain zuzen ere produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko eta eragin ekonomiko nabarmena izan dezaketen emaitzak sortzeko. Testuinguru horretan, enpresek indartu egin behar dute I+G+Bko eragileekin duten lankidetza, eta euskal enpresak nazioarteko erreferentzia diren teknologien arteko elkarreragina eta konbergentzia indartu behar dira.

Euskadik dituen erronka sozioekonomikoei zientzia eta teknologiaren bitartez erantzuten jarraitzeko, beharrezkotzat jotzen da aldaketak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak –izaera lehiakorrekoak zein estrategikokoak– egiten laguntzeko enpresen I+Grako laguntza-programan, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030 Planaren edo Zeharkako Ekimen Eragileen (Zahartze Osasungarria, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra) espezializazio-eremuen barruan, gizarte-erronken eta espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren arteko integrazio handiagoa eta espezializazio-eremuen arteko lankidetza handiagoa lortze aldera.

Laguntzei buruzko araudi honek, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra) –Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu zen–.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea enpresen I+G jarduerari laguntzeko Hazitek programaren oinarri arautzaileak, eranskinean jasotzen diren legez, eta proiektuak hautatzeko I. fasearen deialdia egitea 2023ko ekitaldirako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 18a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
ENPRESEN I+G JARDUEREI LAGUNTZEKO HAZITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak burutzen laguntzeko laguntza-programak arautzea da agindu honen helburua. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatzekoak dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Agindu honen 5. artikuluan definitutako proiektu-tipologia bakoitzerako zenbatekoa eta hura egiteko epeak ezarriko dira deialdi-ebazpenean.

2.– Definitutako proiektu-tipologiaren baterako ezarritako aurrekontu-baliabideak agortzen ez badira, beste proiektu-tipologia baten aurrekontu-beharrei erantzuteko erabili ahal izango dira.

3.– Izaera estrategikoko I+G proiektuen (hala lankidetzakoak nola bereziak) kasuan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-esparruetan garatutako eta lehentasun estrategikoetan ez jasotako proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzen % 20.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Honako entitate hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak: Enpresa handiak edo ETEak. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena, kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

b) Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien forma legala edozein dela ere. Hala ere, onuradun izan daitezke nortasunik ez duten pertsona juridikoen elkarteak ere, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, taldeak entitate lider bat izendatu beharko du. Lider horrek erakunde ordezkari edo ahaldun gisa jardungo du, eta behar besteko ahalmena izango du taldeari, erakunde onuradun gisa, dagozkion betebeharrak betetzeko. Talde horietako kideek berariaz adierazi beharko dituzte, agindu honetako 20.2 eta 25.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak.

c) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera egiaztatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak entitate onuradun izan ahalko dira soilik oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuen kasuan; agindu honen 5. artikuluan definituta daude.

2.– Agindu honetan zehaztu dirulaguntzen onuradun ezin daitezke izan honako hauek:

a) Administrazio publikoekin lotutako edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten entitate eta sozietate publikoak, hala nola administrazio instituzionalarenak, zeinahi dela ere administrazioa.

b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideak (2014/C 249/01)».

c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo entitateak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden entitateak.

3.– Entitateek, onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea, erakundearen jarduera ekonomikoa bertan garatzea, eta instalazioan I+G proiektuan inplikatutako langile propioak izatea.

b) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan gauzatzea. Proiektuan EAEtik kanpoko ikertzaileek parte hartzen badute, haiek proiektuan esku hartzeko beharra justifikatu beharko da, eta une oro bermatu beharko da proiektuari egotzitako langileen kostuaren gehiengoa bat datorrela EAEri atxikitako ikertzaileekin, proiektuaren burutza barne.

c) Berezko nortasun juridikoa izatea –salbu eta 3.1.b) artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko taldeak badira–, bai eta jarduteko gaitasun nahikoa ere; halaber, ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.

d) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eskaera egiten duten unetik.

e) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

f) Ez egotea zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeriarik Gabeko Bizitzetarako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetatik laugarrenean xedaturikoari jarraikiz.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da entitate onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

5.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak.

a) Ikerkuntza industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 4 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

b) Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. TRL 7 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Araubide honen helburua diruz lagundu daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:

1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza- eta garapen-proiektuak.

a) Lehiazko I+G proiektutzat joko dira ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko honako proiektu-tipologia hauek:

1.– Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko proiektuak.

2.– Zientzian eta teknologian oinarritutako enpresa berriak abiarazteko proiektuak.

b) Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu, prozesu edo zerbitzu originalak eta lehendik daudenak baino hobeak garatzera argiro bideratuak. Horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskaria hobeto asetzea izan behar da, edo merkatura daitekeen ezagutza erabili edo sortzera argiro egon behar dira bideraturik, honako elementu hauek uztartzen dituzten enpresak sortzeko asmoarekin:

1.– Ezagutza zientifiko edo teknologiko maila altua eskatzen duten produktu, prozesu eta zerbitzuekin zerikusia duten jarduerak edo merkataritza garatzea;

2.– I+G+B jarduera ugari garatzea;

3.– Jabetza intelektualari buruzko eskubideen erabilera, bai enpresak berak sortuak, bai negozioko gako-abantaila lehiakortzat esklusibotasun-lizentzien bitartez eskuratuak.

