Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2023ko urtarrilaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
405

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Elgoibarren Arriaga Industrialderako sarbidea eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko proiektua».

Kantauri itsasoko ertzean zehar salgaien garraioa gehitzeko itxaropenek etorkizun hurbilean zirkulazioak areagotzea aurreikusten dute. Hori dela-eta, beharrezkoa da zenbait bide-zati bitan banatzea eta egungo trazaduraren ezaugarriak hobetzea, trafiko-bolumenaren igoera hori egungo lineek xurga dezaten eta malgutasun handiagoa izan dezaten.

Helburu orokor horren barruan, Bilbo-Donostia linea bikoiztea planteatu da, Arriaga industrialdetik eta Altzola auzotik igarotzen den tartean (Elgoibarko udalerria). Horrek industrialderako egungo sarbidearen egoera hobetuko du, eta Arriaga industrialdetik pasatzean bikoiztu egingo da, Altzolako saihesbidea eraikitzeko proiektuan tunelean egingo den trenbide-saihesbidearekin lotzeko.

Proiektu honen lehen aurrekaria «Altzolako Saihesbidearen Informazio Azterketa» da, eta, bertan, bide bikoitzeko saihesbide bati dagozkion obrak definitzen dira; hain zuzen ere, Azkarateko mendaterantz doan errepidearen gaineko linea zabalduko da eta Arriagako poligono alderako sarbidearen gaineko pasabide berri bat eraiki; halaber, tunel bat eta geltoki berri bat eraikiko dira Altzolan, gainazalean. Azterketan, elektrifikazio-, segurtasun-, komunikazio- eta gainegitura-lanen balorazioa ere jasotzen da. Informazio Azterketa 2012ko abuztuan onartu zen behin betiko.

2015. urtean, bi eraikuntza-proiektu garatu ziren kontuan hartuta Arriaga industrialdearen ondoko linea bitan banatzeari zegozkion zatien ezaugarriak, inplikazioak eta gauzatzeko epeak eta Altzolarainoko tunel-saihesbidearen ondorengo zatia. Hona hemen bi proiektuak:

– «Arriagako Poligonorako sarbidearen eraikuntza-proiektua».

– «Altzolako saihesbidearen eraikuntza-proiektua».

2021eko abuztuan, ETSk «Altzolako saihesbidea eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Arriaga Poligonorako sarbidea eraikitzeko proiektua» kontratua lizitatu zuen, aurretiko proiektuak berrikusi eta eguneratzeko helburuarekin.

Eguneratzeko eta berrikusteko lan hori, azkenean, bi jarduera independente eta osagarritan egitea erabaki zen, tunelean egingo den saihesbidearen lizitazioa arindu ahal izateko, egikaritze-epe luzeagoekin. Hala, «Elgoibarren Arriaga industrialderako sarbidea eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko proiektu» honetan, 2022ko bertsioan sartu dira Arriaga industrialdetik igarotzen den tartea bikoizteko egin beharreko lanak. 2022ko martxoan idatzitako «Altzolako saihesbidea eraikitzeko proiektuan», (aurrerantzean, «Altzolako tunelaren proiektua»), zehaztutako jardueren osagarri dira jarduera horiek.

Proiektu honetan definitutako obren xedea da Arriaga industrialdeko tartean trenbidea bikoiztea. Horretarako, dagoen plataforma aprobetxatuko da eta plataforma erdien bidez handituko da behin-behineko egoeretan tren-zerbitzua mantendu ahal izateko. Honako obra hauek egingo dira:

– Trenbide-plataforma handitu, hasierako 1+000 KPtik 1+490 KP arte, batez ere ezkerreko aldetik, bikoizketaren hasierako eremuan eta Altzolako etorkizuneko tunelaren sarreran izan ezik, horietan eskuineko aldetik bikoiztuko baita.

– Trenbidea muntatu 1+000 KPtik 1+500 KPra eta 7. trenbideko 2+081 eta 2+146 KPen artean, eta trenbidea desegitea aprobetxatuko ez diren tarteetatik kanpo.

– Etorkizuneko bidegorria egiteko plataforma trenbidetik bereiz eta haren paraleloan ezkerreko aldetik, eta egungo trenbidea desegitea 57+046 eta 58+060 KPen artean.

– Trenbide-plataforma handitzearen eta etorkizuneko bidegorriaren ondoriozko egiturak eta fabrika-obrak: GI-2634 errepidearen gainean dagoen zubia handitzea, Arriaga industrialderako sarbidearen gainean zubi berria faseka egitea, etorkizunean egingo den bidegorria igarotzeko bi pasabide berri egitea, ganga motako bi ZDL handitzea horma-hegalekin, eta hormigoi armatuzko mentsula-horma egitea trenbide berriaren trazaduraren ondoko Claudio San Martin SA enpresaren trazadura berriari ahalik eta kalte txikiena egiteko.

– Behin-behineko egoeretan tren-zerbitzua mantentzeko beharrezkoak diren elektrifikazioa eta segurtasun- eta komunikazio-instalazioak.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi zazpiehun eta berrogeita hamabi mila berrehun eta hogeita hemezortzi euro eta hirurogeita hamasei zentimokoa (3.752.238,76 €) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bost milioi bostehun eta hogeita hemeretzi mila berrogeita hamalau euro eta laurogeita sei zentimokoa (5,539,054.86 €) dela, BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bost milioi ehun eta hirurogeita hamasei mila ehun eta hogeita hamasei euro eta hamasei zentimokoa (5.176.136,16), BEZik gabe.

Obrak egiteko hamabi hilabete eta erdiko (12,5) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du Gobernu Kontseiluari erreserbatuta ez dauden trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Elgoibarren Arriaga Industrialderako sarbidea eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, bost milioi bostehun eta hogeita hemeretzi mila berrogeita hamalau euro eta laurogeita sei zentimokoa (5,539,054.86) da, eta obrak egiteko epea hamabi hilabete eta erdikoa (12,5) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 26a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala