Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2023ko urtarrilaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
314

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 10ekoa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentu kategoriarekin; era berean, espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumenaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserriak ondarearen aldetik duen interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, monumentu kategoriarekin, kontuan harturik ebazpen honen I. eranskinean finkatutako mugapena, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra.

Babes-espediente hau abiarazteak Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserriari berezko babes-araubidea berehala eta behin-behinean aplikatzea ekarriko du, baita maiatzaren 9ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes ertaineko kultur-ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide orokorra eta berezia ere.

Bigarrena.– Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria monumentu kategoriako babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, kontuan harturik I. eranskinean agertzen den mugaketa, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Zeberioko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako departamentuei jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, baita lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Zeberioko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako departamentuei, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, baita eraikinaren jabeak diren Nerea Atutxa andreari eta Iraitz Beldarrain jaunari ere.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 10a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak, alde batetik, eraikin-multzoa hartzen du, hau da, baserria eta labearen eranskina; eta, bestetik, eraikin-multzoaren ingurua. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

– Ipar-mendebaldean, sarbidearen aurrean, lerro paralelo bat baserriaren fatxada nagusitik 20 metrora, bide horren mugaraino, bat datorrena 025-0007-00100 lurzatiaren mugarekin.

– Hego-mendebaldean, 025-0007-00100 lurzatiaren mugarekin bat datorren lerroa, baserriaren hego-mendebaldeko alboko fatxadatik 18 metro ingurura.

– Hego-ekialdean, ondoko baserriaren mehelinarekin bat datorren lerroa.

– Eta, azkenik, ipar-ekialdean, baserriaren ipar-ekialdeko alboko fatxadarekiko lerro paralelo bat, 20 metro ingurura.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketaren arrazoia da Urrutza baserriaren inguruko ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla. Inguruaren mugaketa beharrezkoa da ondarea behar bezala babesteko eta hari balioa emateko, eta berekin dakar baserriaren ondoko espazioak (hau da, inguruan dituen lursailak) babestea, baserriaren berezko izaera mantendu ahal izateko. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, baizik eta eraikinaren ingurua ere.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Urrutza baserria Solatxiko herrigunea baino lehenago dago, auzo horretako 6. zenbakian, eta horra doan bidetik heltzen da bertara. 3,7 hektarea inguruko lurzati batean dago kokatuta.

Bolumen handiko eraikina da, oinplano angeluzuzenekoa, gutxi gorabehera 16x11 metroko oinplano-okupazioa duena (zabalera handiagoa du, sakonera baino). Bi isurkiko estalkia du, eta teilatu-gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularrean dauka. Etxea hiru mailatan egituratzen da: behekoa ukuilurako, tartekoa etxebizitzarako, eta teilatupekoa. Gainera, atxikitako atal bat du, labearen fatxada nagusiaren ezkerreko aldean.

Fatxada nagusia (ipar-mendebaldea) harlangaitzez eraikita dago, sare-formako egurrezko bilbadura baten gainean, eta harlanduzko eskantzuekin. Ukuilura sartzeko, atetzar dinteldu bat dago, eta lehenengo solairura igotzeko, berriz, fatxadari atxikitako harrizko mandio bat. Hain zuzen ere, lehenengo solairua etxebizitza gisa erabiltzen zen. Gainerako altxaeran, baoak modu irregularrean daude jarrita, ganbararen zuloa irekita dagoela. Teilatu-hegala luzatu egiten da, mandioa estaltzen du, eta tailu barrokodun jabaloi luzeen gainean bermatzen da. Tailuei dagokienez, bereziki aipatu beharrekoa da erdikoan emakume baten irudia dagoela.

Fatxada horri atxikita, estalpe moduko eraikin txiki bat dago. Eraikin horren habeak toskanar erako zurezko harroin eta zutabeen gainean daude, eta labea ere eraikin horretan dago. Bi isurialdeko estalkia du, zeina luzatu egiten baita, aurrealdean arkupe txiki bat osatzeraino.

Alboetako fatxadak ere (ipar-ekialdekoa eta hego-mendebaldekoa) harlangaitzezkoak dira, eta modu irregularrean jarritako zenbait bao dituzte. Atzeko fatxadak mehelin gisa jokatzen du, geroago eraikitako beste baserri batekiko.