4.– Enpresaren garapenean, goi-mailako prestakuntza zientifiko eta teknologikoa duten langileek era aktiboan parte hartzea.

c) Ez dira «produktu/prozesu/zerbitzu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak/prozesuak/zerbitzuak hobetzera bideratutako proiektuak edo garatutako produktuak/prozesuak/zerbitzuak produktu/prozesu/zerbitzu berritzat hartzeko moduko berrikuntza-mailarik ez dutenak. Ez dute dirulaguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.

2.– Sektore estrategikoetako ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerkuntza eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar izango dute, Euskadiko ekonomian trakzio-efektua eraginez eta ETEen esku-hartzeari eta Horizon Europe Programari mesede eginez.

b) Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan ezarritako izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratu beharko dira jarduera horiek, eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratu beharko dituzte, bai eta patente berriak sortu eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak integratu ere. Hori guztia lanpostuak sortzera eta euskal enpresa-ehundura dibertsifikatzera bideraturik egon beharko da, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen betekizunak eta ezaugarriak.

1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza- eta garapen-proiektuak.

a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu hauen joka-eremu zientifiko eta teknologikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-eremuen barruan egon beharko dute.

b) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak bi eratara eska daitezke: banaka, edo lankidetzan bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.

Agindu honen xedeetarako, lankidetza-proiektutzat joko dira Euskadin kokatutako enpresa batek edo gehiagok, Europako beste entitate batzuekin lankidetzan, parte hartzen duten estatuz haraindiko lankidetza-proiektuak (ERANET proiektuak edo Europako Partenergoak, konparazio batera). Bai ERANET proiektuak, bai Europako Partenergoak I+G+Bri laguntza emateko Europako Esparru Programaren barneko ekimenak dira.

c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, urte bakoitzeko 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu behar izango du, gutxienez, eta, lankidetza-proiektua bada, lankide den enpresa bakoitzak, gutxienez, 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko du.

d) Lankidetza-proiektuen kasuan:

1.– Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza; hartarako, arduratzen delarik behar diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin proiektuak aurrera egiteko direnez.

2.– Taldeko enpresa jakin batek ezin izango du talde bereko beste enpresa bat azpikontratatu.

e) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, entitate eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira. Europako ekimenetan onartutako mugaz gaindiko lankidetza- proiektuen kasuan, dagokion nazioarteko deialdian aurkeztu lehen eskabideko data hartuko da kontuan. ERANET ekimenak, Europako Partenergoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzen duen beste ekimen batzuk edo Europako bikaintasun-zigilua lortu duten proiektuak baldin badira, aurre-proposamenen fasean aurkeztutako eskabidea hartuko da kontuan.

f) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa.

2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jarduera-esparru zientifiko-teknologiko estrategikoak, nagusiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean (Industria Adimenduna, Energia + Garbiak eta Osasun Pertsonalizatua) edo Zeharkako Ekimen Eragileetan (Zahartze Osasuntsua, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra) ezarritako lehentasunen barruan kokatuko dira, hain zuzen gizarte-erronken eta RIS3 estrategiaren arteko integrazio handiagoa eta espezializazio-eremuen arteko lankidetza handiagoa lortzeko.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren/Espezializazio Adimentsuaren (RIS 3) lehentasun horien barruan ez dauden jokaeremuak dituzten eta aukera-eremuetan jasotako esparruetan garatzen diren diruz lagundu daitezkeen proiektuek ezin izango dute eduki agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino esleipen ekonomiko handiagorik, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

b) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez 4.000.000 eurokoa eta gehienez hiru urte iraungo duena.

c) Enpresa-taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, 3 enpresaz osaturik egon beharko dute eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteekin aritu beharko dira lankidetzan, azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza; hartarako, arduratzen delarik behar diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin proiektuak aurrera egiteko direnez.

2.– Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek, gutxienez, parte hartzea, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, betiere ikerketa eta zabalkunderako erakundeei buruzko kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. artikuluko 83. paragrafoan ezarritakoari jarraikiz. Edonola ere, partaidetza hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.

3.– Taldeko enpresa jakin batek ezin izango du talde bereko beste enpresa bat azpikontratatu.

4.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren urteko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da, gutxienez.

d) Baldin eta programa honetako izaera estrategikoko proiektuen arlora aurkeztu proiektu batek ez baditu beherago zehaztu ezaugarriak, modu berezian garatzen dela kontsideratuko da. Ezaugarriok: c puntuko 1. eta 2. apartatuetan jasotakoak. Proiektu hauek berezitzat jo daitezke; dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino diru-esleipen handiagorik jaso, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

e) Programa honek barne har ditzakeen proiektuak zeintzuk diren zehazteko, arreta berezia jarriko zaie oinarrizko baldintza hauei:

– EAErentzat estrategikoa izatea.

– Enpresa-lidergoa.

– Enpresek I+G+Bn egindako inbertsioaren intentsitate garrantzitsua.

– Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea.

– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.

– Euskal ekonomian eragindako trakzio-efektua.

f) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, entitate eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.

g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak:

a) Langileen zuzeneko kostu (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektura bideratuta dauden heinean.

b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1/22 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67.1 eta 68. artikuluetan eta 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Ildo horretan, zeharkako kostu gisa zenbatuko da langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien % 15.

c) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostuak, bai eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioarenak (erakunde parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidearenak barne hartuta), baldin eta zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiltzen badira eta kanpo-iturrietatik eskuratu badira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne, kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 25.3 artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.

d) Azpikontratazio-kostuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile ondorio horietarako akreditatuekikoak, kategorien araberako salbuespenen Erregelamenduaren 25,3. artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.

e) Proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak, kategorien araberako salbuespenen Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera; haien artean sartu ahal izango da dirulaguntza justifikatzeko kontuaren proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, entitate onuradun eta urteroko bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu orokorraren 25. artikuluko 3. paragrafoaren d) apartatuari jarraituz.

g) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen kostuak), ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean hartutakoak.

h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen kostuak: ikerkuntza-jardueran soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa proiektuan zehar, salbu eta doako lagapenaren bitartez eskuratutakoena.

i) Aurreko a), b), c), d), f), g) eta h) apartatuetan aipatutako gastu diruz lagungarriak kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.

2.– Aipatutako kostuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan ezarritakoaren mende daudenez, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Oro har, erakunde onuradunak ezingo du diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren % 50 baino gehiago, salbu eta Teknologia, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko Sailburuordetzak ebazpen bidez onartzen baditu diruz lagundu daitezkeen gastu horiek, espezializazio handia dutelako edo entitate onuradunak ezin dituelako bere baliabideekin egin; betiere, bete egin beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa (887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena).

b) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratua idatziz egin beharko da. Gainera, kontratu horretan jasotako gastu-bolumena Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak onartu beharko du ebazpenean.

c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –entitate hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu erakunde onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik ez den egin eta ordaindu gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.

8. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasean, proiektuak hautatuko dira, eta, ondoren, zehaztuko da zer proiektu onartuko diren; II. fasean, berriz, laguntzak esleituko zaizkie I. fasean onartutako proiektuei, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoari jarraituz, betiere proiektua aurkeztu dutenek hala eskatzen badute.

3.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak (I. fasea), aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 18. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatu 18.3. Artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

4.– Agindu honetako 9. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak (II. fasea) I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, ondorengo 4. apartatuan aurreikusitako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartutako gastu diruz lagungarrien aurrekontuari.

2.– Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-zuzkidura nahikoa ez bada eskaera guztiei aurreko lerrokadan ezarritako eran aurre egiteko; diruz lagundutako proiektu kategoria bakoitzari dagokionez, dirulaguntzetarako zuzendutako guztizko zenbatekoa entitate onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

3.– Dirulaguntzak urtean behin emango dira izaera lehiakorreko proiektuen kasuan. Izaera estrategikoko proiektuen kasuan, berriz, hainbat urterik behin emango dira, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, 3 ekitalditarako izango dira.

4.– I+G jardueretarako, entitate onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (dirulaguntza ez-itzulgarriak), eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, gastu diruz lagungarrien aurrekontu onartuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira, gehienez:

a) Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:

1.– Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 gehienez, ebaluazioko gako-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.

2.– Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, gehienez.

3.– Estatuz haraindiko lankidetzako proiektuetarako, –esaterako, ERANET ekimenak edo Europako Partenergoak–, gastu diruz lagungarrien % 5 gehiago, baldin eta enpresa batek ere ez badu gastu diruz lagungarrien % 70 baino gehiago bere gain hartzen.

4.– Edonola ere, dirulaguntza ez-itzulgarria gehienez 250.000 eurokoa izango da urteko eta entitate onuradun bakoitzeko.

b) Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektu estrategikoen kasuan:

1.– Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 gehienez, ebaluazioko gako-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.

2.– Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, gehienez.

10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, dirulaguntzen izaera edo haiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein delarik ere. Entitate onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Proiektu bati emandako laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edota beste dirulaguntzekin batera) ezin izango ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo aurreko atalean adierazitako mugak. Ildo horretatik, dirulaguntza horien berri eman beharko diote entitate onuradunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari. Horrelakoetan, gutxitu egingo da agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa, gehiegizko kopurua adina.

11. artikulua.– Organo kudeatzailea eta izapideak Europar Batasunarekin.

1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da dirulaguntzen programa honen organo kudeatzailea.

2.– 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek aipatu erregelamenduaren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

3.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, non zehaztuko baitute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Gainera, programa honetan, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, entitate eskatzaileak eskaera egin ondoren abiarazitako proiektuak baino ez dira lagunduko diruz, kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 6. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, SPRI) –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundea– erakunde laguntzaile izendatu da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

2.– SPRIk zeregin hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideak hasiera batean ebaluatzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.

b) Aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.

c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzetan izandako kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzea.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela.

e) Onetsitako proiektuen kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztu eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

h) Men egitea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin ditzakeen programa honen kudeaketaren egiaztatze-jarduketei, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkien jarduketei ere.

III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHENENGO ATALA
HASIERA

13. artikulua.– Deialdiak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ondoz ondoko bi prozedura edo fase bereizitan emango dira.

2.– Proiektuak hautatzeko I. faserako deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindu honen bidez egiten da. Agindu horretan, honako hauek arautu eta ezartzen dira: proiektuak gauzatzeko epea, eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eskabide-ereduak eta ebaluazio-organoa osatzen duten pertsonen izenak. Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez ebatziko da prozedura hori.