Eraikinaren barne-egiturak luzetarako hiru hormarte eta zeharkako bi ditu. Ez dauka karga-hormarik barruan, eta, beraz, barne-euskarriak zapatadun zutikoak dira. Teilatupeko solairuan, besoek barne-egitura sendotzeko balio dute; eta, hain zuzen ere, egitura horren gainean bi isurkiko estalkia dago osatuta, kontragoihabeekin, gapirioekin eta oholeriarekin.

Antolamendu funtzionalari dagokionez, ez zen etxebizitzarik jarri beheko solairuan, eta, horren ordez, ukuilua prestatu zen. Etxebizitza lehenengo solairuan dago.

Mandioaren goiko aldetik, hormarte nagusira sartzen da: horixe bera da egongela, eta hortik abiatuta banatzen dira gainerako gelak ere, zeinak eraikinaren alboetan baitaude; besteak beste, sukaldea. Gelek argi naturala jasotzen dute alboetako bi fatxadetatik. Hormarte nagusiaren amaieran dagoen eskailera batek lehenengo solairua eta teilatupea lotzen ditu.

Tipologiari dagokionez, Urrutza bilbaduradun fatxadak dituzten baserri barrokoen familia zabalaren barruan dago kokatuta; gainera, «arratiar ereduaren» berezko ezaugarriak ditu (lehenengo solairura kanpotik sartzeko sistema, eta barneko antolaketa funtzionala eta egiturazkoa). Kokapen kronologikoari dagokionez, XVII. mendearen azken herenekoa da.

Gaur egun, baserria etengabe hondatzen ari da, eta sendotzeko obrak egin behar dira.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Urrutza baserria, Monumentuaren kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Ondoren zehazten den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.– Balio kulturalak.

1.– Urrutza baserriaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari izaera esanguratsua ematen diotenak, eta ondorioz monumentua interesgarri bihurtzen dutenak, belaunaldiz belaunaldi berau aintzat hartu eta transmititzeko.

2.– Hauek dira Urrutza baserriaren balio kulturalak:

2.1.– Balio historiko-antropologikoa eta ingurumenekoa:

Historiaren eta antropologiaren ikuspegitik, XVII. mende amaierako eraikina da, han bizi zen familiaren (Urraza edo Solatxi Urraza izenekoa, garai hartako kreditu-kontratuen arabera) nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari lotutakoa.

Solatxi auzoaren hasieran dago, auzora heltzeko bidearen ondoan, eta kokapen horrek ingurumen-balioa ematen dio eraikinari.

2.2.– Balio artistiko eta arkitektonikoa:

Ezaugarri aipagarriak:

– Tipologia: Bilbaduradun fatxada duten baserri barrokoen multzoan sar daiteke, eta «arratiar ereduaren» ezaugarriak ere baditu. Azken horrek esan nahi duena da, batez ere, kanpotik sartzeko sistema duela, eta eredu horren barne-antolaketa funtzionala eta egiturazkoa ere badituela.

– Konposizio bolumetriko berezia: Eraikin nagusia eta erantsitako labea ditu, eta horrek hautsi egiten du familia-premia guztiak eraikin bakarrean bateratzeko eskema tradizionala, ziurrenik etxea suteetatik babestu beharra zegoelako.

– Haritz-egurrez egindako egiturazko armazoia, oso erabilia egituran eta itxituretan.

– Antolaketa espaziala eta funtzionala: Espazioen banaketa funtzional berezia (beheko solairuan ukuilua dago, eta lehenengo solairuan, berriz, etxebizitza) eta kanpoaldetik sartzeko modua (mandio bidez heltzen da lehenengo solairura).

– Kanpoaldeko elementu estetikoak eta konposizio-elementuak: Nabarmentzekoa da sare-formako bilbaduraren artean dauden baoen kokapen irregularra, ganbararen zuloa irekita dagoela. Maila artistikoan, jabaloietako tailuak nabarmendu behar dira, bai eta labearen eraikineko zutabe toskanarrak ere.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide partikular honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-agindua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Babes-araubide partikular honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honen eraginpeko ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek agintaritza eskudunei edo funtzionario arduradunei eman beharko diete Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko beharrezkoa den informazioa eta hura eskuratzeko modua, eta hura aztertzeko baimena eman beharko diete Bizkaiko Foru Aldundiaren berariazko baimena duten ikertzaileei, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.2 artikuluan adierazitako baldintzetan. Era berean, babestutako kultura-ondasunaren jabe edo edukitzaile legitimoek baimena eman beharko dute ondasuna modu publikoan bisitatzeko, aipatutako Legearen 32.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo zati batean eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da ezinbestean.