3.– I. fasean aldez aurretik onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko II. faserako deialdia Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez egingo da, eta ekitaldi horretan dirulaguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa zehaztuko du, bai eta eskabideak aurkezteko epea eta tokia eta eskabide-ereduak ere.

14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. kapituluko II. tituluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1030808/ (gaztelaniaz)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030808/ (euskaraz)

Helbide horretan eskuragarri egongo dira eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta bide horretatik izapideak nola egin azaltzen duten zehaztapenak.

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak)

5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

BIGARREN ATALA
I. FASEA – PROIEKTUAK HAUTATZEA

15. artikulua.– Proiektuak hautatzeko eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutako helbide elektronikoan bete beharko dira proiektuak hautatzeko eskabideak eta agindu honetan aurreikusitako dokumentazio osagarria. Euskarri elektronikoan bete beharko dira, helbide horretan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz.

2.– Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira 2023ko ekitaldian garatutako lehiazko proiektuak eta 2023, 2024 eta 2025eko ekitaldietan garatutako proiektu estrategikoak.

3.– Elkarlaneko proiektuetarako, entitate interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duten enpresetako bat izango da, taldeko buru gisa jardunez, proiektuaren zuzendaritza eta ordezkaritza izango duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Ondore horietarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere.

Kasu horietan, horrenbestez, taldeko lider diharduen eta proiektuan parte hartzen duen entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskabidea. Beraz gain, gainerako enpresa partaideek ere izenpetu behar izango dute eskabidea. Gainera, bai enpresa liderrari eta bai gainerako enpresa partaideei ere, ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan, enpresa partaide bakoitzak izango dituen funtzio eta aurrekontuak zehaztuko dira.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek Europako beste entitate batzuekin parte hartzen duten estatuz haraindiko lankidetzako ERANET proiektuen eta Europako Partenergoen kasuan, EAEn kokatutako enpresek baino ez dute izango eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.

5.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektuaren lider den erakundeak sinatuta, honako hauek barne hartuko dituena: proiektuan parte hartzen duten entitateen datuak eta haietako bakoitzak izango duen aurrekontua. ERANET proiektuen edo Europako partenergoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak edo enpresek bakarrik sinatuko dute.

b) Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

c) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa; gehienez, 80 orrialde (proiektu estrategikoak) eta 60 orrialde (lehiazko proiektu lehiakorrak) izango ditu, azala, aurkibidea eta eranskinak (intereseko gutunak eta ikertzaileen CV) zenbatu gabe. Letraren tamaina: Arial 11.

d) Lankidetza-proiektuei dagokienez, enpresa parte-hartzaile guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua. Taldea eratzeko hitzarmenean, gutxienez, alderdi hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrial eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.

e) Enpresa parte-hartzaile bakoitzeko pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.

6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein Administraziok egindako agiriak. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.

7.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik dirulaguntzaren organo kudeatzailearekin eta, hala badagokio, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

8.– Eskabideak agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2023ko martxoaren 16ra bitartean aurkeztu ahal izango dira.

16. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak erakunde eskatzaileari akatsa zuzendu dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta berrikuntza arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan.

2.– Agindu honen 14. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduketa hori.

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

17. artikulua.– I. faseko (proiektuak onartzea) eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Gai honetarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.

2.– Ebaluazio-organoaren burua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra izango da, Alberto José Fernández González, eta haren ordezkoa, berriz, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritzako titularra, Leyre Madariaga Gangoiti.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako titularra, Ana Belén Camacho Vera, eta, ordezko gisa, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Rosa Murillas Maza.

– SPRI ordezkatzen duen pertsona bat, Amaia Martinez Muro, eta, ordezko gisa, Irati Bizkarguenaga Aguirre.

– Teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Natividad Nińo Bartolomé, eta, ordezko gisa, Larraitz Segurola Bereciartua, idazkari-lanak egingo dituena.

Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

Era berean, I+G arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten erakundeetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholkatu ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak gauzatuko ditu –Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da unitate hori–, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko ditu.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

18. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Izaera lehiakorreko I+G proiektuak, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko proiektuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuak hautatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Gako-irizpideak:

1.– Kontrolpeko arrisku teknologikoa. Proiektuaren merezimendu zientifiko eta teknikoa, erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko eta proiektuan planteatutako emaitzak lortzeko gaitasunaren analisia. Pisu espezifikoa: % 20.

2.– Proiektuaren emaitzek izan dezaketen merkatua eta ustiatzeko aukerak-inpaktu ekonomikoa. Merkatuaren ziurtasun eta potentzialaren analisia, bai eta proiektuko partaideek berau erdiesteko duten gaitasuna, produktu/prozesu/zerbitzu berriaren erabilera eta erabilgarritasunaren arabera. Pisu espezifikoa: % 35.

b) Irizpide orokorrak:

1.– Proiektuan behar diren giza baliabideen egokitzapena. Pisu espezifikoa: % 10.

2.– Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituraketa egokiak; hurbiltze tekniko justifikatua; proiektuan, lehentasun argiak; proposatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturrien egokitasuna; laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren efektu pizgarria). Pisu espezifikoa: % 10.

3.– Aurrekontuaren egitura eta banakatzea argiak izatea. Trazabilitate egokia egotea helburuen, planifikatutako I+G jardueren eta beharrezko aurrekontuaren artean. Pisu espezifikoa: % 10.

4.– Proposamenak ingurumenean eta gizartean duen eragina. Proiektuak trantsizio energetiko-klimatikoari eta gizarte-trantsizioari egiten dien ekarpena aztertzea, eta genero-ikuspegia eta euskararen garapena integratzea, hala badagokio. Pisu espezifikoa: % 15.

2.– Izaera estrategikoko I+G+B proiektuak hautatzeko, 6.2.e) artikuluan definitutako oinarrizko printzipioekin bat datozen ala ez kontuan hartzeaz gain, irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Gako-irizpideak:

1.– Proiektuko jardueren orientazio zientifikoa eta teknologikoa. Haiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren xedeak ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoekin bateratzeko modua.

– Proiektuak dakarren berrikuntza-osagaia eta aurre egiten dion erronka teknologikoa (gaur egungo artearen egoerari egindako ekarpen zientifiko-teknologikoa).

– Proposamena Espezializazio Adimentsuko Estrategiari (RIS 3) eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planari egokitzea.

– ZTBESk gauzatutako eta jarduera-esparru estrategikoetara bideratutako oinarrizko ikerkuntza-proiektuetan (bukatutakoak nahiz unekoak) emaitzak aprobetxatzea edo integratzea.

– Euskadiko sektoreek eta kluster elkarteek identifikatutako beharrizan eta aukerekin bat etortzea.

– Proiektua Horizon Europe Programan txertatzea.

2.– Proiektuak espero dituen emaitzen eragina. Haiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko eta/edo patente eta eduki teknologikodun enpresa berriak sortzeko aukerak.

– Proiektuan parte hartzen duten erakundeek komertzialki ustiatzeko aukerak.

– Merkatuko arriskua. Proiektuan espero diren emaitzen ziurtasunaren eta potentzialaren merkatu-analisia.

– Trakzio-efektua eta Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko ahalmena.

– Erakunde parte-hartzaileak, eta, orokorrean, euskal ekonomia nazioartekotzen laguntzea.

3.– Taldearen oreka eta gaitasuna. Haiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Parte hartzen duten erakundeen kopurua, profila eta bata bestearekiko osagarri izatea.

– Proiektuan lantzen den arloan, parte hartzen duten erakundeek I+G+B-n duten gaitasuna eta esperientzia.

– Proiektuaren buruzagitza eta taldearen egokitasuna; emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuko da. Hau da, lau kide baino gehiagoko taldeetan sexu bakoitzeko pertsonek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean. Gainerako kasuetan, berriz, bi sexuek ordezkaritza dutenean.

b) Irizpide orokorrak:

1.– Metodologiaren sendotasuna. Haiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren plangintza (zereginen egitura eta haien deskribapen teknikoa, mugarriak, entregagaiak, erakunde parte-hartzaileak eta arduradunak).

– Proiektua kudeatzeko sistema.

2.– Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokiak izatea. Haiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Aurrekontuaren tamainak bat etorri behar du finkatutako helburu eta jarduerekin eta Euskadirako ikerkuntza estrategikoko proiektuaren kontzeptuarekin.

– Aurrekontuak xehatua izan behar du, proiektuko partaideen eta jardueren arabera.

– Planteatutako finantzaketak orekatua eta bideragarria izan behar du.

3.– Ingurumen- eta gizarte-inpaktua. Haiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Trantsizio energetiko-klimatikoari ekarpena egitea.

– Garapen Jasangarriko Helburuei ekarpena egitea.

Gizarte-trantsizioari ekarpena egitea eta genero-ikuspegia barne hartzea.

– Euskara garatzea parametro horiek barne har ditzaketen proposamenetan.

c) Lankidetzan gauzatutako proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 25eko pisu espezifikoa izango du; a.3) apartatuan zehaztutako irizpideak % 20ko pisu espezifikoa izango du; azkenik, b.1), b.2) eta b.3) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 10eko pisu espezifikoa izango du.

d) Eta bereziak diren proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 25eko eta % 30eko pisu espezifikoa izango du hurrenez hurren, eta b.1), b.2) eta b.3) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 15eko pisu espezifikoa izango du.

3.– Honako hauek aldi berean betetzen direnean aukeratuko da proiektu bat: ebaluazioan lortutako guztirako notak goreneko guztirako notaren % 50 edo handiagoa denean eta gako-irizpide bakoitzean lortutako nota dagokion goreneko notaren % 40 edo handiagoa denean. Kasu horretan, laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:

(Ikus .PDF)

Ikerkuntza industrialeko proiektu batek, aldi berean, guztizko gehieneko notaren % 50 edo gehiago eskuratzen badu ebaluazioan eta gako-irizpide bakoitzean dagokion gehieneko notaren % 50 edo gehiago lortzen badu, laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:

(Ikus .PDF)

19.– Artikulua.– I. fasea (diruz lagundu daitezkeen proiektuak hautatzekoa) ebazteko proposamena.

1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta prozedura ebazteko proposamen arrazoitua helaraziko dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzako titularrari.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Hautatzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: ebaluazioan lortutako puntuazioa; proiektu bakoitzeko aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa; eta proiektua gauzatzeko epea.