II. KAPITULUA: ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA: ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako kultura-ondasunean egiten diren esku-hartzeetan, bermatu egingo da ondasun horren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa nabarmentzeko birgaitzea, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Baimendutako eta debekatutako erabilerak.

1.– Monumentuaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak ondasun horien kontserbazioa eta balioa bermatu beharko ditu, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, erabilera onargarritzat joko dira, oro har, ondasunari balioa emateko aukera ematen duten erabilera guztiak. Hala ere, honako hauek hartzen dira Urrutza baserriaren lehentasunezko erabileratzat: etxebizitza-erabilera, hirugarren sektoreko erabilera, ekipamendu-erabilera, bai eta turismoarekin eta landa-ostatuarekin lotutako erabilerak ere.

3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunari kalteak eragiten dizkioten edo 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalen baten aurka egiten duten erabilerak.

9. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasun-araudia aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, babestutako ondasunaren balio kulturalak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta egiten diren jarduerak bat badatoz ondasunaren balio kultural babestuekin. Alde horretatik, Urrutza baserrira eraikinaren beheko solairutik sar daiteke. Barrualdean, baserriak irisgarritasuna bermatu beharko luke, izango duen erabileraren arabera. Etxebizitza gisa erabiliko balitz, bere mugen barruan, irisgarritasun-baldintzak soilik eskatu beharko lirateke irisgarriak izan behar dutenetan, aplikatu beharreko araudiak ezartzen duen erreserbaren arabera. Irisgarritasuna beti eskatu behar den beste erabilera batzuetarako, deklaratutako ondasunaren balio kulturalekin bateragarria den igogailu bat instalatzeko aukera aztertu beharko litzateke; hau da, jatorrizko egiturazko armazoia mantentzearekin bateragarria den eta eraikinaren estalkiaren gainean kasetoiak jartzea saihestuko duen igogailu bat.

3.– Aurreko puntuan adierazitako esku-hartzea gauzatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko da. Proiektu horrek balizko jardueraren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko ditu, baita ondasunaren balio kulturalak mantenduko direla ere. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

10. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide partikular honen eraginpeko ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen Sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte proiektua eta esku-hartzearen memoria, eta profesional eta enpresa espezializatu horiek egiaztatu beharko dute proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko gaitasun teknikoa dutela, baita ondasunaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea dutela ere, esku-hartzeak hala eskatzen duenean. Obra horiek, edozelan ere, ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

2. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, erabileraren edozein aldaketa onartuko da, aldaketa horiek ez badiete ondasunaren balio babestuei eragiten, eta kontserbaziorako zein balioa emateko baldintza hobeak ekartzen badituzte, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako eran.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuak.

Babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako balio kulturalak kontuan hartuta, honako hauek dira babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuak:

– Egungo bolumenaren konfigurazioa: eraikin nagusia eta erantsitako labea, beren solairu, fatxada eta estalki guztiekin.

– Eraikinaren lerrokadurak, sestrak eta antolaketa kokalekuan.

– Fatxaden egungo osaera eta estetika: dauden baoak eta horien kokapenak, eta jatorrizko materialak, baliabide estetikoak eta konposiziorako baliabideak, apaingarriak, kromatismoa eta arotzeriak.

– Egurrez egindako egiturazko armazoia.

– Eraikinaren jatorrizko banaketa eta antolaketa espazio-funtzional orokorra, bai eta lehenengo solairura kanpotik mandio bidez sartzeko sistema ere.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Orokorrean, galarazita egongo dira esku-hartze hauek: higiezinaren eta zaindu beharreko elementuen balio kulturalei kalteak edo galerak ekar diezazkieketenak, eta babes-araubide partikular honen beste edozein alderdi urratzen dutenak. Aldiz, baimendutako esku-hartzeak eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen dituztenak izango dira.

2.– Horretarako, ondoren, babestutako ondasunean eta zaindu beharreko elementuetan (babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definitutakoak) aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira:

a) Ez dira baimentzen eraikinaren (baserria eta eranskina) bolumen- eta azalera-aldaketak, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oina luzatu edo zabaltzea. Estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere ez da aldaketarik onartuko.

b) Mantendu egin beharko dira fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadetako baoen kopurua, bai eta haien jatorrizko formak, tamainak eta proportzioak ere. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratu eta zaharberritzea izango da. Hala ere, fatxadetan aldaketa partzialak egitea onartuko da, baldin eta ez badute funtsezko aldaketarik eragiten konposizio orokorrean, eta balio artistiko berezia duten elementuak errespetatzen badira.