Lankidetza-proiektuen kasuan, adieraziko beharko da zeintzuk diren taldeko kideak, zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza, eta zer gauzatze-konpromiso ezarri diren.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

20. artikulua.– I. fasea (proiektuak hautatzekoa) ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira I. fasean aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, ebaluazio-organoak proposatuta.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onetsitako aurrekontua eta gauzatzeko epea; horrekin batera, ezagutaraziko dira ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa. Era berean, elkarlanean egindako proiektuen kasuan, adieraziko da zein diren taldeko kide diren erakunde onuradunak, zein den proiektuaren arduraduna eta zein diren parte hartzen duen erakunde bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota inolako ebazpenik jakinarazi ez bada, erakunde interesdunek eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin.

4.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrari edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, I. fasea amaitzen duen ebazpena iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen enpresari, bai proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluko taldeen kasuan, bai proiektuaren lider izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei jakinaraziko zaie ebazpena.

6.– I. faseari dagokion hautatzeko ebazpenak ez du esan nahi besterik gabe laguntzak emango zaizkienik hautatutako proiektuei. Izan ere, horretarako, pauso hauek eman behar dira: II. fasearen deialdia argitaratu behar da, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez –hala dago aurreikusita 8.2 artikuluan–; laguntza-eskabidea aurkeztu beharra dago –agindu honen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz–, eta agindu honetako eskakizunak bete behar dira.

HIRUGARREN ATALA
II. FASEA – LAGUNTZAK EMATEA

21. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko eskabidea aurkeztea.

1.– Elektronikoki aurkeztuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak, agindu honen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– I. fasean hautatutako proiektuetarako baino ezingo dira aurkeztu laguntza-eskabideak, agindu honen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta, haiekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, honako alderdi hauek egiazkoak direla ziurtatzeko:

– ETEa izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak bete behar ditu, Europako Erkidegoko arauei jarraituz, betiere. Eta enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

– Ez daudela administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez direla administrazio instituzionalekoak.

– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere «Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio».

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutela.

– Erakunde eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela itzulketa- edo zehapen-espedienteetan sartuta, ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta; halaber, ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Erakunde onuradunak, Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borroka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan dagoenean, ez dituela lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak urratzen.

– Erakunde eskatzailea ez dela berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo erakunde bat, Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

– Erakunde eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa edo erakunde bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01)

– Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen duela ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenaren inpaktu negatibo adierazgarriak saihesteko («DNSH printzipioa») proiektuaren esparruan egindako jarduketak gauzatzean.

– Ez dagoela lege-artikulu hauetan ezarritako egoeren eraginpean: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikulua eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikulua.

b) Efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu, automatikoki, eta baimena jaso beharrik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Eskatzaileak baimenaren aurka egin ahal izango du, arrazoiak emanda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Taldeek aurkeztutako lankidetza-proiektuen kasuan –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluan arautuak–, erakunde interesdunek laguntza-eskabide bakarra aurkeztuko dute proiektu bakoitzeko, honako hauek erantsita:

a) Enpresa parte-hartzaileek izenpetutako akordioaren kopia digitalizatua; akordio horren bidez, enpresa liderrari lagatzen diote ordezkaritza, beren izenean laguntza eskatu dezan.

b) Proiektuan parte hartzen duen erakunde bakoitzak, liderra barne, erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

c) Proiektuan parte hartzen duten erakundeetako bakoitzak –eragile liderra barne–, artikulu honetako 2. apartatuan adierazitako agiriak.

Administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez. Eskabidean adierazi beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, betiere bost urte igaro ez badira dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

4.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

22. artikulua.– Laguntza-eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta berrikuntza arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan.

2.– Agindu honen 14. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduketa hori.

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

23. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea.

1.– Ebaluazio-organoak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, horretarako sortuta baitago eta agindu honen 17. artikuluan aipatzen baita, eta, horretaz gainera, I. fasean hautatutako proiektuei laguntzak emateko proposamena egingo du, betiere horretarako eskabidea formalki aurkeztu badute.

2.– Laguntzak emateko proposamena egiteko, kontuan hartuko dira proiektuak hautatzeko ebazpenean bildutako datuak, hala nola onetsitako aurrekontua, proiektua egiteko epea eta lortutako puntuazioa, bai eta agindu honen 9. artikuluan ezarritako laguntzen zenbatekoak ere.

24. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebazteko proposamena.

1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskabideak, ezarritako betekizunak betetzen direla kontuan hartuta, eta Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamena.

2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Proiektuetatik laguntza zeintzuei ematea proposatzen den (zerrenda), haietako bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna; ebaluazioan lortutako puntuazioa; proiektuaren onetsitako guztizko aurrekontua; hura egiteko epeak; eta proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Lankidetza-proiektuen kasuan, adieraziko beharko da zeintzuk diren taldeko kideak, zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza, eta, halaber, erakunde kide bakoitzak zer gauzatze-konpromiso ezarri dituen.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik eskabideetako zeintzuk ezestea proposatzen den (zerrenda); hartarako, ezesteko izan diren arrazoiak azaldu beharko dira.

25. artikulua.– II. fasea ebaztea, laguntzak onartzea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira II. fasean aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, ebaluazio-organoak proposatuta.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren diruz lagunduko diren proiektuak, eta haietako bakoitzari buruz honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onetsitako aurrekontua, proiektua egiteko epeak eta emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa. Ebazpenak berariaz adierazi beharko du gainerako eskaeren ezespena, halakorik bada.

Era berean, elkarlanean egindako proiektuen kasuan, adieraziko da zein diren taldeko kide diren erakunde onuradunak, kide bakoitzari zenbateko dirulaguntza esleitu zaion, bai eta horiek bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak ere.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten deskargu-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

3.– Onuradun izateko, II. fasearen aldeko ebazpenaren jakinarazpena behar da.

4.– Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzen den bitartean, eta II. fasea ebatzi aurretik, onuradun gertatu den eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada, prozeduratik kanpo geratuko da eskatzailea.

Hala ere, eskatzaileen fusio-, zatiketa- eta xurgatze-eragiketek, bai eta prozesuko ondorengotza eragin dezakeen beste edozein eragiketak ere, ez dute eragotziko oinordekoak prozeduran jarraitzea, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

– Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea.

– Erakunde ondorengoak oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak betetzea.

– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak berariaz baimena ematea.

5.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, baldin eta eskatzailea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan araututako erakunde-talde bat bada, eta talde horretako kideetako baten nortasun juridikoa aldatzen bada.

Aldaketa baimentzen bada, elkarteak beste gauzatze-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan, ondorengo enpresa zein den adierazi beharko da.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hara. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

7.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrari edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

8.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, II. faseari amaiera ematen dion ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen enpresari, bai proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei.

9.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EXEKUTATZEA

26. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Dirulaguntza zuzenean ordainduko zaie erakunde onuradunei, zatikaturik, jarraian azaltzen den moduan:

1.– Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da emandako dirulaguntzaren % 70, betiere 27.5.a) artikuluan zehaztu epean, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko dira dagokion jarduera egin izana, finkatutako xedeen erdiespen-maila eta egindako gastua.

Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Izaera estrategikoko proiektuen kasuan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da lehenengo urteari dagokion dirulaguntzaren % 50, betiere 27.5.a) artikuluko zehaztu epean, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Lehen urterokoaren gainerako dirulaguntzaren ordainketa, bai eta ondorengo urtekoena ere, honako honek baldintzatuko du: aldez aurretik agiriekin justifikatu beharra, bai dena delako urtekoari doakion jarduera egin izana, bai finkatutako helburuen exekuzio-maila, bai egindako gastua.

Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Justifikazioa deskribatutako baldintzetan egin ondoren, aldibereko ordain-agindua emango da, zeina baitagokie justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50ri doakion aurrerakinari.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50aren ordainketa egiteko, behar dira aurkeztu bai ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa, bai proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa; betiere, batez ere, honako hauek adierazten dituen memoria tekniko eta ekonomikoan oinarrituta: Egindako jarduerak; erdietsitako emaitza kuantifikatu edo baloratuak; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekoen eta kontzeptuen araberako gastuekin; azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin izandako kontratuen, hitzarmenen, akordioen eta abarren betetzearen txostena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrendarekin; ondorioak eta abar.

d) Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duten erakundeek hasten badute jarduera proiektu hartan, laguntza eman osteko ekitaldiren baten hasi ere; bada, ordainketa-agindua ekitaldi horretaraino atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko apartatuan ezarritako araubidea aplikatuko da.

3.– Finkatu beharreko berme-araubidea, ahala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 1. artikulutik 3.era bitartean araututakoa da (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimena arautzen da eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).

4.– Justifikazio-kontua betetzen laguntzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, erakunde onuradun bakoitzari dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazio-kontuak, gutxienez, honako dokumentazio hau izan beharko du:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete ote diren justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.

– Onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluarekin bat.

c) Kontuen auditoria-txosten sinatua, Kontabilitate eta Kontu Auditoriako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko auditoria-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoria-txostena osatzeko, justifikazio-kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Dokumentu hori erakunde onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

5.– Laguntzak jaso baino lehen, erakunde onuradunak sailaren esku jarriko du agindu honen 20. artikuluak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak (hala eskatzen bazaio).

6.– Benetan egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo froga-balio baliokidea duten kontabilitate-agirien bitartez, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 73. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gomendagarria da fakturak edo jatorrizko gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFk lagundurik finantzatuta dagoela erakusteko.

7.– Erakunde onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.

27. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtaldi bakoitza bukatu eta lau hilabetera egin ahal izango dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere alde batera utzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan.

3.– Laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek bereizitako kontabilitate-sistema bat izan beharko dute, edo diruz lagundutako proiektuen kargura egindako transakzioen kontabilitate-kodeketa egokia.

4.– Erakunde onuradunen betebeharra dira dirulaguntza jaso duten jarduerak zuzenean egitea eta diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+Gko jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.

5.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako; nolanahi ere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak onar ditzake jarduera horiek gauzatzerakoan sor litezkeen aldakuntzak, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira, eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren berariazko baimena lortu bada, agindu honen 29. artikuluan ezarritako moduan.

c) Enpresa handiek laguntza jasotzeko, nahitaez frogatu behar dute ezen I+Geko jarduerak osagarriak direla, betiere egin ohi dituenez gain. Hartarako, enpresak nahitaez aurkeztu beharko du urteko txosten bat, non zehazten baitira proiektuaren egoera eta laguntzaren izaera pizgarria.

d) Baimena ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren titularrari, edo hark izendatutako pertsonari, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

e) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel edo argitalpenetan, jaso egin beharko dira Eusko Jaurlaritzaren logotipoa zein «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

f) Laguntza ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute erakunde onuradunek. Halaber, hala badagokio, zein enpresa taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute erakunde onuradunek.

g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.

h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

j) Programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagundu daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

k) Lege horren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan jasotako funtsak itzultzea.