Argiztapenerako eta aireztapenerako bao gehiago ireki behar badira, estalkian «velux» motako leihoak instalatzeari emango zaio lehentasuna, eta, hori nahikoa ez bada, bao gehiago irekiko dira alboko fatxadetan, baldin eta lehendik daudenen antzeko tamaina, ezaugarri eta materialetakoak badira eta zurezko arotzeria erabiltzen bada.

Fatxada nagusian bao gehiago irekitzea salbuespenezko esku-hartzea izango da, eta, organo eskudunak horretarako baimena emanez gero, errespetatu egin beharko da lehendik dagoen egitura, sare-formako bilbaduraz osatutakoa.

c) Ez dira garbiketa-tratamenduak baimenduko, baldin eta atzera-bueltarik gabe aldatzen badituzte eraikinaren kanpoko akaberen testurak eta osaerak.

d) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, fatxadako baoetan zein ateetan.

e) Bere horretan mantendu behar da kultura-ondasunaren egiturazko antolaketa orokorra, egurrez egindako egiturazko armazoi batez osatutakoa.

Hala badagokio, finkapena baimentzen da, berreskuratu ezin diren atalak puntualki ordeztuz, baina egiturazko eskema aldatu gabe. Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuen ordez berriak jartzea onartuko da, betiere, jatorrizko materiala mantentzen bada. Era berean, eta soilik behar bezala justifikatutako kasu berezietan, organo eskudunak baimena emango du materialak partzialki aldatzeko, itzulgarriak badira eta egituraren material generikoa errespetatzen badute.

Forjaketetako kotak aldatu egin daitezke, baldin eta kanpoko baoen kotak eta erlaitz-lerroa finko mantentzen badira.

f) Barne-berrantolaketa espazial eta funtzionala onartzen da, erabilera berrien beharretara egokitzeko; betiere, zenbait puntu errespetatzen badira: eraikinaren jatorrizko antolamendu globalaren ezaugarriak, kanpoko sarbide-sistema, egitura, fatxadak, bolumetria eta jatorrizko elementu artistiko eta arkitektonikoak, hain zuzen ere.

g) Baimendu egingo dira honako esku-hartze hauek: balio kulturalei (3. artikuluan definitutakoak) eta babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuen balioei (12. artikuluan definitutakoak) kalte egiten dieten elementu degradatzaileak desagerrarazteko esku-hartzeak. Halaber, hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

h) Beharrezkoak diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean jarri beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren inguruan esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 49. artikuluak xedatutakoa aplikatuz, babes-araubide espezifiko hau gehitzen da I. eranskinean definitutako eta mugatutako babes-ingurunerako.

2.– Inguruaren landa-izaera zaintzera eta indartzera bideratutako esku-hartzeak baimentzen dira. Higiezinaren jarduerarekin lotutako altzari edo instalazio berriak jarri behar badira, altzari edo instalazio horiek bat egin beharko dute inguruaren landa-giroarekin, eta ez diete kalterik egin behar babestutako ondasunaren balio kulturalei; era berean, ez dira egongo jasota artikulu honen 3. puntuko zerrendan (kutsadura bisuala eta akustikoa eragiten duten elementuen zerrenda).

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, baldin eta elementu horiek monumentua ikusteko modua eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute, eta haren testuinguruari buruzko balioak hondatzen badituzte.

Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sorrarazten duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren nahasmen bisuala edo akustikoa eragiten duten kasuetan:

– Eraikin berriak, babestutako ondasunaren inguruan.

– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik, monumentuaren pertzepzioa eralda dezaketen eraikuntza edo instalazio iraunkorrak zein aldi baterakoak.

– Horniduretarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide partikular honi lotutako ondasunaren balio kulturalak kaltetzen badituzte.

– Hiri-altzari handiak jartzea, hala nola olanak, mahaitxoak, kioskoak eta antzeko elementuak, babestutako ondasuna eta haren ingurunea desitxuratu dezaketenak.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, baldin eta, tamainagatik (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik, babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa oztopatu badezakete.

– Zarata-maila handia sorrarazten duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea eragozten dutenak.


Azterketa dokumentala