6.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira laguntzok (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 40 izango da). Horregatik, laguntzek honako hauetan xedatutakoa bete beharko dute: 2021/1058 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzkoa; eta 2021/1060 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituena. Halaber, bete beharko dituzte funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasun Funtserako eta Mugen Kudeaketari eta Finantza Laguntza emateko Tresnarako finantza-arauak. Honako hauek dira EGEFren laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:

a) Onuradunak nahitaez bete beharko du kontrolaren, erantzukizunaren, zehapen-araubidearen zein ez-betetzearen arloko Estatuko eta Europar Batasuneko legeria.

b) Euskadiko 2021-2027 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi horren berri eman beharko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, aipatu egin behar da EGEFren bidezko kofinantzaketa komunitarioa, zabalkundea egiteko material edo euskarrietan, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa gauzatzean, labur deskribatuko da eragiketa bere webgunean, Batasunaren dirulaguntza nabarmenduta, eta gutxienez informazio kartel bat jarriko da proiektuari buruz –gutxienez A3 tamainan–, non Batasunaren dirulaguntza aipatuko baita jendeak ikusteko moduan.

c) EGEFen kofinantzaketak behartu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hasita. Testuinguru horretan, onuraduna behartuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

28. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ez da beharrezkoa izango laguntza edo dirulaguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, betiere beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondoreetarako.

2.– Itzultzeko prozedura honako hauetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.4 artikulua eta haren erregelamenduzko garapena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan arautua –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira–. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko du.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala– teknologia-, berrikuntza- eta eraldaketa digitalaren -arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari dagokio, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, espedientea hastea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen atzematen badira.

3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, honako inguruabar hauek atzematen baditu:

– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.

– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzaren zenbateko efektiboa eta behar bezala justifikatua ordainduko zaio onuradunari, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

Era berean, desbideratze horren konpentsazioak egin daitezke behar bezala justifikatu eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin, eskaeraren aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta betiere dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa gainditzen ez bada.

4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Kasu horretan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

29. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzak eta xede bererako bestelako sarrera edo baliabideak eta honako hau aldi berean jasotzeak dirulaguntza hau emateko ebazpena aldaraz dezakete.

2.– Hala badagokio, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez baimenduko da aldaketa, onuradunak eskabidea egin eta behar bezala justifikatu ondoren, baldin eta dirulaguntzaren izaera eta helburuak indargabetzen ez badira eta agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.

Dirulaguntza gauzatzeko epea amaitu baino lehen eskatu eta baimendu beharko da aldaketa.

Aldaketa-baimena ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ukatu egin dela ulertuko da.

3.– Aurreko 1. eta 2. apartatuetan ezarritako eskakizunak betez gero, honako aldaketa hauek egiteko baimena eman ahal izango da:

a) Egin beharreko jarduerak atzeratzea dakarren aldaketa. Luzapen-eskabide bat aurkeztu beharko da proiektu bakoitzeko, hasieran aurreikusitako exekuzio-epea amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Luzapena baimentzen bada, atzeratu egingo da dagokion laguntzaren ordainketa.

b) Dirulaguntzaren onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea. Halakoak baimendu ahal izango dira, soil-soilik, fusio-, zatiketa- edo xurgatze-eragiketen ondorio direnean, edo haren oinordetza unibertsala ekar dezakeen beste edozein eragiketaren ondorio direnean. Baimena emateko, artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan ezarritako inguruabarrak gertatzeaz gain, oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak bete beharko ditu ondorengo erakundeak.

c) Taldeko kide baten edo batzuen nortasun juridikoa aldatzea. Kasu horretan, aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da, eta ezin izango da inola ere baimendu taldeko kide baten titulartasuna aldatzea, baldin eta aldaketa horrek ez badakar oinordetza unibertsala legez ezarritako baldintzetan.

Taldeko kide den erakunde baten nortasun juridikoa aldatzen bada oinordetza unibertsalik ez dakarren prozedura baten bidez, hura diruz lagundutako proiektutik kanpo geratuko da, eta taldea osatzen duten gainerako erakundeekin jarraituko da gauzatzen, alde batera utzi gabe itzulketaren ondorioetarako sor daitezkeen ondorioak.

Aldaketa baimentzen bada, taldeak beste gauzatze-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan jasoko dira baimendutako aldaketak.

d) Eskabidea egiteko unean aurkeztutako memorian jasotako jarduketetan izandako aldaketa.

e) Proiektuaren porrot teknikoak eragindako aldaketa. Halakotzat jotzen da eskabidea egiteko unean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea ezinezkoa izatea, ustekabean akats tekniko konponezinak agertu direlako.

4.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla –dirulaguntzaren xedea edo izaera funtsean aldatzen ez dutenak– eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den administrazio-baimenaren izapidea ez denez egin, aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango da, betiere hori eginda hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.


Azterketa dokumentala